Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain

Ezkontza eta fideltasuna. Elefantearen bidea

Markos Zapiain 2023/04/01 19:50

Foucaultek maiz esan zuen liburuak idazten zituela bestela pentsatzeko eta bestelako bilakatzeko, liburua idatzi baino lehen ez bezala ikusteko aztergaia eta bere burua. Foucaulten dizipulu Pierre Vesperinik, berdin. Ez da harritzekoa irakurlea ere behin baino gehiagotan harritu izana, biek ala biek.

Hiru aldiz idazten zuen Foucaultek liburu bakoitza: aurrena, gaiari buruz zekien guztia idazten zuen, giroan zebilena, garaiak zekarrena. Hurrena, artxibo eta testu kanoniko zein baztertuak aztertzen zituen. Horrek sarritan ikuspuntua aldarazten zion, bestela pentsatzera zeraman. Ikuspuntu berriaren araberako liburua idazten zuen orduan. Azkenik, hirugarren idaztaldian, antolaketa, koherentzia, zuzenketak hartzen zituen kontuan.

Arriskatu egiten zen, menturatu, eta, ulergarria baita, batzuetan hanka sartzen zuen. Gaur egun Frantzian hedabideetan eta salmentetan gailen dabiltzan filosofoek ez dute ikertzeko astirik. Ezin dute beren burua harritu; horrenbestez, nekez harrituko dute beste inor. 

DEBOZIOZKO BIZITZARAKO SARRERA

Foucaultek 1983an argitaratu zuen “Plazeren erabilerak” liburuak elefantearen laudorio bat dakar, Frantzisko Saleskoaren “Philotea edo Deboziozko bizitzarako sarrera”tik ateratako aipamena. “Philotea”ren hiru itzulpen dauzkagu euskarara: Silvain Pouvreaurena, Haranederrena eta Jose Kruz Etxeberriarena. Pouvreaurena Klasikoen Gordailuan dago; Haraneder eta Etxeberriarena, berriz, Mikel Elorzak jakinarazi didanez, Euskariana webgunean.

Pouvreauk “Espos oheko ohoreztasunaz” izenburua jarri zion elefantearen atalari (hirugarren liburuko hogeita hemeretzigarrena); Haranederrek, “Espos oheko onestasunaz”; eta Etxeberriak, azkenik, "Nolako garbitasunarequin matrimonio santuaz usatu behar dan".

Ordea, Haranederren bertsioan, Saleskoaren jatorrizkoari eskuarki fidela bada ere, elefantearen paragrafo osoa falta da. Auskalo zer jarriko zitzaion buruan elefante koitaduaren kontra.

Harira: Frantzisko Saleskoak senar-emazte kristauei elefantea jartzen die ezkontzan gauzatu beharreko bizitza sexualaren eredutzat: fidelak baitira eta monogamoak, ez dute larrua jotzen kumeak izateko baino, eta jotzeko oihaneko barrualdean ezkutatzen dira lotsaz, eta ostean, taldera itzuli baino lehen, errekan ondo garbitu...

Hona hemen Pouvreauren itzulpena:

"Elefanta animalia lodi-larri bat da, baina lurraren gainean bizi direnetarik ohorezkoena, eta sensu geiago duena, hitz bat erran nahi derautzut haren ohoreztasunaz. Eztu bere emeaz bertzerik nihoiz ere hartzen, eta behi hautatu duena samurki maite du, eta halarik ere ezta harekin batzen hirur urthetarik hirur urthetara baizen, eta hori bortz egunekotz xoilki, eta hain gordaka, non hura nihork ezpaitu nihola ikusten tratu hartan, bainan hala bada ere, agertzen da seigarren egunean, non bertze guziak baino lehen, xuxen baitoa zenbait ibaiara, zeinetan barrena gorputz guzia ikhuzten eta garbitzen baitu, nahi eztuela bat ere artaldera bihurtu non ezten lehenik osoki garbitu izan. Ez othe dire aztura eta atun ederrk eta honestak halako animaliarentzat? zeinetaz gonbidatzen baititu jende ezkonduak ez egoitera gogoz loturik bere bizitze thailluaren arauera hartu dituzten gorputzeko plazeretan, bainan hek iragan direnean, hetarik ahalik lasterrena bihotzaren eta gogoaren garbitzera gero arimako libertate osoz akzione garbiagorik eta goragorik egitea gatik." 

HENRI PEÑA-RUIZ

Michel Foucaultek zein Henri Peña-Ruizek nabarmendu dute testu hori. Peña-Ruiz matxinatu egiten da, plazer aukerarik txikiena ere eragozteko Saleskoaren obsesioaren aurka. Ematen du barne borroka batek bizi duela idazle kristaua, Jesu Kristok “hazi eta biderka zaitezte” agindu baitzuen; kristau kastuaren arazoa da hori nola erdietsi ahalik eta gozamenik flako eta ezdeusenarekin.

Erantzuna: elefantearen monogamia zorrotza.

Itomen aszeta horren kontra, Peña-Ruizek dioenez, irudi luke laikotasunak berez aldarrikatu beharko lukeela “betor hedonismoa!”. Haatik, apur bat atzera egin eta erantsiko du laikotasunak baduela tokia elefantearentzat bezala bonoboarentzat eta untxiarentzat ere, guztiak hartzen dituela ondo, mugatzen baita bizimodurik desberdinenen arteko elkarbizitza baketsua bermatzeko markoa eskaintzera.

MICHEL FOUCAULT

Esan bezala, Foucaultek 1983an argitaraturiko “Plazeren erabilerak”en baliatu zuen idatziz Saleskoaren elefantea. Ordea, lehenagotik ere bazerabilen  gogoan elefantea bueltaka. 1981eko urtarrilaren 7an aipatu zuen aurrenekoz, Collège de France delakoan eskaini zuen “Subjektibitatea eta egia” ikastaroan.

Ikastaroa eman eta liburua argitaratu baino lehen, Foucaultek uste zuen bizialdi osorako monogamia tristea kristauen kontua zela, antzinate klasikoan legeak ez baitzuen desleialtasuna zigortzen. Alegia, ez ei zen desleialtasuntzat hartzen.

Alabaina, testuak aztertu ahala, ohartu zen ezkontideen fideltasunaren goraipatzea Jesu Kristo sortu baino askoz ere lehenagotik zetorrela. Estoikoek, Aristotelesek berak, uste zuten fideltasun hori jende serio eta fidagarriari zegokiola. Are, Frantzisko Saleskoak ia hitzez hitz kopiatu zion elefantearen laudorioa Plinio Zaharrari, “kristau” hitza egundo entzun ez zuena.

Etenaldi eta hausturen filosofo gisa izan da Foucault definitua, baina ohiturak, etika, sexualitatea eta gisakoak aztertzen dituelarik, mundu greko-erromatarraren eta Erdi Aro kristauaren arteko jarraitutasuna azpimarratzeko joera izaten du.   

 

John Malkovich izatea

Markos Zapiain 2023/03/09 20:30

Zazpi eta erdigarren solairuko misterioak

 

1-Zergatik ditu gogoko Craigek txotxongiloak? Bere burua besteen txotxongilo sentitzen du, eta, konpentsatzeko, titiriteroaren botereaz jabetu nahi du panpinak mendean edukita?

