Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain

Estankona, Metxaren askatasunaz

mzap 2005/12/22 18:44

Merimée-ren Carmenek bezala, Metxak ere askatasuna jarriko du ororen gailen. Baina, buhameak bezain merezia duen ospea lor dezan mundu-herrian Metxak, egiturazko eragozpen soziolinguistiko eta politikoak daude, komunekobide nagusien aduana ideologikoak besteak beste. Metxaren libertatearen berezitasuna, edozein gisaz, neuk nezakeena baino aunitzez ederkiago adierazi du Igor Estankonak: “moral kristauak alde batetik askatasuna eta, bestetik, apeta edo aldartea bereizi ohi ditu, ez delakoan gauza bera askea eta mainontzia izatea. Bada, apeta hori berori erabiliko du Agirrek, kartzela barruan, askatasun-tresnatzat. Kasu honetan apetaren bi definizio eduki behar dira kontutan, bata positiboa eta bestea negatiboa. Positiboa hautatzeko libertatea litzateke; negatiboa, berriz, barnetik zein kanpotik kontrakoa egitera derrigortuko gaituen ezer ez edukitzea. Agirreren jokaerak bi baldintzak biltzen ditu testuinguru oso berezi batean, hots, bata ez bestea ematen ez diren kartzelako erregimenaren pean. Orduan zergatik esan dugu askatasun kristauak barik apeta, demagun, libertarioak gidatzen duela Agirre? Hain zuzen bere kasketaldia izan delako, daukan adinean, Santoñan eta Dueson eta frankismoaren kartzela erraldoian egon eta gero askatasun formalak berriro galduz askeago sentitzea.”

“Apeta libertario” hori, heda ote liteke idazkerara, sintaxian txertatu?

Bai.

Gure aberriaren furgona dohakabea

mzap 2005/12/21 11:39

Metxaren ipuinek ez dute entzulea txunditzea helburu huts. Batetik, ipuinez ipuin egia sortuz dabil Metxa. Bestetik, bakardadean ere loratuko zaizkio ipuinak, erdi eldarnio erdi amets. Esate baterako, Carmenen etxetik atera eta poliziaren furgonetan beste espetxe bati buruz kulunka daramatelarik, Bizkaia bou zaharrean Alejo Bilbao komandantearekin Cerveraren kanoikadei aurre egiten dabilela begitanduko zaio: beren buruaz beste egitea erabakiko dute etsaiaren atzaparretan jausi barik, aurretik hori bai mezu politiko bat itsasoratuz “munduak jakin dezan gure aberriaren patu dohakabea” (197 or.), loak hartu baino lehen ere Metxa mezuak jaurtikiz ari baitzen botilatxoetan furgonako leihotik laguntza eske. Zernahi gisaz, ez diotenez jaramonik egiten, mila pezetakoak sartzen hasiko da mezuaren alboan, gaztelarren baten makurtzea ziurtatzearren. Hona ametsa. Furgonan doa Metxa:

“Jesarri egin naiz ostera sauna higuingarri honetan. Nire azken presondegian nago eta ezin diot munduari mezurik utzi, nire hitzak ere presondegi barruan daudelako eta inor ez delako ausartzen tapoitxoa libratzen. Tristura handi batean sartu naiz, nire heriotzak ezin dio eredurik eman inori, horregatik naramate bakarrik eta bazter lekutara. Badakite nire heriotzaren lekuko bakarra aski izanen dela agirretartasunari jarraipena emateko, durduzamendutik erresuminera etorriko dela, behin eta berriroko erori behar historikora.

Tiriki tauki taki/ Mailuaren hotsa,/ Hileta horrek jo du/ Gure heriotza.

Barregarria da, eta algaraka hasi naiz, zoro: ni makina gelan nago, sentinako kiratsa baino lurrun betegarriagoan, Alejo Bilbao komandantearen ordenak hartzen, “Abantean!”, eta ni manibelei eragiten, “Eztiro!”, eta kanoikada bat zubian, “Emon guztixe!”, eta ni itsu, izerdi huts, giltzei kotoiagaz oratu beharrez beroan, “Ederto, Metxa, geldi eta atzeruntz!”, eta gure bou zaharra kulunka batean Cervera kanoiariari aurre egiten Matzakuko hartan, balbula guztiak hautsita, urak hartuta eta hala ere tinko, hogeita hamazazpiko apirilaren hogeita hamar gogoangarri hartan, goizeko zortziak laurden gutxitan, gure azken kanoikada jaurti genuenean, Gernikaren suntsimendua bihotzean gorroto, “All right!” esan zuen Alejo Bilbao komandanteak, eta orduan izua mundualdi guztirako kendu zidan agindua entzun dut tubotik, nire komandantearen ahots marrantatuan, “Erdu kubertara, Nikola!” Irten nintzen lagunetara. Erdiak hilak zeuden, txopako kanoia lehertua geneukan. Dena ke beltz batek estaltzen zuen, isiltasunaren gorputz. Zubira jo dut.

