Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain

Hannah Arendt. Arte politikoa

mzap 2006/10/08 11:04

Ez Izateak, baizik aniztasunak harritu du Arendt. Bere gogoetagai guztietan pluraltasuna sustatu du. Oinarriak eta jatorriak berak ere askotarikotzat ditu. Orobat, Arendtek, filosofoen panteoian zalantzarik gabe kokatua izan den emakume bakarrak, ez du bere burua filosofotzat, filosofiak “Gizakiaz” diharduelako, baina ez da Gizakia munduan bizi dena, gizakiak baino, beren aniztasun infinituan, lagun eta herri desberdin ugari. Aholku bat eman die herri txikiei: eustea kosta ahala kosta, diferentzia zaintzen tematzea, “inperio unibertsal bateko hiritarra, super esperanto batean pentsatu eta mintzatuko litzatekeena, munstro bat bailitzateke.”

Breziki XX. mendea pluraltasuna bitasunera mugatzeko amorruak ilundu eta erorarazi du: gu eta besteak, onak gaiztoen aurka. Azkenik gudua, eta bakarra geratu. Pluraltasunari ihes egiteko beste bide bat fusionaturiko taldean, denok anai-arreba, aurkitu uste izan dute Sartrek eta. Arendten ustez ordea bat eginiko taldeak isolamendura darama. Aho batezko komunitatearekin bat letorkeen gizabanakoa bakarrik legoke, ez bailuke ikuspuntu desberdinen esperientziarik.

Baina indibidualismoak bere aldetik uniformizaziora garamatza, gizonak bere bakardadean ez duelako deus abiarazteko gaitasunik. Bakarrik ezin nezake berririk ekarri. Berria sortzeko besteak behar ditut, auzo-ekintzan jardun. Ostera, elkarrengandik bereizi eta bakarturiko gizakiak denborak berdindu eta uniforme eta antzu bilakatzen ditu. Berria ekarri: Heidegger-entzat gizakia “hilkorra” bazen, Arendt-entzat berriz “jaioa” da, jaiotza bakoitzak erabateko berritasuna baitakar mundura, ezohiko pertsona bat, eta denok dugu zer esana.

Hannah Arendtek maiz sentitu zuen pentsatu ahal izateko bakartu beharraren eta pentsaturikoa adierazteko jendartera itzuli nahiaren arteko tentsioa. Tentsio horren argitara interpretatu zuen Platonen kontakizuna leizezuloko kateatuez eta filosofoaren igoeraz argirantz. Hala ere, gehiago dira eta sutsuagoak harreman publikora eta ekintza politikora animatzen duten Arendten idazkiak, jalgi hadi plazara diotenak. “Iraultzetako altxor galdu” zeritzona berpiztu nahi izan baitzuen, hots, zorion publikoa eta libertate publikoa. Nazien aurkako erresistentzian aritutakoek sentitu zorion eta askatasuna: hiritar aktiboen artean gauzaturiko ekimen politikoaren poza, ezarririkoa aldatu eta berria sortzeko elkarrekintzaren kemen alaia.

Politika botereari lotua dago. Baina boterea Arendtentzat ez da filosofia politikoaren ohiko boterea, gobernamendua, estatua eta abar. Boterea gizakien “artean” sortzen da elkartzen direnean, eta bereizten direnean desagertzen. Bestalde, botere hori, alegia, gizatasuna, prozesu automatikoren bat etendakoan ageri da, gertaeren segida berezkoren bat ebakitakoan. Ezinbestekoa zirudien bilakaera natural zein historikoa hautsi eta ezusteko berriaren ernetzeari “mirari” deituko dio Arendtek. Dena den, haustura hori ez du ez askatasun indibidual ez kolektibo gisa pentsatuko, baizik zenbait gizakiren arteko elkarrekintza gisa, pluraltasuna barnebiltzen duena: politika gisa.

Diharduten bitartean dira gizakiak libre, ez lehenago ez ondoren; libertatea, esan bezala, ekintza baita. Musikan ere birtuositatea instrumentua jotzeak berak mamitzen du, ez haratagoko helbururen batek. Grekoek politika gainerako jardueretatik bereiztearren musika jotzearekin alderatu zuten, halaber dantzarekin eta nabigatzearekin, hau da, funtsa ez xede bereziren batean baizik egitean bertan duten jarduerekin. Bestalde, dantzariak, aktoreak eta musikariak ikus-entzuleak behar dituzte, gune publiko antolatu bat, bere birtuositatea erakustekotan; ekintzaile politikoak berdin. Azkenik, bai birtuosoa eta bai politikaria kideen beharrean dira, beren joaldi propioa gauzatuko badute. Arendtek guretzat amestuko du grekoen polisak bere hiritarrei politika antzezteko eta askatasuna erakusteko bermatzen zien agertokiaren antzeko bat.

Hannah Arendtek harreman aktibo politiko libre horretaz gain normaltasunik arruntena bera ere behin eta berriz ikusi baitzuen bere bizialdian birrintzen eta beti mehatxupean, iraultzaile ez ezik kontserbatzaile ere bazen nolabait. “Eskuindar anarkista” ere deitu zioten. Egituraturiko talde bakar bat ere ezin izan zuen jasan behintzat, saiatu zen arren. Naziek judu zen heinean eraso ziotelarik judu gisa iharduki zuen, sionistei lagundu, harik eta atxilotu eta Gurs-era bota zuten arte. Baina gero, beren estatua eraikitzeko israeldarrek eginiko gehiegikeriak behar bezala salatu eta “Nazia ote zen Hannah Arendt?” izenburua lortu zuen frantziar aldizkari ezagun batean.

Bere bikotekideak pasio suharrez maite izan zituen, baina juduak ez. Ezta alemanak edo amerikarrak ere, edo gizarte klaseren bat. Arendtentzat maitasuna ez da kategoria politiko bat. Kontrakotzat dauzka maitasuna eta adiskidetasuna. Maitasunak, fusiozkoa baita, gizakien arteko tartea estutu egiten du eta azkenik suntsitu, ekintza eta politika desagerrarazi. Aldiz, adiskidetasuna bertute politikorik garrantzitsuena da, gizakien “artean” gertatzen baita, bitarte komunean, distantzia egokian.

Poesia biziki maite bazuen ere, Arendtek narratzailearen garrantzi politikoa azpimarratuko du. Bizitza ederra, osoa izango bada, kontatu beharra dago. Narrazioak osatuko du beraz politika. Horretarako ordea historialariak eta teorikoak ez dira egokiak, batetik gertaera xume baina esanguratsuak egitura handien pean estaltzeko joera dutelako, bestetik zurrunegiak direlako egiarekin harremanetan jartzeko orduan. “Zer gertatu zen zehazki?” galderarekin obsesionatzen dira. Narratzaileak zoliagoa ematen du giza kontuen berri. Zeregin politiko erabakigarri hori besteak beste Kafkak, Faulknerrek, eta Karen Blixenek gauzatu zuten ederki.