 

2-Dirudienez, geure burua zuzenean ezagutzeko ahaleginak ezinbestez huts egiten du, kontraste faltagatik edo. Soilik beste baten bitartez ezagut omen dezakegu geure burua. Lottek, Malkovichen barruan sartzen den lehenengo aldian, bere burua aurkitu duela pentsatzen du. Zure iritziz, posible da beste baten barruan zaudela zeure burua aurkitzea? Zergatik?

 

3-Etikoa deritzozu beste pertsona baten barruan baimenik gabe sartzeari? Zergatik?

 

4-Aukera bazenu, erabiliko zenuke beste norbaiten barruan sartzeko atea? Zergatik edo zertarako? Nor bilakatuko zinateke gustura?

 

5-Zergatik da hain desiragarria Maxine, bai Craigentzat eta bai Lotterentzat? Maxinek bere burua maite duelako, ziurra delako, bere baitan zentratua dagoelako, Lotte eta Craig ez bezala, hauek beti beste zerbaiten bila baitabiltza, ezinegonak jota eta urduri? Ala Maxine delako hain zuzen benetako titiriteroa, bizitza errealekoa, Craig eta Lotte ez ezik Malkovich ere nahieran darabiltzana? 

 

6-Ematen du Maxineri Malkovich hutsa aspergarri samarra zaiola. Aldiz, zergatik gustatuko zaio horrenbeste haren barruan beste norbait dagoenean, batik bat Lotte? Maxineren alde lesbiarra indartsuagoa da heteroa baino?

 

7-Lotteri liluragarria zaio Malkovichenean barneratzea, honek zakila ez ezik alua ere balu bezala. Malkovichen baitan sartzeak piztuko dio Lotteri ere joera lesbiarra. Esan izan da "Being John Malkovich" sexu fluido aldakorraren filma dela. Bat zatoz?  

 

8-Zer uste duzu gertatzen dela Malkovichek bere buruan sartzeko atea zeharkatzen duenean, nondik nora biderkatze infinitu hori?

 

9-Film honetan jende askok ordaintzen du beste norbait izan ahal izateko. Zergatik nahi ote du hainbeste jendek beste norbait izan, une batez bada ere?

 

10-Maxine da Malkovichen atea ez darabilen protagonista bakarra, bere bizitza arriskuan dagoenean baino ez. Zure ustez, hori lotuta dago lehen aipatu Maxineren sendotasun ziurrarekin, bere burua pozik onartzearekin, maitasun erromantikoaz barre egiteko joerarekin? Geure buruarekin ditugun arazoei ihes egiteko erortzen ote gara maitasun erromantikoan? Horregatik al da maitasuna erortzea (to fall in love, tomber amoureux) eta oinazea (maiteMINdu)?

 

11-Zein neurritan esan liteke maitemindua maitearen txotxongilo dela, maitasunak geure buruaren jabetza kendu eta maitearen eskuetan jartzen gaituela?

 

12-Aspaldi aurkitu zuen Mertin kapitainak Wall Streeten Malkovich eta beste ontzi-pertsonen barruan sartzeko zuloa. Zulo zoragarri hori disimulatzeko eraiki zuen hain zuzen Mertin-Flemmer dorrea. Hortxe dago Lester korporazioa. 1800 urteaz geroztik dabil Mertin ontzi-pertsonaz ontzi-pertsona. Mertin-Lester eta Florisek ehunka urte dituzte, ehunka urte dituzten arimak dira, 50 edo 70 urteko gorputzen barruan. Hortik datorkie hizkera eta ulermen zaharkitu erdi afasiko xelebre hori. Zahartzaro ikaragarri horretan, maitasunaren nostalgia da nagusi, batik bat maitasun fisikoarena. Haien hizkerei lizunkeria darie. Zure ustez, merezi du hilezkortasun tankera horrek? Zergatik?

 

13-Craigek Malkovichen erabateko kontrola hartu du. Mertin-Lesterrek, ordea, bere eta bere lagunen biziraupena bermatzeko Malkovichen barruan sartu beharra dauka, eta hori egin ahal izateko ezinbestekoa da Craig Malkovichengandik irtetea. Mertin-Lesterrek Maxine eta sabelean daraman umekia hiltzearekin mehatxatuko du Craig. Craigek Malkovich libre utzi eta Mertin-Lester eta bere lagunak Malkovichen baitan sartzea lortuko dute. Zelan eta zein irizpideren arabera irudikatzen duzu aukeratzen dituela zehazki Mertin-Lesterrek ontzi-pertsona horiek? Eta nola egokitzen eta prestatzen ditu Mertin-Lester bera eta bere adiskideak har ditzaten?

 

14-Maxine eta Lotte berriro elkarrekin dabiltzala jakinik, Craigek Malkovichen barruan ostera ere sartzeko mehatxua egin die, handik berriro Maxine erakartzeko. Haatik, ez daki, edo ez du kontuan hartu, soilik ontzi-pertsonak berrogeita lau urte bete baino lehen sartuz gero lor dezakezula harengandik nahieran irteteko askatasuna, eta ontzi-pertsona manipulatzeko ahala. Azkeneko eszenan, Craig harrapatuta ikusiko dugu Maxineren eta Lotte-Malkovichen alaba Emilyren gogoan, neskaren burubideak kontrolatu eta manipulatu ezinik. Antza, horrela bizi beharko du Craigek beti. Nondik nora igaro da Craig Malkovichen baitatik Emilyrenganaino, zein izan da ibilbide zehatza?

 

15-Sarean dabilen hipotesietako bat: garai batean Craig bezala, orain Mertin-Lester eta bere lagunak dira Malkovichenean jaun eta jabe. Craig zebilelarik nagusi, Lotte eta Maxine sarkinak Malkovichen inkontzientera egotzi zituzten, Malkovich baitzen garai hartan etorkizuneko ontzi-pertsona, Mertin-Lester eta besteak hartzera eta eramatera deitua. Era berean, oraingoan Craig sarkina etorkizuneko ontzi-pertsonarengana bota eta han itxi dute, alegia, Emilyren baitan. Sinesgarria dirudizu?  

 

16-Zure ustez, eta filmeko logikari jarraiki, halakorik balego, zer gertatuko zaio Craigi neska hiltzean?

 

17-Filmaren amaiera aldera, gertaera nagusietatik zazpi bat urtetara, Malkovichek barruan daramatza Mertin-Lester eta bere lagunak. Lesterren eitea hartu du, itxura zein hizkera, eta Lesterren idazkari Florisekin ezkondu da. Charlie Sheen adiskideari txoko bat eskaintzen dio hurrengo ontzi-pertsonaren baitan, alegia, Emilyren baitan.

Orduan, non dago orain Malkovichen kontzientzia? Bere buruan galduta eta bere buruaren kontrola galduta? Horrela ibili beharko du Emilyk berrogeita lau urte bete baino lehen Mertin-Lester eta bere lagunak Malkovich utzi eta Emilyren baitara jauzi egin arte?