-Zure aginduetara, ene komandantea!

Pipa erretzen zegoen Alejo Bilbao, lurrean jesarria. Komandante ona zen, bazekien epeltasuna ematen heriotzari barre egin ahal izateko.

-Beitu, Metxa... –eta pistola atera zuen jakanarru barrutik-. Sei lagun gelditzen gara bizirik, eta munizinorik ez dekogu... Fusilak hondatuta dagoz, eta Cerveran pentsetan dabiz zer egin, gu atxilotu edo hondora jaurti.

Ez zeukan eskubiderik, Alejo Bilbaok ez zeukan eskubiderik halakorik egiteko, bera lako komandanteak behar genituen Euzko Gudontzidian, gerra ez da inoiz amaitzen.

-Badekodaz guztiondako beste bala.

Hotz egiten zuen, kristal guztiak apurtuak zeuzkan zubiak. Ez dakit ezer esateko gauza ere izan nintzen, uste dut mututu egin ninduela ene komandantearen odol hotzak.

-Ni behintzat ez nok horien atzaparretan jausiko!

Eta ni ere ez, ni bakarra naiz munduan Matzakuko itsas borroka historiko hartatik, hondoratuetan; eta etsaiaren dolare guztiak ezagutu ditudan arren, ni ez nintzen inoiz hauen atzaparretan jausi...

-Ene komandantea, hil aurretik mezu bat jaurti behar dugu! -Irratia matxuratute dago. -Ez, barka ezazu, ene komandantea... Guk ez dugu S.O.S.rik jaurti behar, guk mezu politiko bat itsasoratu behar dugu, munduak jakin dezan gure aberriaren patu dohakabea.

Orduan behatu zidan aurrenekoz Alejo Bilbao komandanteak. Ez zeukan eskubiderik, munduak bera lako itsas gizonak behar zituen, piratei arrazoi politikoak emateko.

-Ederto, badekozu idaztekorik?

Hasi naiz ostera sutauts usaina aditzen, nire kotoi koipetsuaren ukitua sumatu dut eskuetan, furgona berri honen motor isila berrehun zaldiko bou zaharrarena bezain kolpekaria bilakatu da, dardara batean jarri da karrozeria osoa, kresal usaina sartu da zirrikitu guztietatik, eta esanen nuke uhinen laztan kupidabakoak astindu duela furgona, Alejo Bilbao komandantearen berbak entzun ditut berriro, eldarnio batean. Ohartu naiz neu naizela naraman ontzitxoaren makinista, neuk eragin behar diedala balbulei, neu naizela abiada erregulatzen duena hemen. Algara egitekoa da, zinez. Zer egin diezadakete niri, deuskil hauek? Zer ardura zait niri, Cervera guztien kanoien larderia?

-Nahi duzunean, gelditu eginen gara txiza egin dezazun, honezkero lehertuan eduki behar duzu puxika!” (194-197 orr.)

Pilulak irentsi, sabaiak irentsi. Psikopata.

mzap 2005/12/16 11:11

Metxak erlazio berezi bat izango du psikopatarekin, psikopata, “oxtabenako biztanle eternala ziegetako maizterra jaulierren izua jipoien haragia agirretarron aliatu taktikoa. Maitagarria eta aldi berean beldur emailea, bakardade ilargituenean bizi da otzaran egon behar ez lukeen psikopata gaixoa. Egunean harrarazi nahi dizkioten hogeita hiru pilulak erakutsi dizkit ukabila irribarrea bezalaxe zabalduta. Gero, pilulak kentzen dizkiodalarik, bere ahots eztiaren oparia egiten dit:

-Mundu honetan denok gara presoak. Ziegaren tamaina da gutxienekoa...

Badatoz erizaina eta bi zomorroi. Bunkerrera eramanen dute nire lagun poeta, eta gogor egiten baldin badie lo terapeutikoan murgilduko dute injekzio gozo bat emanda.” (80 or.)

Metxa maiz lehiaz jarriko da beste presoekin zein espetxeetako funtzionarioekin harremanetan, erronkaria duzu, zirto-gudu bilakatuko du solasa, iskilu hitza. Eta irabazi egingo du ia beti.

Psikopatarekin ez. Soilik psikopatak mututuko du Metxa. Psikopataren agerkundeek eragiten dituzte bien arteko harremanak, espetxerik zitalenetan beti ere. Eta ez da mintzatuko psikopata baino. Aurreneko bietan, Ürrüxtoitik 785 kilometrora dagoen espetxean eta Barkoxetik 2.985 kilometrora dagoenean, begitazio beldurgarri gisa agertuko zaio psikopata Metxari, eta unibertso osoa dela ziega bat esango dio, guztiok garela preso, espetxearen tamaina gorabehera.

