Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Garagoittiko Orakulua

Ehiza tradizionalan azken arrastuak

Oier Gorosabel 2015/12/19 08:30
PEILLEN KARRIKABURU, Txomin. 2002. Ehiza eta Zepoka (Zuberoako Basabürüan). Barandiaran Bilduma 8. José Miguel de Barandiaran Fundazioa, Ataun. 126 pp.
Ehiza tradizionalan azken arrastuak

Ehiza eta zepoka

Azken astiak liburu honetan murgilduta emon dittudaz; Dominika “Salaber” xiberotar espeleologuan pistian atzetik eskuratu dot –elkarrizketatutako ehiztarixetako bat da- eta, hortaz gain, ehiza tradizionalari buruzko ikerlan ederrakin topau naiz, Txomin “Ibarburuk” bere senide eta lagun kazarixen artian goxoki egindako elkarrizketez osatuta, poliki eta maittasunez egindako biharran xarmiakin, eta balixo etnografiko itzalakin. Xiberotar euskalkixa hobeto ezagutzeko be balixo izan desta –Peillenek testuak batuaz idatzi dittu, baiña elkarrizketak literalki jasota dagoz, batuerazko azalpenekin-. Etxerako moduko liburua, benetan be.

Nota pillua hartu dittudaz, bai euskal speleo historiari buruzko ikerlanian erabiltzeko, baitta bestela interes pertsonalangaittik be; danak motrolloian dakadaz, tolostu barik, baiña hamen ipiñiko dittudaz, liburuan nundik-norakuen erakusgarri lez.

Liburuan lehelengo elkarrizketak Salaberria basarrixan eginda dagoz: Dominika Prebende semiakin batez be, baiña bere gurasuak be (Pettiri Prebende eta Mariana Elixalt) egindako oharrekin.

  • Ehiza debeku-epiei buruz: “Euskal ohiturek eta sasi ehizak ez du ehiza hilgo, mendia jendeez hustuz, urte osoan ezin izango delako ehizan ibili” (p. 12).
  • “Herrian guttik ez bezala, zaldia, eskia eta espeleologia –azken hau batik bat San Martin harriko leizetan- praktikatu du, baina bere pasio handiena ehiza da. (...) Asko irakurtzen du frantsesez, baita noizpehina euskaraz eta nazio guzietako kirolzaleekin (speleo?) harremanak ditu”.(p. 19)
  • “Ehiztariak kondatzen digu zeinen zaila den hartzari hurbiltzea, non egiten duen habia. Tartean espeleologia egina baita Ursus spelaeus fosil itzelaren burua eta atzapar aztarnak kobetan (harpetan) ikusi dituela dio”. (p.19) Honi buruzko audio grabaketa lokalizau.
  • Ehiztari baina ez depredadore. Hartz jakin bati buruz: “Ahüñeko Arra horietan egoiten zen. Hüme batekin hura egon düzü azkenik eta hura züzün jaisten, bena ezkinizün erran ihori ere, eta so’izu, aata ni, ihizlari nüzü, ezkinizün ihori ere salhatu... badakit nork ikhusten züan eta bazakizün. Zeren ihizlari nüzü, dolü dit ardier bena e’nikezü nahi gal dadin hartz arraza”. (p.20)
  •  “(Domenika sukaltetik ondoko gelara joaten da eta hantik hartz baten atzaparra ekartzen eta gure aurreko mahaiaren gainean ipintzen. Aitak hartzaren atzaparra hartzen du eta biloak ateratzen dizkio. Atzaparraren argazkia egiten dut) Hartz hori Khakhoeta hegian, han Ihizkundize olharen gainti hartan zerthü ginizün. Gaztexka züzün”. (p.20)
  • “Behar diagü bildu hartz hori, hartzaren ezürrak behar tiagü! Aztaparrak nahi zitizün proba bezala. Aitzinetik bürüa bildü nizïn... nahi nizün bürüa zerthü... begiratü, bena setemere züzün, orano bero züzün... bena nahi nizün... bürüa orozgain eta e’nizün denborarik... Gero zera, Jean Pierre Besson jin züzün eta orano jurnalean agertü züzün. Phuxka hatzaman baneza –hor dit nonbait harena- eta erranik hor düzie hartza, sinhets ezazüe. Hartakoz etzizüen deus erran ahal izantü”. (p.21)
  • Santa Grazin ehotako azken hartza: “Amak: hamabost urthe, hamalau urtheak... (1968 inguruan beraz), autoa ükhen hüanetik. Semeak: Cazenave oihanzaiñak foto bat egin”. (p.21). Semeak: Erdi txustatürik jan ginizün, elektrizitateko kanal-tunelean phausatzera ützirik. (...) Amak: Eta Elixaltean Maddalen xaharrak phausatü zia(n), beste ihiziak bezala arduarekin egin. Semeak: Bai eta zonbaitek jan zizüen, me cago en sos! Bena nik, ez, bena bagenakizün zer zen (hildako hartzari pertsona itxuria hartuta, jan eta gero Dominikak bota egin zeban) gero badit sobera souvenir ihizetarik. E’nüzü sobera ihize kari. Hatzamaiteko plazerra badit eta gero fini! Gero dolü diet. Bai dolü dit, egia erraiten dit. / Erran neizün... burüa bildu nizün eta aztapàr bat, Anbrosi Elixaltek badizü aztapar bat, bestea hartza “eho zuanak” eta azkena Bidalun zenak, “Antsodi” mera zenak, zizün, galthegin zitazün Parc nationaleko inspektürrak, nik erran niozün “Ez, galthe zazü besteer”. Burüa bai, gero burüa (gero galdu egin zan buru hori)” (p.22-23).
  • Parc Nationaleko jentiakin (Cabidoche?) harremana izan eta gero piztu jakon ehizeei errespetua, eta eskopetiakin barik argazki kamariakin hurreratzeko gogua (p.37)
  • Eta Santa Grazin ikusittako azken hartza -100 bat kg, oso haundixa-, Antton Eiherabarrenek eta “Tatxet” Gaztelügarrek ikusi zeben 1981 inguruan, euren olhatik (Sentolha-Eraize?) 50 bat metrotara (p.21,25)
  • “Espartinekin ibilten zindena? (...) bota beltzekilan Arrako botxetan ibiltzeko. Eta orano sogin ezazü speleo egiteko, ni bethi boteki(n) ikhusten niozüe eta bestelan lagünak eta besteak oro brodaki handiekin, chaussure de montagne eta beste bazartekin” (p.23)
  • “Behin Eraizen hartz baten bürüa hatzaman ginizün leze batetan eroririk, bena harri batetan erdi sarthürik, egiazko fosila, lehenago alimal heetarik. Bestelan ere harpe horietan fosila horien haztapar herexak ikhusi dititzat” (p. 23)

