Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Garagoittiko Orakulua

egunon Bizkaia

orakulua 2004/09/28 21:02

Ondarroa, Kafe Marina, 2004ko Irailak 24ko goizeko 07.23etan.

(G)arraio publikuetan ibiltziak hori jaukak: denporia, transiziño denporia daukak bisa heltzen danetik hurrengo hitzordurarte. Kasu honetan busak 7.00etan laga nau eta 8.00etan biharrera sartzen naizenez, ordubete jaukat lasai ederrian armosatu eta periodikua irakortzeko... periodikorik izango baneu. Orain esplikatuko juat zergaittik ez.

"Berriz etorriko zera, Ondarruko kaiera...." Argoitia anai arreba lokalen kantua Bizkaia Irratittik bajubaju entzutzen dan honetan, Kafe Marinan oraindiok ez dittuk heldu Gara eta Berria. Kontizu, panfleto terroristak danak tren berdiñian jatozak, Auschwitzera zuzenian zoien harek trenok moruan. Beste periodiko guztiak bai, harek ba jagozak.

  1. 00etatik 7.20ak arte momentu limbiko xarmangarrixa gertatzen dok leku honetan. 6-7 bezero egoten dira hamen, beti bardiñak eta beti gauza bardiñak egitten. Noski, El Diario Español eta Deia okupatuta egoten dittuk beti, eta nik erosiko ez dittudanez... ba hor egoten nauk, jentiari begira.

Ez pentsatu giro oso atsegiña danik, estrainekotz datorren batendako behintzat. Isiltasuna sepulkrala da (radixuarena ez da soinua, urriñeko berbarua baino), taberneriak begiratu barik etaratzen jok eskatu ez duana (aurreko egunetik gogoratzen dalako; hau ez jata bape gustatzen ¿gaur ezin juat beste gauza bat nahi ala? baina grazixia egitten jeztak eta ez juat ezer esaten, liturgixa xelebre hau ez apurtzeko). Eta gainera, periodikorik ez irakortzeko.

Halaxe da ta: ordu horretako limbo hori hogei bat minutu irauten jittuk. Tartian, 3 minututeik behin jentia sartzen dok periodikua erostera (Kafe marina kioskua dok bebai) eta beti pertsona bardiñak dittuk, periodiko bardiñak erosten noski. Oin: momentu horretatik aurrera 30 segundutik behin hasten dok jentia sartzen, berbaruaren bolumena hazten hasten da eta batzuk zarataka, eta bolumen normalian berbetan, eta... ondarrutar tipikua esnatzen dalarik eguardiko girua nagusitzen da. Eta orain, 7.40ak dirala tabernan sartu naizeneko giro hartatik ez da apurrik geratzen; Argoitiatarren diskua akaso, baina bolumena ondo jasota bestela hamen dagoan durundixakin ez zuan ezer adittuko.

¡Egunon Bizkaia! Eguna hasi da.

Ezusteko bat

orakulua 2004/09/28 21:02

Aholku eske nator... Ni ez naiz nabigatzaillia, lihorrekua baino. Esan gura dot batez be offline ibiltzen naizela. E-mailuak idazten joan egunian zihar, edo egunetan zihar (bidai baten banago adibidez, igual ezin dot portatilla sarera konektatu), eta akumulatzen joaten naiz bandeja de salidan. Gero momentu baten konektatzen naiz eta dana bialdu eta dana jaso egitten dot, hala, harrapaladan. Diru arazo bat da azken finean, telefono hari normalez konektatzen naizelako, lineia okupatuta, eta minutuka ordainduta. Eta gainera ze kristo, nahikua ordu pasatzen dittudaz ordenadorien aurrian, eta ez dot nahi inundik inora nabegatzen denpora gehixago pasatu. Blogaren asuntuakin baina, ezusteko bat gertatzen jata: jentia bitakora kahiereko orakuladak irakorri, eta... erantzuten dihardu. Mendigreen, Pelipe, Sarri... eta orain Patxi argazkilarixak (bikaina eh? eta idazle moduan be makala ez) pilo bat erantzun enpatiko lagatzen dabiz hortik zihar, eta nik online nagoala bakarrik irakorri eta erantzun neikenez... ba ezin dot jarraittu barriketia. Besuak jasota, abots indartsuz Arrateko Amari zuzentzen naiz zerura begira: "Oi! Gure zaindaririk onena! Ez ete dago formarik mezu zaparrada hori etxetik offline zeozelan gobernatzeko?".