Hirugarrenean, Larreñetik 823 kilometrora dagoen espetxean, ametsetan agertuko zaio. Esna biziki amesbera, Metxak lotan ez du egingo amets bi baino. Aurrenekoa, psikopataren lokamuts ankerra, ziegakideen eldarnio, aiene eta biraoen artean:

“Bart izuerdi zuritan iratzarri nau inoiz eduki ez dudan itotasun batek: psikopatak lepoan tinkatua zidan atzaparra. Eskubidea zeukan, bere eremuan gaude. Barre egin zidan, eta lepoko hilgarria lasaitzen zuela, berak dakien modu gozoan kontsolatu ninduen:

“Libro izanen naiz, zorionik eta zorigaitzik gabe, haizea den bizitza bezala. Berdin bilatzen gaituzte gorrotoak eta maitasunak; zein bere moduan, biek gaituzte zapaltzen. Jainkoek deus eman ez dioten hura, libro da”.

Eta eguneko pilula guztiak batera irentsita suntsitu zitzaidan, sabaiko zuritasunak irentsitako pilula izan balitz bezala.” (126-27 orr.)

Gero, Maritxuk ezkontzea proposatuko dio Metxari, eta honi, esker onez erantzun nahi badio ere, psikopatarena botako dio ahoak: “mundu honetan denok gara, nolabait, presoak. Ziegaren tamaina da gutxienekoa... Ni lotuago nengoen han, hemen baino.” (141 or.)

Egun batean, kartzelaldi berrietako azkenekoan, Metxak psikopataren beharra sentituko du. Gutun bat idatzi nahi dio Maritxuri Carmen Lopezi buruz baina musek lagundu nahi ez, gainera espetxean ez dute bigamia onartzen, sumindurik dabil Metxa eta psikopatari dei egingo dio, bere berbaren sendagarria ematera etor dakion.

Psikopatak ez du entzungo.

Hala ere Metxak hitz egingo dio. Bakarrizketan, hori bai, psikopatari ez dagoenean baino ez baitzaio zuzenduko. Zehazki, lokamutsean psikopatak aipatu haize libreaz arituko zaio: “madarikatzen dut, eta ez zaio ardura. Erregutzen diot, eta ez dit jaramonik egiten. Halakoak dira psikopatak, ezusteko erreakzioak dituzte, libro bizi baitira, haizea den bizitza batean. Gorde hadi heure bunkerrean, ez haut ezertarako behar, haizearen militante hori! Heure pilulak baino kondena gogorrago batek lotuko ditik nire ekintza eta bere kausa... Nire zoroak helburu zuhurrak zauzkak!” (240-41 orr.)

Koko titi. Edu Laztanguren "Kixmi"rentzat.

mzap 2005/12/13 12:20

Agertua da hemen lehenago ere Koko gorila emea. San Frantziskoko zoologikoan jaio zen 1971an. Izar ospetsu bilakatu zaigu aspaldion, mila bat zeinu baitarabiltza AMESLANez (American Sign Language, AEBetako gormutuen zeinu hizkera) eta ingelesezko bi mila bat hitz ulertzen baititu. Bere zaintzaileekin zeinu hizkuntzaren bidez komunikatzen da. Erruz erakartzen ditu turistak.

Apirilean txataldi bat egin zuen. Hogei mila bat internauta ahalegindu ziren Kokorekin txateatzen. Berrogeita hamar minututan Kokok 750 bat txateatzaileri erantzun zien. Galderak zaindari batek itzuli zizkion Kokori.

Gizakiekiko elkarrizketak Kokok berak abian jarri ohi ditu, hirutik seira hitzez osaturiko esaldiekin, eta bere adimen kozientea 70 eta 95 bitartekoa da. Gizakien artean normaltasuna 100 inguruan kokatzen dute.

Kokok katutxo bat izan zuen maskota. “All Round” bataiatu zuen,”Osotoro Biribila”, ez baitzuen buztanik.

Egun 33 urte ditu, 133 kilo.

Klase borrokan ere esku hartua da Koko. Berriki titiak ikusi nahi izan dizkie Nancy Alperin eta Kendra Keller Gorilen Fundazioko langileei. Tematu egin da.

Andreek ezetz. Orduan Gorilen Fundazioko presidenteak, Francine “Penny” Pattersonek, langileak gogor presionatu ditu: biluzteko agindu eta Kokori begira “ziurrenik kokoteraino egongo zara nire titiburuez eta beste batzuk ikusi behar dituzu” esan omen du. Langileek amore eman zezaten ez zuela lortuko ikusita, Fundaziotik bota egin ditu.

Egotziriko emakumeek Fundazioaren aurkako salaketa jarri dute. Milioi bat dolar bana eskatu dute “sexu diskriminazioagatik, kaleratze bidegabeagatik eta osasun eta ziurtasun arauak hausteagatik”.

