Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Arrazakeria (II)

Arrazakeria (II)

Markos Zapiain 2024/06/30 12:15

Arrazakeriaren eta xenofobiaren aurka zegoen Txillardegi, arrazakeria linguistikoa barne, kontrakoa saldu nahi izan diguten arren behin eta berriz. Hori bai, berdin zituen haurridetzat etorkin ekonomiko magrebtarra, errumaniarra, espainola, Saharaz hegoaldekoa edo txinatarra; erdalduna eta euskalduna baitzitzaion funtsezko bereizketa. Bestalde, Txillardegik ez zuen uste euskalduna gehiago denik espainola edo frantsesa baino, ezta euskara gaztelaniaren edo frantsesaren gainetik dagoenik ere. Baina garbi zeukan euskalduna ez dela ez espainola ez frantsesa, eta Euskal Herria ez dela ez Espainiaren ez Frantziaren zati. Eta Espainiak eta Frantziak kolonizatuta daukatela Euskal Herria.[1]

Beltzaren oroitzapena: 1970ko urteetan, Bruselan, Txillardegi tratatzeko aukera izan zuen: «Gizon aparta zen, sentsibilitate pertsonal eta politiko handikoa, egundoko kultura eta jendetasunaren jabe».[2] Inoiz ETAren buruzagitzan ibiliriko Federiko Krutwig, Txillardegi eta Beltza bera elkartu eta «arrazismoa zela eta ez zela, behin Halleko borta ondoan Krutwigek (hark zeukan mihi zaluena) esan zigun: “Alvarez, Lopez eta Krutwig:… arrazista banda ederra osatzen diagu!”».[3]

Migrazioari loturik, arrazakeriaren bi adierazpen salatu zituen Txillardegik: batetik, zintzoak eta solidarioak dira euskaldun guztiak, poro orotarik darie noblezia; bestetik, etorkinak berez dira internazionalista koherenteak, Euskal Herria errespetatzen dute eta euskaldunen arazoak ulertzeko borondatea dute.

Errealitatea ikustea eragozten dute halako zozokeriek. Bizirik irautea dagoenean jokoan, gainbehera iraultzea xede, egoera erreala modu ahal bezain zehatzean diagnostikatzeak eta neurri eraginkorrak asmatu nahi izateak ez du zerikusirik arrazakeria linguistikoarekin; hots, hizkuntzen artean hierarkia esentzialistak ezartzearekin. Eta Espainiatik zetorren immigrazio jendetsua kontuan hartu beharreko faktore garrantzitsua zen. Datuetatik abiatuta atera behar dira ondorioak eta pentsatu politikak. Deus gertatuko ez balitz bezala jokatzea ez da konponbidea. 

Eta, Txillardegiren esanetan,

«nazioa zapaldua eta desagertzeko bidean dagoenean, immigrazio atzerritarra, objektiboki, nazioaren aurkako pisu kulturala da, estatu zapaltzailearen zeinu berekoa baita. […] Datu objektiboa da immigrazio masibo bat objektiboki faktore alienatzailea dela herri bat beste batek menderatzen duenean».[4] 

Txillardegik arazoaz idatzi zuen garaian, ez ziren ehunka gutxi batzuk izan Euskal Herriratu ziren etorkinak. Itzela izan zen Espainiatik Hego Euskal Herrirako immigrazioa: datu ofizialen arabera, 366.240 etorri ziren 1950 eta 1970 bitartean.[5] Horrela, Txillardegiren ustez ez da zuzena etorkinen eragin linguistikoaren arazoa modu indibidual humanitarioan planteatzea. Erantzun globala behar zaio eman. Immigrazioa integratu eta euskaldundu behar da.[6] Txillardegik uste du hizkuntza kontuetan epel jokatuz gero, tolerante, liberal, mintza bedi bakoitza gura duen legez, euskara berehala joango dela pikutara. Erabaki zorrotzak hartu behar dira, arau eraginkorrak asmatu eta betearazi.[7] Serioski egin behar zaio aurre arazoari, gure herriaren neurri bertsuko beste zenbait herritan egin den legez.

 

 



[1] “Txillardegiren pentsaera politikoa”, in Jakin, Donostia, 1986, 70. or.

[2] Biolentzia politikoaren memoriak, Maiatz, Baiona, 2014, 68. or.

[3] Ibidem

[3] SUDUPE, Pako, Immigrazioa eta abertzaletasuna, UEU-EHU, Bilbo, 2024, 92. or.

[4] Proyecto de manifiesto vasco, 9. or.

[5] Ibidem, 1973, 18. or.  

[6] Ibidem

[7] USAKO (Txillardegiren beste ezizen bat), “El problema de la inmigración en Euzkadi”, in Zutik!, Boletín informativo de ETA, 1963, lehen or.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.