Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain

Hopitarrei bisita

Markos Zapiain 2023/12/14 10:16

Inoiz ez zen itzali Hopienganako Txillardegiren atxikimendua, eta 1982an bisita egin zien, «indiook elkar konprenituko dugun esperantzan». 1982-04-25eko Argian eman zuen bisitaren berri. Eta Hopien etorkizun ilunaren lekuko zuzen izateak —gainbehera demografikoa, hizkuntza hilzorian eta bizimodu latza erreserban bertan nabaritzeak eta neurketa soziologikoetan egiaztatzeak—, gogoeta eta konparazio kezkagarriak eragin zizkon:

«Hizkuntza traba eta baradera izango bazaie, zeren eta noren izenean eska dakieke guretzako zoo gisa irautea? Galdera latza, jakina. Baina gizonak ditu eskubideak azken funtsean, eta ez hizkuntzek. Hizkuntza gizonaren zerbitzuko eta tresna balios bihurtu, ala hizkuntza hil. Lehenago ere idatzia dut hau. Hizkuntza gizonaren zerbitzari egin, eta kultur-tresna minimo; ala hizkuntza hiltzea onena.

Eskuindarrek eta folkloristek soinekoak urratu ohi dituzte hau entzutean. Baina, euskarari gagozkiolarik ere, gauza bera esan behar da: euskara jaso eta mintzabide balios bihurtu, ala euskara kanpora.

Ez baitago eskubiderik (eta barka bezate eskuindar hizkuntzalariek) herri oso bat zoritxarreko eta itsu atxikitzea, hizkera «bitxi» bat gordetzeko. Hizkuntzari bai, kulturarekiko eta egiazko biziarekiko baradera eta traba ez den heinean. 

Gizateria ez da zoo bat

Eta indioak ez dira kiwi harrigarriak. Ez.

Hizkuntza, gizonaren zerbitzuko. Ala kanpora».

Txillardegi Hopi

Markos Zapiain 2023/12/14 10:15
Penagarria izaten ari da Txillardegiren aurkako erasoa, baina benetan eraginkorra donostiarraren ibilbidea eta pentsamendua zabaltzeko orduan. Ikusgelako bideoaren ikus-entzule kopuruak, martxa honetan, laster berdinduko du Aldapan gorakoarena. Ezin ditu infiltraturen batek Voxekoak bultzatu Ikusgelako Foucaulten aurkako kanpaina antolatzera? Zertan dabiltza gure gazteak?

Penagarria izaten ari da Txillardegiren aurkako erasoa, baina benetan eraginkorra donostiarraren ibilbidea eta pentsamendua zabaltzeko orduan. Ikusgelako bideoaren ikus-entzule kopuruak, martxa honetan, laster berdinduko du Aldapan gorakoarena. Ezin ditu infiltraturen batek Voxekoak bultzatu Ikusgelako Foucaulten aurkako kanpaina antolatzera? Zertan dabiltza gure gazteak?

Laudorioz beteriko atal oso bat eskaini zion Txillardegik Benjamin Lee Whorfi 1972an argitaratu zen Hizkuntza eta pentsakeran. Hona hemen Txillardegik nabarmenduriko zenbait ideia.

Whorfek sakonki aztertu zituen Mendebaldeak atzeratutzat jotzen dituen Amerikako indiarren zenbait mintzaira —Hopi etniaren Hopi hizkuntza, oroz gain—. Horietako batzuk milaka urtez egon dira bakarturik, harremanik gabe auzokoekin, are gutxiago Mendebaldeko jendearekin. Eta garbi ikusi zuen «haien hizkuntza-estruktura izkutuetan jakinduria zorrotza zetzala beti, logika hertsi baten ondorio den Inkontzienteak sortuko balitu bezala». Ez dago hizkuntza arlote edo arkaikorik. Hizkuntza guztiak dira, zein bere erara, giza esperientziaren taxuketa oharkabe edo inkontzienteak; baina denak sakonak bezain funtsezkoak. Herriaren filosofia esplizitatu gabearen oinarria da hizkuntza, herriaren pentsaeraren errainua, pentsaera hori hizkuntzaren errainua den bezalaxe.  

Ez dagoenez gure zientziak adieraziko lukeen Logika unibertsalik, hizkuntza bakoitza dabilenez dantzan bere logikaren arabera, ez du zentzurik hizkuntza aurreratuagoak eta atzeratuagoak bereizten tematzeak. Txillardegi: «Hizkuntzek ez dute elkar garaitzen, ez dira logika-lerro bakar batean segida bereko kate-begi, gero eta hobeak eta osoagoak».

Hopien logika gurea ez bezalakoa da, ordea. Eta beste edozein baino gehiago garela sentitzeko joera dugu Mendebaldekook. Gainerako kulturek eta zibilizazioek ere bai, egia da, unibertsal antropologikoa da hori. Tamalez, baina, geurea izan da eta da txapelduna bestelako herriak suntsitzeko iskilu ideologiko zein fisiko eraginkorrenak asmatzeko eta erabiltzeko orduan. Edozelan ere, herriek beren hizkuntzaren sintaxiak inspiratzen dizkien arrazoibideak izaten dituzte logikotzat. Horiek iruditzen zaizkie zentzuzko bakarrak. Bestelakoak ez dituzte ulertzen, edo susmagarriak zaizkie.

