Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain

Carlosen lehen ametsa (astelehena)

mzap 2005/06/25 20:28

Atxagaren etakide gizonezkoen ametsak, "Gizona bere bakardadean"eko Carlosenak eta "Soinujolearen semea"ko Davidenak eta Trikurenak, horiek baino ez baitute amets egiten, heriotzari daude loturik, era askotan, baina heriotzari, emakumezkoarenak bezala, alegia, "Zeru horiek"eko Irenerenak, eta, zehazki mintzatzearren, baita gainerako euskal idazleen etakide protagonistenak ere. Ordea, Ireneren heriozko ametsak kezka biziez josirik daude, bizigarri izango zaio heriorekin nahastea, bizitzaren aldeko palanka bat.

Hara Carlosen lehenbizikoa, eleberiaren hasieran bertan, non Carlos-asteroideak bere burua itsaso izozturantz erortzen utziko duen, goxo-goxo, eta gero saguzar bilakatuko den:

"Carlos esaten zioten gizonak bazekien itsaso izoztua amets-irudi bat besterik ez zela, eta bazekien ere –zeren halaxe adierazten baitzion zakarki bere kontzientziaren ahotsetako batek-, ez zuela lozorro hartan jarraitu behar, edo areago, jaiki egin behar zuela etzanda zegoen sofatik eta hoteleko behe-saloira jaitsi han bere adiskideekin biltzearren, hain zuzen ere iluntzen ari zuelako eta hastear egongo zelako astelehen hartan, 1982ko Ekainak 28, poloniarrek jokatu behar zuten erdi-finaletako partidua. Ordea, ametsean ikusten zuen itsaso izoztuak harritu egiten zuen bere zerebroaren zati erabat esnatu gabekoa, eta zati horrek begiak itxita jarraitzeko gogoa sortzen zion erorketa inpresio atsegin baten bitartez; iruditzen zitzaion itsasora erortzen ari zen harria zela, asteroide baten antzeko zerbait-edo, eta ur izoztuek, auskalo zein paradoxaz, epeltasun goxo bat gordetzen zutela beraien baitan, eta prest zeudela izotz geruzan zuloa egiteko bera handik barrena murgil zedin. Edonola ere, nahiz ukitzeraino hurbildu itsasora, azkenean ez zen urarekin kontakturik egon. Aurrez, ametsaren aldaketa bat zela-eta, saguzarraren antzeko txori handi bat bezala ikusi zuen bere burua: hegaka zihoan uraren gainetik poliki baino polikiago, eta mirestu egiten zuen –bere pizti-begiek ematen zioten ahalmen berriarekin- elurraren txuritasuna eta itsasoak une hartan zeukan lautada birjinaren irudia.

Carlosek, sofan areago etzanez, egunaren azken eguzkia jasotzen zuen leihoari bizkarra emanez egokitu zuen bere gorputza. Ez zuen esnatu nahi, eutsi egin nahi zien amets-irudi haiei. Bestalde, itsasoaren sakonetik orkestra batek interpretaturiko doinua iristen zitzaion, eta hori ere laguntza zen, sosegua soseguaren gainean.

Bere nahia ez zen bete. Galdera bat erne zen musikaren gainetik, emakume batek Ruiz Agirre izeneko paleontologo bati egiten ziona, eta horrenbestez –Bartzelona aldean bizi zenez geroztik deitura euskaldunak deigarri egiten zitzaizkiolako-, begiak zabaldu eta hamasei hatzetako telebista ikusi zuen bere aurrean, eta pantailan gazte betaurrekodun bat, paleontologoa, programaren aurkezle-andreari erantzuna ematen:

"Ez, jakina, zuk ere badakizu, orduko euskal kostaldean nekez egon zitekeen pterodaktilo izeneko saguzar erraldoirik. Eta egotekotan, gainera, ez ziren hegan ibiliko, zeren saurio haiek, oraingo saurio guztiak bezala, poikilotermoak baitziren, hori da, ez zeukaten beren gorputzeko tenperatura erregulatzeko gaitasunik, eta beraz izotz haien artean makalduta egongo ziren, inola ere ez hegan aritzeko moduan".

"Bai, egia da", ametitu zuen aurkezle-andreak irribarrez. "Ezin zen pterodaktilorik egon gaur aintzat hartzen ari garen Paleolitiko aroan, zeren saurio haiek milioika eta milioika urte lehenago ezkutatu baitziren lurraren azaletik. Baina nahitaezkoa zitzaidan pterodaktiloez galdetzea, bestela nire seme-alabek ez baitzidaten barkatuko. Nire seme-alabak txoratuta daude pterodaktilo eta gainerako saurio erraldoiekin".