Fundazioaren abokatuak manipulaziotzat jo du auzia eta Koko berriz aparte bezala dabil, gatazka gogorregia bailitzaion: margolanak pintatzen jarraitzen du, solastatzen, telebista ikusten. Charlie bere bikotekide ohiak biziki gustuko zuen Barrio Sésamo, orobat opera, batez ere Pavarotti.

Aitzina beti koilara!

mzap 2005/12/07 17:03

Baten batek pentsa lezake Metxa ez dela preso beteranoen asmakizun kontsolagarri bat baino, kolektiboaren ametsa (281 or.). Igor Estankonaren berbetan: “liburua bukatzerako irakurleak bere buruari galde diezaioke ea Agirre erreala den edo bigarren mailako pertsonaien kontzientziaren ahots hezurmamitua.”

Edo, bestela, behin Metxaren existentzia enpirikoa onartuta, pentsa liteke Metxa ametsez bere gabeziak berdintzen ahalegintzen dela, ametsak bere bizitzaren huskeria konpentsatuko balu bezala. Pentsa liteke Metxa lotsa dela kartzelan inoiz sartu ez dutelako. Ametsezkoak lirateke ez soilik kartzelaldi berrietako kontakizunak, baizik kartzelaldi berriak berak. Ipuina eta ametsa sakonean bere herriari behar adina eman ez diola sentituko lukeen Metxa frustratuaren lilurazko balentriak lirateke, bere amets gezurtien bidez inor baino iraultzaileago, espetxeratuago eta gorriago agertu nahi lukeena. Mesede galanta giderrik gabeko koilarak egin ziokeena, bere benetako irudia lanbrotuz, hankaz gora itzuliz. Irudi alderantzikatu hori bailitzateke hain zuzen Metxaren ametsen protagonista, ametsetako Metxa: heroi bakarti bat, otso harrigarria, berez eta ametsez kanpo artaldekoi eta malgu izan arren. (275-76 orr.)

Hipotesi horiek ez dira ezinezkoak, baina artezagoa ematen du Iñigo Aranbarrik Metxaren gaineko jardunaldi txukelan adierazitakoa: zapaltzaile indartsuari ezin diogu bere eremuan aurre egin, galtzera kondenatuta geundeke beti. Aranbarrik “logika kartesiar” deritzona genuke etsaiaren borrokalekua eta Metxak, Fernando Amezketarrak bezala, hitz jostetaz egingo dio aurre, trikimailu irrigarriz, eta, oroz lehen, ametsaz. Gauza bat da Izagirreren eleberriko bigarren pertsonaiarik garrantzitsuena, giderrik gabeko koilara. Zulogintza ahalbidetzen duenez, ametsetako iskilu duzu eta aldi berean ametsetarako sarbide. Koilara ispilua da, buruz beheiti itzultzen dizu burua. Eta “Agirre zaharraren kartzelaldi berriak” Metxaren ametsen kronika ere baduzu: ispiluaren bestaldean gertatzen da guztia, zuloan, zuhurtziari arrotzak zaizkion bazterretan.

Ametsik gabeko egunekoa legepean egoten baita, kartzela legez, presoak kolektibizatu beharra legez. Edozein jendarte baldin bada nolabaiteko egokitze eta erregulatze bat, doitze bat, Metxak ametsez zartatuko du. Bakarti handi bat da, baina soilik halakoek eskain dezakete benazko elkartasuna. Bakarrik egoten ez dakienak behar du legea. Taldearen behartzeari, arauari, ametsez eta ipuinez ihardukiko dio Metxak. Tentuari amesgintza zoro batez erantzungo dio, egunerokotasun arrunt goibela ametsez biziaraziz.

Leninena

mzap 2005/12/06 11:20

Maiz goraipatu da Metxaren lema, “gora gu eta beste asko!”, etsaien klasikoenganako haren maitasuna, On Kixoterenganakoa. Beste eragile zenbaitekin batera Anoetako Izpiritua ekarri zuten. Hala ere, Metxak “gu” ere badio, pentsa liteke ez diela muzin egin bere klasikoei, eta Leninen testu eder batek ere, Guiomarrek ("Gizona bere bakardadean") berrirakurri beharko lukeena, Metxaren azken elearen ("ametsez") zentzuetako bat hobeki ulertzen lagun diezaguke.

Leninek kontatzen du “amets egin behar da!” (“Träumen müssen!”) idatzi eta berehala izutu dela: Martinov kamarada imajinatu du, zemaiz altxatu eta amets egiteko eskubidea larderiaz ukatuz, ez baldin bazaio aurretik alderdiko komiteari baimena eskatzen. Gero Kritxevski kamarada imajinatu du Leninek, Martinovena filosofikoki sakonduz, are mehatxariago: amets egiteko benetako marxistaren eskubidea zalantzan jarriko du, Marxen esanetan gizateriak soilik bere esku dituen egitekoak plantea baititzake, eta egitekook alderdiarekin batera eraiki behar baitira.

Dardarka dugu jadanik Lenin, ezkutatu nahi du.