Elizak husten ari

mzap 2006/09/25 19:12

Elizak bekatu larri pilo bat egin du eta egiten jarraitzen du eta ondorioz husten ari da. Elizak gero eta ahalmen eskasagoa du informazioa manipulatzeko eta jendeak oro har ez du zerikusirik nahi halako erakunde ikaragarri batekin, zentzunari eta adimena erabiltzeari hastapenetik beretik uko egin ziona. Benediktoren adierazpenek harritu gaituzte, bistan baita kristauak krudelagoak eta gaiztoagoak izan direla islamdarrak baino. Asisko Frantzisko bezalako martzianoak salbu, kristautasun ofizialaren historia gorroto hiltzailearena izan da. Gisakoetan gertatzen denez, Espainia eredugarri. XVIIIko lehen erdian bezain berriki Errege Katolikoek fundaturiko eta beti monarkiaren menpe ibiliriko Espainiako Inkisizioak 111 lagun bizirik erre zituen, heliozentrismoa aldezteagatik edo judu kiratsa zerielakoan. Nazismoak baino askoz ere jende gehiago akabatu du Elizak. Bide batez, Pio XII.a Aita Saindua ezin hobeki konpondu zen naziekin. Elizak Voltaire, Unamuno edo Bergsonen liburuak debekatu zituen, baina ez Hitler-en “Mein Kampf.”

Elizak emakumea, homosexuala, judua eta mairua iraindu, baztertu eta garbitu egin ditu.

Bizitzaren funtsa, sexua, bekatu bihurtu eta aldi berean emakumea eta sexua berdindu ditu. Emakumea menpekotasunetik ateratzeko urrats bakoitzaren aurka egundokoak eta bi egin ditu Elizak. Jarrera horrek oinarri sendoa du Biblian, Jainkoak idatzia. "Lebitarrena" liburuan, 15, emakumeak hilekoa duenean ustela dela dio, ezin duela otoitz egin. Hilekoa duen emakume bat eseri den aulki batean eseriko bazina, zeu ere kutsatu eta ustel, zeuk ere ezin otoitz egin, hainbat bainu berezi beharko zenituzke purifikatzeko, berriro otoitz egin ahal izan aurretik.

San Pablorengandik aurrera Elizak inperio hiltzaile gehiegi bedeinkatu ditu: dotrinaren arabera, Jainkoak egin du agintaria agintari, eta men egin behar zaio, nahiz nabariki bidegabea izan. Hori Ebanjelioen idaztearekin batera hasi zen: erromatar boteretsuei koipea eman behar, Pablok sumatzen baitzuen kristautasuna indartsu eta garaile Inperio baten erlijio ofizial bilakatzeak egingo zuela, eta Jesusen heriotza juduei leporatu zieten, erromatarren erantzukizun larriagoa gezurren bidez ezkutatuz eta antisemitismo zitala abiaraziz, holokaustoak burutu eta gaur egun palestinarrek errebotez pairatzen dutena. Afganistan eta Irak kristautasunaren izenean bonbardatu dituzte. Ebanjelisten kristautasunak bultzatzen du Bush. Eta Aita Saindua islamdarrak leziatzen...

Ulergarria, jendeak polikiroldegia nahiago izatea Eliza baino. Hor ez da gorputza gaitzesten, alaiagoa izaten da. Badira arriskuak, noski, txokolate tabletaren histeria eta abar, baina ez dira Elizak dakartzanak bezain gogorrak.

Historia azterturik, kontuan harturik Elizak zer egin duen, eta baten batek erantzungo balu gizakiak hala ere beti behar dituela ereduak eta idoloak eta bitartekariak sakratura igotzekotan, orduan Jesukristo baino egokiagoa dirudi Fernando Amezketarrak, giputxa izan arren: bertsolari hobea zen, barre egiten zuen noizbehinka -Jesusek ez bezala-, inork ez du haren izenean hil, ezta gurutzea bezalako tortura-tresna bat ikur sakratu gisa distirarazi eta ezarri ere.

Kirol medikua, gure garaiko heroi

mzap 2006/09/22 09:42

Goi mailako kiroletan guztiek irabazi nahi dutenez, eta irabazteko osasuna neurri batean sakrifikatzeko gertu daudenez, berez doa “debekaturiko sustantzien zerrendan” ageri ez den sustantzia indartzaile berria asmatzeko trebetasuna lukeen medikuaren ekipoak izango duela irabazteko aukera gehien, Perico Delgadok bezala 88ko Tourrean: atzeman zioten sustantzia indartzailea, betiko dopina, ez zen zerrendan ageri, eta beraz ezin izan zuten zigortu. Hurrengo urtean zerrendan sartu zuten eta medikuek berehala ekin zioten antzeko efektuak eduki bai baina zerrendan aipatuak ez ziren konbinazio berriak bilatzeari. Batzuetan ondo ateratzen da dopinarena: Delgadok Tour hari esker ateratzen du orain bizimodua, kazetari dabil.

Kirol lehian medikuak dira aspaldi handian benetako heroiak eta antiheroiak: ikerlari jakintsuak, bere taldeak irabazten badu; edo ganorabako ergelak, kontroletan dopina atzemanez gero.

Kirolari ez garenok ere beti nahi izaten dugu hobeto bizi, indartu, ondo lo egin. Xaguekin eta animaliekin egiten diren esperimentuak ez dira aski doiak. Tuberkulosiarekin, hiesarekin eta abar, Afrika beltzean egiten ditu esperimentuak botiken industriak, “The constant gardener”en ikusi genuen.

Baina dopina probatzeko gure gorputzen antzekoak behar dira. Ondo entrenatuak hala ere, indartsuak. Gurean, kirolarien gorputzak bihurtu dira gero arruntok erabiliko dugunaren edo ez dugunaren esperimentu gune. Jimenez eta Pantani suizidiora bultzatu zituzten sustantziak ez ditugu hartuko. Aitzitik, ongi etorri Delgado Tourrean garaile egin zuen dopina, kontroletan detektatua baina oraindik debekaturikoen zerrendetan ez zegoenez onartu egin ziotena. Kirolariek arrakastaz erabili dituzten kreatina, karnitina eta abar profanooi errezetarik gabe saltzen zaizkigu orain botiketan, nahiz gogorrak diren benetan.