Bizitziaren zentzu "luddikoa".

orakulua 2004/09/23 16:10

Egun hauetan lan kontuengaittik alokatutako furgoneta batekin ibilli nauk hara eta hona, nahikua "alokatuta" ni be. Eta sentsaziño zaharrak dastatu jittuadaz, atsegiñak eta desatsegiñak denpora berian. Bilboko supermerkatuetan, errepide zoruetan, estreñidu arpegiko jente artian, apal artian mobitzen diharduan txindurri marabuntan. Eta itto egin nauk, hitzorduetara heldu ez, kafeak hartu eta hartu eta neke jasaneziñari gaiña hartu, kamiñu baztarrera ez jausteko... desatsegiña beraz, baina irribarre batez hartu dotena ("¿holan bizi nintzuan ni lehen? Enneeeee... ¡hau ez dok bizitzia barren!"). Egun guztian orain egiten dittudazenak baino 4 edo 5 bidar gauza gehixago egitten nittuan, bai, baina... ¿zer irabazi?

Orain ez dok inork erabiltzen argumentu hori, baina sasoi baten, desarrollismoko errelijiñua nagusittu aurretik, hauxe izaten zuan eszeptikuei konbentzitzeko argumentua: "¡denpora gitxiagotan egingo dozuz gauza bardiñak, eta beraz ez zara hainbeste nekatuko!". Eta gainera holgetan ibiltzeko denporia irabazi. Baina danok dakusagu zertan geratzen dan hori, bizitza errealean. Lehen egun batian egiten hebazenak egun erdixan egitten badittuk, ez haiz ez arratsaldian holgetan egongo: bixar egitteko henkazenak egingo dittuk; eta bixar etzikuak eta etzidamukuak, eta etzi... halako batian hilzorixan topatuko haiz eta "¿zertarako irabazi juat hainbeste denpora? bizitza guztixan arnasia hartzeko denporarik be ez juat hartu barren!".

Bai, etxeko andriak eta basarrittarrak ba jakixek: beti jagok zeregiña. Ez dok merezi beraz ezin jasateko erritmo baten aritziak, kollara batekin itsasua hustu nahixan ibiltzia moruan dok eta. Kanpotik begira dagoen batendako bardiña izan arren, ikuspuntu edo jarkeran egon lajeikek kakua: inuzente baten helburua itsasua legortzia izango dok, baina jakittun batena hartutako ur kollarakadak disfrutatzia.

Esango dezta inork: "Esaten duana ba jakixat nik. ¡Beti habil tehenta bardiñakaz!". Bai, baina beti akats bardiñak errepikatzen diralako.

Dana dala, gogoeta hauek neskalagunarekin konpartitzen nenbillela, berak: "Bai, baina kotxerik ez baneu izango, zu ta ni aspaldi bukatuta izango genduan harremana". Isilik geratu nintzan minuto batzu, eta... "Hori be egixa da ba".

a-mezetan

orakulua 2004/09/18 01:34

Entzun izan juat zelan abade kristauak egunero egitten daben mezia, nahiz eta bakarrik egon. Atzo pentsatzen nenguala, nik gauza bardiña egitten juat chikung egiten dotenian. Desiatzen egoten nauk eguneko azken momentu atsegin hori etortzeko, eta plazer haundixa da neretako nere errutina hori interferentzixa barik gauzatu ahal izaten dotenian: afaldu eta ordubete itxain gauza lasaixetan (idatzi, garbittu, musikia jo, josi...); 20 minutuan nere ariketatxuak egin; ohian sartu, apur bat irakorri eta lo. Nere buruarekin topatzen nauk momentu hoietan, eta gero eta pena gehixago sentitzen juat bere burua amesetan baino ikusten ez daben jente pillo horrekiko. Neretako jatekua besain garrantzitsua dok orain. Ezingo nintzake bizi hori barik, gaur egunian. Eta ez engantxatuta nagolako, baizik eta "ondo egotia" zer dan ezagutu eta gero "besterik" ez dozulako nahi.

Hala da bai, nik neure bidian najabilk (txinatarren tradiziñotik hartutako osasunbide horrekin) baina beste moduak egon leikez antzerako gauzak lortzeko. Adibidez, Ekialde Hurbilletik etorrittako erritual judu-kristauak. Batek daki zer egitten juen aintziñako euskaldunak sinismen hauek heldu baino lehenago; egingo juen zeozer, erregular!

night prawler egunotan

orakulua 2004/09/17 07:45

Ondarroa, Kafe Marina, 2004ko Irailaren 16ko 7.00etan.

