Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Defizit demokratikoa eta epistemologikoa. Barne migrazioa. Andreak

Defizit demokratikoa eta epistemologikoa. Barne migrazioa. Andreak

Markos Zapiain 2024/09/18 17:55

Euskal Herriaren independentziaren aurkakoak ez dira Frantziaren eta Espainiaren independentziaren aurka izaten. Are, Frantziako ezkerrak bezala, Espainiakoak ere nekez onartu izan du autodeterminazio-eskubidea; gehienez ere, berba hutsetan, eta planetako beste muturreko herriei aplikaturik. Historia zaharra zein berria aztertuta, eta gaur egungo buruzagien adierazpenak kontuan izanda, zaila da sinestea Espainiako edo Frantziako ezkerrik demokratikoenak ere eragozpenik gabe onartuko lukeenik Euskal Herriaren independentzia, berme demokratiko guztiak beteko lituzkeen erreferendum batean hala erabakita ere. Beti nabaritu zuen Txillardegik defizit demokratiko hori espainolen eta frantsesen jarrera politikoan.

Defizit epistemologiko bat ere sumatu zuen Txillardegik immigrazioa aztertzeko orduan ezker internazionalista aizun hartan: ezikusia egiten zion Euskal Herriko barne migrazioari, espainiar etorkin errukarriaren eta euskaldun pribilegiatuaren eskema zapuzten baitzion.

Askotarikoa da migrazioa ere, haatik. Bada aldi berean generokoa eta sasoikoa dena: milaka izan ziren 1870etik 1940era Erronkari, Zaraitzu, Anso eta Echo ibarretatik abiatuta Pirinioak oinez zeharkatu eta  Maulera espartingintzan lan egitera joan behar izan zuten neska txiroak. 12-16 orduko lanaldira, herria eta familia utzirik. Batzuek ez zituzten 12 urte ere. Urrian joaten ziren eta apirilean itzultzen. Sasoiko migrazioa zelako eta beltzez jantzita zihoazelako deitzen zieten “ainarak”. Hotzez hil ziren haietako batzuk Pirinioetako malda piko elurtuetan.[1]

Nazioarteko migrazioa baino garrantzitsuagoa izan da beti barne migrazioa. Munduko migratzaileen % 80 gelditzen da nazioko mugen  barruan. Gaur egun, mila milioi inguru barne migrari daude, baserri-exodoaren atzaparretan harrapatuak gehienak.[2]

Euskal Herria ez da salbuespena. Eta nazioarteko migrazioa bezain gogorra izan liteke barnekoa. Leire Milikuak idatzi duenez, landa-eremua bazterreko espaziotzat hartu da, «jendarte eta kultura hiritarrak xurgatua izan edo desagertzera kondenatutako atzerapen-eremua».[3] Eta baserritik kalera jaistea migrazio behartu eta mingarria izan zaio askori. Gipuzkoako mugen barruan izan da etorkin Joseba Gabilondo idazlea, 1963an jaioa. Nekazari pobreen seme,

«Nire gurasoak Bergaratik atera, lanik gabe, eta Orbegozo fabrikari segika, langile industrial bezala (aita langile, ama etxekoandre) lehenengo Urretxura joan ziren eta gero Errenteriara. Mugimendu honek hasieran "naturala" eta "euskalduna" dirudi, izan ere Euskal Herri barruan gertatutakoa da. Dena den, esperientziaz dakit, mugimendu hau traumatikoa izan zela gurasoentzat (eta neuretzat)».[4]

Emakume baserritarren egoera hainbat aldetatik aztertuta da bereziki latza. Leire Milikuak dioenez, «lan egitearen eragozpen guztiak pairatu dituzte, eta ia inolako abantailarik jaso ez».[5] Lur gainean bizi badira ere, itzalpean atxikitzen dute gizarte baldintzek.

Hala ere, hiriko pisu txikira jaitsi beharrak zauri bereziak erantsi dizkie Gabilondoren ama bezalako emakumeei. Adibidez, baserrietako andreek osaturiko sare zabalak utzi eta familia nuklear soilean zentratu beharrak etxekoandre deskonektatuagoak eta bakartiagoak bihurtu ditu, zaurgarriagoak antsietatearen eta depresioaren arriskuen aurrean.[6] Bestalde, hirian bizi ahal izateko, euskaratik igaro behar izan dute ondo menderatzen ez duten gaztelaniara. Baserritar andre migrari euskaldunari ezleku gertatu zaio sarritan hizkuntza arrotza nagusi den Euskal Herriko kalea.

Migrazio bortxatua da Gabilondoren iritziz euskal nortasunaren muina:  

«Uste dut hemen jarri behar dugula gure etnizitatearen eta nortasunaren jatorria: gurea migrazio bortxatuaren historia da. Denok gara (eliteak kenduta) migrazio kronika baten seme-alabak. Batzuk Extremaduratik etorri dira, beste batzuok Gipuzkoako mendi puntetako baserrietatik, baina denok gara migrazio formaren baten emaitza. Gertakizun traumatiko horrek definitzen gaitu».[7]



[1] Veronique Intxauspek kontatu du haien historia Mémoire d’hirondelles liburuan, eta Primeran plataforman ikusgai dagoen “Ainarak” dokumentalak zabaldu du lau haizetara. Fernando Hualde eta Joseba Urretabizkaiaren Erronkari ibaxako ainariak ere neska gazte haien migrazio latzaz ari da.

[2] Los mitos de la emigración, 46. or.

[3] MILIKUA, Leire, Lur gainean, itzal azpian, Lisipe, Zarautz, 2002, 29. or.

[4] “Euskal etnizitate berria: denok gara etorkinak, denok gara migrazio subalternoaren ondorio”, https://josebagabilondo.weebly.com/blogs/euskal-etnizitate-berria-denok-gara-etorkinak-denok-gara-migrazio-subalternoaren-ondorio

[5] Lur gainean, itzal azpian, 25. or.

[6] “Euskal etnizitate berria: denok gara etorkinak, denok gara migrazio subalternoaren ondorio”, https://josebagabilondo.weebly.com/blogs/euskal-etnizitate-berria-denok-gara-etorkinak-denok-gara-migrazio-subalternoaren-ondorio

[7] Ibidem

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.