Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Francok bultzatutako asfixia demografikoa (III)

Francok bultzatutako asfixia demografikoa (III)

Markos Zapiain 2024/06/30 12:25

Hegoaldean gertatu da batik bat immigrazio ekonomiko masiboa; kontrara, euskaldun joankinak dituzu Iparraldeko migratzaile gehienak. Txillardegi sinetsita zegoen Espainiatik Hego Euskal Herrirako migrazioa ez zuela industriaren eta ekonomiaren joko kapitalista hutsak erabaki; aitzitik, Francok Euskal Herria itotzeko manipulatu zuen. Ez zuen alferrik batez ere Bilbora eta Bartzelonara bideratu migrazioa. Badajozen dagoen Olivenzan portugesa zen hizkuntza nagusia, eta kolono espainolak  ezarririk ito eta ordeztu zuen Francok.

Ohiko jokabidea zuen Francok populazioa artifizialki mugiaraztea eta migrazioarekin esperimentuak egitea. 300 herri eraiki zituen lur-eremu elkorretan, eta 55.000 familia eraman zituen hara —kobazuloetako biztanleak-eta—, etxe-truke, mortua biziberritzeko esperantzaz.

Maiz darabilte diktadoreek jokabide hori beren proiektu uniformizatzaileei oztopo zaizkien herri txikiak desagerrarazteko, hala nola Mussolinik Hego Tirolen, Stalinek Karelian eta Letonian edota maoistek Tibeten eta Mongolian.[1] Iskilu etnozida gisa izan da baliatua migrazio jendetsua. Asfixia demografikoak akabatzen du herri biktima, odola isuri behar izan gabe.[2]

Frantsesen estrategiak Iparraldea euskaldunez hustea lehenetsi du, joatea eta jitea konbinatuz: administrazio erraldoi zeharo frantsesa ezarririk paristar jauntxoei ateak zabaldu, etxebizitzak eta lurra eros eta okupa ditzaten, euskaldunak migratzera behartzeko. Espoliazioak ez du etenik ukan joan den mendetik oraingo 2024. honetara arte, eta ez dirudi gauzak aldatuko direnik: «Hemen beti Euskal Herria petzero! Aberats okituak heldu dituk gure lurrak erostera, eta Inperioaren laguntza osoa ditek».[3] Erdietsi dute gehiago izatea Iparraldean joankinak etorkinak baino. Bestalde, Iparraldeko joankinak edonora joan ahal izan dira lan bila, langileak behar zituen Hego Euskal Herrira izan ezik, zazpiak ez baitira bat.

Hegoaldean gertatu da batik bat immigrazio ekonomiko masiboa. Frankismoak Espainia osoan zabaldu eta errepikatu zuen: «En Vizcaya hay trabajo para todos». Hori bai, “guztientzat” horrek ez zituen barne hartzen espainiarrak baizik, lanaren behar gorrian ziren Iparraldeko haurride euskaldunek Parisa, Berlinera edo Kaliforniara hartu behar baitzuten. Horixe da migrazioa xede politikoen arabera manipulatzea. Hurbiltasunagatik besterik ez bada ere, erraza, naturala eta onuragarria behar zukeen Zuberoaren eta Bizkaiaren arteko harremana zeharo ezinezkoa egiten zuen Espainiaren eta Frantziaren arteko mugaren ezpatak; alegia, elite ekonomiko eta politiko frantses eta espainolen borondateak.[4]



[1] Euskararen aldeko borrokan, 131. eta 153. orr.; “Respuesta a la coordinadora de emigrantes”, 31. or.

[2] Proyecto de manifiesto vasco, 9. or.

[3] BIDEGAIN, Eneko, Bichta éder, Elkar, Donostia, 2023, 284. or.

[4] “El problema de la inmigración”, lehen or. 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.