Kabanaren modura, "nahiago gaüeko lana". Aspaldi ez najuan bizi goizeko 5.30etan jaiki eta gabiaren erdixan zereginetan aritzia. Neurez kostatu egiten jatan arren (ondo kostatu horraittiokan!) goixago jaikitzia, lortzen dotenian plazer haundi haundixa dok neretako. Kalian nere pausuak baino ez entzutzia (klop... klop... klop....), beste gabeko bihargiñekin topatzia (basureruak, gabeko errelebodunak...), gabe izugarrixa juan eta egunsentixa nagusitzen daneko momentuaren lekukua izatia.... Ez nauk euforiko ibiltzen, bai ordia atsegin sentsaziño paketsu batekin; kanpoko hotzak kolkotik behera haginka egitten deztan arren, oheko epela jaukat barruan oraindiok.

Urtiak dittuk halan ez nintzana ibiltzen. Erregalu ederra izan dok, ustekabekua, halabiharrez (kotxerik ez eukitziaren gauzak) Ondarrura biharrera heltzeko ez jaukat eta 6.30etako autobusa hartzia baino besterik. Goguan jaukat noiz bizi izan doten halakorik: 1995 aldian Eibarren zihar kartelak pegatzen (fisioterapia a domicilio, gazte asanblada, bakunizate contra los ejercitos...). Orduan beste faktore estimulante bat jeguan: zipayuak atzetik ibiltzen jatazen batzutan. Travesia San Agustinen ni kartela pegatzen; eurak Maria Angelatik pasatu eta ni ikusi; nik pentsatu: "hauek Ambulatorixo aldian bueltia emon eta Bidebarrixetan behera etorriko dittuk nere billa"; kartela pegatzen bukatu eta ba najoiak Jardiñetara; Musataixan gora desagertzen nagola, hantxe ikusten jittuadaz zipaiuak Travesia San Agustinen sartzen... Sekulan ez ninduen harrapatu.

Hormasprayko

orakulua 2004/09/06 22:46

70ko hamarkadako komiki sorta bat ba zegoan titulo honekin, uste dot Antton Olariaga tartean zegoala. Pintadak egittia, grisak atzetik izatia, mezu paradioxikoak... harek ziran "Hormasprayko" komikien kakua, eta oso oroimen ona daukat nere ume buruan izan zeban eraginarekin.

Pintadak biltzen hastiaren arrazoia, traumatikua izan zan. Ba zeguazen mural pare bat asko gustatzen jatazenak, eta halako baten, egun batetik bestera, desagertu egin ziran udal rodillopian. Hauek ziran, eta orraittiokan, seguru nago bateron batek izango dabela argazkiren bat (abisatzeko mesedez!):

  • Institutoko frontoian, 1986 aldera, pintada antinuklear izugarri bat (esanguraz eta tamainuaz). Manifa bat bide batetik zihar, eta errepidiaren ertzian leza bat, leza hortik gora eskeleto kolmillodun pillo bat urtetzen dabizela, fantasmen korputzekin.
  • Ardantzako apeaderoko horman, Mekolara igotzeko eskillaren onduan, beste pintada antinuklear bat, diabru bat: azal baltza, ule eta adar anaranjauak, aker itxuria.

Peniaren penaz, herriko beste pintada eder batzuekin halakorik ez gertatzea izan zan nere helburua, euren sena pelikula fotografikuan gitxienez gordeaz. Denporiarekin asko eta asko bildu dittudaz, EHn eta kanpuan, eta hamen dakazuez adibide batzu.

Kontuan hartu egizue argazkia etaratako fetxia dala nik ipintzen dotena, baina pintadia bera askoz be lehenagokua da normalian (20, 30 urte kaso batzutan).

Hamen dozue adibidez, 1995 urtean Amañako itturrixaren inguruan harrapatutako pintada bat

Eta hurrengo hau, San Juan kaletik Mekolara doiazen eskillaren onduan zeguana, 1995an bebai

Hurrengoa aurrekuaren onduan zeguan urte berian, euskeria bultzatzeko Bateginik kanpainiaren barruan dragoi haundi bi agertzen ziran herri izenez beteta

Datozen argazki bixak Ondarrutarren izaeriaren adierazgarrixak doguz. 2002 urterarte Ondarruko "Maskulo Etxian" guardia zibillen kuartela egon zan, eta euren jarreria bereziki gogorra izan zan beti. Erreferentzia modura, jakin egizue "Itziarren Semea" kantuak daukazen Telesforo Monzonen berbak Ondarruko Maskulo Etxeko gertakarixetan oinarritutakuak dirazela.

