Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Gerra garaian edozein zulo da trintxera

Gerra garaian edozein zulo da trintxera

Markos Zapiain 2024/10/13 11:50

Alberto Ladron Aranaren azkeneko nobelak, Dena eskaini nizun trepidanteak, erranairu ospetsu hori dakar: “gerra garaian edozein zulo da trintxera”.

Soldaduskari eta zezenei loturik entzun nuen aurrenekoz. Gizon hetero ugari bilakatzen da homosexual soldaduskan. Eta gizontasun espainolaren ikur den zezen iberikoak, arrak baino izaten ez dituenez inguruan Espainia aldeko zelai ederretan, ez du arrekin jotzea beste erremediorik, behien nostalgiarik batere gabe itxuraz. Ez da hain fisikoa Alberto Ladronen erabileraren testuingurua, barne-huste psikologikoari dagokio. 

Dirudienez, gaztelaniatik etorri da erranairua euskarara. Lehen Mundu Gerran agertu omen zen, portugesez, italieraz eta gaztelaniaz aldi bertsuan, gerra hartantxe bihurtu baitziren trintxerak erabakigarri. Portugesez: "Em tempo de guerra, qualquer buraco é trincheira". Italieraz: "In tempo di guerra, ogni buco è trincea". Gaztelaniaz: "En tiempos de guerra, cualquier agujero es trinchera".

Euskarazko “trintxera” gaztelaniatik dator, gaztelaniazkoa fransesezko “tranchée”tik eta “tranchée” latinezko “truncare”tik.

Interneten bilatu dut erranairuaren idatzizko lehenbiziko agerraldia portugesez, italieraz edo espainolez baina deus ez. Euskaraz, “trintxera” hitzarekin, Alberto Ladronen Dena eskaini nizunekoa, nik dakidala.

Badugu lehenagoko beste bat, baina “trintxera” barik “lubaki” jarrita —“gerra garaian edozein zulo da lubaki”—, Pako Aristiren Venezuela, iraultza isilaren hitzak kronikan, Txalapartak 2000. urteko San Martzial egunean argitaratua.  

(Gozaraziz irakatsi: Dena eskaini nizun honi esker ikasi dut ezen zaurituz gero, ebakia ixteko, puntuak edo grapak bezain eraginkorra dela Loctite.)  

  

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.