Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Xintximaria eta txiroa (IV)

Xintximaria eta txiroa (IV)

Markos Zapiain 2024/06/30 12:32

Etorkinak oro badira ere erdaldunak, Txillardegik bereizten ditu, batetik, Iparraldeko lurra eta etxeak herri xeheari kentzera datozen jauntxo paristarrak edota frankismoaren manporrero eta aprobetxategiak; eta, bestetik, etorkin ekonomikoak.[1] Etsai zuzenak dira lehenbizikoak, nahiz eta hemen kolonizatu kikil konplexuz beteak garen eskuarki, eta irribarre otzanez hartzen ditugun inperialisten harropuzkeriak, batez ere aberatsak badira.

Normalean, migrari ekonomikoak nolabaiteko fideltasuna gordetzen dio sorterriari, baina aldi berean herri berrian egokitzen saiatzen da. Nolanahi ere, ez da sorlekutik dakarrena herri berrian inposatzen ahaleginduko, haize frankistak bultzatuta zetorren inperialista aho-handia ez bezala. Txillardegik begirune osoa eskatzen zuen etxean sorterri espainolari fideltasuna gorde nahi dion etorkinarentzat; aldiz, etsaitzat zuen errepresio frankista baliaturik Euskal Herria are gehiago deseuskalduntzen saiatzen zena.[2]

Etorkin askok ez baitzuten proletariotik deus. Milaka aurpegi zituzten: administrazioa, unibertsitatea eta hedabideak kontrolatzera zetozen burokratak, Francok Irunen etxea oparitu zien falangistak, azken urteak pasatzera etorritako aberatsak, negozioak egitera zetozen burgesak, poliziak, aduanetako jauntxoak…. Etorkinen eskuetan zeuden gobernu zibil eta militarrak ere, korrejidoreen garaitik.[3]

Horiek ezin dira berdindu miseriatik ihesi Bizkaiko meategietan lanera zetozenekin. Esan bezala, propaganda frankistak aldarrikatzen zuen Bizkaian bazela etorkin guztientzako lana, baina etxerik ez zegoela ezkutatzen zuen, edo garestiegiak zirela, eta beren eskuz eraiki behar izan zituzten milaka eta milaka etorkinek bizileku izango zituzten etxolak, obretako hondakinekin. Mendi-magaletako txabola haietan ez zen ez urik, ez argindarrik, ez komunik. Ur bila joateko, emakumeek hiru ordu laurden eta bi ordu bitartean behar zituzten. Oinutsik bidali behar izaten zituzten umeak eskolara. Txillardegik ikasketak Bilbon egin bitartean gela alokatu zuen Indautxuko Partikular kalean; emakume etorkinen prostituzioa zegoen bere etxean bertan.[4] 1961ean, erbestera hartu behar izan zuenean, 26.000 etorkin inguru bizi ziren etxoletan Bilbon bakarrik.[5]

Sistemaren biktima anonimoak dira emigrante ekonomikoak, eta, Txillardegik aditzera ematen duenez, psikopata bihozgabeak baino ezin du beste alde batera begiratu eta etorkin horien alde ez jarri.[6] Etorkin behartsuen tragedia konkretuak zehazkiago ezagutzea aldarrikatzen du. Oso aintzat hartuko zukeen Iñigo López Simónen Bilboko etxola batean. Euskal literaturan, ez Txillardegik baizik eta haren adiskide Gabriel Aresti bilbotarrak jorratu zuen sakonki etorkinen patu hitsa Otxarkoagan, Uretamendin zein Ollarganen. Egunero zituen bistan, Txillardegi erbestean zen bitartean, Belgikan etorkin.

Baldintzarik gabe eta sentimenduz babesten ditu Txillardegik miseriatik ihesi miseriara amildutako horiek. Gose denari ezin zaio txapa sartu lehenbailehen ikas ditzan aditz trinkoaren misterio zoragarriak. Badira lehentasunak. Begirunez eta tentuz euskaldundu behar da etorkin ekonomikoa; are, euskaldundu nahi ez izateko eskubidea ere errespetatu behar zaio. Hori bai, etorkinen eskubideak bezala behar dira euskaldunenak ere errespetatu.[7] Euskaldunen eskubide linguistikoak oroitarazteko eta aldezteko orduan erakutsitako irmotasun eta koherentzia horrek erakarri zizkion Txillardegiri “sasi-abertzale” eta “sozial-inperialista” deitzen zienen irainak eta bazterketa.



[1] Ibidem

[2] “Respuesta a la coordinadora de inmigrantes”, 32. or.

[3] Proyecto de manifiesto vasco, 18. or.  

[4] Hitza hitz, 74. or.

[5] LÓPEZ SIMÓN, Iñigo, Bilboko etxola batean, Elkar, Donostia, 2021, 81. or.  

[6] “Respuesta a la coordinadora de emigrantes”,  31. or.

[7] Proyecto de manifiesto vasco, 40. or.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.