 

18-Lottek Elijah txinpantzearekin lo egingo duela diotsonean sortuko du Craigek Maxineren txotxongiloa. Frustragarri zaizun bikote-bizitza konpentsatzeko moduetako bat izan al daiteke etxea aberez betetzea, Lottek egiten duen bezala? Gizakien artean aurkitzen ez duzun afektua lortzeko bide bat ote da?  Ala, alderantziz, bikotearen sendotasun eskuzabalaren adierazpen, hainbat bizidunez arduratzeak eskatzen duen indarrarena? Ez datozen umeen ordezko ere izan daitezke abereak? Beste zerbait?

 

19-Elijah txinpantzeak tripako minak ditu, gastroenteritisa, eta psikologoarengana doa. Txikitan, Afrikan, tximino-lapur gaiztoek bere gurasoak lotuta zituzten. Elijahk aukera izan zuen lokarriak askatu eta gurasoak libre uzteko. Baina ez zuen jakin. Orduz geroztik pairatzen ditu tripako minak, erru sentimenduaren ondorioz.

Oraingoan, aldiz, Craigek Lotte lotu du, Elijahk asmatu du korapiloa askatzen eta betirako sendatu zaio gastroenteritisa. Sinesgarria egiten zaizu txinpantze baten mekanismo psikologikoa eta gizakiona hain antzekoak izatea? Eta, sinesgarria egiten bazaizu, zein animalia edo bizidun motaraino zabalduko zenuke antzekotasun hori: ugaztunak bai baina karramarroak ez? Letxugak?

 

20-John Malkovich ospetsua da, baina ospeak dakarren alde txarra erakusten du batik bat. Zaila zaio pribatutasuna babestea, ezezagun batek telefonoz deitzen badio haserretuko da, ezin du inongo jatetxetan lasai afaldu. Bestalde, gaizki-ulertuetan dago bere ospea oinarritua: film batean harribitxien lapurrarena hain ongi egiteagatik zoriontzen du jendeak, baina inoiz ez du harribitxien lapurrarena egin. Zergatik nahiko du hala ere hainbeste jendek ospetsu izan? Ba ote du abantailaren bat?

Foucault gaur egun. Soslaigintza

Markos Zapiain 2023/03/07 08:48

Kalean dabil gaur egun bizi-bizirik Foucaulten eragina. Ideiez hornitu ditu ez soilik mugimendu gay eta sadomasokistak; feministek, lesbiarrek eta queer aktibistek ere erabiltzen dute, eta oro har LGTB+ mugimenduek, baita etsaiturik dabiltzanek ere. 

Aisa gainditu badu ere eremu akademikoa, garrantzitsua izaten jarraitzen du, Filosofian ez ezik, Literatur Kritikan, Genero Ikasketetan eta Ikasketa Subalternoetan ere, batik bat AEBetan Foucaulten obraz egin den interpretazio eta erabileraren bitartez. Presoen, etorkinen eta eroen duintasunaren aldeko borroketan ere usu ageri dira Foucaulten aipamenak. Hain zuzen, 2009an The Times-ek jakinarazi zuen munduko aipatuena dela Foucault, giza zientzietako pentsalarien artean. 

Eragina izan du, halaber, Zuzenbidearen Historian eta Probidentzia-Estatuari buruzko hausnarketan, François Ewalden bitartez.

Collège de Franceko azkeneko ikastaroetan zinikoei buruz irakatsitakoek haien inguruko ikerketa serioak abiarazi zituzten Frantzian, 80ko hamarraldira arte ez baitzuten deus ere. Aitzindari izan zen, orobat, antzinateko etikari eta bizitzeko arteei buruzko hausnarketei dagokienez, 90eko hamarraldiko Frantzian uholde bilakatuko zirenak; oraindik ez du atertu. 

Zabaldu zituen bideen artean, boterearen metamorfosi berrien ingurukoak dira beharbada interesgarrienetakoak: Antoinette Rouvroy batek, esaterako, detektatu eta azaldu du Big Brother tankerako kontroletik Big Datan oinarrituriko profilage edo soslaigintzara igaro garela: gaur egun, interneteko gure jarduerak geure soslaia irudikatzea ahalbidetzen dio GAFAM delakoari (Google, Amazon, Facebook, Apple, Microsoft), eta horrek, besteak beste, gugan kontsumitzeko desira eta desira-gaiak artifizialki bideratu eta elikatzeko boterea ematen dio.

Botere-molde bien arteko aldea: Anaia Nagusiaren sasoiko gizarte kontrolatzaileen artean baziren Anaiak, norbaitek kontrolatzen gintuen. Orain, berriz, algoritmo inpertsonal eta anonimoak dabiltza gure izaera eta bizimoduak bideratzen, edo, bestela esanda, gure kontsumoa erabakitzen, zeren eta, martxa honetan, botere-molde berrien arabera, gure bizitzan kontsumiturikoaren historialak adieraziko baitu erarik zintzoenean gure egia, hau da, gure mundualdian egin dugunaren eta izan garenaren funtsa.   

Norberagintza

Markos Zapiain 2023/03/04 11:35
Michel Foucaulten hirugarren aroa

“Subjektibazio-tekniken aroa” ere deitu izan zaio hirugarren aro honi, halaber “Bizimoduaren estilizazioa”, “Existentziaren estetika”, “Bizitzeko arteak”, “Zeure buruaren zizelkatzea”.

Liburu nagusiak:

-Plazeren erabilera (Sexualitatearen historiaren bigarren liburua, 1984)

-Norbere buruaren ardura (Sexualitatearen historiaren hirugarren liburua, 1984)

-Haragiaren aitormenak (Sexualitatearen historiaren laugarren liburua, 2018)

 

1970eko hamarraldiaren bigarren zatian, Foucaulten ibilbideak ezusteko norabidea hartu zuen. Ordu arte nagusi izaniko ikerketa politikoetatik urrutiratu eta etikara hurbildu zen. Gainera, ohikoa zuen Errenazimendutik XIX. mende amaiera arteko iker-garaia utzi eta, lan genealogikoa behar bezala mamitzeko, antzinate klasikoraino itzuli zen. 

Foucaulten ustez, etikaren alderik garrantzitsuenetakoa osatzen dute nork bere buruari eragiteko teknikek. Teknika hauen bitartez operazio jakin batzuk egin ditzakegu geure pentsamendu, izaera eta jokabideetan. Teknika horien asmatzaile eta erabiltzaile sinestunek agintzen digute geure buruaren gaineko ardura horri esker alda gaitezkeela, eta nolabaiteko zoriona erdietsi, nolabaiteko araztasun, jakinduria eta perfekzioa. 

Niaren teknologia horien artean daude zinikoek, epikurozaleek eta estoikoek zerabiltzaten gogo-jardunak: lokartu aurretik kontzientzia aztertzea; erretiroa (erretiro laburrak eguneroko bizitzaren baitan edota luzeagoak, ohiko zereginetatik urruti); egunero meditatzea zeure doktrina filosofikoaren perla bati edo zenbaiti buruz; egunero hausnartzea heriotzaz, ez zaitzan ezustean harrapa; esnatu bezain laster ametsak apuntatzea, gero interpretatu ahal izateko; maisu filosofikoarekin gutunak trukatzea; egunerokoa idaztea; jakintsuen mintzaldi zein testuak oroimenean gordetzea... Teknika hauei esker, Marko Aureliok “Barne jainko” edo “Oinarrizko gidari” deitzen duenarengana bil omen zaitezke. 

