Etorkinen eskubideak (VI)
Etorkinen eskubideei buruz idazteko orduan, irudimen-ariketa bat dagi Txillardegik: nola jokatu beharko luke euskaltzaleen esku legokeen estatuak etorkinak hartzeko orduan? Botere-gune horretan irudikatzen du Txillardegik bere erabakimena.
Honelaxe laburbildu du Beltzak etorkinen inguruko Txillardegiren jarrera eta planteatu etorkinen eskubideei buruzkoa:
«Etorkinen arazoaz askotan idatzi zuen. Egia esan, oso larria zen eta espainolistekin eztabaidatzeko guztiz zentrala. Langile bezala esplotatuak ziren, eta euskaldunek esplotaturik askotan, baina fenomeno masibo bezala desnazionalizazioaren faktore oso garrantzitsua izan dira. Bi konstatazio horien gainean, Txillardegiren pentsaerak matizatzen du: etorkinen eskubide sozialak errespetatu behar dira, eta deusek ez du justifikatzen esplotazioa; baina eskubide politikoak euskaldunenak dira, eta integratzen diren etorkinek ukanen dituzte; berriz, Euskal Herrian espainol bezala bizi nahi badute eta arrotz izatea aukeratzen badute ez dute eskubide politikorik izanen, pretentsio horrek desnazionalizazioaren jokoa egiten baitu».[1]
Antzeko zentzua dute Txillardegik1983ko elkarrizketa batean Beltzari berari esaniko hitzek: Txillardegik ez du uste etorkinak, beste barik, beren lan-indarra gurean saltze hutsagatik, espainolak ez direnik, Txinara doan euskalduna han lanean hasi eta biharamunean txinatar bilakatzen ez den bezala. Zenbait urtez Euskal Herrian bizi ondoren, euskalduntzea eta integratzea erabakitzen badute, orduan bai: eskubide osoa izango dute hemengo gorabehera politikoetan parte hartzeko. Hamar urteko epea proposatzen du Txillardegik, Europako hainbat estatutan bezala, adibidez gaur egungo Espainian.
Aldiz, iruditzen zaio etorkinak, ez integratzea erabakiz gero, espainiar gisa segitzeko eskubidea duela, baina orduan eskubidea izango du Espainiari buruzko arazoetan parte hartzeko, eta ez Euskal Herriari buruzkoetan.[2] Proposamen horrek emigranteen koordinakunde baten kritika gogorrak erakarri zizkion.[3]
Esan bezala, norberaren identitateari eusteko eskubide indibiduala sakratua iruditzen zaio Txillardegiri, eta errespetatu egin behar dela. Baina, Euskal Herriaren eraikuntzari begira, bere burua marjinatzeko borondatea darakutsa sorlekuari baino fidel ez zaionak. Eta borondatezko marjinazio horri dagokio injerentzia politikorik eza harrera-herriaren gorabeheretan. Txillardegik berak, Belgikan etorkin, uko egin zion belgikar bihurtzeari, eta ez zitzaion burutik pasatu Belgikako politikan parte hartzea, are gutxiago harrera-herria desegiteko proiektuetan.
Txillardegik etorkinei ez die berak egin zuena baino gehiago eskatzen: kontuan hartzeko hemen badela bizirik irauteko zailtasun itzelak dituen herri bat eta euskalduntzeko. Hiritar eskubideak, integratzeko prest dagoenari emango zaizkio. Begirune osoa etxean espainol jarraitu nahi duenari, jakina, baina arerioa izango da espainoltasun hori politikara daramana, euskaldunen borondatea zapaldurik Euskal Herrian Espainia ezartzeko asmoz.