Horrenbestez, guk oparitzen diegun ospearen ordainez, kirolariek probaleku bihurtzen dizkigute beren gorputzak. Batzuk zerraldo jausten dira bidean, baina ez digu axola, bikainak baitira epe luzera guztiok gozatu ahalko ditugun onurak: osasuna, kemena, viagra, poza, zerua lurrean.

Kirol taldeek, irabazitakoan, zaleak eta ikusleak agurtzeko orduan, orkestren eredua bereganatu beharko lukete: guztien aurretik medikua, aztia, intxixua, kontrolari iskin eginez kirolaria bizkortzen iaioena; eta ondoren bere neska-mutilak, giza laborategiak, ahalmenak muturrera eramanez ikuskizuna emozioz bete eta oinezkooi egundoko mesedea egiten digutena, garaipenera igo dituzten pilulak gerora geuk erabililko baititugu, arrisku zehatzen jakitun.

Dopina definitzeko zailtasunak

mzap 2006/09/22 08:06

Dopatzeko hartzen diren sustantziak ez dira naturalak izango, baina indartzeko eta gailentzeko edozer hartzeko joera, are jakinik ondorio kaltegarriak ekarriko dituela, naturaltzat jo genezake. Giza grina betidanikoa dirudi gero eta indartsuago izan nahiak, beti irabazi nahiak, ospe nahiak, eta ospea lortzekotan osasun naturala nolabait sakrifikatzeko prest egoteak. Idi probatan ere antidopin kontrola jarri behar izan zuten orain dela hamar bat urte, han ibiltzen zitzaizkizun-eta idi koitaduak adurra zeriela eta begiak ziztuan biraka anfetaminazko egundoko txuteak hartuta.

Bestalde, naturala ez da berez on, ezta artifizioa txar ere berez. Dopina zer ote den eta zer ez, muga arbitrarioa da. Koka hostoa, peiotea eta mongia naturala da eta muztioa berriz artifiziala.

Zazpika batean ahalegindu ziren: "Substantzia edo metodo bat dopintzat hartzen da baldin eta: gizakiarentzat substantzia arrotza edo ezohikoa bada edo dosian hartu bada, errendimenduan behin-behineko hobekuntza eragiten badu eta osasunerako kaltegarria bada."

Baina oiloak arrautza ez du gizakiontzat jartzen, ezta behiak esnea ere. Arrautzari eta esneari denborak eta ohiturak kendu die arroztasuna, baina berez ez daude guretzat eginak, galdetu bestela oiloei. Artifizio hutsa da halakoak jateko ohitura, eta gaur egun bestalde bai oiloak eta bai behiak jaiotzatik heriotzaraino dopatzen ditugu.

Eta gainera, "Zazpika"n onartzen zutenez, "benetan zaila da kaltegarria zer den zehaztea, epe luzera begiratu nahi bada batez ere. Substantzia askoren ondorioak ezezagunak zaizkigu, ez delako horiei buruzko azterketa sakonik egin eta, gainera, egin diren ikerketa askok datu kontrajarriak eman dituztelako."

Azkenik, dopatzearen kontrako beste araudi batek hobeto definitzen du dopina, ez baitu definitzen: “debekaturiko sustantziarik ezin da hartu”; ez duenez zehazten zer debekatu behar den, goitik behera asmatzen du, batere busti gabe.

Gizonki, abereki

mzap 2006/09/08 12:45

Aurten hirurogei urte Montserrat Roig jaio zela. Orain dela hamabost hil zen, azaroan. "Els catalans als camps nazis" liburuan Neus Gener-en oroitzapen bat dakar. Neus Gener Ravensbrück-eko kontzentrazio esparrura bota zutenean bertan Gebhardt doktorea zebilen, Berlingo Unibertsitatekoa. Doktoreak emakume frantziar bati txinpantze-hazia intseminatu zion eta emakumeak bere buruaz beste egin zuen.

Roig-ek Erich Mühsam poeta anarkista judu berlindarra ere aipatzen du, naziek Berlinen 1933an Reichstag-a erre zuten gauean atxilotu eta 1934an Oranienburg-eko kontzentrazio esparruan bavariar SS komando batek akabatua.

Zorroagan Juan Aranzadik kontatzen zigun Erich Mühsam hori naziek harrapatu eta hamalau hilabetez torturatu ostean ia itsu zegoelarik, zornea eta odola zeriola belarri batetik, hainbeste hatz hautsita, egun batean kartzelero naziei bururatu zitzaiela, barre apur bat egitearren, Mühsam-en ziegan txinpantze bat sartzea, beste atxilotu baten etxean atzeman berria. Uste baitzuten ziminoak poetari erasoko ziola.

Baina alderantziz gertatu: txinpantzea Mühsamen lepotik eskegi eta errukizko imintzio eta hots hunkigarrien artean zauriak miazkatu zizkion.

Txortakideari gezurra. Elsa Scheelen

mzap 2006/09/06 11:14

Elsaren eta Luc-en ezkon bizitzan, bikote gehienetan legez, jukutria eta iruzurra gailen: ez dugu bakarrik Luc-en infideltasuna (Annie, Marthe, Micheline, Olga, Suzanne...), eta Elsari benetakoa gordetzea edo benetakoa gehiegikeriaz hanpatzea, emaztea mintzearren; Elsa-k ere, aldarrikatu arren “egia jakitea hobe da beti, nahiz askotan egia garratza izan” (46), sentimendu garrantzitsuak ezkutatuko dizkio Luc-i, baita gerora ere Jean Vanden Broeck-i, gezurra esango die Antoine Vanhamme-ri eta Pierre Meunier apaizari, ipuinak asmatuko gurasoak engainatzeko... Elsak bere edertasuna bera ere gezurtitzat joko du, antzua baita.

“Ezin zezakeen egia esan”, dio narratzaileak (40). Luc-i buruz ari da, baina Elsa-z ere ari zitekeen. Luc-en iritzia: “emakumeak beti egia izkutatzen...” (73) Eta Luc-ek Elsari diotsolarik “horren guztiaren berri zuri ematea erabakirik neukan... Baina zuk ezer ez jakitea hobe ote zen ez nekien”, narratzaileak ziplo: “Gezur hutsa zen hau.” (47) Elsak egia hau bederen garrasika aurpegiratuko dio Luc-i: “Gezurra! Gezurra zuk diostazun guztia!” (48)

Altxor zoragarria dateke Luc feministendako. Bereiztera doazenean, Elsari esango dio: “Ni gertu nago, halere, itxuraz orain arte bezala jarraitzeko... Aditzen duzu... Zure gurasoek eta lagunek bestela problema handiak ekarriko dizkizute. Emakumeok, bestalde, usuago begiratzen diezue itxurari eta esamesei, egiari baino. Bertuterik gabeko entzute ona nahiago duzue, entzute onik gabeko bertute mardula baino...” (49)

Azkenik, Elsak idatziz onartuko du: “ohartu gabe, nik Luc tronpatu nahi nuela ikusi nuen; eta berak ni ere bai.” (127)

Hain zuzen, gezurra esateko ahalmena ere gizakia eta animalia bereizteko mugarritzat jo izan da. Animaliaren sen itsua egiatia litzateke erremediorik gabe; giza burmuin indartsuak, berriz, hitzezko gezurra ez ezik gurarien disimulua ere ahalbidetuko luke.