Biobotereek bizimodu eta izaera bereziak bultzatzen dituzte, interesatzen zaizkien subjektibazio-prozesuak, gizabanako “normal” kontrolagarriak eta neska-mutiko automatikoak sortzeko. Foucault, berriz, bizimodu eta izaera berri, desberdin, arraroak sustatzen saiatuko da. Puntua da niaren teknologiak baliaturik nork bere burua artelan eder gisa sortzea, daukagun normaltasunarentzat egoki eta jatorra ez izan arren. Foucaulten filosofiaren muina askatasun berrien bilatzea eta ekoizpena baita, gure garaiak ezartzen dizkigun mugak gainditzeko saioa, bai pentsamendu eta izaeran eta bai bizimoduan.  

1984ko ekainean hil zen. Urte hartako lehenbiziko hiletan eman zituen azkeneko ikastaroak, non “existentziaren estetika” deritzonaren sustrai arkaikoak aurkeztu baitzituen. Mendebalde honetan, gogoeta grekoak hausnartu zuen aurrenekoz giza oinarri biologikoa obra eder gisa zizelkatzeko aukeraz. Biziki hunkigarria da Foucaultek grekoen bizitzeko arteak oroitarazi zituen testuinguru biografikoa. Larriki zegoen eri, bazekien hil behar zuela. Hala ere, ideien lapikoa agoniaren sutan jarririk, emozioen gaineko maisutzari eutsi eta sinesgarri egin zuen grekoen bioestetika hura. Adibidez, gaur egun heriotza ederra zer izan daitekeen erakutsi zigun, Platonek “Apologia”, “Kriton” eta “Fedon” elkarrizketetan heriotzaz dioena azalduz.  

Foucaulten bigarren aroa, Boterearen Genealogia

Markos Zapiain 2023/02/28 08:55

Hauexek dira 70eko hamarraldian mamitu zen bigarren aroko liburu nagusiak: 

-Diskurtsoaren ordena (1971), Collège de Franceko sarrera-hitzaldia jasotzen duena. Hitzen kontrolaz dihardu. 

-Zaindu eta zigortu (1975) (dena den, kontuan hartuta "zaindu" hitzak berez izan dituen esanahien artean gurean aspaldion bakar bat nagusitu dela, eta ez datorrela Foucaultek gogoan duenarekin, “Kontrolatu eta zigortu” deitu beharko genioke, agian). Zigorgintza eta espetxeak ditu aztergai.

-Jakiteko nahia (Sexualitatearen historiaren lehenbiziko liburua, 1976). Aitortzaz eta biobotereaz ari da.

Gure garaia, dio orain Foucaultek, itxitura, bahiketa eta diziplinan dago sustraitua: ospitalean, eroetxean, eskolan, espetxean, fabrikan, kasernan, gorputzak leku hertsietan ordutegi zorrotzen pean bahiturik dauzka aginteak, kontrolatu eta guardia egiten duen baina kontrolatua ez den jagolearen begiradaren menpe. Espetxe-artxipelagoa da gure gizartea, gizarte panoptikoa. Foucaultek itxiturak apurtu eta gorputzak, bizitza, askatu nahi ditu: "Toleraezinak dira -dio- epaimahaiak, poliziak, ospitaleak, zahar etxeak, eskolak, soldadutza, prentsa, telebista, Estatua, eta, oroz gain, espetxeak".

Espetxean ageri baita boterea biluzik eta den bezain izugarri, ahalbidetzen duenez gero pertsona zarratu, itxi-tokian egonarazi eta janaria eta beroa ukatzea, eta irtetea eta maitasuna debekatzea, hots, xehetasunik ezdeusenak ere zinikoki kontrolatu eta zigortzea. Baina jokamolde basati hori moralki zuritzeko beharra ere sentitzen du aldi berean botereak: "neuk daukat arrazoia jipoitzen zaitudanean, bai baitakizu gaizki dagoela lapurtzea edo hiltzea." Bere burua Gaizkiaren gaineko Ongiaren nagusitasun bare eta ordenatu gisa mozorrotzeko behar hori da Foucaulti aginteaz interesatzen zaion ezaugarrietako bat. Mozorroak humanismoaren eta eskuzabaltasun gupidatsuaren itxura hartu ohi du, eta giza zientziak ditu kolaboratzaile funtsezko. 

Pitagorikoek eta Platonek "soma sema" bazioten, hitzez hitz gorputza hilobi, gorputza espetxe nolabait, alegia, gorputzak espetxeratzen eta hilobiratzen duela arima, Foucaultek aldarrikatuko du gurean, alderantziz, arima dela gorputzaren espetxea, arrazoiak proiektatu baitu espetxe-artxipelagoa, gorputzak itxi eta diziplinatzen dituzten dispositiboak oro. Botereak arimak kontrolatuz menperatzen ditu gorputzak. 

Foucaultek gure garaiko erakunde eta giza zientzien sorrera interesatu eta
irrazionala agerrarazten du beti, hauen «arrazoizkotasuna» eta «naturaltasuna» «frogatzeko» argumentu-asmaketa atzekoz aurrerakoa desestaliz. Morroi bat erotu da eta zoroetxean sartzen dugu: betidanik ikusi dugunez, naturala izango da, horrexegatik ikusi dugu hain zuzen ere beti horrela, «pentsatu» ohi dugu. Foucaultek, aldiz, erakutsiko digu oso berria eta bitxia dela jokamolde hori. Eta gaur egun dauzkagun erakundeak eta kolaboratzaile dituzten giza zientziak, funtsean, XIX. mendearen hasieran Ilustrazioaren eraginez sorturikoak dira, eta interesa, bortxa, bataila dute oinarri, ez humanitarismo zerutiarra. Eroetxeen eta presondegien kasuan, esate baterako, sortu eta berehala garbi geratu zen omen zeuzkaten helburuak —ero eta hiltzaileen «zentzatze» eta birgizarteratzea, besteak beste— ez zirela inondik inora lortzen. Foucault argitzen saiatu zen interesek mantendu dituzte haatik gaurdaino indarrean. 

Aro genealogikoan asmatu zituen Foucaultek “biobotere” eta “biopolitika” kontzeptuak. XVIII mendearen amaieraren eta XIX.aren hasieraren artean, boterea itxuraldatu egin zen: ordu arte, gizabanakoak gobernatzen zituen, diziplina erabilirik; aurrerantzean, berriz, giza talde osoak gobernatuko ditu, “populazio” kategorian sarrarazita. Biopolitika arduratuko da osasuna, higienea, elikadura, sexualitatea, natalitatea eta migrazioak kudeatzeaz. Aldi berean, biobotereari erantzuteko aukera ere izendatzen du “biopolitika” horrek berak: ez baitago erresistentziarik gabeko botererik. Bizitzaren ahalak askatasunaren praktika oinarri dezake.    

Boterearen genealogiaren aroaren baitan, Foucaultek uste du Europa goitik behera irauli beharra dagoela. Gizarte burgesa abstraktuegia da, ez zaio gizaki errealari egokitzen: espetxeak sortu ditu, eta eroak baztertu, itxi, arakatu eta etiketatu. Foucaulten iritziz, ordea, gizartearen beraren kontraesanak argiegi azaltzen dituelako zokoratzen dugu batik bat zoroa. Marxentzat, gehiengoaren miseria aski zen miseria hori sortu zuen gizarte kapitalista apurtzen saiatzeko. Foucaultek batez ere eroen eta presoen egoera hartuko du aintzat.