Ohartzeke, Newtonek ingelesaren estrukturak eraman zituen fisikara: denborak eta espazioak ez dute loturarik; materiak ere ez du harremanik ez denborarekin ez espazioarekin, etab. Buru argitasun ikaragarriz, Einsteinek bere hausnarra estruktura-lotura gorde horietatik askatu eta denboraren, espazioaren eta materiaren arteko funtsezko lotura erakutsi zuen: denbora polikiago isurtzen da grabitazio bizi edo larriko eskualdeetan, denbora eta espazioa loturik daude, espazioaren kurbatura materia-trinkotasunari datxekio, Kosmosa itxia da, etab. “Intuizioz” zentzuzkotzat jotzen genuena, oker agertu zitzaigun. Eta Whorfek uste du “intuizio” horiek ez direla «gure hizkuntzen estrukturen errainua baizik».

Bestalde, ukaezina bada ere hizkuntzaren eta kulturaren arteko harremana —batez ere aztergai den etnia luzaz bizi izan baldin bada bereizirik eta bakarturik—, Whorfek ez du onartzen hizkuntzaren eta kulturaren arteko korrelazio hertsirik eta elkarrekikotasun sinplerik. Determinismotik libre bizi dira hizkuntzaren eta kulturaren arteko harremanak. Bere gisa sortzen du herri bakoitzak hizkuntzaren eta kulturaren arteko uztarketa.

Whorfen ustez, gizaki guztiok hizkuntza bakar bat erabiltzea kaltegarria litzaiguke, atzerapena, eta galera handia giza kultura osorako. Izan ere, hizkuntzak oro, errealitatearen antolaera diren heinean kide direnez gero —eta hortaz elkarren osatzaile—, hizkuntza bat itzaltzeari kultura unibertsalaren adar bat ihartzea deritza Whorfek: 

«Honengatixek uste dut geroko munduarentzat hizkuntza bakar bat proposatzen dutenak —berdin izaki ingelesa, alemanera, errusiera edo beste edozein proposatzea— oker daudela. Giza izpirituaren eboluzioari buruz, traba larria izango litzake hori».

Eta alderantziz: hizkuntza arrotz eta urrunei dagozkien estrukturen desberdintasuna babestea edozein gizakiri izan dakioke mesedegarri. Adibidez, bistan da hizkuntza indoeuroparrek hainbat fenomeno fisikoren ulertze zuzena eragozten dutela. Aldiz, Hopiena eta bestelako logika molde batzuek argigarri gertatu lekizkiguke unibertsoaren zenbait alde eta ezaugarri ulertzeko orduan. Mendebaldean joera dugu edozein gertaerari subjektu ekintzailea atxikitzeko. “Oinaztuak argia egin zuen”, diogu. Haatik, indoeuroparren gramatiketan ez bezala, errealitate fisikoan ez dago halako bitasunik: oinaztua bera da argia. Beti jakin izan dute hori primeran Hopiek.

Berez doa Hizkuntzalaritza serioa arrazakeriaren aurka. Txillardegik itzuliriko Whorfen testua: 

«Hizkuntza-zientziaren ulertzeak tokian tokiko kulturaren mugetatik at eramaten gaitu, nazioetatik at, «arraza» bataiatutako berezgarri fisikoetatik at; eta hizkuntza-sistema horien taxuan eta elkarketan (beti ere desberdina), denon zorroztasun jatorrean, errealitatearen azterketaren sakonean, gizon guztiok berdinak garela erakusten zaigu».

Ez dago kultura eboluzionaturik ez atzeraturik, ez goi-mailakorik ez behe-mailakorik. Herri kanibalen edo agrafoen etikak ez dira gureak baino sendoagoak edo ahulagoak. Kultura bakoitzak bere moduan  taxutzen du mundua, eta funtsean guztiak dira kide eta haurride errespetagarri, desberdintasunak gorabehera.

Politikoki politikaren altzoan dauzkagu egun halako ideiak Whorfen, Lévi-Straussen, Txillardegiren eta beste askoren liburuei esker. Nekezagoa da ideia horiek legedian modu eraginkorrean ezartzea eta errealitate historikoan mamitzea. 2022an yagan eta apiaka hizkuntza amerindiarrak itzali ziren. 2023 urtean, berriz, ainu japoniarra eta tsimishian eta shuar amerindiarrak desagertu dira. Shuar hizkuntza Amazoniako Ekuadorren mintzatu izan da. Azken hiztuna, Maria Aginagalde, 2023ko irailaren 30ean hil da, 95 urte zeuzkala.

Zazpi bat mila hizkuntza dauzkagu orain bizirik munduan. Unescok jakinarazi du 3000 inguru galduko ditugula XXI. mendea amaitu baino lehen.  


Matematikaren unibertsaltasuna auzitan

Markos Zapiain 2023/12/04 13:40

Pena eta amorrua eragiten diote Txillardegiri gizakiaren animaltasuna ukatzen dutenek. Orobat, mendebaldeko zibilizazioa harro goraipatu eta kultura agrafoak gutxiesten dituztenek, kolonialismorik basatiena zuritzera iritsirik. Txillardegi gusturago dabil Edward Sapir, Benjamin Lee Whorf edo Claude Lévi-Strauss bezalakoen konpainia noblean, europar gizon zuriaren nagusitasuna zalantzan jarri, eta kultur diferentziak aberastasuntzat dituztenak.