Pisareven ideia hauen atzean ostenduko da: zenbait amets ez da txar, langilea sendo dezake. Gizakiak ezingo balu amets egin, jai lukete arteak, zientziak, eguneroko bizitzak. Kontua ameslariak bere ametsa ganoraz hartzea da eta zinez lan egitea amesturikoa mami dadin. Ametsak bizimodua pizten duelarik, gauzak artez samar dabiltzala esan liteke.

Pisarevena iruzkinduz, Leninek deitoratuko du gisa horretako ametsak oso gutxi daudela “gure mugimenduan”. Beren soiltasunaz, neurritasunaz, errealitate konkretuari txit itsatsirik ibiltzeaz harrotzen direnak joko ditu errudun nagusitzat: alegia, Metxaren etsaiak.

Dena den, ametsaren gaineko Pisareven eta Leninen ikuspuntua, politikan irabaz dezakeela serio hartzen duenari dagokio.

Metxaren kasua korapilatsuagoa da.

Metxametsa

mzap 2005/12/04 11:43

“Ametsez” da Metxak idatziriko azken elea. Metxak ordea esna egingo du batik bat amets, gauez zein egunez, begiak zabalik edo bestela ñarroturik. Hauxe da hain zuzen Metxaren koplarik ezagunena: Tiriki tauki taki/ Mailuaren hotsa,/ Ametsez jantziko dut/ Nire burumotza. (213 or.)

Eleberri hau euskal narratiban berezi egiten duen ezaugarria paralelotasuna da. Nola blog honetan dagoeneko aztertu ditugun eleberrietan hala hemen aztergai izango ez ditugun beste hainbat eta hainbatetan historiaren eta bizitzaren arteko dualismoa dago, kontrakotasuna: bizitza ona da, historia txarra, historia berez da hilaurgile, bizipozaren eragozpen, eta abar.

Izagirrek bakarrik ikusten ditu bizitza eta historia osotasun trinko legez. Historiak zeharo bereganatua du Metxaren bizitza. Aipatu liburuetan, zenbat ahantziago eta ahulago historia, hainbat bizkor eta pozkorrago bizitza; eta, historia ageri delarik, bizitza hautsi egiten da. Izagirreren paralelotasunaren arabera, ostera, aldi berean pozpuzten edo ahitzen dira bizitza eta historia.

Nolanahi ere, ematen du literatura eta jolasa sakonagoa dela politika eta historia baino. Literaturak Historia barnebil dezake, erabil lezake hazkurri gisa, baina literatura ez da Historian kabitzen. Literaturaren askatasunari eta jolasari dagokio “Agirre zaharraren kartzelaldi berriak”en ametsezko azpiegitura sendoa, non txertatzen baitira kontakizun historikoak.

“Kalderapeko” tabernan, Bilboko Txukela kalean, jardunaldi bat egin zen "Agirre zaharraren kartzelaldi berriak"en inguruan, eta bertan Izagirrek literatura oro dela historiko aldarrikatu bazuen ere, zientzia fikzioa barne, ez da ahaztekoa jendeak garai guztietan amets egin duela amildegi batetik erori eta sabelaldeko inpresioaren eraginez esnatu dela, historia eta baldintza sozio-ekonomikoak gorabehera.

Txema Garcia-Viana. Altxor barreiatua.

mzap 2005/11/19 11:54

Txema Garcia-Viana “Kartxi”ren hiru nobelak daude historiako garai zehatz batean kokaturik: “Triangelu Hautsia” Bilintxen karlistadan, lehenbizi Gipuzkoan eta mamia Venezuelan; “Balatza. Tximistaren Alaba” berriz frankoen aurkako Orreagako erasoa baino lehen; eta “Sei Lore” azkenik joan den mende bukaerako Bilbo eta Afganistan hitsetan.

Baina nobela bakoitzaren kolorea desberdina da: “Triangelu Hautsia” abenturazko kontakizun errealista samarra duzu, hegoamerikako mitoek zipriztintzen duten arren; “Balatza” ostera fantastikoa da funtsean (amaieran euskaldunak adiskidetuta erakusten ditu); eta “Sei Lore”n nobela beltzen errealismo gordina dabil batik bat.

Nobela horietan altxorra bilatzen da beti: “Triangelu hautsia”n Maria Mistel umezurtzak Martin Agirreberri medikua erabiliko du Basque pirataren altxorra aurkitu guran; Balatzak Aitorren makila du helburu; eta Julia Montilla Markos Gorriti detektibe mozkorraren bidez ahaleginduko da begien eritasunak sendatzeko erabil litekeen formula eskuratzen.

Ohikoa dirudi, protagonistaren zeregin nagusia altxorra bilatzea izateak.

