Nukleotidoa eta fonema; kodoia eta monema
Filosofo gehienek aldarrikatu duten arren hizkuntza eta pentsamendua ez dagozkiola gizakiari baizik, alderantzizkoa erakutsi du kode genetikoaren aurkikuntzak: biziaren oinarrizko estruktura hainbat mailatan gauzatzen eta garatzen da; besteak beste, baina besteak beste baino ez, giza hizkuntzetan eta giza pentsamenduan. Egiturazkoa da kode genetikoaren eta hizkuntza mintzatuaren arteko analogia. DNAren sekuentzien osagaiak izendatzeko “letra” darabilte biologoek. Adenina, Guanina, Zitosina eta Timina dira «alfabeto genetikoaren letrak».[1] Ebaki, kopiatu eta itsatsi egin daitezke DNAren sekuentzia-zatiak, pantailako testuak bezalaxe. Oraingoz iaioagoak gara kopiatzen itsasten baino. Nolanahi ere, aurrerapen ikusgarriak dauzkagu edizio genetikoan.[2]
Estruktura biologikoak, osagai sinpleen konbinazioaren bitartez, izaki bizidunak eratzen ditu: molekulak eta zelulak. Era berean, gizakion gaitasun linguistikoak berez esanahirik ez duten zeinuak konbinatuz esanahiak sortzen ditu. Molekulen arteko komunikazioaren hastapen estrukturalen arabera daude eratuak estruktura linguistikoak.[3]
Elkarren ispilu dira, batetik, informazio genetikoaren transmisioan eta proteinen sintesian parte hartzen duten nukleotidoak eta kodoiak, eta, bestetik, giza komunikaziorako eta adierazpenerako balio duten fonemak eta morfemak. Nukleotidoak dira zentzurik gabeko osagai oinarrizkoenak genetikan, hizkuntzalarien fonemen parekoak, Monodek «letra» deituak; eta nukleotidoak konbinatuz kodoiak sortzen dira, fonemak konbinatuz monemak bezala. Kodoiek, monemen gisara, zentzua dute: aminoazidoak kodetzen dituzte.[4]
Bestalde, Monodek zehazten duenez duenez —eta horrela bestelako alde batetik parekatzen ditu hizkuntzalaritza eta biologia—, giza hizkuntzetako soinuen eta zentzuen arteko harremanak bezain arbitrarioak dira nukleotido kodetzaileen eta aminoazido kodetuen artekoak: balegoke «informazioaren transferentzia beste hitzarmen baten bidez egiteko aukera».[5]
Jacques Monod, bide batez esanda, buruzagi garrantzitsua izan zen nazien aurkako erresistentzian. Naziak Frantziaz jabetu zirelarik, 1940an, Espainiara igaro eta erresistentziako kideekin bat egiten saiatu zen. Baina Francok harrapatu eta nazien esku utzi zuen. Miranda de Ebroko kontzentrazio-esparruan entzerratu zuten. SSek lagunduta sortu zuen Francok 1937an, eta Monod atxiki zuten boladan Paul Winzer Gestapoko kide eta goi-kargu naziak gobernatzen zuen. Wikipediak dakar. Gaztelaniazko Wikipediak dio François Jacob ere Miranda de Ebron atxiki zutela, baina Chat GPTk ziurtatzen du ez dela egia.
[1] MONOD, Jacques, Zoria eta beharrizana, Gaiak, Donostia, 1993, 192. or
[2] MONTOLIU, Lluís, Geneak editatzen. Ebaki, itsatsi eta koloreztatu, ZIO, Bilbo, 2023; bereziki bigarren atala, “Testuak editatzetik geneak editatzera” izenekoa, 57-83 orr., eta bosgarrena, “Zer dakigu gaur egun eta zer ez dugu oraindik kontrolatzen edizio genetikoaz”, 149-205 orr.
[3] LÉVI-STRAUSS, Claude, Nous sommes tous des cannibales, Seuil, Paris, 2013, 257-258 orr.
[4] DOMINICY, Marc, Les deux modèles de la double articulation: du code génétique à la langue humaine, Larousse, Paris, 1978, passim; MONOD, Jacques, Zoria eta beharrizana, 194. or.; eta MONTOLIU, Lluís, Geneak editatzen. Ebaki, itsatsi eta koloreztatu, ZIO, Bilbo, 2023, 72. or.
[5] Zoria eta beharrizana, 118. or.