Zientzia dibulgazioko programa zen, eta bai aurkezleari eta bai paleontologoari kosta egiten zitzaien elkarrizketa zinezkorik lortzea. Carlosek –apur bat dezepzionatuta bere ametsaren jatorri arrunta ezagutu ondoren-, erlojuari begiratu zion. Orduerdi bat falta zen bederatzietarako; orduerdi beraz Lato, Boniek eta beste poloniarrek belgiarren aurka jokatu behar zuten partiduaren hasierarako. Bigarren kateak erretransmititzen zuen, ez historiaurreari buruzko programa ematen ari zenak."

Elizaren poparen ponpa

mzap 2005/06/16 19:47

Homosexualen aurkako Elizaren gurutzadak autofobikoa ematen du. Katolikoen liturgiak, zirimoniak, solemnitateak eta ponpak batez ere homosexualei egiten zaizkie erakargarri, Aita Saindu berria aukeratzeko kardinalen txutxumutxuek, igurtziek, irribarreek eta joan-jinek ene baitako emakumea piztu dute bederen, purpuraz pintatu didate bihotza. Ziur naiz Blazquez, Ratzinger, Juan Pablo bigarrena, Setien, Rouco eta gainerakoak homosexualak direla, EDO AGIAN ZERBAIT ORAINDIK OKERRAGOA.

Lehen eta bigarren: lema kolpea

mzap 2005/06/14 10:14

a-Lehen Kojeverentzat, hogeita hamarreko hamarraldian, Introduction a la lecture de Hegel idatzi zuena, denbora gizakiak Izateari eragindako erauzketa da.

Lehen Kojeverenean, adimenaren kemen itzelak existentziaren eta esentziaren artean burutzen duen bereiztea miragarria da, naturak agindutakoaren aurkakoa delako.

Lehen Kojevek garbi nabaritzen du bigarrenak esango duenaren kontrakoa, hots, kontuan hartu behar dugula esentzia bere euskarri naturaletik bereiztea ez dela naturaren baitan berez gertatzen den zerbait, adimenaren jardueraren ondorioa baizik, edo oinarrian adimenaren erabateko ahalmena duen giza lanarena.

Bigarren Kojeverentzat, berriz, gauza naturala izen bilakarazten duen giza ekintzak aurretik izaera bereziko prozesu bat eskatzen du, "prozesu orokortzaile" deritzona, berezkoa, gauzaren esentzia bereizten duena dagoen kokagunetik eta dirauen aldi tartetik. Prozesu hauxe da Introduction a la lecture de Hegel-en aintzat hartu ez zuena. Orduan, lehen Kojevek, esentzia existentziatik bereiztea bera ere giza ekintza zela zioen.

Berrogeita hamarreko hamarraldiko bigarren Kojeve honek Le Concept, le Temps et le Discours liburuan idatziko duenez, aldiz, aipatu prozesua berez gertatzen da, eta gizakiaren zeregina esentzia izen bilakatzera du mugatzen. Hauxe litzateke bigarren Kojeve deitu dugunaren jarrera mintzoaren denboraz den bezainbatean.

Bigarren Kojeverentzat, prozesu orokortzailea gauza orok beti eta edonon ezinbestean eta pasiboki "jasan" behar duen prozesu bat da, ez da gauzaz at den edonork nahiz edozerk aktiboki "ezarririkoa". Bigarren Kojevek dioenez, existitze hutsak eragiten dio gauzari prozesu hori. Izan ere, gauza, hemen eta orain baten baitan kokaturik dago; baina, aldi berean, bere existentziaren edo iraupenaren une bakoitzean, hemen eta orain horietatik bereizi egiten da, iraute hutsaren kariaz. Beste era batera esateko, gauza batek denboran zehar irautea aski izango da, abstrakzio prozesu orokortzaile horrek gauza hori izen baten adiera izateko gai bilaka dezan. Horrexegatik esan dezakegu hain zuzen izena dirauen gauzari "dagokiola". Edonola ere, gauza bera da prozesua jasaten duena, irauten hasten denetik eta denboran barrena dirauen bitartean, eta iraute hutsa dela zio gainera.