Urteotan proposatu zuen iraultza goitik beherakoa zen. Foucaulten hitzetan: "humanismoak sistema ideologikoa aldatu nahi du, erakundea ukitu barik; erreformismoak, ostera, erakundea aldatu, sistema ideologikoa berdin utzirik. Ekintza iraultzaileak alternatiba hori gainditu eta aldi berean hausten ditu nola kontzientzia hala instituzioa".

Aro genealogiko honen bide erdian hasiko da Foucault azaltzen botereari buruzko ikuskera berri bat: boterearen funtsa ez da debekua, zapalketa eta zigorra. Normaltasuna sortzea xede nagusi duen estrategia orokorrago batean darabil botereak errepresioa. Botereak ez baitu oroz gain eragozten, baizik eta kitzikatzen, asmatzen eta sortzen. Esaterako, ez da egia sexualitateaz mintzatzea zentsuratua dagoela; zentsuratua egon dela ere ez. Aitzitik, kristauen aitormenetik hasi, psikoanalisitik igaro eta autolaguntzaraino, gure sexuaz etengabe mintzatzera bultzatzen gaituzte; gure sexuan dagoela gure egia ezkutua sinetsarazi nahi digute. Foucaultentzat, horrek ez du zentzurik. Hori bai, desira, tentaldi eta gozamen guztiak hitzetan jartze horrek kontrolagarriagoak egiten gaitu. Kontrola gorabehera, edonola ere, “Pikutara sexu-erregea!” aldarrikatu beharra dago.

Gizakiaren heriotza, Foucaulten Jakintzaren Arkeologian

Markos Zapiain 2023/02/25 13:20

Foucaulten obra hiru arotan sailkatu ohi da. Jakintzaren Arkeologia deitzen diote lehenbizikoari.

Hemen kokatzen dira:

-Eromenaren historia (1961). Eromenaz eta psikiatrikoaz dihardu.

-Klinikaren sorrera (1963). Ospitalea, eritasuna eta heriotza ditu aztergai.

-Hitzak eta gauzak (1966). Hizkuntzalaritzaz, biologiaz eta ekonomiaz. Liburu honetan aldarrikatu zuen gizakiaren heriotza.

-Jakitearen arkeologia (1969). Aurreko liburuetan erabiliriko metodoez (badugu euskaraz, Klasikoak bilduman, Xabier Arregik euskaratua eta Xabier Apaolazaren hitzaurre mamitsu batekin).

Frantzian, 50 eta 60ko hamarraldietan, marxismoa, existentzialismoa eta fenomenologia ziren nagusi Filosofian, subjektu librean oinarrituriko humanismoa, Jean-Paul Sartre buru. Gizakiak askatasunez sortzen duela Historia zioten, ekonomiak edo geneek determinaturiko orainetik libre. 

Ikuspuntu horren aurka altxatu ziren “estrukturalista” deitu zituztenak (Foucaultek berehala egingo zion uko etiketari): Lévi-Strauss, Althusser, Lacan, Barthes eta Foucaulten iritziz, egitura inkontziente kontrolagaitzen sareetan harrapatua egoten da jendea preso eta itsu, eta subjektua edo gizakia oinarri gisa hartzeak dakartzan zenbait ondorio gaitzetsi zituzten. Foucaultek uste du askatasunari begira hobe dela subjektu libre aizun hura eta giza zientzietako “Gizakia” hiltzea. Humanismo biguna nagusi zen sasoi hartan zarata handia atera zuen Foucaultek “gizakiaren heriotza” aldarrikatu izanak. 

Aro arkeologiko honetan "jakintza" zeritzona ikertzen saiatu zen Foucault, “episteme” ere izendatu zuena. "Jakintza" hori, kultura eta garai jakin batean egiten eta esaten diren guztien azpian legokeen pentsamendu inkontziente ezkutua litzateke, agerikoa baldintzatzen duena. Ohiko zientzia, filosofia eta erlijioaz bestelakoa da jakintza hori, baina haiek agertu ahal izateko ezinbestekoa.

Foucaultentzat, libre ez da dakiena, ikaslea eta asmatzailea baizik, dakiguna batzuetan inkontzientea baita, eta besteetan ikaste-prozesuak atzean utzitako hilotza. Hala eta guztiz ere, libreago gara ohartzeke jakintzat ematen genuenaz jabetu ostean, aurretik baino. Jakintza anonimo baten sareetan gaude harrapatuak gizarte orotan: esaten den guztia (ideiak, epaiak, iritziak, bazterketen zuriketak), alde batera, eta, bestera, egiten den oro (erakundeak, ohiturak, salerosketak, poliziaren makiladak), jakintza-sistema inkontziente horri dagozkio. Hortaz, garai eta hizkuntza bateko pentsamendu inkontzientearen baitan pentsatzen dugu nahitaez. Aske izateko, horrenbestez, garrantzitsuena ez da gizakiok pentsatzen duguna, baizik eta pentsatzen duguna pentsatzea ahalbidetzen digun jakintza pentsatu gabeaz ohartzea.  

Arkeologian bezala, azpiko geruzetara iritsi beharra dago. Arkeologiarekin batera, Foucaultek “arche” grekoari bestelako erreferentzia bat ere egiten dio: ez soilik Filosofiaren Historiako testu kanonikoak, “artxiboa” ere arakatu beharra dago, hots, poliziaren eta epaitegietako txostenak, bazterrean gelditu diren egunkariak, edozein testu. 

Foucaultek ez du geure iragana zientifikoki zehaztu gura, historialari eta pentsalari gehienen antzera, ez du gure iraganaren egia azaldu nahi, baizik eta geure orain arteko egiak iragan egin direla azpimarratu, geure oraina etorkizunaren iragan bezala ikusten baitu batez ere. Foucaulten azken helburua oraina kritikoki ulertu, garena ganoraz diagnostikatu eta izanarazi gaituztena aldatu eta ahaztea da. Horretarako da beharrezkoa geure garaiko "jakintza" zuzen aztertzea. 

Amaraun hori deseraiki beharra dago, ikasle eta asmatzaile bilakatuko bagara. Horrenbestez, askatasunari bagagozkio, garaiz eta tentuz apurtzea lagungarriagoa da betikoan lasai aritzea baino. Arazoa soluzioa baino inportanteagoa denez gero, Sokratesen «dakidan gauza bakarra deus ez dakidala da», eta Kanten «ez da filosofia ikasten, filosofatzen baizik» berpizteko, gizakiak hil egin behar du. Hauxe litzateke Foucaulten gizakiaren heriotza sonatuaren beste esanahi bat: jakintza-gizakiak (hau da, aldi berean dakien gizakia eta jakintza-objektu den gizakia) zendu egin behar du, ikaslea, asmatzailea, abenturazalea, esperimentatzailea sortuko badira. Preso gauzkan jakintza-itxitura hautsi eta jarrera esperimentatzaile eta libreagoa sortu ahal izateko, hortaz, aurrena indarrean dagoenaren derrigorrezkotasunaren justifikazioak deseraiki beharko ditugu.