Lehenengo argazkixan, kuartelaren atarittik 50 bat metrora egindako pintada bat da

Eta bigarrenian, atarixaren aurrian, errepidiaren asfaltuan eginda dago, metralletadunen pare bat metrotara

Ondarruko kantxopian egon zan bebai nere bildumako pintadarik kuttunenetako bat. Naif itxura, kolore bizixak, umoria... umien logika aplastantiarekin

Iruña inguruko euskaldunak gero eta ghetto estuago baten sentidu, eta modu grafiko honetaz azaldu zeben euren bizimodua

Datorren pintada honen edertasuna bere edadia besain harrigarrixa da. 80ko hamarkada hasieratik hor dago, Berrizko tren geltokixaren inguruan, urtiak juan urtiak etorri... hormetako kontzientzia mutuaren adierazgarri

Eta hurrengoa, preso politikuen gaixak emon daben pintada ugarixen erakusgarri ederrenetarikua, Pasaixan hartuta berau

Mezu sentsuala

orakulua 2004/08/31 23:26

Adarrak ipini, ez ipini; bikotian exklusibitatia gorde ala ez gorde: hori zaintziari buruz aritzen gaittuk fidelitatia aittatzian. Bikote baten biziraupena beste inorekin ez maitemintzian kokatu izan dok. Danok jakixagu mundua oso haundixa dala, eta beti egon leikiala bateron bat gure bikotekidia baino gehixago gustatzen jakuana. Horren berme modura, "inorekin koiturik ez egittia"ren baldintzia jartzen da. Honan, ilusiño lasaigarri bat izaten juagu: nere bikotekidia nerekin baino ez bajok narrutan egitten, beste iñorekin ez dok sekula maitteminduko.

Gure bikotekidiaz kanpo beste pertsonekin izan geinkez harreman erotikorik (harreman erotikuak izan leikez begiradak, eskutik heltzeko formak, komentarixuak... ) koitotik aparte. Azken hau erotismoaren gradu gorena legez hartzen dok sarrittan, era okerrian. Baina narrutan egittia ez dok maitemintzeko daukagun bide bakarra; izan be, normalagua izaten dok maittemiña egunero ikusten duan jentiarekiko sortzia (autobusian berbetan, kaletik pasiuan, lantokixan...) parranda gabe bateko rollo batekiko baino.

Beraz, harreman erotikuei, dauken garrantzixa baino gehixago ez emotia komeniko litzake. Egunero daukaguz harreman erotikuak gure inguruan, eta ez da lurrikararik gertatzen. Harreman erotiko hauek sexualak izan leikez, eta ez gentzeke garrantzi berezirik emon biharko; ogittara juatian dendako morrosko ederrarekin berbetan geratzia baino gehixago ez behintzat.

Amandria

orakulua 2004/08/31 04:03

Data: 2000ko Uztailaren 18xa. Mezu trukaketiaren gaixa: AMANDRIA berbiaren erabilleria. "Eibartarrak" E-groups'en zerrendan Oier Gk galdetzen dau: Áver, hamen mister curiosidades: ¿Ámandria = amama? ¿Zein kasutan erabiltzen da bata ta zein kasutan bestea? ¿"Adin piramidean", nun dago etena? Hau da, ¿gaur egunean ze edadetako jendeak erabiltzen dau "ámandria" berbia? ¿"Aitagizona" ekibalenterik ba dago, ala bakarrik emakumezkoetan erabiltzen da? (Amatiño) -- Egia esan nik neuk ez dakit. Dakidan bakarra zera da: nere lehengusiña, Maritxu Villabella (90 urte urrean), Luis Ormaetxea (gudari-komandantea) zanaren alarguna, eibartarra eta gerra ostetik Buenos Airesen bizi dana, "amandria" da gaurregun bere Argentinako bilobentzat. Eibarren bizi izan balitz, ostera, seguru asko "amama" esango letsakie. Beraz, memoria apurren bat galdu dogu, atzerrian fosilizatua edo iraun izan dauana. (Eneko Astigarraga) hummmmm, .... iaz gure etxian 94 urtekin hil zenari ámandria esaten gentzaun, gaztiauak bebai. (Eibarkoa, Gorosta bailekua, Altzubarrenekoa,...) (Luistxo Fernandez)

oier gorosabel(e)k idatzi du: > Áver, hamen mister curiosidades: > ¿Ámandria = amama?

