Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Mamua zeharkatu

Mamua zeharkatu

Markos Zapiain 2024/09/14 14:25

Lacanenean, mamuak eragiten du desirak berez dakarren plazera. Baina luzeagoa da oinazearen zikloa plazerarena baino. Plazera ahiturikoan ere, hortxe dago oraindik oinazea.[1] Oinazeak sintoma eragin dezake, eta sintomak oinazea. Alta, mamua ere ekar dezake oinazeak, eta oinazea mamuak.

Sintomaren eta mamuaren arteko alde azpimarragarri bat da desberdina dela sintomaren estruktura histerikoarengan, fobikoarengan eta neurotiko obsesiboarengan, eta, alderantziz, mamu berdina ibil daitekeela paseoan estruktura desberdin horietan barrena.[2] Zeren mamua ez baita gure nahiak haluzinaturiko irudia, baizik eta nahiaren euskarria. Mamuak eraikitzen eta biziberritzen du desira.[3]

Min ematen digute mamuek, eta behin eta berriz bidaltzen eta ikusarazten dizkigu inkontzienteak. Lacanen esanetan, mamu mingarriaren adierazleak estruktura bat osatzen du beste adierazle batzuekin batera, mamua ere hizkuntza gisa baitago estrukturatua; esaldi bat baita azken batean mamua, bere egitura gramatikalarekin.[4] Desira, gozamena eta hain xarmanta izan daitekeen oinazea elkarturik egoten dira zenbait masokistaren gramatikan.[5]

Edozein gisaz, arrotza zaio mamua neurotikoari, artifiziala, “postiche”, polainak untxiari bezain. Modu ilogikoan eta inkongruentean funtzionatzen du mamuak neurotikoaren estruktura psikikoan.[6]

Sendabidean aurrera egiteko, nahia eta gozamena biltzeko, mamua zeharkatu beharra dago.[7] Prozesuan, pazienteak bere Nia eta esperientzia subjektiboa egituratzen duten funtsezko ilusioetatik eta ziurtasunetatik harago jo behar du.[8] Zeure mamu-sorta zeharkatzeak sakonki eraldatzen zaitu, zeure bizitza psikikoa oinarri berrien gainean berrantolatzeko aukera ematen baitizu, Irudimenezko Nia oinarri zuten errepikapen sintomatikoetatik libreago.

 



[1] Écrits, 773-774. orr.

[2] La logique du fantasme, Seuil, Paris, 2023, 390. or.

[3] L’angoisse, Seuil, Paris, 2001, 489. or. eta Los cuatro conceptos fundamentales del psicoanálisis, Paidós, Buenos Aires, 1984, 192. or. 

[4] La logique du fantasme, 386. or.

[5] Ibidem, 399-400. orr.

[6] L’angoisse, Seuil, Paris, 2001, 80. or.

[7] Ibidem, 489. or. eta ASSOUN, Paul-Laurent, Lacan, PUF, Paris, 2023, 101. or.

[8] Écrits, 251. or.

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.