Jakintzaren arkeologiaren aroan, idazketa eta eromena uztartu zituzten zenbait idazleren obrak ere aztertu zituen, hala nola Roussel, Artaud edo Nietzscherenak. Foucaultek nabarmendu zuen idazleok eromena mintzarazi eta entzuleria bat sortzen diotela. Ordu arte, aldiz, zentzudunak bakarrik mintzatu ohi ziren eromenaz, eroa bera isilarazirik.

Michel Foucault eta Daniel Defert

Markos Zapiain 2023/02/23 09:20

Michel Foucault 1926ko urriaren 15ean jaio zen Poitiersen, familia burges katoliko batean. Kirurgilariak zituen aita eta amaren aita. Ikasle bikaina, etxean jakinarazi zuenean ez zuela Medikuntza ikasiko aita zapuztu zuen. Mesfidantza erakutsiko zuen beti Medikuntzari dagokionez, batik bat Psikiatriari. Foucaulten anaia txikia ere kirurgilaria izan zen. Foucaultek, gerora, Psikologiako irakasle zelarik, idazlan hauxe agindu zien ikasleei: “Idatzi folio bi familia neurotikoari buruz, hau da, familiari buruz”.

1936ak ekarri zion lehenbiziko harridura eta ezinegon handia: Espainiako gerra zibiletik ihesi, errepublikazale asko errefuxiatu baitzen Poitiersen, euskaldun asko tartean. Berehala nagusituko ziren naziak Foucaulten herriaz.

1946an utzi zuen Foucaultek Poitiers, 19 urte zituela, Parisko École Normal Supérieure ospetsuan onartu baitzuten. Onarpen hori zen garai hartan ikasle batek Frantzian lor zezakeen kontsakrazio gorena. Lau urtez bizi izan zen Ulm kaleko egoitzan. Liberazioaren poza gorabehera, ordea, gaizki pasa zuen han Foucaultek.

Bere homosexualtasunak barne gatazka mingarriak zekarzkion, puritanoa eta moralista baitzen gerraosteko Frantzia hura. Batzuetan, anbienteko lokaletara gauez irten eta egoitzara itzulirikoan ohean etzanda gelditzen zen hainbat egunez, errudun eta depresioak jota. Erasokor, intolerante eta asoziala dugu bolada hartako Foucault. Egun batean, ikaskide baten atzetik ibili zen korridoreetatik garrasika, labana eskuan. Zurrutari eman zitzaion. 1948an bere burua hiltzen saiatu zen. Psikologo eta psikiatrek tratatu zuten. Aurrenetakoa izan zen neuroleptikoen errezetak jasotzen. Edonolako drogek pizten zioten jakin-mina. Inoiz adikzioan jausi ez bazen ere, muturreko esperientziak egin zituen. Ezagunena, 1975ean Kaliforniako Heriotzaren Ibarrean LSDarekin egin zuena, inoizko bere bizipenik zoragarriena, Foucaultek berak esatera. 

Behin batean adierazi zuen bere liburuen oinarrian bultzada biografikoren bat dagoela; besteak beste, eromena, eritasuna, psikiatrikoa, heriotza, kriminala, perbertsoa, kartzela, sexualitatea, anormalak aztertuko zituen bere liburuetan. Foucault agertu arte, Filosofiak egundo jorratu gabeko aztergaiak ziren horiek guztiak. Hori bai, liburuetan ez zuen bere buruaz hitz egiten. “Autore” funtzioa auzitan jarri zuen. Bere buruaz askatu eta ahazteko idazten omen zuen, bere aurpegia galtzeko, bera ez bezalako beste norbait bilakatzeko. Foucaultek idatziriko testu garrantzitsuak dabiltza oraindik harat-honat “Maurice Florence” batek izenpetuak. "Louis Appert" ere izan zen.

Pixkanaka armairutik atera eta 70eko hamarraldian bere gay izaeraz eta zaletasun sadomasokistaz libre mintzatzen amaituko zuen aldizkari eta elkarrizketa publikoetan. Gay gisa, uste zuen kontua ez zela gay identitatea azpimarratzea, baizik eta gay bizimoduak sortzea. Sadomasokismoari dagokionez, Foucaultentzat ez da, esan ohi den legez, botere-egituren erreprodukzioa harreman erotikoaren baitan, ez da jarduera bizarro edo perbertsoa, baizik eta botere-harremanen antzerkiratzea eta gozamen ineditoen iturria. Plazera desexualizatu eta botere-harremanak erotizatzeko modu bat ei da. Sadomasokismoan botere harremanak, gizartean ez bezala, alderantzikagarri bilakatzen dira. Jolas sadomadoa hasten denean, protagonistetako bat nagusia izan daiteke, eta bestea esklaboa, eta amaieran alderantziz. Rolen transgresioa aldez aurretik adosten da.

Mundu Gerraren amaierak eta liberazioak AEBetako bizimodu eta kultur ereduen lilura piztu zuten Frantzian; aldi berean, pentsalari gehienak Alderdi Komunistak erakarri zituen. Ospe itzela zuen orduan Frantziako Alderdi Komunistak, erresistentziaren eta fusilatuen Alderdia baitzen. Louis Althusser adiskidearen eraginpean egin zen Foucault Alderdi Komunistako kide 1950ean. Edozelan ere, urte bi ere ez zituen egin alderdikide gisa, Moskuko agintekeriaren berri izan bezain laster utzi baitzuen. Aurrerantzean, etengabe saiatuko zen ezker berri antiautoritario bat asmatzen. Garaitsu hartan ezagutu zuen hil arte maiteko zuen Daniel Defert.

Maiz egiten zitzaion Paris itogarri. Ihes egin eta Suedian, Polonian, Alemanian eta Tunisian ibili zen irakasle. Herri horietara bizitzera joan zelarik, epe labur samarrerako baino ez bazen ere, Foucaultek egin zuen aurreneko gauza bertako hizkuntza ikasten ahalegintzea izan zen, nahiz eta harentzat beharrezkoa ez izan.

Tunisiako Unibertsitatean harrapatu zuen Foucault hango 67ko erreboltak. Ikasle matxinoei lagundu zien. Urte haietan irakurri zituen Rosa Luxemburg, Che Gebara eta Pantera Beltzen testuak. 68ko maiatzak Frantzia zeharo aztoratu eta betirako aldatuko zuen. Boterean zentratuko zen aurrerantzean Foucaulten gogoeta, eta oso eragingarria izango zen protesta eta erreboltak antolatzeko orduan. Gaur egun, Foucault iraultzaile hiperraktibo hura da, ziurrenik, haren aurpegi ororen artean ezagunena.

1969an Vincenneseko Unibertsitate esperimental ezkertiarreko irakasle izendatu zuten eta 1970ean Frantziako hezkuntza-erakunderik ospetsuena den Collège de France-rako hautatu zuten. Bizikletaz joaten zen klaseak ematera, garai hartan Parisen deigarria baitzen, Franco Ministro Kontseilura patinetez joan balitz bezain. Foucault beti egon zen prest goi-mailako jakintsu izateak ematen zion prestigioa kale gorriko borroka zailetan arriskuan jarri edota sakrifikatzeko.