Trikimailua eta gezurra baizik ez dabilen mundu honetan, era berean, anitz etologori nabari zaio bere ikergai kuttunak zein interesgarri diren saltzeko grina, direnak puztuz eta ez direnak kontatuz. Horregatik, engainatzeko ziminoaren gaitasunen berri pasadizoen bitartez emateko orduan Volker Sommer lako ikerlari bereziki eszeptiko eta arduratsu batengana jotzea komeni da ("Elogio de la mentira", Galaxia Gutemberg).

1-“Paul” izeneko Hegoafrikako zimino ar gazte batek, papioia, eme heldu bat bulbo goxo batzuk lurretik ateratzen ikusi zuen. Paulek ingurura begiratu baina ez zuen beste papioirik ikusi, hurbil behar zuten arren. Orduan garrasika hasi zen gogor, papioiek mehatxaturik daudenean egiten duten bezala. Berehala agertu zen Paulen ama eta beste eme heldua ihes egitera behartu zuen, mehatxatzailea zela sinetsita. Horrek Pauli bulboa lasai jateko aukera eman zion. Primatologoek egiaztatu ahal izan zuten Paul tronpariak taktika hori lurretik atera ez zitzakeen jakiak lortzeko txitean-pitean erabiltzen zuela. Amari mehatxaturik zegoela sinetsarazten zion arren, benetan ez zuen batere beldurrik.

2-Txinpantzeek lantzean behin beren ibilaldiak eten egiten dituzte atseden hartzeko. Taldekideren bat aurrera jarraitzeko altxatzen bada, besteek segitu egiten diote, taldekide garrantzitsua ez izan arren, demagun gazte.

Bestalde, Jane Goodall ziminozale ospetsuak bananak oparitzen zizkien txinpantzeei, hauen konfidantza bereganatzearren. Baina txinpantze talderen bat Goodallen kanpamenduan sartu orduko ar handi eta indartsuenak janari guztiaz jabetzen ziren.

Egun batean txinpantze talde handi bat ibilaldia eten eta Goodall-en kanpamenduan sartu zen atseden hartzera eta banana bila. “Figan” gazteak, bederatzi urte, oso banana gutxi lortu zuen. Bat-batean altxatu eta joan egin zen. Besteek jarraitu zioten. Hamar minutu barru Figan kanpamenduan zen berriro, eta etologoek banana mordo eder bat eman zioten. Hasieran kasualitatetzat hartu zuten, baina Figanek trikimailua errepikatu zuen: Figanek taldekideak alde egitera bultzatzen zituen, minutu batzuen buruan bera bakarrik itzuli ahal izateko.

Lehenengo aldian, ordurako bakar-bakarrik, zurituriko banana bat eskuan prest zuela, jateko poza adierazten duen oihua egin zuen; taldekide batzuek entzun, kanpamendura itzuli eta bananak kendu zizkioten. Bada Figanek biharamunean pozari eutsi zion, zenbait intziri eskas gorabehera, eta hortaz berak bakarrik banana guztiak jan ahal izan zituen. Orduz geroztik Figanek ez du inoiz egin jateko pozaren oihua.

3-Gatozen orain arren eta emeen jelosia eta amarru komedietara, Elsaren eta Luc-en erresumara.

Etiopian, papioi sakratuek harenak osatzen dituzte. Nagusiak jeloskor zaintzen ditu emeak. Beste arrekiko edozein harreman eragozten ahalegintzen da. Lortzen ez duenean gogor zigortzen ditu. Behin batean buruzagi jeloskorra eme bat zaintzen ari zen. Arroka baten atzean zegoen emea, eta nagusiak burua eta bularra baino ez zizkion ikusten. Ezin ohartu beraz emea behean etzanda zeukan beste ar bati zorri kentzen ari zitzaiola: kontaktu estua, bekatu larria. Azpijokoa. Eme honek ondo kalkulatua zuen nagusi jeloskorrak bere zein atal ikus zezakeen eta zein ez. Engainua behar bezala gauzatzeko engainatuaren begietan jartzeko gaitasuna erakutsi zuen.

4-“Nikkie” txinpantze ar nagusiari ez zaio batere gustatu “Luit” gaztea eme batengana hurbiltzea. Nikkie-k harri bat hartu du mehatxuz. Luit-ek Nikkie hurbiltzen ari zaiela ikusi du, baina nagusiari bizkarra ematen jarraitzen du. Ez du nahi zakila tente duela ikustea, eta zakilaren arrosa biziki nabaritzen da ilaje ilunean. Luit-ek txandaka begiratzen die bere zakil zutari eta hurbiltzen ari zaion buruzagiari, eta soilik behin zakila lasaiturikoan abiatu da Nikkie-rengana, astiro, harria itxurazko harriduraz usaindu eta azkenik nagusia emearekin bakarrik uzteko.

5-Papioi emeek hanpadura deigarri bat erakusten dute aluan eta uzkian obulazio egunetan. Oro har, alu eta uzkiko hanpadura hori goren gradura heltzen denean, sasoirik ugalkorrenean, larrua jotzen dute. Estalketan emeek garrasi egiten dute. Ar helduak erne egoten dira garrasi horiek nondik etorriko, lehiakideen txortaldiak eragozteko. Garrasi gogor samar hori alu-uzkiko kilikadurak sortua da. Eme ugalkorrek kaka egitean ere garrasi bera egiten dute, estalketaren efektu kilikagarri berdina baitu kaka egiteak.

Hala ere, ar gazte batek estaltzen duenean emea, honek ez du ia garrasirik egiten. Ziur aski, alu-uzkia ez diolako behar bezala kilikatzen, ez dakielako ondo txortan, edo zakila ez duelako aski handi. Ar helduek ez dute oso serio hartzen ar gazte batek emea estaltzea eta toleratu egiten dute.

