Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Hilerriko karrika berean

Hilerriko karrika berean

Markos Zapiain 2025/08/17 16:15

Denetarik dago noski elizan, eta apaiz zintzoak ezagutzeko zortea izan dut, hala nola Jexux Mari Arrieta Beiren eta Junes Casenave Donapaleun. Nire anaiak ez bezala, txikitan apaizekin hitz egin nezakeen. Anaia, berriz, edozein apaizekin mintzatzen hasi orduko, zorabiatu egiten zen, eta eseri behar izaten zuen, edo alde egin.  

Edozelan ere, balantzan jarriz gero, nabarmen lerratzen zait eliza gaiztoen amildegira, eta elizaren historia kriminala liburuei esker ezagutu baino askoz ere lehenagotik, inguruko jendearen gorabeherak kontuan hartuta baino ez.

Manzanas torturatzaile katolikoa gure etxetik 100 metrora bizi zen, ekialdera. Sanchez-Corbí torturatzaile katolikoa 100 metrora halaber, baina mendebaldera. Francoren aldekoa zen eliza, bakanak ziren salbuespenak. Eta estua zen Francoren eta nazien arteko harremana. Espainolek naziei sobietarren aurka laguntzeko sortu División Azul delakoan ibili zen Manzanas, zeinak Euskal Herrian lehenbizikoz erabili baitzuen torturatuari azkazaletan txotxak sartzeko teknika. Katolikotasuna sendotzeko sortu zuten Errege Katolikoek Inkisizioa, eta inspirazio-iturri oparo izan zitzaion Manzanasi bere baliabideak zorrozteko tenorean.

Bestalde, amaren izeba bat txikitan erbesteratu zuten Frantziara, eta gazte zela itzuli zen Irunera. Ez zuen nahi, gustura zegoen egokitu zitzaion familian,  ia erabat ahaztuak zituen Irungo hizkuntzak, baina ezin bestela: gurasoen agindua. Itzuli eta aste betera, Kolon Pasealekutik zihoala, Familia Santuko parrokoak geldiarazi zuen. Errieta egin zion, praka laburrak zeramatzalako, “short” deituak, frantziar gazte askok ordurako erabiltzen hasiak. Beste oinezkoei arreta deitu zieten apaizaren aldarri haiek, eta jakin-minez inguratu zituzten parrokoa eta neska gaztea. Bere buruaren aurka ariko zen ziur aski apaiza borrokan, izebaren izterrek eraginiko beroaldi satanikoak inarrosirik.

Orain dela bi urte hil zitzaigun izeba, eta hilobian sartzearekin batera Edith Piafen “La vi en rose” ipini genion mugikorrean, izebak berak eskatu bezala, bizi bezain frantsesturik hil baitzen. Zeremoniatik itzultzean, hara ezustekoa: Manzanasen hilobia gurearen karrika berean dago. Terrorismoaren biktima koitadua eta izeba Kontxi errepublikarra, beste inon baino inklusiboagoak gara kanposantuetan.   

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.