Noski, unibertsalistek diote zientzia, logika eta matematika edozein gizakik onartzeko modukoak direla, egia objektiboak baitira —hizkuntza eta kultura gorabehera—. Bada, litekeena da logikaren eta matematikaren unibertsaltasuna ere zalantzagarria izatea. Txillardegik puntako maisutzat zuen Bertrand Russellek, Alfred Whiteheadekin batera, Principia Mathematica argitaratu zuen 1910 eta 1913 bitartean, hiru liburuki trinko. Helburua: egia matematiko guztiak printzipio logikoetatik eratortzea. Ezin unibertsalagoa zirudien guztiak. Urte haietan ziurtzat jo zuen Russellek, bederen, matematikaren eta logikaren unibertsaltasuna. 

Ordea, 1920-1921 urteak Txinan pasa zituen ingeles filosofoak. Eta Txinako hizkuntzak ezagutzen hasi bezain laster, aitortu zuen ikaratuta zegoela, ohartu baitzen indoeuroparra zela Principia Mathematicako logika.[1]

Ezinbestez ote dago indoeuroparrari lotua logika matematiko ustez unibertsala? Halaxe uste dute hainbat filosofok, hala nola Nietzschek edo Gianni Vattimok. Eragin handia izan zuen Nietzschek Txillardegiren pentsamenduan eta literatur sorkuntzan. Haizeaz bestaldetik eleberria Zaratustraren itzalpean idatzi zuen.[2]

Nietzschek dioenez, hizkuntzaren bidez azaldu daiteke Indiako, Greziako eta Alemaniako filosofia guztien antzekotasun harrigarria, hizkuntza indoeuroparren gramatikek antzeko pentsaerak bideratzen baitituzte. Inkontzientean markatzen dituzte funtzio gramatikalek gogoeta-bideak. Gramatiken arteko ahaidetasunak modu homogeneoan egituratzen ditu sistema filosofikoak, eta, aldi berean, bidea ixten die mundua interpretatzeko bestelako aukerei.

Indoeuroparren artean ez bezala, eremu uralo-altaikoko hizkuntzetan subjektuaren kontzeptua ez dago batere garatua. Halatan, hango filosofoek, Nietzscheren esanetan, indogermaniarrek edo musulmanek ez bezala begiratuko diote munduari, bestelako bideetatik pentsatuko dute; izan ere, funtzio gramatikalek adimena sorgintzen dute. Horregatik, behar bezala pentsatzeko, ezinbesteko baldintza da gramatikaz ohartzea eta gramatikaz mesfidatzea. Bestela, zuk zeuk pentsatzen diharduzula uste duzunean ere, zeure hizkuntzaren gramatika garatzen ari baitzaitezke oharkabean. Hizkuntza bera ariko litzateke, nolabait esateko, zeure bitartez pentsatzen. [3]  

Zentzu horretan, baten batek txillardegitar esperientzia erlatibista bat bizi nahi baldin badu, hona hemen eman beharreko urratsak: kontaktatu hamabost urte bete arte japonieraz bakarrik mintzatu, eta hamasei urterekin ingelesa ikasten hasi den pertsona batekin. Mintzatu ordubetez Akirarekin. Ondorio nabarmena: mundua guk ez bezala ikusarazten die japonierazko azpiegitura linguistikoak, bestelako burubideak ibilarazten, benetan desberdinak diren hizkuntzek burmuineko eremu diferenteak piztuko balizkigute bezala.[4]  



[1] J. E. Littlewood, Littlewood’s Miscellany, Bela Bellobas, Cambridge, 1986, 130. or.

[2] Hitza hitz, 151. or.

[3] NIETZSCHE, Friedrich, Jenseits von Gut und Böse, Kröner Verlag, Stuttgart, 1991, 27-28 orr.  20. paragrafo ospetsuaren amaiera da.

[4] Japonieratik alemanera itzultzeko zailtasun tragikomikoen inguruko adibide zehatzak, Joxe Azurmendiren Humboldt: hizkuntza eta pentsamenduan, UEU, Bilbo, 2007, 307-312. orr.; eta nola ematen duen indoeuroparraren gramatikak mendebaldeko logika, eta txinerarenak bestelako logika bat, Ibidem, 312-318. orr.