Egun batean, Shirley Strum etologoak “Danielle” emea oso “hanpatua” aurkitu zuen, hortaz larrua jotzeko irrikaz. Saiatu arren, ordea, ezin ar helduen arreta bereganatu. Azkenik, hainbat ar gaztek estali zuen. Zuhaixka batzuen atzean ezkutaturik jo zuen gazteekin. Gainerako arrek ezin zuten ikusi. Supituki, egundoko txortaldi garrasiak egin zituen. Shirley Strumek uste du ar helduen “jelosia” pizten ahalegintzen ari zela, hauek jaramon pixka bat egin ziezaioten.

Haurride eta lehengusu tronpari azkarrak dituzte Leturiaren gezurrek Mireni, Perurenak maitaleei, Elsarenak eta Luc-enak elkarri, Exkixurenak Gurutzeri... Izan ere, iruzurra ez balitz amodioaren gasolina, gizakien artean bezala ziminoenean ere, literaturaren bi heren desagertuko lirateke, eta bizitzaren piperra.

Lurraldearen defentsa animalien artean

mzap 2006/08/26 11:41

Etologiaren ekarria ere erabil liteke Exkixuren, Gurutzeren eta Euskal Herriaren arteko gorabeherak azaltzen ahalegintzeko.

Zakila nabarmen erakutsi, ziminoak helburu bi lortzeko egiten du: emea epatatu eta erakartzeko, eta lurraldea etsai sarkinarengandik babesteko. Pistola zakilaren ordezko eta luzapena ote den auskalo, kontua da Exkixuk bere ingurua zaintzeko erabiliko duela iskilua, bere lurraldea defendatzeko. Joxe Azurmendik, "Gizaberearen bakeak eta gerrak liburuko" “Abereen agresibitate naturalaz” atalean, eremu edo jabego borroken berri eman digu.

Rousseauk uste ez bezala, eremu bat nork beretzat hartzeko eta zaintzeko grina ez zuen gizakiak abiatu. Baditu ehun milioika urte. Hezurdun guztietan ageri da: arrain, hegazti, narrasti zein ugaztun.

Zertan datza zehazki? Azurmendiren hitzetan, “aberea eremu baten, ‘aberriaren’ jabe altxatzen da, eta bere kemen guztiekin ahaleginduko da eremua zaintzen. Eremu propio gabeko abereak ez du etorkizunik: ez janleku segururik, ez pausalekurik, ez haurgintzarako posibilitaterik.”

Ikus dezagun zelan babesten duen arrainak bere ur eremua: “Koral uharrietan arrain klase ikaragarri dago, eta lehenengotik nahas-mahasean eta oro bakean bizi direla ematen du. Arrainen egiazko paradisu bat. Baina ez: arrain txikiok hain zuzen kolore bixi-bixiak desarroilatu dituzte. Bakoitzak bere barrutia dauka, eta eremu honetan beste klase askotako arrainak ikus ditzakegu. Baina mota bakoitzeko arrain eremu-jabeak, bere koloreko beste arrainen bat ‘bere lurretan’ (edo uretan) sartu zaiola ikusi orduko, derrepente erasotzen dio. Lapurra bertako jabea baino indartsuagoa bada ere, ia beti etxeko jabeak irabazten du: naturak inondik ere lur jabegoaren babespenerako mekanismoak muntatu ditu. (Gerran soldaduek ‘morala’ edukitzea bezalatsu izango da hori). Baina lapurrari pertsegituz, arrain jabeak bere eremutik irten badu, bere indar magiko guztia galtzen du arraintxoak, eta indartsuenak irabazten du berriro ur neutraletan. Atzera ‘bere uretara’ erretiratu orduko, berriro jabea garaipentsu da. Arrain bakoitza norbere lurretan ia beti nagusi da. Umeak ere ez al du errazago irabazten borroka nork bere kalean?: ‘ya verás, cuando pases por mi calle’.”

Hurrena barrutia mugatzeko zakurren eta katuen modua erakutsiko digu Joxe Azurmenik: “Sudurraz ‘pentsatzen’ duten abereek, beren eremua usainez markatzen dute. Zakurrak, adibidez, ia zuhaitzondo eta farol guztiak bustitzen baditu, ez da, noski, puxika beti larri duelako. Bere eremu jabegoa mugatzen ari da, bere barrutia markatzen du. Bere eremuaren jabego-dokumentua atzeko hanka jasoaz ‘firmatzen’ du. Eta zakurrek aise irakurtzen dute firma hori. Bazter guztietan usmaka dabiltzalarik, badakite eremu hartan zein ibili den. Baita haren ‘kalitatea’ ere, tamaina, tankera, indarra eta beste: sinadura guztiz argigarria baita atzeko hanka jasotzearena. Zelaietara irteten duten ehiza-katuek ere beren kotoa dute, eta katuek badakite batek bestearen kotoa errespetatzen. Katu batek baino gehiagok lur-koto berdina badu, egundoko abenikoa horixe, bakoitzak bere ordu jakinak izaten ditu, ordutan partitzen da kotoaren jabegoa, eta ordu-jabego hau ere ibilaldi bakoitzean ‘dokumentatzen’ da, ‘kredentzialak’ barrutian utziz.”

Hara lurraldea defendatzeko txoriaren teknika: “Txoriek, berriz, kantaz dokumentatzen eta agertzen dute beren esparru jabegoa. Sasartean txiruliru ari den zozoa, umore onean baino askoz gehiago sentitzen da: jabe eta nagusi sentitzen da, eta horixe aldarrikatzen ari da (arrak abesten du). Doinuak, zolitasunak, inguruko txoriei kantariaren jasa adierazten die. Eta, emeei, zuhaitz edo sastraka honetan bizi den honoko kantari hau jaun eta jabe dela, jakinarazten die: hau da, inguru honetaz jabetzeko eta bere jabegoa ondorengo mutur-sarkoi orotatik suharki babesteko trebe izan den txori jaun honek, habia egiteko eta kumeak zaintzeko eta hazteko itzala eta indarra eta onarpena aseguratzen duela. Kapareduna eta esposario partida ona dela honako hau, txorien erreinuan, dote aberatsez. Txoriemeak ez baitira edozein errumesekin esposatzen. Txorien kanta, ba, ez da espresio artistiko naturalik. Seinale bat da. ‘Hizkuntza’ bat. Inguruko arrentzat abisu bat eta amenazo bat da, maniobra militar bat, okupaturiko barrutian sartzen ausartzen badira, zeinek aurka irtengo dien jakin dezaten. Eta emeari dei bat da, ahalik eta urrutiena bidalia, ibar guztian entzun dadin, kantari hau ar bikaina eta eukitsua dela, eme-mundu guztiak inguruetan jakin dezan. ‘Kanta borroka’ zoragarriak ospatzen dira, horrela. Gure entzumenerako zoragarriak: txorientzat berentzat negoziazio eta eztabaida diplomatiko latzak, dudarik gabe. Beste arrek ere ez baitute beren arra eta harroa erakutsi gabe geratu nahi izaten. Sasi guztiak ibiltzen dira kantari horrela.”

