Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Ez hain gaizki

Ez hain gaizki

Markos Zapiain 2024/09/14 16:40

Dena den, inkontzienteko adierazle nagusiak ezin badira ere osotoro desagerrarazi —beti gelditzen baita itsatsirik hondakin menderaezina—, badugu hala ere neurriz gaineko oinazerik ez sortzeko moduan ahultzea, eguneroko bizitzan izan dezaketen eragina murriztuz, erabateko ahanzturatik hurbil.

Txillardegik dioenez, alde batetik inkontzientearen adieraziak ditugu, funtsezko maitasun-eskaeraren inguruko desira nahasiak; eta bestetik sintomak: «temak, ametsak, lokamutsak, kirioetako desordenuak, eta abar. Anitz dira hauek, milaka. Hauek dira inkontzientearen “adierazleak”.[1]

Eta psikoanalistaren betekizuna «bi multzo-sail horien arteko lotura ezkutu eta ahantzia azaltzea izango da […] Psikoanalistak geure hizkuntza ezkutua irakatsiko digu. Gure inkontzientea hizkuntza bezalaxe mintzo zaigulako».[2]

Lacanen promesa: adierazleen eta adierazleen arteko lotura azaldurik, pazientea heldu da gutxi gorabehera aditzera inkontzientea zeharkatzen dion baina arrotza zitzaion hizkuntza. Eta, sendabidean aurrera, pazientea gai izaten da bere desiraren egiari aurre egiteko. Bere jarrera subjektiboa era berri batez ulertzera hel daiteke orduan. Behin bere inkontzientearen egituraz oharturik, modu argiagoan artikula dezake desira, eta horrek aukera emango dio bere sintomekiko harremanak berrantolatzeko. Aurrerantzean, pazientearen inkontzientea ez dute ordu arte determinatu duten adierazle nagusiek alienatuko[3]; aldiz, kokatu den jarrera eta ikusmolde subjektibo berriak bestela mintzatzea eta jokatzea ahalbidetuko dio: lasaiago, eszeptikoago, urrutiagotik. Heldu zaio, halatan, egia eta mintzoa biltzeko ordua, heldu da egia osoa esateko abagunera.[4] Hori bai, fikzioan artikulatzen da egia adierazten duen mintzoa.[5] Fikziozko egia horrek birmoldatzen eta berrantolatzen ditu adierazle nagusien gisako iraganeko kontingentziak, eta etorkizuneko beharren araberako zentzua ematen die.[6]



[1] Hizkuntza eta pentsakera, 96-97 orr.

[2] Ibidem, 97. or.

[3] Ibidem, 677. or.

[4] Ibidem, 302. or

[5] Ibidem, 742. or.

[6] Ibidem, 256. or.



Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.