Giza hizkuntzaren berezitasuna: artikulazio bikoitza

Markos Zapiain 2023/12/02 11:05

Ondo zekien Txillardegik noraino heltzen diren primateak pertsona gorren zeinu-hizkuntza erabilita. Artikulu gogoangarri bat eskaini zion, Hizkuntzalaritza hiztegian jasoa: “Mintzamena gizonetik at”. Txillardegik garbi zuen ez dela errotikoa gizakien eta gainerako animalien arteko aldea. Animalia guztiok ditugu geure bereizgarriak. Darwinista zen. Hizkuntzari dagokionez ere, gradualtzat zuen primateen eta gizakion komunikazio-sistemen arteko bilakaera, ez jauzi absolututzat. Harrigarria zitzaion txinpantzeen gaitasuna aurretik ezagutzen dituzten hitzak konbinatuz hitz berriak sortzeko: adibidez, “ur” eta “txori” ezagututa, lehenbiziko aldiz ahate bat ikusi eta “ur-txori” bataiatzekoa.[1]

Dena den, esanguratsua zeritzon, halaber, giza mintzamenaren eta txinpantzeenaren arteko aldeari. Primateen zeinu-hizkuntzak ez darabilen artikulazio bikoitzean kokatu zuen alde horren funtsa. André Martinet hizkuntzalariak asmaturiko kontzeptua da. Eta, Txillardegik dioenez, «giza-mintzairaren oinarria bera artikulazio bikoitza baldin bada, antropoideek ikasi duten mintzabidea ez da giza-mintzaira».[2]

Txillardegik bezala, Martinetek uste du mintzabidea dela funtsean hizkuntza. Esaldiak esanahia sortzen du, eta transmititu nahi izaten du. Alta, berez esanahirik bideratzen ez duten hotsak darabiltza giza hizkuntzak, bokalak eta kontsonanteak. Soinuak dira, kito. Esanahira iristeko, artikulatu egin behar dira. Eta Martineten esanetan, giza hizkuntza naturalak, formalak edo primateenak ez bezala, bikoitza du artikulazioa. 

Zertan da artikulazio bikoitz hori?

Txillardegiren esanetan,

«artikulazio bikoitzaren teoriaren arabera, ahozko katea mintzatua da hizketa; eta katea mintzatuan agertzen diren soinuak, bi mailatan zati daitezke. Lehenengo mailako atalek («monemek») bi izari dituzte: fonetikoa eta semantikoa; bigarren mailako atalek («fonemek»), berriz, izari bakar bat dute: fonetikoa. Monemek zerbait adierazten dute; fonemek, berriz, ez dute ezer adierazten».[3]

Hortaz, esanahia duen edozein unitate konplexu, hala nola esaldia edo hitza, osagai txikiagoetan banatu daiteke. Maila bitan sailkatu daitezke osagairik txikienak: maila batean monemak daude. Esanahia duten elementu minimoak dira monemak. Eta bestean fonemak: esanahirik ez duten baina esanahiak bereizteko balio duten elementuak dira. Zenbait fonema elkartuz sortzen dira monemak.

Mugatuak dira fonemak kopuruz, baina fonemen arteko konbinazioari esker, monema, hitz eta esaldi kopuru mugagabea sortu dezakegu. Monema mota bi dauzkagu: batetik independenteak, hitz oso gisa ageri daitezkeenak, “zuhur”, “eta” edota “gauza” legez; eta, bestetik, dependenteak, ezinbestez doazenak beste monema bati lotuak, hala nola “-tasun”, “-keta” edo “-garri” atzizkiak.

Primateak hizkuntza ez-artikulatuaren jabe dira, non seinale bati gauza bat dagokion.[4] Lehenbiziko artikulazioa, berriz, esanahiari lotua, txinpantzeen esku dago, “ur-txori” horrek frogatzen duenez. Hori bai, ez dira monema eta hitza nahastu behar: “bernazaki” izenak ez du monema bakarra, hiru baizik: “berna”, “zahar” eta “-ki”. “Harrigarriak” hitzak, berriz, lau monema dauzka: “harri”, “garri”, “a” eta “k”. 

Bigarren artikulazioa soinu bereizgarriei dagokie. Horrela, “hutsa” ez da “hotsa”. /u/ eta /o/ euskaraz ez dira fonema bera. Fonema bik, formalki bereizten dituzte esanahi propioak dituzten unitateak. Are, berezko esanahirik ez dutenetarik ere bereizten dituzte (“lor”, “lur”, *“lir”).

Giza hizkuntzaren ezaugarri bereizgarria artikulazio bikoitza izateak esan nahi du bai fonemak eta bai monemak ezin konta ahal moldetan konbinatu ditzakegula, mugagabeki sortu ditzakegula esanahi berriak. Martineten adibidea: sekulako buruko mina jartzen bazait, garrasi egin dezaket. Hori ez da  giza hizkuntza; bai ordea “buruko mina daukat” esatea.[4] “Min” eta “buru” monemak dira. Milaka bestelako esalditan artikulatu ditzaket beste monema batzuekin: “herrimina sentitu zuen”, “mindua dauka bizkarra”, “lehengusua jarri dute enpresako buru”, “buru hainbat aburu”, etab. Era berean, /b/ eta /u/ fonemak dira, eta milaka eta milaka monema, hitz eta esaldi sortu ditzaket beste fonema batzuekin konbinatu eta artikulatuz gero.   

Washoo, Moja, Lucy, Booce eta Txillardegik “Mintzamena gizonetik at” zoragarrian aurkeztu zizkigun gainerako primate berritsuek lehenbiziko artikulazioa bai, baina bigarrena ez zuten egundo erabili. Behar handirik ere ez zuten sumatuko.

 



[1] Hizkuntzalaritza, UZEI, Donostia, 1982, 320. or.

[2] Ibidem, 17. or.

[3] Ibidem, 316. or.