Elgetan bai, baina modu formal baten-edo. Loibatxuak bere amandriari amama han be.

> ¿"Aitagizona" ekibalenterik ba dago, ala bakarrik emakumezkoetan > erabiltzen da?

Aittajauna. Pare-parekua. Leku batzuetan amandre/aitajuan amapuntako eta aittapuntako esateko erabiltzen dira. FF Coppolaren The Godfather/El Padrino euskeraz Aitajauna euskaratu zeban ETBk, aukera txukuna eginez esango neuke nik.

(Elena Laka) Nire semearen Bergarako aittitak (64) aittajauna esaten dio bere buruari eta amandria bere andreari. Bokatiboan ostera, aittita eta amama esaten erakutsi detse ilobei (Asier Sarasua) Aranberrik: > -- Egia esan nik neuk ez dakit. Dakidan bakarra zera da: nere lehengusiña, Maritxu Villabella (90 urte urrean), Luis Ormaetxea (gudari-komandantea) > zanaren alarguna, eibartarra eta gerra ostetik Buenos Airesen bizi dana, "amandria" da gaurregun bere Argentinako bilobentzat. Eibarren bizi izan balitz, ostera, seguru asko "amama" esango letsakie. Beraz, memoria apurren bat galdu dogu, atzerrian fosilizatua edo iraun izan dauana.

Nik be uste dot horixe dala kontua. Gure herriko zaharrenentzat sinonimuak dira amandria eta amama; gazte gehixenok, berriz, amama bakarrik erabiltzen dogu. Toribion lexikoian be pare-parekuak dira hórrek bixok. Koldo Zuazoren liburuan (Deba Ibarreko Euskeria) be sinonimuak dira eta Deba Ibarreko ezaugarrixen artian sartzen dau berba hori, beste ibar batzuetan erabiltzen ez dana. Halan da be, Deba Barrenian (Mutriku-Deba-Mendaro-Mutriku) ez dala erabiltzen eta beste herrixetan lekua galtzen diharduala diño.

Aittajaunan kasua ez da hain argixa. Zuazok Deba Goeinako (Bergaratik gorako) ezaugarrixen artian sartu dau. Plaentxian be erabiltzen dala, baiña ez Eibarren eta Ermuan.

Pasion hittana

orakulua 2004/08/26 12:49

Serafin Basauri jaun agurgarrixak blog honetako hizkeriari buruzko kritika konstruktibo bat egin dezta, eta interesgarrixa danez hamen erreproduzitzen dot. ¡Irakorleren bat badago, ez deixala nere hizkuntza eredua hartu! Ikasle bat besterik ez naiz. Jakizu beraz, irakorle, oraindik aurrera idazkeria aldatzen ba dot zergaittik dan. Eta eskerrikasko Serafini! "saiaaaa zaitezteeee beste guziiiyaaaak..." Oier Serafiñek: Oier Gorosabel bere orakuluan eta Amatiñok "horraittiok" dala-eta idatzittako erantzunian, hittanuaren erabillerako akatsak aittatzera noia; ez neri akats billa ibiltzeko afeziñua daukadalako, akatsok zuzentzia oso errez daukazuelako baiño. Gure zaharrak ez eben gramatika biharrik hittanua primeran erabiltzeko, berez urtetzen jakuen gramatika legietan pentsatzen jarri barik. Noian harira: Hiketan, kontuan izan bihar da, menpeko esaldixetan ezin leikiala (1. eta 3. personetako adizkixekin) ezin leikela iñolako atzikirik erabili: orduan, nintzuala, jaukatela, egon *zuanian..., txarto dagoz eta "neutruan" idatzi bihar dira, nintzala, daukatela, egon zanian... Oier: orakuluko idazlanak gustora irakortzen jittuat. Hiketia norberan buruakin aproposa dok estilo horretarako. Hiketian gaiñian seguru ibiltzeko Zubiritarren "Euskal Gramatika Osoa" ikusi.