1971n “Espetxeei buruzko informazio taldea” sortu zuen, Daniel Defertekin batera, presoek berek hitz egin zezaten beren izenean, ordezkari barik. Botereak, ziurtasunaren izenean, bere buruari baimenzen dizkion irregulartasunen aurka jaiki zen Foucault, adibidez aginteak berehala zuritzen dituen gehiegikeria polizialen aurka: tortura, etorkinen, langileen edo militanteen hilketa “zoritxarrekoak”... Idatziz zein jardunez, behin eta berriz salatu zituen polizien eta Estatuen botere-abusuak.

1973an Libération egunkari ezkertiarra sortu zuen, Sartrerekin eta beste lagun zenbaitekin batera. Zero alean, Foucaulten eta Renaultek kanporatutako langile militante baten arteko eztabaida agertu zen. 

1975ko irailean, Txiki, Otaegi eta FRAPeko hiru kide heriotza-zigorrera kondenatu zituztenean, Madrilen agertu zen Simone Signoret, Costa Gravas, Yves Montand eta beste batzuekin. Aurretik ez zen antzekorik egin eta arriskutsua izan zitekeen. Kazetarien aurrean, Montandek testu bat irakurri zuen, Foucaultek idatzia, kondenatuentzako eskatuz berme juridikoak beteko zituen epaiketa bat. Halako batean, polizia aretoan sartu zen. Hainbat kazetari atxilotu zituen. Foucaultek zeuzkan eskuan panfletoak. Polizia batek kendu nahi izan zizkion. Foucaultek amorruz egin zion aurre. Parisa itzuli eta heriotza-zigorren aurka ondoko egunetan egin ziren manifestazio jendetsuetan ibili ziren Defert eta Foucault. 

Jasangaitza zitzaion edozein poliziaren kontaktu fisikoa eta poliziaren edozein aginduri obeditu beharra. Foucaultekin zeregin militanteetan ibilirikoak bat datoz haren adore fisiko harrigarria deskribatzeko orduan, manifestazio eta protestetan polizia gainera zetorkiolarik bere gorputza jokoan jarri eta defentsan zein erasoan zerabilen biolentzia arraroa. Basakeriaz atxilotu eta ankerki jipoitu zuten. Behin batean, polizia batek saihetsezur bat hautsi zion. Foucaultek zioen polizien lana goitik datozkien aginduak betearazteko indar fisikoa erabiltzea dela, eta muga horretaraino heltzera behartu behar ditugula. Azkazalen azpiko zikinkeria aterarazi behar da edozein giza harremanetan. 

80ko hamarraldian, Foucault eta bere lagunak (Defert, Deleuze, Guattari, Châtelet) Iparraldeko euskal errefuxiatuak deportatu eta Espainiaren esku uztearen aurka ere borrokatu ziren. Lagunarte hartako kideek zein haien ondorengoek, hala nola Emily Deleuze zinemagileak, Josu Urrutikoetxea libre uztearen aldeko eskaerak izenpetu dituzte berriki. 

Azkeneko urteak erretiratzeko nahiak markatuko zituen. Foucaultek sumatzen zuen arrakastak eragozten ziola bere ikerketetan behar bezala sakontzea. Libreago sentitzen zuen bere burua Kalifornian Frantzian baino, eta Paris abandonatu eta Defertekin batera San Frantziskon bizitzen jartzeko proiektua zeukan. Gainera, hainbeste ordu igarotako liburutegiak behin betiko uzteko asmoa ere bazuen. Eta idazteko ohiturari ere despedida eman nahi zion sekula betikoz. 

1984an Foucault ohartu zen eri zela eta hiltzera zihoala, baina berdin jarraitu zuen kurtsoekin eta idazten; eta bereziki hunkigarria gertatzen da zein modu finean aztertu zuen azkeneko ikastaroan, “Egiaren ausardia” deitua, Sokratesen heriotza Platonen “Apologia”, “Kriton” eta “Fedon” elkarrizketetan, eta bereziki Sokratesen azkeneko hitzak: “Kriton, ez ahaztu oilar bat zor diogula Asklepiori”. 

1984eko ekainean hil zen, Parisen, hiesak jota. Ordutik aurrera, Daniel Defertek hiesaren aurkako aktibismoari ekin zion. 2023ko otsailaren 7an hil da Daniel Defert. 

Portuondo doktorearen irakaspen psikoanalitiko batzuk

Markos Zapiain 2023/02/17 17:20
Filmin plataforman dago Doctor Portuondo telesaila

 

 

Ikasleek argi ikus dezakete zer den saio psikoanalitiko klasikoa (protagonistaren eta Portuondoren artekoa, biak bakarrik, Portuondo bizarduna sofan eserita pipa erretzen eta protagonista dibanean etzanik); baita zer den talde-terapia ere; eta zer den antzerki-terapia edo psikodrama.

Bestalde, interesgarria da nola definitzen duen Portuondo kubatarrak maitasuna: neurosi biren arteko adostea eta doitzea. Bataren neurosiari bestearena komeni zaio. Horregatik apurtzen dira bikote asko bikotekideetako batek psikoanalizatzeari ekiten diolarik: tratamenduak aurrera egin ahala sendatzera jo eta neurosia gainditzen duenez, orduan bikotekidea nolabait bakarrik gelditzen da bere neurosian eta bat etortze eta doitze hura desegin egiten da; aurrerantzean, horrenbestez, galdua du bikoteak zentzua.

Telesailak, gainera, garbi nabarmentzen du neurotikoaren eta eskizofrenikoaren arteko aldea. Neurotiko tipikoa dugu protagonista. Halako batean, Esteban eskizofrenikoa agertuko da Portuondorenean. Eta Portuondok, Deleuzek eta Guattarik bezala, eskizofrenikoak maite ditu. Neurotikoen arazoak faltsuak iruditzen zaizkio, psikotikoenak ez bezala. Maitasuna izango da Portuondoren bidea Estebanengana hurbiltzeko, besarkatu eta "maite zaitut" bihotzez oihukatzea. Freud neurotikoa zen
, eta Portuondok Freudek baino sakonkiago konektatzen du psikotikoekin.

Bide batez esanda, beste gizaki guztiok bezalaxe zen Freud neurotiko,  piztia izatetik arrazoizko izatera pasatzeagatik ordaindu behar izan duguna baita neurosia. Edozelan ere, ez da ahaztu behar barruan daramagun piztiak orro egiten duelarik, arrazoia dardarka hasten dela.

Bukatzeko, artistaren figura ere goraipatzen du Portuondok. Eroa gai da inkontzientean sartzeko, baina ez du ateratzen eldarnioa baizik. Neurotikoa ezin da inkontzientean sartu, primeran moldatzen da bere buruari oztopoak eta hesiak ipintzeko. Artista ordea bai, inkontzientean sartu eta obra ateratzen du bertatik, sorkari egituratua.

Noeren eta Kamen arteko harreman fisikoa (Hasiera, 9)

Markos Zapiain 2023/01/22 15:28

Ezin ederragoa da, noski, Biblia. Liburu batzuk beste batzuk baino biziagoak, ezin bestela. Ikasketa biblikoak aurrera doaz. Lan handia egin dute historialariek, filologoek eta hermeneutek azkeneko hamarraldietan. Nahum M. Sarna bezalako jakintsuei esker, gero eta egiantzekoagoak dira pasarte zehatzen interpretazio eta berrirakurketa onartuenak, nahiz eta Bibliaz berriki arte uste izan ohi denarekin sarritan bat ez etorri. 