Garbi dago beraz: soilik lur eremu ziur batean ahalbidetu liteke lasai elikatzea eta umegintza.

Baina zer harreman mota ote du eremuaz jabetzeko senak jatekoarekin? Eta sexuarekin? Nahasten ote dira? Hierarkizaturik ote daude? Eta hala balitz, zein litzateke garrantzitsuena?

Hona Azurmendiren erantzuna: “Sen honek [lurraldearenak] eta borrokok puntu askotan sexuaren senarekin bat egiten dute. Kumeak babesteko eta zaintzeko senarekin ere bai. Eta baita jateko senarekin ere. Baina ‘eremu baten jabe izateko senari’ aparteko sen independente bezala begiratu behar zaiola, dirudi. Ez beste haien funtzio soil bezala. Kainabera edo ihi-txoriek (akrokefaloek) nahi adina janari dute, baina eremu-borrokari latzak dira, janari urriko edozein abere bezalaxe. Kukuak ez dauka bere kumeez arduratzeko zergatik leku aproposik bilatu: habi arrotzean jartzen du bere arrautza. Ezta eme papoxta bat irabazteko ere, ez du kukuak eremu baten jabe izan beharrik: kukuemeak, ezagunki, poliandria guztiz liberala praktikatzen baitu (‘amodio librea’), inguruetako edozein arri, gainera igotzen gustura uzten diolarik. Beraz, ez sexuaren senak eta ez haurrak zaintzeko senak eragiten dio kukuari eremu batez jabetzera. Baina kukuen eremu-borrokak partikulazki gogorrak izaten dira. Howardek dioskunez, heltzaur-txolarreak, mehatxuaren aurrean, emea eta kumeak arriskuan abandonatzeraino defendatzen du, guztiaren gainetik, bere lur jabegoa: lehenengo norbere eremua, gero gerokoak.”

Hagitz naturala dugu horrenbestez Exkixuren jokabidea Euskal Herriaren defentsa Gurutzeren gainetik paratzen duelarik. Izan ere, “senik oinarrizkoena ‘aberriarena’ edo lur jabegoarena litzateke. Abereek beren ahal eta ezin guztiekin babesten dutena [...] Bere ‘aberriarengatik’ abereok beste dena ahazten dute: emea eta kumeak berak. Areago, beste sen denen joko ordenatua nolarebait ‘lur’ honetan fundatzen eta finkatzen dela, esan liteke.”

Hala ere, Azurmendik ñabardura garrantzitsu hau erantsiko du: “sen guztiak elkarrekin josita daude, eta elkarren artean araberakatuta. Koordinatuta. Zorakeria dirudi, ordea, historiaren zenbait filosofiari jarraiki, eta ia beti haietxek egiaztatu nahirik bakarrik, sen guztiak oinarrizko sen bakarren baten adaska moduan bururatzeak. Oinarrizko sustraia bizitza da. Senok bizitzaren agerpenak, tresnak eta euskarriak dira denak. Baina batasun hori egon arren, isuri edo sen diferenteok benetan diferentetzat eta autonomotzat har genitzake.”

Azkenik, Exkixuren hats beherapena eta amorrua baserritik eta inguru euskaldunetik egozten dutelarik, bere lurraldea inbaditua eta zafratua kausitzen duelarik, eta ondoriozko oldarra, ohikoa duzu eta arrunta animalien erresuma zabalean: “Bizimolde sozial guztiz ordenatua zeramaten abereak, lurraldez aldatuz (‘erbesteratuz’) gero, anarkia izugarrian endreda-nahasten dira (deserrotuak ohi deritzegun lumpen gizataldeetan bezala), lur-jabegoen banakuntza berria atondu arte. Ama, kumeak elikatzeaz ahazten da; arrak sexuaren sena galtzen-edo du, inpotente. Eta janari faltarik denentzat egon ezta ere, ar eta eme, haundi eta txiki, ezeren begirunerik gabeko elkar borroka absurduan orapilatzen dira. Puskatu egin zaie beren nongotasuna eta birregin egin behar dute borrokan. Gaurko primateek, abere sozialak eta barazki jaleak izaki, lurraldearen ‘usadio komunista’ izaten dute (alabaina, gizona, dudarik gabe, primate ehiztarien motatik sortu da, mota horretako biziraun duen bakarra orain bera dugularik). Ez zaie, beraz, lurra, propietate ekonomiko bezala interesatzen. Halere, primateei beren eremua kentzea, sozietatea hondatzea adina da. Desordenu izugarrian katramilatzen dira, bapatean denak neurasteniko baleude bezala.

>Eremu jabegoaren sena konflikto artean endredatuta dabilen artean, ez da egoten atarramenturik. Ez dago beste senen funtzionamendu zuzenik. Hitz batean: giro asozial bat sortzen da, eta ‘kriminalitatea’ ugaltzen da, jokaera anomaloak eta ‘gaiztoak’, destruktiboak.”

Guztiarekin ere, Azurmendik ohartarazten duenez, jakingarria izan dakiguke arrainaren, katuaren eta ziminoaren jokabidea, baina gizakiok ez gara ez arrain ez katu. Eszeptikoa da zenbait etologoren temaren aurrean, giza natura abereen analogian eta homologian oinarrituta definitzeko eta ondorio etikoak ateratzeko. Zehazki, Azurmendiren iritziz etologiak ez du froga erabakigarririk aurkitu ezta gizakiak oldarkortasuna naturala duela finkatzeko ere. Horrenbestez, etologiak ezin duenez gizakia behar bezala definitu, ezingo dugu naturan oinarrituta Exkixuren erantzun biolentoa bidegabea edo morala ote den erabaki. Hots, ezin da aldarrikatu ziminoak, inbaditzen dutenean, lurraldea babesteko bortxaz ihardukitzen duenez, bidezkoa dela Exkixuren pistolaren desarratzea, “natura kontzeptu anbibalentea baita” .

Montaigne aitzindari

mzap 2006/08/25 18:53

Animalia eta gizakia zurrunki bereizten dituen filosofia izan dugu nagusi, baina bada tradizio gorde bat, Unibertsitateek eta ofizialtasunak baztertua eta isilarazia, gizakia animaliaren hurko egiten duena, Txillardegik bezala. Ildo horretako aitzindarietako bat, Montaigne.

