Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Zentzumenen eragiketa intelektualak

Zentzumenen eragiketa intelektualak

Markos Zapiain 2024/07/24 18:20

Hizkuntzalaritzari buruzkoak ziren Txillardegiren liburutegiko ale gehienak. Hala ere, nahiago zuen, Pascalek bezala, denetarik pixka bat jakin, pixka bati buruz dena jakin baino. Ez zuen panorama orokorra galdu nahi. Matematikak, Biologiak, Antropologiak Historiak, Filosofiak eta Literaturak ere piztu zioten jakin-mina.

Giza kontuetan hizkuntzak duen omnipresentzia hainbat esparrutan mamitzen bada ere, bistan da biologiako agerpenak harritu zuela bereziki Txillardegi. Natur zientzietan, François Jacob eta Jacques Monod frantsesak izan zituen erreferntzia nagusi.

Biologia modernoari ere Kanten kutsua sumatzen zaio: munduari ez diogu bere horretan antzematen. Txillardegiren maisu Claude Lévi-Straussen esanetan, kontzientziara heltzen zaizkigun datuak ez dira gordinak, berehalakoak; aitzitik, zentzumenek eta garunak kodeturik heltzen zaizkigu. Antzera jokatzen dugu testuekin: beste hizkuntzetara itzuli ahal izateko edozein testu deskodetu behar den bezala, zentzumenek eta burmuinak aurretik kodeturikoa deskodetzen eta interpretatzen du ondoren adimenak.

Bestalde, ez dago funtsezko alderik bi eragiketa horien artean: berdintsu dabiltza kodetze-eragiketen oinarri diren prozesu fisiko-kimikoak eta deskodetze-lanean gogamenak darabiltzan prozedura analitikoak. Fenomeno bakar eta beraren hiru adierazpentzat jo zituen Txillardegik ere materia, bizia eta pentsaera.[1] 

Adimenaren bideak eta bitartekoak ez dagozkio bakarrik gorentzat jotzen den jarduera intelektualari; aitzitik, zentzumenen organoetan jadanik abian dauden eragiketa intelektualak erreplikatu egiten ditu adimenak.[2] Garrantzi berezia du “erreplikatu” hitzak Txillardegiren maisu Jacques Monoden Zoria eta beharrizana liburuan eta, oro har, biologia modernoan. Eragiketa jakin bat beste jokaleku batean bikoiztea, errepikatzea eta garatzea esan nahi du. Giza mintzairak eta pentsamenduak erreplikatu egiten dituzte estruktura materialen eta biologikoen jokabideak. Lévi-Straussek azpimarratzen du zentzumenen eta adimenaren jardueren isomorfismo eta erreplika horiek ez direla metaforikoak, errealak baizik: zinez ei datoz bat kode genetikoaren estruktura eta giza hizkuntzetako kodeen azpian datzan estruktura. Hori bai, zentzumenen jarduerak eta kode genetikoaren estruktura baino aberatsagoak dira adimenaren jarduerak eta hizkuntzen estrukturak; hala ere, berdinak dira funtsean.[3] 

Biologia estrukturalak ere —hizkuntzalaritza estrukturalak bezalaxe—,  agerikoaren konplikazioa egitura ikusgaitz sinpleen bitartez azaltzea du helburu. Matrioxkaren eredua darabil François Jacobek estruktura biologikoen erreplikatzea ilustratzeko. Jacobek dioenez, estruktura logikoak daude bizitzak erakusten dituen izaki kontaezinen azpian.

Gero eta sakonagoko geruzetan aurkitzen dugu bizitza ikusgarriaren azpiko arkitektura logiko hori. Ordea, ez dago biziaren arkitektura eta organizazio bakarra; aitzitik, estruktura-serieak daude, bata bestean txertaturik, matrioxkak bezala. Bakoitzaren azpian beste bat ezkutatzen da. Lehenik eta behin, zelulak daude organoen eta funtzioen oinarrian. Zelularen bihotzean gorderik, berriz, kromosomen eta geneen estruktura dugu. Azkenik, azido nukleikoaren molekulak estrukturatzen du organismo oro, eta bere iraupena belaunaldiz belaunaldi.[4]





[1] “Argiago ala ilunago”, in Anaitasuna, Bilbo, 1970-12-15, 3. or.

[2] LÉVI-STRAUSS, Claude, Le regard éloigné, Plon, Paris, 1983, 164. or.

[3] Ibidem

[4] JACOB, François, La logique du vivant, Gallimard, Paris, 1970, 24-25. orr.


Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.