Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Errealaren inbasioa

Errealaren inbasioa

Markos Zapiain 2024/09/30 12:35

Desiraren gasolina mamua den bezala, mamuaren euskarria Erreala da; eta Errealaren pantaila, berriz, mamua: mamuaren leihotik sumatu eta zelatatu dezakegu Erreala, zuzenean ezin dugunez.[1] Ez dago leihoko markorik, inguratzen duen hutsunerik gabe; era berean, mamua ezin da Errealetik erabat bereizi. Etengabeko tentsioan bizi dira.

Errealaren enigmari erantzun egituratzaile bat ematen dio mamuak, forma bat. Beti dago artikulatua Errealaren izu-gune ulergaitz baten inguruan, eta nola edo hala estaltzen eta eramaten laguntzen digu.

Gainera, eromenetik babesten gaitu mamuak, kaos adierazezina baitakar Errealak, eta giza gogoan zuzenean sartuz gero psikosia lehertzen da. Ezin gogorragoa iruditzen zaizularik ere mamua, are bortitzagoa den Erreal erogarria mozorrotu eta nolabaiteko kontsistentziari eustea ahalbidetzen dizu.

Sintomaren eta mamuaren arteko alde azpimarragarri bat da desberdina dela sintomaren estruktura neurotikoarengan, histerikoarengan, perbertsoarengan eta psikotikoarengan, eta, alderantziz, mamu berdina ibiltzen dela paseoan lau estruktura psikiko desberdin horietan barrena. Mamu berdinari erantzun desberdina ematen diote.[2] Dena den, talde bitan bana ditzakegu: neurotikoak, histerikoak eta perbertsoak bai, mamuari esker ihes egiten diote Errealaren atzaparrari. Psikotikoak ez.

Nonahi dago Erreala atezuan, eta edonoiz suntsi dezake mamuzko eraikuntza. Era biolentoegian sartzen da zenbaitetan Erreala jende delikatuaren baitan —hitzetan ezin jarri den traumaren bitartez, kasurako—, eta orduan mamuak porrot egiten du, ezin baitu Errealaren ezinezkotasun erasokorraren agerpena estali eta bideratu. Eta ezusteko intrusio horrek sintoma psikotikoak eragiten ditu, haluzinazioak eta eldarnioak.[3] Psikotikoak ezin du mamuak eraginiko angustia azaldu eta integratu. Hondoratu zaio lege sinbolikoa. Orduan hitzak, mundua antolatu beharrean, hautsitako munduarekin nahasten dira eta Errealaren inbasioa bideratzen dute.  

Esate baterako, psikotikoak gorputzaren zatikatzea badu mamu, batasuna falta izaten zaio orobat bere esaldiari, ulergaitza izaten da bere hitzek bideratu nahi duten pentsamendua, kaotikoa irudien uholdea. Arrotz sentitzen du gorputza, zenbait atalen gaineko kontrola galduta. Deformaturik hautematen ditu atal horiek, eta bere gorputza epaitzen eta kondenatzen duten ahotsak entzuten ditu. Izu paranoikoak ere gogor jotzen ohi du gorputz zatikatuaren mamuak harrapatutako psikotikoa: erasoko diote, gorputza zauritu. Nonahi sentitzen du bere gorputzaren batasuna mehatxatzen duen mamua. Eta ezin dio gertatzen zaionari zentzurik eman, gorputza bezain zatikaturik baitu mintzoa.



[1] Los cuatro conceptos fundamentales del psicoanálisis, 49. or.

[2] La logique du fantasme, 390. or.

[3] Las psicosis, 128. or.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.