Montaigneren xedea dogmatismo filosofiko eta teologikoan nabari den giza harrokeria zapartatzea da. Gizakiak bere burua aparte eta zeru goienetan kokatzeari utzi behar dio, bere arrazoimen, jakitate eta duintasun ustez bakanei zor omen zaizkien abantailei uko egin: ez gaude besteen gainetik ez azpitik, ez dugu adimenaren monopolioa, animaliak higitzen dituen naturaren lege berak bizi gaitu, bizidun guztiekin bat gara. Eta naturak berdintasun eta korrespondentzia perfektu bat jarri du gure eta piztien artean.

Montaignek erakusten duenez, animaliek badakite negar egiten, barre, mintzatzen, badute gainera barne mintzo bat, badakite elkar erabiltzen, ehizan, silogismoak sortzen, jolasten, zenbatzen, ikasten, hobetzen, erlijioa praktikatzen, orobat intzestua eta homosexualitatea, badakite aurrezten, gudukatzen, fideltasuna adierazten, esker ona, bihozberatasuna, elkartasuna, sozietateak eratzen, are konfederazioak, truke ekonomikoa baliatzen, eta matematika, badakite barkaberak izaten, damutzen, bere burua irudikatzen, abstraditzen, orokortzen, ideiak sortzen, ederrak izaten, zutitzen, ahalketzen.

Antzekoak ditugu akatsak. Ez du zentzurik gure nagusitasuna goresteak. Diferentzia handiagoa izan liteke gizaki batengandik beste batengana, gizaki batengandik animalia batengana baino. Eta badira gainera forma mestizo eta anbiguoak giza naturaren eta piztiarenaren artean.

Izan ere, Montaignerentzat animaliek eta guk ez dugu zentzumenak eta irudimena baino. Eta batetik gure zentzumenak ez dira bikainenak; eta bestetik animaliek badituzte guk ez ditugun zentzumenak. Ondorioz, baliokideak dira animalia guztion irudikapenak. Gure espeziearenak ez dira besteenak baino zoliagoak. Gezurra da gure errepresentazioak errealitate objektiboarekin bat datozela eta animalienak aldiz senezkoak baino ez direla eta hortaz soilik subjektiboak.

Halatan, bizidunen arteko funtsezko antzekotasunak baliokide egiten ditu haien irudikapenak. Horrek Fontenay-k "Piztien isiltasuna" bikainean “nahasketa printzipio” deritzona bultzatzen du: ez dagoenez bereizketa muga garbi eta egonkorrik, animaliaren eta gizakiaren arteko muga etengabe aldatzen ari denez, sarritan aldea hagitz izaten da txikia, eta maiz da desagertzen. Izakiak nahasi egiten dira, erdibideko formak ugaritu, gizakia gizotso bilakatzen da eta berriro gizaki, Peru Leartzako zimino eta kanguro eta berriro Peru. Deus ez da sekula betikoz ez identifikatzen ez bereizten.

Zaila ez da bakarrik antzeko aurpegi eta gorputzak ditugun gizakion artean desberdintasuna aurkitzea, baizik gu geu animaliengandik bereiztea. Ezein arauk ezin gaitu berma; diferentzia eta antza, ezegonkorrak beti, inoiz ez dira behin betiko erabakitzen. Bi-biek egiten eta desegiten dituzte izakiak naturaren jolasean.

Bereizketa zurrunen ukatze horrek adierazten du Montaignek ez duela legerik ezartzen, ez sailkapenik. Ez dago Montaignerenean genero garbirik, ez diferentzia espezifikorik, ez definiziorik, baizik bereziari arreta, gertaera singularrari. Ez dago horrenbestez giza generorik: Montaignek gizakiaren “berezkoa” desegingo du.

"Entseiuak"-en bigarren liburukiko "Krudelkeriaz" atalean, bestalde, bere etxaldeko abereak aurkeztuko dizkigu, zaldiketa eta ehiza. Montaigneren erraiak nabari ditugu bertan, gogoeta bideratzen. Txillardegi bezala animalienganako bere sentimendua adierazteko orduan "Haizeaz bestaldetik"-en, Montaigne ere ihizienganako sinpatiatik eta bere ume izaeratik abiatuko da.

Zaldun aberatsa, Erregerekin ehizan ibilia, bere errukia aitortzen digu, beldur barik bere gizontasuna zalantzan jarriko ote duten. Onartzen du gustuko duela ehiza, baina ez du gogoko bere burua defenda ez dezakeen piztia inozentea akabatzea. Oreinaren malkoak eta odola ez ditu ikusi nahi, ezta haren lantua entzun ere. Elisabeth de Fontenay-ren iruzkin bikaina: “Quand on sait à quel point l’aristocratie tenait à ce droit de chasse dont elle avait le privilège exclusif, on mesure la hauteur, la largeur, la profondeur de la "gentillesse" de Montaigne, et son humilité que la pitié pour les bêtes rend si peu chrétienne.”

Ihizia harrapatu orduko zelaira itzuliko du, Pitagorasek bezala: honek ez omen zuen arrainik ez txoririk erosten ez bazen itsasora edo zerura itzultzeko. Montaignek sentitzen zuen isuritako lehenbiziko odola ehizakiarena izan zela, eta ehizak ezinbestean dakarrela gerra. Ematen du krudelkeria ohituratik datorrela, gizakien heziketa jakin batetik. Baina une ezkor batean Montaignek susmo beltza adierazi du: baliteke instinturen batek bultzatzea giza krudelkeria: zergatik aspertzen da bestela gizakia abereei elkarrekin jolasean begiratuz, eta gozatu elkar zatikatzen eta hiltzen dutelarik?

Elisabeth de Fontenay-ren galdera: baina orduan zergatik ez dago Montaigne bera arau komun horren pean? Fontenayren iritziz, bistan da ez dagoela giza esentziarik, eta gizakien dibertsitatea azkengabea dela. Montaignek berak eman baitzion bere kezkari erantzuna: dibertsitate horren berri giza naturaren ideiari muzin egingo dion tipologia batek eman lezake. Eta hori lortzekotan jatorrizko bekatuaren unibertsaltasunaren ideia borrokatu beharra dago besteak beste.

Montaignerentzat, badugu betebehar natural gisako bat bizidun ororekin: maite ditugun abereak galtzean negar egiten dugu, abereok bezalaxe gu galtzean. Sentitzen duen orori zor diogu begirunea. Abereekin harremana dugunez, eskaerak elkarri, laguntza eta maitasuna, elkartasuna, beharrezkoa da harreman hori betebeharren batek gobernatzea. Montaignek hartara betebeharren tipologia bat proposatuko du, ezen ez sailkapen hierarkiko bat. Gizakiei, zuzenbidea idatzi, itundu eta elkarrekikotasuna mami dezaketenei, justizia dagokie.