Ordea, baditu Garcia-Vianak ezaugarri bere-bereak:

Aurrena, altxorra ez da bat eta bakarra, baizik sakabanatua. Halatan, altxorra aurkitzea lehenbiziko urratsa izango da soilik; gero zailena etorriko da, hots, barreiatua elkartzea: Maria Mistelek tximinoek harat-honat darabilten altxorra batu beharko du; Balatza Tximistaren Alabak aldiz Aitorren makilaren bidez eta Anabas zatitzaile maltzurraren aurka euskal leinuak beharko ditu bildu; eta azkenekoz Juliak begiak sendatzeko formula bildu nahiko du, sei loretan baitago zatitua, eta loreetako batzuk lagun traidoreek dauzkate bereganatuta.

Hurrena, altxor barreiatua batzeko oinarrizko bultzada emakume batek emango du beti, Maria Mistel, Balatza eta Julia Montillak, eta ahalegin horri alaba diren aldetik ekingo diote gainera, aitarenganako fideltasunak bultzaturik, aita hilarenganako fideltasunak Mistelek eta Montillak eta biziarenganakoak Balatzak. Balatzarengan nahastu egiten dira dena den aitarenganako fideltasuna eta bere herriarenganakoa.

Azkenki, Balatzak euskal leinu sakabanatuak bere aginte-makilapean biltzea erdiesten baldin badu, uste dut Garcia-Vianaren berezkoa “Triangelu Hautsia”k eta “Sei Lore”k dakartela: altxorrak abenturen ostean guztizko garrantzi obsesibo hura galduko du eta erdibiturik geldituko da (“Triangelu Hautsia”), edo bere dirdira liluratzailea itzali ostean baztertua eta ahantzia (“Sei Lore”), bien bitartean eta altxor bilatzearen kariaz protagonistek bestelako altxor bat aurkitu baitute, beroa, kontu korrentea gizentzen ez duen arren baduena bere xarma: amodioak bilduko ditu batetik Maria Mistel eta Martin Agerreberri, basoan zein itsasontzian Pariserat, eta bestetik Markos Gorriti eta Xaho-Xaho, ekialdeko neska irribarre zoragarrikoa, Bilboko putetxe batean.

Deleuze, hamar urte. Filosofia txoria.

mzap 2005/11/03 13:17

Ondokoak "Dialogues" liburuko testuak dira, "L'oiseau philosophie" antologian jasoak.

1-Irakurtzeko era egokia, gaur egun, liburua irakurtzea duzu disko bat entzuten den bezala, film bat edo telebistako programa bat ikusi, abesti bat jaso: liburuarenganako begirune bereziren bat eskatuko lukeen edozein jarrerak, bestelako arreta bat, igarotako garai bati dagokio, eta liburua zeharo kondenatzen du.

2-Pentsatzeak ez du eragiten indiferentzia orokorra baino. Hala ere, pentsatzea ariketa arriskutsua dela ez da gezurra.

3-Pentsatzea, beti da sorgin lerro bati jarraitzea.

4-Pentsalaria ez da azefaloa, afasikoa edo analfabetoa, baina hori dena bilakatu egiten da. Indiar bilakatzen da, ez du inoiz bukatzen indiar bilakatzen, indiar den indiarra beste zerbait bilaka dadin agian eta bere agonia erauz dezan.

5-Filosofiari jasangaitza zaio eztabaida. Badu beti beste egitekoren bat.

6-Filosofiaren historia potretaren artearekin aldera liteke. Kontua ez da antzekotasuna “lortzea”, hots, filosofoak esanikoa errepikatzea, baizik antzekotasuna “sortzea”, bereiziz eta zehaztuz aldi berean filosofoak ezarririko inmanentzia planoa eta asmatu dituen kontzeptu berriak.

7-Epaitzea, jende askoren ariketa da, eta ez da ariketa on bat, baina orobat duzu jende askok idazkeraz egiten duen erabilera. Hobe totel izatea epaile baino.

8-Ez da jakintsu izan behar, halako jakintzagai zehatza goitik behera ezagutu, baizik hau eta hura ikasi arlo oso desberdinetan.

9-Abiatzea, eskapatzea, lerro bat trazatzea da. Ihes egitea, lerro bat trazatzea da, anitz lerro, kartografia oso bat. Ez dira munduak aurkitzen ez bada ihesaldi luze hautsi baten bidez.

10-Bide batean balio duena, lerro batean balio duena, erdialdea da beti, ez hasiera ez amaiera. Beti gaude bide baten erdian, zerbaiten erdian.

11-Zalantzarik gabe, zuhaitzak aldatzen dizkigute buruan: biziaren zuhaitza, jakintzaren zuhaitza, eta abar. Jende guztiak eskatzen ditu sustraiak.

12-Gauzez pentsatzea, gauzen artean, hain zuzen errizoma egitea da, eta ez sustraia, lerroa egitea eta ez puntua.

13-Kontzeptuak soinuak bezalakoxeak dira, koloreak edo irudiak bezalakoxeak, intentsitateak dira, komeni zaizkizunak ala ez, igarotzen zaizkizunak ala ez.

