egunon Bizkaia
Ondarroa, Kafe Marina, 2004ko Irailak 24ko goizeko 07.23etan.
(G)arraio publikuetan ibiltziak hori jaukak: denporia, transiziño denporia daukak bisa heltzen danetik hurrengo hitzordurarte. Kasu honetan busak 7.00etan laga nau eta 8.00etan biharrera sartzen naizenez, ordubete jaukat lasai ederrian armosatu eta periodikua irakortzeko... periodikorik izango baneu. Orain esplikatuko juat zergaittik ez.
"Berriz etorriko zera, Ondarruko kaiera...." Argoitia anai arreba lokalen kantua Bizkaia Irratittik bajubaju entzutzen dan honetan, Kafe Marinan oraindiok ez dittuk heldu Gara eta Berria. Kontizu, panfleto terroristak danak tren berdiñian jatozak, Auschwitzera zuzenian zoien harek trenok moruan. Beste periodiko guztiak bai, harek ba jagozak.
- 00etatik 7.20ak arte momentu limbiko xarmangarrixa gertatzen dok leku honetan. 6-7 bezero egoten dira hamen, beti bardiñak eta beti gauza bardiñak egitten. Noski, El Diario Español eta Deia okupatuta egoten dittuk beti, eta nik erosiko ez dittudanez... ba hor egoten nauk, jentiari begira.
Ez pentsatu giro oso atsegiña danik, estrainekotz datorren batendako behintzat. Isiltasuna sepulkrala da (radixuarena ez da soinua, urriñeko berbarua baino), taberneriak begiratu barik etaratzen jok eskatu ez duana (aurreko egunetik gogoratzen dalako; hau ez jata bape gustatzen ¿gaur ezin juat beste gauza bat nahi ala? baina grazixia egitten jeztak eta ez juat ezer esaten, liturgixa xelebre hau ez apurtzeko). Eta gainera, periodikorik ez irakortzeko.
Halaxe da ta: ordu horretako limbo hori hogei bat minutu irauten jittuk. Tartian, 3 minututeik behin jentia sartzen dok periodikua erostera (Kafe marina kioskua dok bebai) eta beti pertsona bardiñak dittuk, periodiko bardiñak erosten noski. Oin: momentu horretatik aurrera 30 segundutik behin hasten dok jentia sartzen, berbaruaren bolumena hazten hasten da eta batzuk zarataka, eta bolumen normalian berbetan, eta... ondarrutar tipikua esnatzen dalarik eguardiko girua nagusitzen da. Eta orain, 7.40ak dirala tabernan sartu naizeneko giro hartatik ez da apurrik geratzen; Argoitiatarren diskua akaso, baina bolumena ondo jasota bestela hamen dagoan durundixakin ez zuan ezer adittuko.
¡Egunon Bizkaia! Eguna hasi da.
Ondarruko leku esanguratsuenetarikoa jarri duzu argazkian, bai horixe: Kafe Marina mitikoko kalekantoia. Artabide kalearen hasiera ezkerrean, Alameda eskuman, herriaren bihotza (xelebrea da izena, batik bat "alamo" batik ez dagoela kontutan hartuta, zuhaitz guztiak dira platano faltsuak... izen ofiziala, Nafarroako Zugaztia). Tintoreria zaharra eskaileren ondoan eta garai bateko Ongi Etorri taberna-dantzalekua, orain itxia, hurrengo lekuan. Harutzago, beste kantoian, Gaztedi taberna. Kafe Marinak badu berezitik zerbait ondarrutar askorentzat... gosaltzeko toki aproposa da, zuk aipatzen dituzun ordu txikietan eta, batez ere, bixkat beranduago; ondo lo egin, egunkaria erosi (badakit ondo egunkari dogdy-ak berandu xamar heltzen direla ta hispanofiloak eta Deia bizkaitarra askoz azkarrago), kafesnea eskatu eta periodikuaren orrialdeetan galdu... Egunon-egunon errituari aurre egin, gustora gainera, ta beranduago tortila pintxo inkreible horietako bat jan ostean, hondartzatik buelta bat ematea da egin dezakezun gauzarik ederrena (ia derrigorrezkoa herrian horrenbeste dauden txakurren baten jabea bazara), berdin dio eguraldi kaxkarra bada ere. Domeka goiza bada normalean herritik ikusten ez dituzunak ikusteko parada izango duzu, dela Kirmen paseoan Gasteiztik etorri berri edo Ana umearekin berbetan Donostia tarte batez atzean lagata. Kalatraba zubia edo "plaiko zubixe" erabili dezakezu Arrigorri hondartzara joateko... eskumara begiratzen baduzu, goian, Lertxundiren eskulturak ikusiko dituzu eta hondartza atzean laga ostean ("plaiko morrure" jo ez baduzu bederen), Harbidetik Saturrango hondartzara joan zaitezke, begi bat olatuetan duzula ta bestea zure txakur txotxoloan, pertsonekin jatorra bada ere beste kanidoekin kanalla xamarra baita. Zer esan Saturrani buruz? Luzea ta estua, Ezkilantxarri inponentea ezkerreko aldean, Galdona gainean eta Zazpi Hondartzak atzean (gurean, bizitza guztian, "sieteplaiasak")... hor egin zen, lehen hondartzan, Dina Bilbaoren omenaldiaren lehen zatia (bigarrena Akilla puntan egin zen ta han dago Kromletx xume baina hunkigarria). Saturran administratiboki Mutriku da eta beraz, Gipuzkoa... baina nire lagun batek esaten duen bezala: neroni Ondarrutik errenka eta Mutrikuko atleta azkarrena korrika habiatuz bakoitza bere herritik, lehena heltzen denarentzat hondartza! :-) Enfin, urrutitxo joan naiz Kafe Marinatik. Segi horretan, Orakulo.