Orakulua bere bakardadean

orakulua 2004/08/24 04:03

Blog horretan idazten hasi naizenez gero askoz be gehixago idazten juat. Eta orain benetan orakulu baten modura sentitzen nauk, bai: baina desertuko txakurrei oihuka. Gauzia dok, blogian idazten dotena neure buruari zuzenduta jagoala eta, beraz, ez juat erantzunik espero. Bai, ba jakixat trackbackak eta ostixa hoiek jaguazela (oin arte Getxotik Mitxelek eta Argentinatik Josemarik erabilli juena) baina ez dok hain pertsonala, "buzon de sugerencias" modukua dok, nik pulpittutik sermoia esan, eta entzuletxuak euren ahots ahula ixa ezin entzunarazi... ez dok alkarrizketia. Batzutan idatzittakua "eibartarrak" banaketa zerrendara bidaltzen juat, baina ez beti. Eta bestien blogetara begira, antzera gertatzen duala ikusten juat. Zera emoten jeztak: eztabaidan aritzetik (zerrendan) bakoitza bere "speaker's corner" horretan gotortu eta bere taulagainian bakarrik aritzera pasatzen gabizela. Hau parakaidistiaren espirituarekin diñot, noski; joera mundiala (1º mundukua noski) horixe ba dok, hau da, jentia kalian alkarrekin ibiltzetik bakoitzaren etxian bakarrik egotera pasatzen diharduala, ba nik ez juat tendentzixiori geratuko noski. Oi Antiguako Ama, oporretan zerana, zer pentsatzen dona honi buruz? Que a mi ni me va ni me viene, pero por comentarlo...

Aurkezpena

Oier Gorosabel Larrañaga, Lekeittioko Eibartar bat

 preacher.gif

Eibarrespaziuan zihar esan zesten pizkat mesianikua nintzala idaztian, eta bloga sortzerako orduan horregaittik ipiñi netsan izenburu hau. Lehen nere gauza guztiak (argitaratzeko morokuak, behintzat) hamen idazten banittuan be, espeleologixiari buruzko gauza guztiak ADES-en webgunian emoten dittudaz, eta osasun asuntoko artikulu guztiak hona mobidu dittudaz, gaika klasifikauta.

Txorrotxioak
Etiketak
ETB1 Eibar EibarOrg Info7 Zer erantzi abertzale abittaga abortuak adela larrañaga aitor_eguren aittitta raduga aldatze amarauna amuategi andoain antzerkia araba arantzazu aranzadi ardantza argentina_2005 armando gorosabel armeria eskola arrajola arrakala arrantza literarixuak arrate arrosa artxanda aulestia axpe_martzana azkue ipuin bilduma azpimarra banu_qasi baxenafarroa baztan belaunologia berasueta berbologia berriatua bidai_aluzinantia bilbao bittorixa buruntza chill_mafia comunitat_valenciana covid19 culineitor deba desempolving diaspora diego-rivera egillor eibar eibarko_lagunak ekialdeko nafarrera eraikinologia erdialdekoa erresuma_batua erronkari espeleologia etxebarria eup euskadi_irratia euskal_erria_aldizkaria euskalkia faktoria felix_arrieta felix_ruiz_de_arkaute galicia ganbara gasteiz gatobazka gce gernika girua gisasola gorosabel hormasprayko igotz_ziarreta ikerkuntza ilegales indalecio ojanguren info7 irabiaketa irati-filma irratia irun iruñea izarraitz iñigo_aranbarri jacinto_olabe jamo_savoi jendartologia jeremiah_alcalde jon-etxabe juan de easo juan san martin julen_gabiria julian etxeberria kalamua kanposantuak katarain kirola komikiak koska kuku kurik-3 kurosawel labordeta lagunologia lalolalia lamaiko_operia lasarte leintz_gatzaga lekeitio lekeitioko_lagunak lituenigo lopez maeztu magia manex_agirre maputxe markina-xemein markos_gimeno_vesga markues matrallako mendaro mendebalekoa mezo_bigarrena mineralak morau musikeruak muskildi mutriku nafar_lapurtera nafarrera noain oiartzun oioioi-lur ondarroa opaybo orakulua otsagabia ozeta paisajiak parakaidistiarenak paris patxi_gallego pedro chastang pedro gisasola polo_garat rufino sande sagartegieta san antoni sartei sasiola sega segura slovakia tafalla2016 talaiatik telebista toribio_etxebarria umeologia urberuaga urkiola xabier_lete xoxote zaharrea zaharreologia zaragoza zer erantzi zerain zornotza zuberera zuberoa
hgikj
2002 2003 2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017 2018 2019 2020 2021 2022 2023 2024