b-Bigarrenik, "Tyrannie et Sagesse" testua idatzi garaian, 1952 inguruan, Kojevek, bigarren Kojevek, dio, Introduction a la lecture de Hegel-en erradikaltasuna bareturik, hogeita hamarreko hamarraldian Hegel benetako jakintsu orojakile legez aurkezten baitzuen, jankintsu orojakilea oraingoz ez dela ideal filosofiko bat baizik, eta ez politikoaren aurrez aurre jarri ahalko genukeen errealitate historiko bat. Kojevek orain, horrenbestez, definizioaren araberako filosofoa hartuko du aintzat, hau da, egiaren eta jakituriaren bila dabilena, eta ez jadanik aurkitua duena: lehen Kojeverentzat, hortaz, jakintsu orojakilea eta historiaren amaiera jadanik gauzatuta zeuden; bigarren Kojevek dioenez, berriz, jakintsu orojakileak ideal filosofiko bat izaten jarraitzen du, ez da errealitate historiko izatera heldu eta historia bera ondorioz ez da oraindik burutu.

c-Lehen Kojevek jendaurrean egite zuen Stalinen alde eta gizakiaren alde suntsitzaile, ebakitzaile, hiltzailea nabaritzen zuen.

Stalin 1953an hil zen. Berrogeita hamarreko hamarralditik aurrera, ezinbestean ebaki, suntsitu eta hil beharra zeharo baztertu eta zer gertatzen ote den une baten eta hurrengo unearen "artean" eta gisako gai metafisiko eta arinagoak aztertuko ditu.

d-Zeri lotu kehre hori? Hitz beste egin zuen, besterik gabe, eta antropologiatik ontologiara igarotzeak beti dakar mintzamoldea baretzea, Heideggerren kasuan bezala? Hala ere, hitz beste egite hori, baretze hori, naziekiko zein Stalinekiko lotura filosofiko nabarmenegiak (hizkeraren biolentziak erakutsiak) askatu nahiak ekarriko zuen agian, izan zedin kalkuluagatik (irabazleen artean lasaiago bizitzeko), izan zedin aitortu gabeko erru sentimendu batengatik? Edota adinak bultzatu ote zuen erradikaltasunetik posibilismora?

KGBrekiko loturaz susmoak Mendebaldean, disimulatu behar?

buruzagi karismatiko bi

mzap 2005/06/14 07:00

Ur-jauzia eta ortzadarra

mzap 2005/06/13 10:53

Kojeverentzat, lehengoan esan bezala, "zakur" hitzean zakur erreala hilda dago. Zakurra eternala balitz, denboraz at existituko balitz, edo denborarik gabe, zakur adiera ez legoke zakur errealaz berex. Zakur esentziaren existentzia enpirikoa zakur biziduna litzateke, ez "zakur" hitza (pentsatua edo esana). Beraz, ez legoke mintzorik (logos) mundu errealean; eta enpirikoki existitzen den mintzoa gizakiarena bakarrik denez gero, ez legoke orduan gizakirik munduan. Egia dioen mintzoa zentzumenezko kokagunetik ateratzen da, baina atera daiteke soilik hemengo kokagunea, hauxe da, izaki espaziala, denborazkoa ere badelako, iraganean suntsitzen delako. Eta iraganean desagertzen den errealitateak mintzo legez dirau, jadanik errealitate zentzumenezkorik gabe, orainaldian.

Kojevek metafora hau asmatuko du bere ikuskera argitzeko: egia azaltzen duen mintzoa ortzadar garaikidea da, ur-jauzi baten gainean sortzen dena, eta ur-jauzia denborazko errealitatea da, iraganaren ezerezean suntsituz doana.

beste bi beato

mzap 2005/06/13 08:53

santu bi

mzap 2005/06/12 14:53

Mamutak iraun

mzap 2005/06/10 09:44

Kojeveren ustez, zakurra hilezkorra izatera, hau da, iraupenari dagokionez berez finitua edo mugatua ez balitz, ezingo genuke zakur errealean hezurmamiturik dagoen esentzia hitz bizigabera pasarazi, hitz adieradunera. Zakurrak gauzatzen baitu esentzia. Baina adiera gizakiarengan existitzen da bakarrik, gizakiak pentsatzen duen heinean. Ordea, giza adimena, eta adimenak izenen adieren bitartez ezagutarazten duen errealitate zentzumenezkoa, ez dira berdinak. Nik daukadan zakur adiera zakur biziduna ez bezalakoa da eta horrenbestez zakur bizidunarekin kanpoko errealitate batekin bezala erlazionatuko da.