[4] TXILLARDEGI, Euskal kulturaren zapalketa 1956-1981, Elkar-AEK, Donostia, 1981, 11. or.

[5] Éléments de linguistique générale, 5. argitalpena, Armand Colin, Malakoff, 2008, 37-39. orr.

Txillardegiren pasioa

Markos Zapiain 2023/11/16 11:55

Txillardegi ez zen inertziazko oinordeko bat izan. Aukeratutako jaraunspenarekin egin zuen bere burua. Buruzagi naturaltzat hartua izateko ezinbesteko baldintza izaten da hori. Buruzagiaren karisma sumatzen baitzioten inguruko askok.

Txikitandik sentitu zuen euskara desagertzen ari zela. Gurasoek bazekiten, baina ez zioten erakutsi. Oñatiko lehengusuei ez zien ulertzen, ezta etxe inguruko baserritarrei edo Sunbillako lagunei ere. Txillardegik ez zeraman batere ondo. Euskara bere hizkuntza zela erabaki, eta katakonbetan ozta-ozta bizirauten zuen garai batean, bere kabuz ikasteari ekin zion.

Hizkuntzekin ere, “hilda gero salda bero” jokatzen dugu sarritan. Pena handia ematen digute hizkuntzen eta herrien heriotzek, baina izaki praktikoak gara, erosotasuna nahi dugu guztiaren gainetik. Euskara hiltzen ari dela? Milaka hizkuntza hil dira lehenago ere, horrelakoa da bizitza. Atxikimendu sentimental horrek ondo ematen du etnologoen eta abertzaleen zirkuluetan, baina ez da eraginkorra. Egiari zor, astuna da, gogaikarria, eta poxelu zaio komertzioari. Utikan. Bizi gaitezen ahal bezain ongi, oztopo gutxien dakarren hizkuntzan, eta, euskara behin betiko itzalirikoan isuriko ditugu hiletan —jendaurrean noski—, krokodilo-malko eder askoak. Horixe da ikuspuntu eta jokaera hedatuenetako bat.

Dena den, badira hipokritak ez diren jarrerak ere. Fatalismo bati zinez zaio mingarria euskararen desagertzea, baina uste du ez dagoela zereginik. Joera historiko nagusiak kontuan harturik eta ahaleginak ahalegin, euskara bezalako hizkuntzek ez dute irauteko inongo aukerarik. Beraz, patuak ezinbestez dakarkiguna onartu beharra dago, kontra egiteak ez baitu ezertarako balio, ez bada agonia luzatzeko.

Jarrera hegemoniko horien aurka altxatu zen Txillardegi. Ikaragarri oinazetsua zitzaion bere hizkuntzaren heriotza, baina uste zuen oraindik bazela salbabiderik, lan militanteari ganoraz ekinez gero. Gure esku dago, hein batean, euskara salbatzea. Gogor lan egin behar, hori bai, eta aisetasuna sakrifikatu.

Halatan, buru-belarri engaiatu zen euskararen aldeko ahaleginean. Ingeniaritza ikasten zuen garaian, egunero-egunero gauerditik goizeko 3:00ak arte aritzen zen euskararekin, jo eta ke. Lanean ere, ingeniari edo irakasle ibili zelarik, lanaldiaren ostean 20:00etan hasi eta 24:00ak arte irakurtzen eta idazten zuen. Hizkuntzalaritzaren ingurukoak ziren bere liburutegiko ale gehienak.

Aurrena, abertzale aizunen aurka abiatu behar izan zuen euskararen aldeko borroka, hizkuntza adierazpen folklorikotzat jotzen zutenen aurka, dantzaren, txistuaren, pilotaren, sukaldaritzaren edo abarken eta kaikuaren maila berean. Horretan zebiltzan jeltzale asko 40ko eta 50eko hamarkadetan, baita hurrengoetan ere. Hurrena, klase borrokaren lehentasunaren izenean euskara sistematikoki baztertzera zeramatenen aurka. Euskararen aldeko tresna gisa sortu zuen Txillardegik ETA, baina, sumatu zuenean infiltrazio espainolista buruzagitzaz jabetzen ari zela, dimisioa eman zuen.

Bere onetik ateratzen zuen euskaldun zahar gehiegiren epelkeriak. Euskarari zegokionez, tentsioan bizi zen Txillardegi; baina, gainera, tentsioaren aldekoa zen. Lagun askok esaten leporatzen zioten esajeratu bat izatea. Arriskutsuak izaten dira interpretazio psikologikoak, baina ez da gauza bera zeure hizkuntza zeure baitatik zeharo desagertu dela sentitzea, eta berreskuratu behar izatea, edo guraso euskaldunengandik euskara jaso eta inoiz galdu ez izana. Gorputzean sentitu zuen Txillardegik herriaren heriotza, nerbioetan, ezin gordinago. Aldiz, oinordekotzan jaso duenak badaki bera bizi den bitartean, behintzat, euskara ez dela hilko.   