Adiskide isilei berriz grazia eta ontasuna zor diegu. Hots, ordainik itxaroten ez duen eskuzabaltasuna eta kalkulurik gabeko ontasuna, izaki errugabe bat sufritzen ikusiz plazer hartzeak adierazten duen gaiztakeriaren aurkakoa.

Horrela, nire zakurra hurbildu eta jolastea eskatzen didalarik, nahiz nire bihotza doluan egon, ez dut zakurra gibelarazi behar. Ez du bestela jokatuko Labartzari agur-eko Antton Ihartzegaraik “Baltza” bere txakurtxoarekin.

Behien azentu dialektalaz

mzap 2006/08/24 11:47

Uste genuen borroka sozio eta psikolinguistikoek bederen Txillardegi bakean utziko luketela, behin animalia bilakaturik.

Ez bada. Reuters berri agentziak jakinarazi digu behiek azentu desberdinak dituztela lurraldearen arabera. Lloyd Green abeltzainak igarri zuen: “Nire behi frisiarrekin denbora luzea ematen dut, eta kalitatezkoa, eta bistan da Somerset-eko doinuaz egiten dutela mu. Inguruko baserritarrekin mintzatu eta beren abelgorriek marru mota berdina egiten dutela diote. Antzeko zerbait gertatzen da zakurrekin.”

John Wells Fonetika katedradun da Londreseko University College-n, eta uste du txorien artean ere badirela azentu desberdinak. Erresuma Batuan espezie bereko txorien txorrotxioa aldatu egiten omen da lurraldez lurralde.

Dom Lane-k adierazi du azentua behien artean gizakien artean bezala hedatzen dela, eta azentu diferenteak dituzten baserritarrekin luzaro egotearen ondorioz ager liteke. Dirudienez, azentuen eraginik handiena berdinek osaturiko talde itxietan gertatzen da, umeen artean kasurako auzoan edo eskolan, eta behi saldoak oso trinkoak izateaz gainera ez dute beren lurraldetik irteteko ohiturarik.

Halatan, Altzürükü inguruko azienda horiek behi etorri berriaz ariko dituzu apika: “zein marru eskas eta ganorabakoa, seguru manexa dela, edo manexina, edota Oreretakoa. Bistan da ezinbestekoa zaigula euskal marru batua, kontzientziatu beharra dago, baina beti ere zuberera hartuz oinarri, tradizio hobea baitu, jasoagoa eta fidagarriagoa.”

Piztia hiltegira legez

mzap 2006/08/17 14:39

Txillardegiri ugaztunenganako enpatia bizia nabari zaio. Bere eleberrietako abere batzuk zentzudunagoak dira eta sendoagoa dute arima hainbat giza protagonistak baino. Aise igar liteke abereak industrialki eta hormonaz hazi eta ondoren zuzenean pilatuta hiltegira bidaltzen dituen jarreraz Txillardegik senti dezakeena, edota giza jaia apaintzeko animaliaren aurkako krudelkeriaz. Txillardegirentzat arazoa ez baita ziurrenik animaliak pentsatzen ote duen, baizik sentitzen ote duen, eta begien bistakoa zaio sentitzen duela.

Zentzu honetan, Txillardegik berez bezala eta bihotzez baztertzen du arima eta gorputza, gizatasuna eta animaliatasuna fanatismoz bereizi dituen tradizio kristau eta filosofikoa, gizakien eta ugaztunen kidetasun ebidentea amorruz ukatzen duena. Izan ere, judaismoak eta kristautasunak gizaki guztiak funtsean bat direla diote eta gizakia animalia ez bezalakoa dela zeharo.

Clément Rosseten ustez, animaliaren ostrazismo horren arrazoia, animaliaren aurreko izu hori, giza izaera funtsean espiritualaren baiezte fanatikoari dago lotua, eta animaliarekin dugun antzak izaera espiritual hori zalantzan jar ote lezakeen beldurrari. Giza munduaren eta animalien munduaren artean artifizialki ezarri den burdinazko muga horrek garrantzi estrategikoa izan omen du ideologia zanpatzaile gehienak osatzeko orduan.

Batez ere Errenazimenduaz geroztik, Descartes eta Malebranche abiaburu, gizatasunaren funtsa oroz lehen animaliatasunari kontrajarririk pentsatu izan da. Kantek ere animalia eta patata berdindu zituen.

Humanista progresista hauen iritziz bizidunok piramide bat eratzen dugu, gailurrean subirano gizakia. Eta honela zuritzen dute bortxakeria: baldin giza ongizatea nahi bada ez dago animaliaren hildura, bibisekzioa eta, onartu beste erremediorik.

Bestalde, Elisabeth de Fontenay-k nabaritu duenez, animalien aldeko jarrera erakutsi eta animalien eta gizakien arteko kidetasuna azpimarratu duten filosofo batzuek ezin izan dute eragotzi gizakiak hierarkizatu eta animaliak hutsik utziriko mespretxulekun giza talde zenbait paratzea: Herder-ek gormutuak, Schopenhauer-ek juduak, Husserl-ek Europaz landakoak.

Nabaritu du halaber joan den mendean franko izan zirela animalien erabilera makurrarekin obsesionaturiko idazle juduak: Kafka, Singer, Canetti, Horkheimer, Adorno, Döblin... Döblinen "Berlin Alexanderplatz" 1929koa da. Hona laugarren liburuko izenburu bi, jarraian datozenak: “Franzek despedidako martxa jotzen die juduei. Zeren abereari bezala gertatzen baitzaio gizakiari; bata hil, eta bestea ere hil.”

Katastrofe historikoen zenbait giza biktimak kide susmatu izan baitu animalia biktima izate horretan. Animalien hiltegi industrialek badute antzik kontzentrazio eta esterminazio esparruekin. Izugarri zabaldu zen “ardia hiltegira legez” esaera, judua edo ijitoa gas kamerara nola zeramaten adierazteko.

Honen harira, irudi luke animalienganako Txillardegiren maitasunak baduela zerikusirik Euskal Herriaren aldeko haren borrokarekin.

Txillardegik sentitzera ematen du giza arrazoia goretsi eta abereen isiltasuna arbuiatu duen metafisika bat datorrela nolabait herri eta hizkuntza txikiak irentsi eta desagerrarazteko grinarekin. Esan liteke Txillardegirentzat animaliak Lurrean patxadaz bizitzeko eskubidea duela, potentzia handiei deseroso zaizkien herriek legetxe.

Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.