Erbiaren uzkien enigma
Erbiari buruz esaten zen uzki berri bat sortzen zaiola urtero, baina fabulatzat jo zuen Aristotelesek, eta kristauek Aristotelesen kritika onartu zuten; hala ere, hienaren kasuan bezala, fabula horiek giza jokabide zuzena bideratzeko inspirazio gisa erabiltzeari eutsi zioten.
Adibidez Barnabek, bere “Epistola” famatuan adierazi zuen zein izan zitekeen Bibliako Lebitarra liburuko janari-debekuen zergatia. Hienaz gain, mirua, belea, polipoa, behia eta erbinudearen kasuak aztertu eta era alegorikoan interpretatu zituen debeku horiek. Animaliak sinbolizatzen duen jokabidea kondenatzen da animalia horien okelaren kontsumoan: hegazti harrapariak besteei guztia kentzeko grina irudikatzen du; hienak adulterioa; erbinudeak sexu orala; eta erbiak umeak galbideratzeko grina, pederastia edo.
Barnabe: “’Ez duzu erbirik jango’ agintzen du Bibliak. Zergatik? Ez dituzula umeak galbideratuko esan nahi du, ez dituzu ume-galbideratzaileak bultzatuko, zeren eta uzki berri bat hartzen baitu erbiak urtero” (X, 6). Nik baino argiago ikusiko zuen Barnaberen garaiko irakurleak uzkiak metatzearen eta umeak usteltzearen arteko harremana. Metafora gisa, ezin uka, indar uher berezia dario.
Edonola ere, Jainkoaren azken xedea ez da animalia lizunen haragiari ukoa bera, baizik eta animalia horiek irudikaturiko bekatuak baztertzea. Barnaberen beste adibide bat: Jainkoak agindu zigun zerriaren antzeko gizakiekin ez elkartzeko. Zeren eta, gizaki horiek, primeran pasatzen ari direlarik, Jainkoa ahazten dute; baina garai latzak datozkienean, orduan bai, ez diote otoitz egiteari uzten. Orobat zerriak: kurrinka egiten du gose delarik; baina behin aserik berehala isiltzen da.
Naturak erakusten du ugaltzeko asmoak eta sexu jarduerak bat etorri behar dutela, eta hastapen horri lotu behar zaio gizakia ere. Irakaspen pedagogikotzat hartu behar ditu naturak berak antolatzen dituen jokabide antinaturalak, Jainkoaren eskakizunak hobeto barneratzeko lagungarritzat. Halatan, hastapen horrek debeku du, batetik, ernalketa-organoetatik kanpo kokaturiko edozein sexu jarduera —espazio egokiari dagokio hienaren kontra-irakaspena—; eta, bestetik, behin mamituriko ernalkuntzari erantsitako edozein sexu jarduera —denbora duinari dagokio erbiaren kontra-irakaspena-.
Umetokiak badu ziklo natural bat: hutsik dagoenean, sexukidea erakartzen du; eta beteta dagoenean, uxatu egiten du. Adibidez, hilekoaren isuria amaitu eta umetokia hutsik gelditzen denean, sexu harremana bilatzen du emeak. Ordea, erbiaren kasuan, ziklo natural hori nahasi eta perturbatu egiten da, manera kontranaturalean elkartzen dituelako ernaldia eta argosea.
Izan ere, hain lizunak dira erbiak, etengabe akoplatzen baitira. Sabelaldia eta edoskitze-sasoia ere ez dituzte errespetatzen. Adar biko umetokia eman dio naturak erbi emeari, utero bikoitza, untxiari bezala, eta horrela ar batekin baino gehiagorekin kontzebi dezake, are erditzearen bezperan ere.
Klementek hiena legez, lizunkeriari lotu zion Barnabek erbia, txortaldiak neurriz gain biderkatzeari. Dena den, eta espazio/denbora bereizketarekin erlazionaturik, Klementek nabarmendu zuen hienaren emendiozko poltsatxoa antzua dela; aldiz, Barnabek, esan bezala, ernalketak bikoiztu eta pilatzeari eta sasoiz kanpoko sexu-harremanei lotu zien erbiaren gehiegikeria, ez antzutasunari.