Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Mamuaren gramatika

Mamuaren gramatika

Markos Zapiain 2024/09/30 12:15

Lacanenean, Erreala irudimenezkoa pitzatu eta sinbolizazioari ihes egiten diona litzateke. Gizakiak ezin du bere egin, ezta hizkuntzak ere. Erreala ezinezkoa dela dio Lacanek, ez dabilela. Estrukturako zuloa da, haustura. Traumari lotua izaten da. Adierazleen egitura eta lege sinbolikoa zapartatzen ditu.

Mamua behar du gizakiak Erreala mozorrotzeko, mamu mingarria izan arren. Bestalde, desira artikulatzeko markoa eskaintzen dizu mamuak. Irudi batek —haurraren gorputzarenak ispiluan— Nia eratzen duen bezala bideratzen baitu mamuak desira.[1] Ispiluko gorputz batua baino lehenagoko gorputz zatikatura zaramatza mamu tipiko batek. Gorputz zatikatuaren mamu berdinari era desberdinean erantzungo diote neurotikoak, histerikoak, perbertsoak eta psikotikoak.[2]

Bestalde, mamua da Sinbolikoaren, Irudimenezkoaren eta Errealaren lotunea.[3] Hiru erregistroak artikulatuz ahalbidetzen dio mamuak jendeari atezuan dagoen Errealaren mordoilo oldarkorrarekin bizitzea. Errealak badu zerbait gizakia modu bortitzean eta traumatikoan inbaditzearekin mehatxatzen duena. Mamuak eragozten dio Errealari nortasuna kolpez zeharo suntsitzea. Behin-behinekoa da ordea eragozpen hori. Errealak dakar mamua, eta edonoiz nahaspila eta gainezka dezake ustekabean.

Psikoanalisian “fantasma” esan izan zaio gure desiraren proiekzioari, gure nahiak haluzinaturiko irudiari edo pelikulari, loaldiko ametsetan zein esnaldiko fantasietan. Fantasmak batzuetan lotuta egoten dira ikuskizun traumatiko errepikariekin, baina beste batzuetan ez.[4] Horregatik, “mamu” deituko diegu inkontzienteak behin eta berriz bidaltzen dizkigun eszena oinazetsu horiei: zerbaiten edo norbaiten galera betirako, bonbardaketan hiliko haurra, biolazioa, zikiratzea, aitaren jipoiak amari, gurasoen abandonu afektiboa, gorputz zatikatua…

Min ematen diguten mamuak ere, behin eta berriz ikusarazten eta sentiarazten dizkigu inkontzienteak. Alabaina, nondik nora joka dezake inongo rolik mamu ilun itsugarri horrek jendearen ekonomia psikikoan? Erru sentimendutik zintzilik izaten da neurotikoen mamua, gerezia txortenetik bezala.[5] Orbainari lotzen dio Freudek. Ez ote da lehenbailehen eliminatu beharrekoa izateko bezain zitala, ondo biziko bagara? Ezetz uste du Lacanek, erotzeko arriskua biderkatuko bailuke.

Lehen esan dugu giza psikearen egiturazko falta batek eusten diola desirari. Oinarrizko gabezia estruktural horrek bideratzen du mamua ere. Bai mamua eta bai desira dagozkio Errealari. Dena den, mamuak eraikitzen eta biziberritzen du desira. Giza desira antolatzen duen estruktura inkontzientea da mamua. Logika bat ematen dio Errealaren korapilo beltzari, eta logika horretan funtziona dezake desirak.[6]

Bestalde, inkontzientea hizkuntza gisa dagoenez egituratua, mamuak ere, inkontzienteak bonbardatzen digunez, logika linguistikoari jarraitzen dio. Lacanen esanetan, mamuaren adierazleek estruktura bat osatzen dute, esaldi bat baita azken batean mamua bera, bere egitura gramatikal propioarekin.[7] Esaldiak bezala, adierazleak artikulatzen ditu mamuak ere, eta adierazle inkontziente horiek ematen diote zentzua giza desirari.

Lacanek mamua ere esaldi gramatikal eta estruktura linguistiko gisa ikusteak Txillardegiren leitmotivetako bat erakusten digu: hizkuntzaren garrantzi erabakigarria inkontzientea eta desira egituratzeko orduan.[8]

Giza desira estruktura linguistiko baten bidez antolatzen duelako du Lacanek mamua esaldi gramatikaltzat. Esaldiak arau gramatikalei obeditzen dien legez, arau estrukturalen arabera antolatzen du mamuak ere gizakiaren harremana bere desirarekin. Adibidez, masokistaren gramatikan artikulaturik egoten dira desira, legea, boterea, ituna, sumisioa, gozamena, eta hain xarmanta izan daitekeen oinazea bezalako adierazleak.[9] Halatan, masokistaren mamuak sarritan dakar transgresioa jokatzen den eszena bat.

Azkenik, mamuaren estruktura gramatikalak azaltzen ditu bere finkotasuna eta errepikatzeko joera, haurtzaroan jasandako esaldiak gorputz-arimetan itsatsi eta behin eta berriz entzuten ditugun legez.[10]  



[1] Écrits, 816. or.

[2] LACAN, Jacques, La logique du fantasme, Seuil, Paris, 2023, 390. or.

[3] ASSOUN, Paul-Laurent, Le fantasme, Anthropos, Paris, 2010, 88. or.

[4] LACAN, Jacques, Las psicosis, Paidós, Buenos Aires, 1984, 154. or.

[5] La logique du fantasme, 390. or.

[6] Ibidem, 124. eta 420. or.

[7] Ibidem, 386. or.

[8] Esate baterako, Hizkuntza eta pentsakera, 87. or.

[9] La logique du fantasme, 399-400. orr.

[10] Hizkuntza eta pentsakera, 99. or.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.