Borrokari eta militantzia politikoari eman zitzaion bizialdi osoan Txillardegi, eta hizkuntzaren filosofiari buruzko bere idazkirik esanguratsuenak —Branka aldizkariko artikuluak eta Hizkuntza eta pentsakera liburua— sasi-abertzaleen eta sozial-inperialisten aurkako polemiketan sortu ziren, 60ko hamarraldiaren bigarren zatian, erbestealdian, Bruselan eta Waterloon. Gizonak ziren polemista guztiak. Deigarri gertatzen da gaur egun. Hizkuntzalari eta filosofo frantsesak zituen erreferentzia nagusi: inguru frankofonoan bizi zen, eta artean ez zegoen Internet. Eskura zeuzkan liburuak zerabiltzan. Estrukturalismoa erabili zuen arma gisa.

Joan Mari Torrealdairen sotana flotatzailea

Markos Zapiain 2023/10/21 21:45

Zailak dira Txillardegiren Hizkuntza eta pentsakera liburuko zenbait pasarte. Adibidez, Jacques Lacan psikoanalistarenean “adierazleak” eta “adieraziak” duten harremana ez da lehenbiziko kolpean ulertzen den horietakoa. Ulertzeko ahalegina merezi du, hala ere, eta nola gainera. Lagungarri: Txillardegiren dohain pedagogikoak ez dira makalak, eta eskertzen da gero. Adibidez, Lacanen izkribuetan “adierazleak” eta “adieraziak” duten harremana nekez ulertzen da lehenbiziko kolpean, baina Txillardegiri esker badugu mamiari antzematea. Donostiarrak dioenez, adierazlearen eta adieraziaren arteko «lotura ezkutu eta ahantziak azaltzea izango da psikoanalisiaren betekizuna: psikoanalistak geure hizkuntza ezkutua irakatsiko digu. Gure inkontzientea hizkuntza bezalaxe mintzo zaigulako».[1]

Estrukturalistek diote adierazlea ez dela ibilgailu neutroa, baizik eta hizkuntza-sare bateko elementu egituratzaile bezain egituratua. Adierazia edo esanahia zeharo lotuta dago adierazleak egitura baten barruan antolatzeko moduarekin, eta kanpoko munduko objektuekiko erreferentziatik independentea izan daiteke egitura hori. Erreferentzia enpirikotik aparte osatzen dute zeinua adierazleak eta adieraziak. “Itsaso” adierazlea ez zaio itsasoari lotzen, “itsaso” esanahiari baino.

Bestalde, zeinua arbitrarioa da, ez dago inolako lotura naturalik edo beharrezkorik adierazlearen eta adieraziaren artean. Ideia bat irudikatzeko, arbitrarioki aukeratzen da soinu-segida jakin bat eta ez beste bat. Ez naturak, baizik eta konbentzioak erabakiko du hizkuntzak modu arbitrarioan lotutakoa ezartzea eta zabaltzea.  

Claude Lévi-Straussek asmatu zuen “adierazle flotatzaile” esamoldea, Jakobsonen “zero fonema” kontzeptuan inspiraturik. Eta Lacanek psikoanalisira inportatu zuen, erakusteko adierazleak ez duela berezko esanahi intrintsekorik, adierazle jakin baten esanahia ez dela finkoa eta absolutua nabarmentzeko. Esanahi hori fluidoa eta aldagarria baita: denboraren joanak aldatu dezake, edota desoreka edo berritasun bat agertzea adierazle horrek estrukturaren barruan zituen konexioetan.  

Hori guztia adibide zehatz batekin azaltzeko, Joan Mari Torrealdaik frantziskotar sotanari buruz kontatu zion pasadizoa baliatuko du Txillardegik.

Frantziskotarren soinekoa ez omen da Erdi Aroko pobreen janzkera arrunta baizik. Txirotasuna adierazteko hautatu zuen Asisko Frantziskok. 

Erdi Aroa igaro, ordea, Errenazimentua ere bai, eta ahaztu egin zen pixkanaka frantziskotar sotanari lotutako zentzu hura. «Eta janzkera, “adierazle” soil bihurturik, bere gisara abiatu da. Soka eten da; eta frantziskotarren janzkera “sintoma” bihurtu da, “adierazle” huts».[2] 

Alta, gizakiak esplikazioak behar ditu, arrazoiak. Lasaigarriak zaizkio, disparate hutsa izaten diren arren sarritan. Halatan, Torrealdaik Txillardegiri jakinarazi zionez, azalpen teologiko ezin estrabaganteagoak asmatu dira aspaldion frantziskotar janzkeraren inguruan, egun dakiguna Erdi Arora proiektaturik eta guztia nahasirik. Asisko Frantziskoren abituaren zentzua galdu «eta alienatu egin da».[3] Zein bere aldetik dabiltza soineko marroia eta txirotasuna. 

Sotana atxiki dugu, hori bai; alegia, adierazleari eutsi diogu. Dena den, honezkero ez garenez adieraziarekin zuen benetako loturaz ohartzen, asmazio teologiko horiek  alienazioa adierazten dute, alienazio kulturala. Eta, Txillardegik erantsiko duenez, sotana flotatzaileen antzera dabiltza eritasun psikologikoaren sintomak ere, dagozkion gizaki alienatuarekin lotura galdu eta beren kabuzko flotazio zailean bizitzaren magman.



[1] Hizkuntza eta pentsakera, 97. or.