14-Bada bizitzan trakeskeria bat, osasun hauskorra, osaera ahula, bizi toteltasun bat, jendearen xarmaren iturri.

15-Bilakatzea ez da inoiz imitatzea, edo eredu bati egokitzea, izan dadin zuzentasunarena edo egiarena. Ez dago abiapunturik ez helmugarik, iritsi beharreko punturik.

16-Sor ditzagun hitz apartak, baldintza batekin: erarik arruntenean erabil ditzagun, eta aipagai duten izakia existiaraz dezagun gauzarik arruntena bailitzan.

17-Xarma bizi iturria da, estiloa idazkera iturri bezalaxe.

18-Estilo bat, norberaren hizkuntzan totelka aritzera heltzea da. Ez zure hitzetan totel, baizik hizkuntzaren beraren totel.

19-Ez zara munduan, baizik munduarekin bilakatzen zara, mundua kontenplatuz bilakatzen zara. Guztia da begitazio, bilakatze. Unibertso bilakatzen zara. Animalia bilakatze, landare, molekula, zero.

20-Artea animaliarekin hasi zen apika, eremu bat hesitu eta etxe bat egin zuen animaliarekin.

21-Pentsatu eta idatzi, animalientzat egiten duzu. Animalia bilakatzen zara animalia ere beste zerbait bilaka dadin. Arratoi baten agoniak edo zekor baten hiltzeak pentsamenduan presente diraute, ez errukiagatik, baizik gizakiaren eta animaliaren arteko truke eremu bezala, non animaliarengandik zerbait igarotzen baita gizakiarengana, eta alderantziz.

22-Belarra dugu buruan, ez zuhaitz bat.

23-Filosofia bilakatzea da, ez historia; planoen bizikidetasuna da, ez sistemen segida.

24-Trazatu, asmatu, sortu, horra hirutasun filosofikoa.

25-Lan egitean, ezinbestez zaude erabat bakarrik. Ordea, arras populaturiko bakardadea da. Ez ametsez, mamuz edo proiektuz populatua, baizik topaketez.

26-Topatzea aurkitzea da, harrapatzea, lapurtzea, baina ez dago metodorik aurkitzeko, soilik prestaketa luze bat.

27-Filosofoen aurpegiek eta gorputzek gordetzen dituzte pertsonaia batzuk sarritan eite arrotz bat ematen dietenak, batik bat begiradan, besteren batek begiratuko balu bezala filosofoen begien bitartez. Gu filosofook, geure pertsonaien bidez bilakatzen gara beti beste zerbait, eta lorategi publiko edo zoo gisa berpizten gara.

28-Ez dugu gure burua gure garaiaz kanpo sentitzen, alderantziz, ez diogu uzten gure garaiarekin konpromezu lotsagarriak onartzeari.

Lotsa sentimendu horixe da filosofiaren motiborik indartsuenetarikoa. Gu ez gara biktimen erantzule, baina bai biktimen aurrean erantzule.

29-Giza eskubideek ez dute ezer esaten eskubideak dauzkan gizakiaren bizimodu inmanenteari buruz.

30-Ihesa ez da zehatz-mehatz bidaia edo mugimendua. Ihesa bertan egin daiteke, bidaia mugiezinean.

31-Ihesa eldarnio gisako bat da. Eldarniatzea ildotik irtetea da zehazki.

32-Gertakari oro da tanta laino bat.

Lerro dislokatua. Trastorno beltza.

mzap 2005/10/26 19:49

Deshumanizazioari ihes egiteko hainbat estrategia erabiliko du Canok "Pasaia Blues"en.

1-Lerro zuzenak deshumanizaziora garamatzanez, "Pasaia Blues"en sistema, pertsonaiak inguratzen dituen sistema politikoa ez bezala (lerro zuzen kronologikoan oinarritua), justua izango da, baina desordenatua. Canok nahiago du anabasa arteza ordena injustua baino. Hori dela eta daude atalak era kubista poliedriko batez antolatuta, kronologikoa baino sekretuagoa eta iradokorragoa den taxu baten arabera; izan ere, “Zai” ataleko pasartean Olatz eta Marta eta Cesar Telleria zain dauden bezala, “Zoi” atalean berriz pasarterik zoienak dauzkagu; ezinezkoa ematen du, berriz, “Bele”ko pasarteak (kasurako, belearen ametsa, aurrena Hildako Ekibokatuaren aurpegia eta gero Camaronena hartuko duen belea, Martaren eskuetan bihotz bilakatuko dena) “Bele” atalaz landa irudikatzeak, eta zer esanik ez “Arma”koak edo, areago, “Tiro” zein “Blues”ekoak.

2-Lerro zuzenari muzinak, kausa eta ondorioa ere ukituko ditu. Etengabe aurrera doan denbora bakarrak ondorioa kausa eta gero erakutsi ohi du. Bere gontzetarik jalgiaraziko du denbora molde hori Canok. “Pasaia Blues”en, Hamletek zioen bezala, “the time is out of joint”.

