Asimilazionismo patetikoa (VII)
1963koa da immigrazioaren arazoari buruzko Txillardegiren lehenbiziko artikulua. Gaur egun immigrazioa kudeatzeko hiru eredu nagusi aipatzen dira: asimilazionismoa, multikulturalismoa eta interkulturalismoa. XIX. mendetik aurrera erabili zuten asimilazionismoa AEBetan eta Frantzian. Etorkinen diferentzia kulturalak harrera-nazio indartsu bakarraren melting pot delakoan desegitea zuen xede. Multikulturalismoa ez zen XX. mendearen azkeneko hamarraldietara arte erabiltzen hasi, biolentoegitzat jo zelako etorkinen jatorrizko kulturak desagerraraztea —giza eskubideen aurkako erasotzat—, eta aberasgarria izan zitekeelakoan kultura desberdinen arteko elkarbizitza. Kanadan, Australian eta Erresuma Batuan abiatu eta Europako hainbat estatutako doktrina ofiziala da, praktika problematikoagoa den arren. Gainera, azkenaldian atzera egiten ari dira, besteak beste Alemanian, Frantzian eta Erresuma Batuan. Multikulturalismoaren porrota erabatekoa dela aldarrikatu dute Angela Merkelek, Nicolas Sarcozyk eta David Cameronek.[1] Azkenik, XXI. mendekoa da interkulturalismoa. Martha Nussbaum filosofoak eta Joanne Rappaport antropologoak jarri dizkiote oinarri teorikoak, eta Quebeceko politika izan du aitzindari. Interkulturalismoaren zenbait osagai baliatu dituzte Mexikon, Portugalen eta Grezian ere. Multikulturalismoan kultura bakoitza autistikoki bizi zela ikusi zuten, bere baitan bildua, beste kulturekiko harremanak etenik, eta harreman horiek bultzatzen ahaleginduko da interkulturalismoa, indigenen eta etorkinen kulturak konektatzen.
Beraz, asimilazionismoa zuen ezinbestez Txillardegik gogoan immigrazioaz idatzi zuenean, hitzak itsusi samar ematen duen arren gaur egun. Zentzu peioratiboan zerabilen Txillardegik ere ia beti: espainolek eta frantsesek asimilatzen dituzte euskaldunak.[1] Gutxitan aipatzen du “euskaldunen artean integratzea” esanahiarekin, baina egin egiten du noizean behin.[2]
Txillardegiren iritziz, etorkinak integratzea etorkinak euskalduntzea da funtsean. Asimilazionistatzat jo genezake horrenbestez. Hori bai, etorkina asimilatzeko indar zipitzik ere ez duen herri bateko kide, Estatu-gabezia baita euskaldunon ahulezietako bat. Emilio Lopez Adanek idatzi duenez,
«1975an, lehen ikerketa sozio-linguistikoak agertzen hasi zirenean, nahikoa argia ikusi zen integrazio linguistikoa oso mehea zela: etorkinen % 4 inguruk ikasia zuen euskara, besterik ez; berdin inkesta elektoraletan, langile etorkin gehienek alderdi estatalisten alde bozkatzen zuten».[3]
Tamalez, etorkina euskalduntzea ez da lehentasuna ezker abertzalearen adar indartsu baten ustez; beharrezkoa ere ez da. Zer esanik ez, espainiar sozialista eta komunistentzat. Edonola ere, Txillardegik proiektu gisa proposatzen duen asimilazio-moldea askoz ere moderatuagoa eta begirunetsuagoa da Frantziak eta Espainiak errealitatean darabiltena baino.[4]
Euskal Herria eta euskara ezagutzea eskatzen badu ere —espainolek Espainia eta gaztelania eta frantsesek Frantzia eta frantsesa bezala—, euskal erakundeen esku utziko luke etorkina doan euskalduntzeko betebeharra. Etorkinak ez lituzke ikasketa horiek bere poltsikotik ordaindu beharko. Bestalde, ez du etorkina gaizkile potentzial gisa ikusten, eta, Frantziak eta Espainiak ez bezala, ez lizkioke aurrekari penalak behin eta berriro exijituko.
Azkenik, ez lioke soldadutza eginaraziko. Gaur egun, Frantzian zein Espainian, armada da naziotasuna lortzeko bide erabilienetakoa. Txantaje zitala: gure seme-alabak urrutiko gerretara ez, ene jesus, doazela etorkinak. Espainolak izan nahi badute, edo frantsesak, busti daitezela. Lehorra eta euskaran ardaztua litzateke aldiz euskal naziotasuna lortzeko Txillardegiren bidea.
[1] Proyecto de manifiesto vasco, 12, 20 eta 23. orr.
[2] Ibidem, 45. or.
[3] Biolentzia politikoaren memoriak, 125. or.
[4] Ikus, adibidez, El País, 2024ko ekainaren 8a, Álex Vicente kazetariaren elkarrizketa Goncourt saria irabazi berria zuen Jean-Baptiste Andrearekin, “Babelia” gehigarriko 11. orrialdean. Galdera: “El modelo de asimilación en Francia fue violento con los inmigrantes: debían olvidar de dónde venían y qué lengua hablaban para convertirse en franceses.” Erantzuna. “Sí, e incluso con bretones, corsos, vascos y occitanos. La idea de la lengua común no era mala, pero se aplicó de una forma excesiva, y podría haberse impuesto sin erradicar las particularidades y la riqueza cultural de cada uno.” Egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermea behar ditugu.