Kojeverentzat, beraz, "zakur" izena sor dezakegu zakur enpirikoa hilkorra delako, bere bizialdiko une bakoitzean hiltzen ari delako, denboran dirauelako, orainalditik desagertu eta iraganean amilduz.

Hortaz: Aristotelesentzat bada zakur adiera, zakur erreal eternala badagoelako, hots, zakur espeziea, beti orainaldian dagoena; Kojeveren iritziz, aldiz, bada zakur adiera, zakur erreala denboran dagoelako, une oro ari baita suntsitzen; eta adiera bera da hain zuzen errealitate espazial horren suntsitzearen etengabeko oraina, eta suntsitze horixe bera da denbora.

Bestalde, Kojeverentzat adiera dirauen zerbait da (nahi baldin bada "eternalki"; baina zentzu honetan: denborak diraueino). Hori bai, zakur adierak baino ez dirau (adierak, hots, zakur errealaren denborazko suntsipenak): izan ere, suntsitze horrek denborak adina irauten baitu, denbora berez ez baita suntsitze hori baizik; Aristotelesek dioenez, berriz, zakur erreala da dirauena, eternalki gainera, betiereko itzulera baitago; beraz, espezie gisa bederen iraungo du. Horrexegatik azal dezake Kojevek Aristotelesenean azalgaitz dena, alegia, mamut esentziaren iraupena, gizakiongan, galduriko espezie batena izan arren. Are gehiago, gizakiok baditugu fosilik gabeko izakien adierak.

Hiztegi, hilerri

mzap 2005/06/09 10:35

Kojevek dioenez, egia lortzerik balego, denboran barrena bereganatu beharko luke gizakiak. Eta filosofian, definizioz, kontzeptuetan barnebiltzen eta adierazten da egia. Baina kontzeptuzko ulerkuntza oro heriotza da. Azter dezagun astiro.

Esentzia, enpirikoki existitzen den izaki batean gauzatua dagoen bitartean, esentzia hori, eta aipaturiko izakia, bizirik daude. Esate baterako, zakurraren esentzia, izaki zehatz batean mamitua den heinean, bizirik dago: zakur erreala da, jan eta edan eta lasterka egiten duen zakur biziduna. Baina gizakiok zakurraren esentzia "zakur" hitzera igaroarazi eta adiera abstraktu bilakatzen dugunean, orduan esentzia hil egiten da. "Zakur" hitza, jakina, bere adieraren bitartez argitzen eta ezagutarazten duen zakur erreala ez bezalakoa da, bertan esentzia hilik baita: "zakur" hitzak ez du edaten, jaten, zaunka egiten; esentzia ez da jadanik zakur errealean bizi, hilik da. Hiztegi, hilerri. Euskarak dio izena izanaren itzala dela, eta Kojevek errealitate enpirikoaren ulerkuntza kontzeptuzkoa heriotza dela. Jakina, ez da beharrezkoa zakur bat hiltzea bere kontzeptuaren arabera ezagutu eta definitzeko, ez da nahitaezkoa hil dadin arte itxarotea haren ezaugarri nagusiez jabetzeko. Hala ere, kontuan hartzekoa da zakurra zientifikoki ezagutzeak disekzioa eskatzen duela.

Axularren pagoa; gizakia hiltzaile

mzap 2005/06/07 10:26

Axularrek ikusten zuen pagoa eta aurrean daukaguna berdinak dira funtsean; baina Axularren Euskal Herria honez gero inoiz orainaldi ez etorkizun izango ez den iragana da, eta gure Euskal Herria, Axularrentzat, egundo iragan zein orainaldi izan ez zen etorkizuna, hots, deus ez. Kojevek dioenez, gizakiak bakarrik sortzen eta suntsitzen du esentzialki. Hortaz, gizakia dagoen heinean ageri da soilik errealitate naturalean denbora, gizakiak sortzen eta suntsitzen baitu etorkizunaz duen ideiaren arabera. Eta etorkizunaren ideia orainaldi errealean, beste nahi baterantz zuzenduriko nahi gisa ageri da, edo, gauza bera baita, gizarte-ezagutzaren bila dabilen nahi gisa; hain zuzen, nahi honek eraginiko ekintzak paratzen du historia abian. Beraz, ez dago proiektuaren denborarik historiarik gabe.

Baina gizakia, hilkor ez ezik, hiltzaile ere bada berez.

Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.