“Agirre zaharraren kartzelaldi berriak”en ez dago ia kausazko lokailurik. “Pasaia Blues”en, berriz, kausen eta ondorioen arteko harremana epileptikoa da, sakabanatua, trastornatua. Ondorioa kausa baino lehen ageri da maiz, atzekoz aurrera: aurrena beltzunea eta ondoren masailekoa, edo bestela Ertzaintzaren satorra ETAren komandoan infiltratu baino lehen jarriko dute Madril hankaz gora satorraren informazio bat dela eta.

3-Kausaren eta ondorioaren arteko harreman epileptiko hori, gainera, unibertso osoaren gaineko ikuspuntu koherente hertsi itogarri baten baitan dago kokatua. Roberto Boaza komisarioburua mintzatuko zaigu argi kosmologiaz, Trintxerpeko jatetxe batean karramarroak bazkaldu bitartean.

“Pasaia Blues”en betiereko itzulera ez da estoikoena, jatorrizko biribila sute orokorrak burutu ondoren lehenbiziko errepikapenak kalkatuko duela dioena, eta gero bigarrenak, eta abar. Baina Nietzscheren zenbait arrazoibide badarabil ere, Nietzscherena ere ez da zehazki, Canok fisika modernoa aintzat hartu baitu.

Mugatua da Unibertsoa, materia eta indar kopurua zehatza da, nahiz ikaragarri handia izan. Denbora infinitu baten baitan, eta denbora infinitua denez, materia eta indar finituen konbinazio posible guztiek gertatuak behar dute dagoeneko. Errepikatzea litzateke izatearen funtsa. Horretan bat egingo lukete Canok eta Nietzschek.

Arazo bitan desberdinduko lirateke.

Batetik, Nietzschek betiereko itzulera zamarik astunena (iraganetik datozkigun errua eta damua) paretik kentzeko baliatuko du, iragana ere asmatu ahal izateko: betiereko itzulera alai honen arabera, nolakoa datorren unea, halakoa izango baita iraganean behin eta berriro.

Canok ostera etsimenduz erantzungo dio betiereko itzulerari: geroa iragana lakoa izango denez, ez dago zereginik, datorrena datorrela eta kito. Ez ditu Nietzschek bezala mugarri pasatuak askatasun dantza batean kolokan jarriko. Iragana errepikatzera kondenatuko gaitu. Benetako berritasuna ukatuz patuaren ezinbestekotasuna du azpimarratuko: Cesar Telleriak aurre-aurrean izan arren ikusi nahi ez eta txatarrara eramango duen patua, hain goibel.

Bestetik, Canok Nietzschek ezin ezagutu izan zituen datuez hornitu du bere ikuspuntua.

Dirudienez, unibertsoa Big Bang-az geroztik hedatzen ari bada ere, bertako materia mugatuak kopuru jakin bat gaindituko balu, orduan egunen batean topea jo eta grabitazioaren eraginez unibertsoa berriro elkartzen hasiko litzateke. Gaur egun ezagutzen dugun materia kopuruak etengabeko hedatzea ziurtatuko luke, denbora kronologikoa. Hala ere, ez dakigu zenbat materia gordetzen duten zulo beltzek. Astrofisikoek diotenez, neurri jakin batera helduko balitz, orduan bai, unibertsoa halako batean kuxkurtzen hasiko litzateke eta Big Bang-a baino lehenagoko arrautza kosmiko berdinera itzuliko ginateke, Big Crunch batez bilduz azkenik arrautzazko ernamuinera.

Zentzu honetan konplikatuko du “Pasaia Blues”en gertaeren antolakuntzak betiereko itzulerari buruzko ohiko ikuspuntua. Zenbaitetan ematen baitu Big Bang-etik hedatzera beharrean hedatzearen topetik Big Crunch-erako bidean gaudela, atzeraka bizi garela. Itzulbide horretan, jakina, ondorioa kausa baino lehen agertuko da, aurrena satorra akabatzea eta gero satorrarekin txortaldia. “Pasaia Blues”en ez dakigu zehazki unibertsoa hedatzen ari den ala honez gero itzulbidean ote gauden, Big Crunch-erantz. Betiereko itzulerak eta zulo beltzek erabakiko dute “Pasaia Blues”, metafora kosmikoek zeharkaturiko nobela. Amesgaiztoak gela zulo itogarrietan daude kokaturik, etakideek gela itogarrietan egingo dituzte, bero txundigarriko azaroan, eta Pasaia bera unibertso hertsi itogarri batean datza. “Pasaia Blues”ekoa, hedatzen ala estutzen ari ote garen zalantzan dabiltzan mugen baitan iragana errepikatzera kondenatzen duen denbora moldea duzu. Zulo beltzek gordetzen dituzte sekretuok, zulo beltz naturalek (galaxietakoek), baina baita gizatiarrek ere (bainerakoek eta donutsetakoek).

Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.