[2] Ibidem, 99

[3] Ibidem



Txillardegi gogoan, hizkuntza edonon

Markos Zapiain 2023/10/16 22:05
Hizkuntzak ia guztia markatzen eta zeharkatzen du

Euskararekin obsesionaturik bizi zen Txillardegi; alta, hizkuntza da euskara. Horrenbestez, ez da harritzekoa hizkuntzatasunak berak ere obsesionatu izana, hizkuntzak oro har. Horregatik apailatu ahal izan du Alaitz Aizpuruk, Jakin argitaletxeak eman dizkigun Txillardegiren testuen antologia bikainen artean, “Hizkuntzaren filosofia” izeneko ale bat.

Hizkuntzak baditu berezko hainbat ezaugarri, abstrakzioz isolatu daitezkeenak. Goitik behera markatzen dute gizakia. Dena den, benetako bizitzan ez daude isolaturik. Gizakiak dagien edozer zeharkatzen dute. Txillardegik, Hizkuntza eta pentsakeran, kanpora begirako jarduerak eta barrura begirakoak bereizten ditu.

Gizarteari begira, hizkuntza, batetik, identitate sozialaren adierazpenik garrantzitsuena da; bestetik, hizkuntzaren antzera daude egituratuta ohiturak, erakundeak eta mitoak. Estruktura fonologikoa ahaidego-sistemara proiektatuta, askoz ere hobeki ulertu ahalko dugu  ezkontzaren funtzionamendua. Bizitza sozial osoa bailitzateke, azken batean, zeinu-sistema bat. Hizkuntzaren kanporako proiekzioetan, Lévi-Straussen eskutik joango da Txillardegi. Esanguratsua da: Lévi-Straussek ez zuen Hizkuntzalaritza Antropologiaren atal gisa ikusten, ohi bezala, baizik eta alderantziz; eta bruselarraren ildoan idatzi zuen Txillardegik Hizkuntza eta pentsakera.

Barrura begira, Lacanekin batera, Txillardegik aldarrikatuko du inkontzientea hizkuntza gisa dagoela egituraturik. Hitzak alde bi ditu: soinua eta zentzua, adierazlea eta adierazia. Ametsetako irudiek zein eritasun psikologikoen sintomek adierazle gisa funtzionatzen dute. Zer adierazten dute ordea, zein da irudi eta sintoma horien zentzua? Ametsaren esanahia, batetik, eta, bestetik, eritasunaren beraren korapiloa. Lacanentzat, ametsak edota histeria ulertzeko, ezinbestekoa da metaforaren eta metonimiaren funtzionamenduaz jabetzea. Gure barne-muinak hizketan bizi direlako senda dezake psikoanalistak pazientea pilula barik eta elkarrizketa hutsa erabilirik. Psikoanalisiari dagokionez, Txillardegik aitortu zuen boladaka “Freuden zorabioa” sentitu zuela (eta Budarena). (Joxean Agirre, Hitza hitz, 116)

GENEAK MINTZO

Euskara izan zuen ardatz, noski, baina hizkuntzaren fenomeno orokorrak ere Txillardegiren pentsamenduan izan zuen garrantzi erabakigarria behar bezala neurtzeko, ezin aipatzeke utzi gure azken elkarrizketa. 2008 edo 2009an izango zen. Hidrozefaliak eraginiko bertigoak pairatzen zituen ordurako.

Esan zidan ikaragarria zitzaiola kode genetikoa —DNAren bidez gurasoengandik umeengana transmititzen dena—, hizkiz eta hitzez osatutako hizkuntza izatea, deszifratu eta interpretatu beharrekoa, beste edozein hizkuntza bezalaxe.

Txillardegiren harridura hori loturik dago bere aurreneko saiakeretan jadanik nabari zen eta amaiera arte iraungo zion sentimenduarekin; alegia, natura osoarekin bat egite budistarekin, haurride sentitzearekin edozein bizidun. Ez ote da txundigarria biologiaren hizkuntzak ere haurridetasun hori barnebildu eta adieraztea? Zeren kode genetikoa ez baitugu gizakiok bakarrik: hainbat elementu genetiko partekatzen dugu bizidun orok.

Txillardegik zioen, ongi oroitzen baldin banaiz, identitate horrek ederki indartzen duela Darwinen ideia: bizidun guztiok gatoz aurrekari komun bakar batetik. Naturaren polifonia miresgarria arbaso bakar batetik dator, eta arbaso horrek—orain dela lau mila milioi urte inguru— idatzirik zekarren geneen hizkuntza, geuk ere inskribaturik daramaguna, partekatzen duguna, transmititu dezakeguna.

Ez soilik bakarrizketa, elkarrizketa, liburua, musika, matematika, ordenagailua, zibernetika, edota gizarteko erakundeak eta inkontziente gutxi-asko indibiduala; gainera, bizia bera ere hizkuntza da funtsean! Txillardegik Joxean Agirreri aitortu zionean barruak eskatzen zionagatik eta bokazioagatik ez literato, edo politikari, baizik eta hizkuntzalari zatekeela, hizkuntzaren alde eta perspektiba pilo harrigarri hori ere izango zuen ziurrenik gogoan. (Hitza hitz, 128)

Borja Semper, amaren bidetik

Markos Zapiain 2023/09/18 18:20
Berririk ez eguzkipean

Anaiak eta biok bizitzan jasan dugun lehen bullying linguistiko esplizitua (beste batzuk ahaztuak izango ditugu beharbada), etenik ez duen eraso honetan, Borja Semperren amaren ahotik etorri zitzaigun.

