Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Arduradun politikoen errua (V)

Arduradun politikoen errua (V)

Markos Zapiain 2024/07/01 14:45

Emilio López Adán “Beltza”k nabarmendu duenez, Txillardegirentzat, euskarari begira, Hegoaldean, arazo gordinenetako bat zen etorkinen espainiartasun naturala, eta alderdi ezkertiarrek naturaltasun hori legitimatzea:  

«Fenomeno masibo hori guztiz galgarria da Txillardegirentzat. Bi aspektu azpimarratzen ditu. Hasteko, gobernu espainolaren borondate esplizitua Euskal Herria erdalduntzeko; bigarrena, emigranteen espainoltasun naturala, naturaltasun horrek antiabertzale bilakatzen baitu multzo horren existentzia objektibo bera. Nekez borroka daiteke naturaltasunaren aurka, batez ere gobernuak eta ezkertiarrek legitimatzen badute».[1]

1965ean, Txillardegi erbestean zela, sozial-inperialisten esku gelditutako ETAko zuzendaritzak aldarrikatu zuen euskaldunena zela etorkinek nazio-askapenerako borrokarekin bat ez egitearen kulpa. Antiguarrarentzat, berriz, «Estatu zapaltzaileena da errua, estatu atzerritar eta kolonialista horietako klase nagusien ideiak sarrarazten baitizkiete etorkinei».[2] Etorkinak ez du gertatzen denaren errua. Baina espainolistek —jakobino ezkertiarrak barne— erabili egiten dituzte, euskaldunen bidezko nahien aurka.

Frankismoa eta jauntxo eta oligarka euskaldunak —euskara traizionatzen aurrenekoak— jo zituen Txillardegik etorkinen manipulazioaren errudun nagusi. Erregimen faxistak Euskal Herria itotzeko iskiluetako bat ikusi zuen etorkinengan, eta euskal burgesiak, berriz, gainbalio-ekoizle koitadu mordoa, erruki barik ustiatu beharrekoa. Immigrazioari etekina Espainiako burgesiaren adierazpen norteñoak ateratzen dio, ez noski herri xeheak.[3] Hori ez da Euskal Herriaren bereizgarria: aberatsen fortuna emendatzeko balio du mundu osoan migrazioak; aldi berean, harrera-herriko txiroen lehiakide bilakatzen dira etorkinak.[4]

Sozial-inperialistekin polemikan, Txillardegik adierazten du euskalduna berdin burgesa ekuazioa bezain zentzugabea dela etorkina berdin proletarioa ekuazio simetrikoa. Euskaldun gehienak burgesiak esplotatzen ditu. Eta euskaldunak oro burgesak direla dioen aurreiritzia faltsua den bezala, ez da egia etorkin guztiak herrien autodeterminazioa onartzen duten internazionalista apalak direnik.[5]

Espainiar etorkin txiroek batzuetan Euskal Herria existituko ez balitz bezala jokatzen badute, haien konfiantzaz jabetu diren alderdiek dute Txillardegiren iritziz erruaren zati handi bat: Espainiako alderdi ezkertiarrek. Eskuindarrengandik jaso zuten konplexurik gabeko antieuskalduntasun oldarkorra. Alderdi horiek etorkinei ezkutatu diete hemen badela ez Espainia ez Frantzia ez den herri bat, militarki garaitua eta okupatua, kultur adierazpide orotan ukatua eta espoliatua, bizirik irauteko sekulako arazoak dauzkana. Aldiz, sendatu beharreko hemorroide gisa saldu diete: euskalduna aberatsa eta supremazista da jaiotzez, eta euskara, ostera, burgesa berez. Euskararen eta euskaldunaren existentziak berak jokoa egiten ei dio kapitalismoari, oztopo baitzaio klase borrokari. Manipulazio hori indartzen duen egitateari Beltzak antzeman dio ongi: Hegoaldeko langile-klasearen esparru naturala Espainia da.[6] Ez da harrigarria Txillardegik hurbilago sentitzea Nietzsche Marx baino: klasea baino oinarrizkoagoa zaio herria, eta arrazoia eta ekonomia baino indartsuagoa erraia. Heldu dela Freud ere geureganatzeko ordua aldarrikatzen du Txillardegik.[7]

Independentziaren aurkakoak ez dira Frantziaren eta Espainiaren independentziaren aurka izaten. Are, Frantziako ezkerrak bezala, Espainiakoak ere nekez onartu izan du autodeterminazio-eskubidea; gehienez ere, berba hutsetan, eta planetako beste muturreko herriei aplikaturik. Historia zaharra zein berria aztertuta, eta gaur egungo buruzagien adierazpenak kontuan izanda, zaila da sinestea Espainiako edo Frantziako ezkerrik demokratikoenak ere eragozpenik gabe onartuko lukeenik Euskal Herriaren independentzia, berme demokratiko guztiak beteko lituzkeen erreferendum batean hala erabakita ere.

 



[1] “Txillardegiren pentsaera politikoa”, 81. or.

[2] SUDUPE, Pako, Immigrazioa eta abertzaletasuna, 92. or.

[3] Proyecto de manifiesto vasco, 6-7 orr.

[4] De HAAS, Hein, Los mitos de la inmigración, Planeta, Bartzelona, 2004, 14. mitoa: "Immigrazioa guztiontzat da onuragarria".

[5] Proyecto de manifiesto vasco, 18. or.; “Respuesta a la coordinadora de emigrantes”, 31. or. 

[6] “Txillardegiren pentsaera politikoa”, 75. or.

[7] Proyecto de manifiesto vasco, 18. eta 45. orr.  

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.