Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Etorkinen semearen ongietorria etorkin berriei (eta VII)

Etorkinen semearen ongietorria etorkin berriei (eta VII)

Markos Zapiain 2024/07/09 11:12

Etorkin ekonomikoa bidegabeki da esplotatua, eta batzuetan esplotatzaileak euskal deiturak ditu eta euskal alderdietan militatzen du.

Txillardegi, abertzale sozialista den aldetik, herriaren kontrola langileek esplotatzaileei kentzeko borrokatzen da, botere hori igaro dadin herria eguneroko ahaleginarekin eraikitzen dutenen eskuetara. Hunkiturik adierazten du elkartasuna etorkinen sufrimenduarekin, ezintasunarekin eta borroka antikapitalistarekin.[1]

Mindu egiten du Txillardegi arrazistatzat jotzeak bere jarrera, edo ezker abertzalearena: kalumnia hutsa deritzo. Milaka dira abertzaleen aho bateko txalo-zaparrada eragiten duten etorkinak. Dioenez, ez Txillardegi bera ez jatorri erdalduneko ezein militante abertzale ez da inoiz segregazio txikienaren biktima izan ezkerreko mugimendu politiko abertzaleetan.[2]

Txillardegiren iritziz, gizakiak nahi duen lekuan bizitzeko eskubidea izan behar luke eta edozein diskriminazio da gaitzesgarri. Ongi etorri, Euskal Herria beren aberri eta seme-alabena bihurtzea erabaki duten etorkinei: «Euskalduna da, Euskal Herrian bizi eta lan eginez, gure herria bere egiten duena».[3] Ez du besterik eskatzen. Eta honela zuzentzen zaie etorkin berriei:

«Irain arrazista bat gertatzen zaizuen tokian, jatorriaren araberako segregazio bat salatu behar den lekuan, ziur egon lerro hauek sinatzen dituena, etorkinen semea, zuen alde egongo dela; eta euskal arrazakeria mota guztien aurka borrokatuko da, ahal duen neurrian».[4]

ETORKIN HAIEN BILOBAK

Oilo-azala jarriko ziokeen Txillardegiri Iñigo López Simónen Bilboko etxola batean apartaren amaierak:

«Bilboko etxoletan euskal herritarrak bai, baina euskaldun gutxi ikusten ziren. Euskaraz hitz egin eta euskaraz bizi zirenen kasuak salbuespena ziren. Bilbon euskara galdua zen, desagertze bidean zegoen. Honek are zailago egiten zien kanpotik etorritakoei euskal kultura propio baten existentziaz jabetzea. Prozesu hori pixkanaka-pixkanaka emango da. Uretamendin bazen familia euskaldun bat, etxola barruan euskaraz aritzen zena. Honi esker izan zuten batzuek euskal kulturaren ezagutza. Beste batzuk, ordea, lan egiten hasi zirenean jabetu ziren honetaz, fabriken ugazabak edo neskameenak euskaldunak zirelako. Kultura honen agerpena, askotan, folklorearen bitartez ematen zen, jaiegunetan egon zitezkeen adierazpenei esker, euskal dantzak edo herri kirolak, esaterako. Baina auzokide gehienek berandu izan zuten errealitate honen ezagutza. Gaur egun, baina, etxoletako biztanle askok harro adierazten dute beraien bilobek euskaraz ikasi eta hitz egiten dutela».[5]

 

[1] “Respuesta a la coordinadora de emigrantes”, 32. or.

[2] Ibidem

[3] Ibidem

[4] SUDUPE, Pako, Immigrazioa eta abertzaletasuna, 111. or.

[5] Bilboko etxola batean, 123-124 orr.

joseba gabilondo
joseba gabilondo dio:
2024/07/22 19:00
Kaixo aspaldiko¡ Zorionak serie luze honengatik¡ Zure emaila ez daukat baina zurekin kontaktuan jarri nahiko nuke ;-). Joseba0@outlook.com
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.