Irungo Kolon Pasealekutik gindoazen. 60ko hamarraldiaren amaiera izango zen agian, edo 70ekoaren hasiera. Ohartu ere ez gu, euskaraz ari ginela, harik eta Semperren amak garrasika betikoa bota zigun arte: “¡Aquí se habla en cristiano! ¡Estamos en España!”

Ura bere bidean, hortaz. Tamalez, guztiontzat da zaila genetikatik libre bizitzea. Otoitz Borjaren alde.

Maitasuna, falta bezain opari

Markos Zapiain 2023/09/05 11:10

Beste aztergai askorekin bezala, maitasunari dagokionez ere, ganorazko zerbait esateko, Platonengandik abiatzea komeni da; oraingo honetan, egiari zor, bai abiatzea eta bai errematatzea.

Sinposioa-n dio maitasuna zerbaiten edo norbaiten desira dela beti: ez zarena duzu desira, ez daukazuna gura duzu, falta zaizuna. Bazenu, ez zenuke nahi behar izango. Gabezia da hortaz funtsean desira. Eta maitasuna, oroz gain, desira ei da.

Halatan, arazo eder bat sortu zaigu hemen: nondik nora maite ote dezakete elkar bikotekideek luzaro samar? Bikotekidea ez zaizu falta, alboan duzu egunero; ordea, maitasuna desira baldin bada, eta desira falta, orduan, definizioz, ezin duzu bizikide duzun bikotekidea zinez maitatu.

Egia da bikotea iraunaraztea arte zaila izaten dela, eta protagonistek hainbat trikimailu asmatzen ohi dituztela bikotekidearen falta sentitzeko eta bikotekideari beren falta sentiarazteko: etxe, herri, are kontinente desberdinetan bizitzea; noizbehinkako liskarra eta elkarrengandik urrutiratzea, harik eta elkarren hutsaldia sentitu eta berriro desirari bide eman arte, azkenik onezkoak egin ahal izateko, errekontziliazio-txortaldi deitu izan den horrekin ospatua, film kostunbrista askok erakusten dutenez…

Nolanahi ere, Louis Aragon poetak zioen ez dagoela amodio zoriontsurik, eta egia da desira funtsean falta baldin bada, zaila dela irudikatzea etxe berean luzaro amoroski biziko den bikotea.

Alta, Platonek iradokitzen duenez, maitasuna bere konplexutasunean ulertzeko, kontuan hartu behar da desirak, gabeziaz gain, gabeziaren kontrako ezaugarriak ere barnebiltzen dituela, alegia, emankortasun gutxi-asko desinteresatua eta oparotasun eskuzabala. Amodioa, eskasia ez ezik, opari litzateke halaber, poz-iturri, lorategi eder.

Desiraren bigarren bereizgarri hori ere aintzat hartuz gero, ulergarriago egiten da zenbait bikoteren iraupen luze zoriontsu samarra, elkarrekin bizi arren.  

Puigdemont pailazoaren esku

Markos Zapiain 2023/08/28 15:50

El Español-en zuzendari Pedro J. Ramirezek gaur argitaratua: 

"El tiempo nos dirá si [Putin] morirá en la cama odiado y temido por los suyos como Stalin, si será ejecutado brutalmente como Mussolini, asesinado como un perro como Gadafi o ahorcado legalmente como Sadam; si se suicidará en un búnker como Hitler o en su celda tras haber pasado por el banquillo como Milosevic." 

Garai batean, paragrafo horren antzekoetan, historialari objektiboek erabakitako inertziak beste diktadore baten izena ere bazekarren. Eragin handia duten kazetari batzuek (begira bestela nola sortu, ezarri eta desagerrarazi dituzten -haiei desobeditzeagatik- Albert Rivera eta Ciudadanos) ez dute aski 78ko erregimena zuritzen ahalegintzea. Eta alde handiz da El Español Espainian gehien saltzen den egunkaria.

Eskerrak Espainiako politikan azken hamarraldietako boladarik zoragarriena bizi dugun: datozen urteetako norabidea Puigdemont pailazoak du bere esku, Puigdemont txoroak, Puigdemont traidore zikinak, Puigdemont koldar barregarriak, beti maletategian erdi ezkutaturik...

Ez ahal die oraingo honetan euskaldunen aholku eta presioei jaramonik egingo.  

Bestalde, "pailazo” iraintzat dutenek deitu diote noski etengabe “pailazo”.

Ez ote da harrigarria “pailazo” hitzaren konnotazio txar hori, Zelenskiren nabarmentzeak berriro harrotua, Joseba Tobar-Arbuluren testuetan, besteak beste?

Ez gara gutxi uste dugunok pailazo izatea dela giza bilakaeraren gailurretako bat. Jaime Otamendi ere bat dator. Sokrates, Diogenes, Pirron, Leibniz, Schopenhauer, Nietzsche, Wittgenstein… ken iezaiezu pailazo-ukitua eta deus gutxi geldituko zaizu esku artean.

Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.