Adibidez, bada Noeri eta bere semeei buruzko pasarte bat (Hasiera 9:18-27), gero eta ulergarriago bilakatzen ari dena, alde fisikotik zein psikologikotik. Honelaxe dio sarean dabilen itzulpen batean (Elizen Arteko Biblia, Editions du Cerf):

 

NOE ETA HAREN SEMEAK

Ontzitik atera ziren Noeren semeak: Sem, Kam, Kanaanen aita, eta Jafet.

Noeren hiru seme hauetarik sortu ondokoak munduan barna hedatu ziren.

Noe laboraria zen eta mahastia landatu zuen.

Arnoa edan zuen batez, mozkortu zen eta bere oihal-etxolaren barnean biluzi.

Kanaanen aita Kamek, aita biluzik ikusi zuenean, kanpoan ziren beste bi anaieri jakinarazi zioten.

Sem eta Jafetek, soingaineko bat hartu, sorbaldan bien artean ezarri eta, gibelka joanez, aita biluzia estali zuten. Bestalderat behatzen zutela, ez zuten aita biluzik ikusi.

Bere mozkorretik atzarri zenean, jakin zuen Noek bere seme gazteenak egin ziona.

Orduan, erran zuen: «Madarikatua Kanaan! Bere anaien esklaboen esklabo izan bedi».

Erran zuen, gainera: «Benedikatua Jauna, Semen Jainkoa! Kanaan izan bedi Semen esklabo!

Jainkoak heda beza Jafet! Bizi bedi Semen oihal-etxoletan! Kanaan izan bedi Jafeten esklabo!»

Uholdeaz geroz, ehun eta berrogeita hamar urtez bizi izan zen Noe. Orotara bederatziehun eta berrogeita hamar urte bizi izanik, hil zen.

 

POPATIK

Ontzia, uholdea, elkargoa, ortzadarra, belea eta usoaren ostean gertatu da pasadizoa. Itzulpenetan mozorroturik gelditzen dena (ez osotoro hala ere, zeren agerian baitugu, besteak beste, "gibelka joanez, aita biluzia estali zuten" iradokitzaile hori): Noek eta bere hiru semeek, Sem, Jafet eta Kam-ek, egundoko mozkorra harrapatu dute. Oihal-etxolaren barruan biluzi dira. Halako batean, Kam eta Noe bakarrik gelditu eta semeak sodomizatu egin du aita.

Gisako gertaera larri batek baizik ezin azal lezake biharamunean Noek Kamen ondorengoen aurka botako dituen madarikazioen bortizkeria. Aita biluzik ikusi izana eta horren berri kanpoan diren beste bi anaiei jakinarazi izana ez baita aski.

Horra hor hermeneutika modernoak egiaren bila eginiko beste aurrerapauso adoretsu bat.

Nahum M. Sarnak aukera posibletzat jotzen du, halaber, Kamek aita Noe zikiratu izana. Aldiz, ez zaio sinesgarria iruditzen eztabaidatu izan den beste hipotesi bat, hots, Kamek Noeren emaztea biolatu izana. Sarnaren hitzak (aurreko estekak daraman liburuko artikulu honetan daude: "The Anticipatory Use of Information as a Literary Feature of the Genesis Narratives", hirugarren oinoharrean): “Wheter Ham was guilty of castrating his father or of practising sodomy upon him is discussed in Sanh. On the basis of Lev 20:11, S. Gevirtz, “A Father's Curse,” Mosaic 2/3 (1969): 56-61, believes that Ham violated his father's wife. Howewer, what is described in Gen 9:22-23 would be hard to reconcile with such an explanation.”

 

BELTZAK ESKLABO, JAINKOAREN AGINDUZ

Bestalde, Historian, Afrikako beltzen esklabo-izaera zuritzeko erabili izan da pasarte hori, Kamengandik omen baitatoz beltzak (juduak Semengandik bezala, eta europarrak Jafetengandik). Jainkoak berak erabaki zuenez beltzak europarren eta juduen esklabo izatea, esklabismoa borrokatzea Jainkoaren aurkako krimena da. Arrazoibide hori Erdi Aroan agertu zen. Maiz erabili izan da esklabo beltzen komertzioa zuritzeko, eta gailurra jo zuen XIX. mendeko AEBetan. Gaur egun, kristau mormoiek darabilte batik bat, Azken Egunetako Santuen Jesu Kristoren Elizetan. Zain dauzkazu Bilbon, Agirre Lehendakariaren Etorbideko 3an.   

Adimen gomutabakoaren distira eternala

Markos Zapiain 2023/01/19 08:36

1-Zure ustez, ondo amaitzen da filma ala txarto? Zergatik?

2-Zer funtzio betetzen du Clemen ilearen kolore-aldaketak?

3-Zure iritziz, oroitzapenek kokapen zehatz bat dute garunean, filmak iradoki bezala, ala espirituan edo arima materiagabean daude, eta ez leku fisiko batean?

4-Denboragarrenean, zientziari eta teknikari esker, heldu ahalko gara gure oroimen eta oro har arima osoa pen-drive batera jaitsi ahal izatera, garenaren funtsa usb batean garraiatu ahal izatera?

5-Zerk bultzatzen ditu elkarrengana Clem eta Joel, edota Mary Svevo eta Laguna Inc.-eko nagusi Mierzwiak doktorea? Maiteari lotutako oroitzapen guztiak ezabatu arren, maitasun-txingar batek bizirik dirau. Nondik nora? Maitasuna ez dago beti oroimenari lotua, amari, aitari, are karen edo plazentari? 

6-Zerk bultza dezake Mary Svevo bezalako neska gazte lirain bat Mierzwiak doktore zaharraz maitemintzera? Gaztelaniaz “hambre de padre” esaten zaionak, apika?

7-Aditu batzuek uste dute Stanek Mary Svevo ligatu zuela Patrickek Clem bereganatzeko darabilen azpijoko iruzurti berdina baliatuz, alegia, Mierzwiak doktorea ezabatzeko Svevok erakutsi behar izan zituen gauzaki esanguratsuak eta grabazioak erabiliz. Sinesgarria deritzozu?

8-Noren oroitzapenak ezabatuko zenituzke zure burutik? Zergatik? (ez baduzu zure buruaz hitz egin nahi, asmatu kasu interesgarri bat)

9-Merezi du oroitzapen txarrengatik pertsona bati lotutako oroitzapen guztiak ezabatzea, politak barne?

10-Filmean aipatzen den Nietzscheren esaldiak dio soilik pertsona ahazkorrak izan daitezkeela zoriontsuak. Eta filmari izenburua ematen dion Alexander Poperen bertsoak, era berean, oroitzapenik gabeko adimena distira eternal batean bizi dela. Bat zatoz?

11-Esaten da eskarmentua dela jakinduriaren guraso, hanka-sartzeetatik ikasten dugula; eta, ondo ikasiz gero, ez ditugula errepikatuko. Ordea, ahazten baditugu, Joelek eta Clemek bezala urte biko harremana oroimenetik ezabatuz, ez ote ditugu ezinbestez errepikatuko akats horiek behin eta berriro? Ez al da zuhurragoa erroreak buruan presente samar edukitzea?

Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.