Peillenek “arra” = “karst” (= lapiaz?) sinonimo modura interpretatzen dittu.

“Mende honen hastapenean ulertzen ziren tabu eta debeku zenbait ulertzen ez diren errito bilakatu direla erakutsiko dugu” (p.13). Erakutsi GUM-ekuak Itxinan 60 hamarkadan topautako erritualen arrastuak.

Elkarrizketak hobeto ulertze aldera, Peillenek alokutibuen formen kuadrua emoten dau; nere xiberotarra praktikatzeko erabilgarrixa (noka falta da)

IZAN

UKAN

Niz

Nük

Nüzu

Düt

Diat

Di(z)it

Hiz

Dük

Da

Dük

Düzü

Dik

Dizü

Gira

Gütük

Gütützü

Dügü

Diagü

Dizügü

Zira

Düzü

Zide

Düzüe

Dira

Dük

Dütützü

Düe

Die

Dizüe

Nintzen

Nündüan

Nündüzün

Nüan

Nia(n)

Nizün

Hintzan

Hüan

Zen

Züan

Züzïn

Züan

Zia(n)

Zizün

Zinen

Zünüan

Zinden

Zünien

Ziren

Zütüan

Zütützün

Züen

Ziean

Zizüen

Europa eta Asiako herri batzutan motibo majikuengaittik egitten dan lez, Euskal Herrixan be hartzen hatzaparrak gordetzeko ohittura mantentzen da (motibuak ahaztuta). P. 19

“Zaharrek hartzari egiten zioten otoitza”, gaur egun ahaztua (p.19) “Hartz ihizera juan gabe etzüena jenteek hartz othoitz bat erraiten? Eta orazione bat egiten zizüen nori? Bazüzün bai. Bena eztakizügü. Heben ihork eztakizü. Eta Antton Eiherabarrenek? Ez, eztakizü nola erraiten den ez. Elixalteko nausi zahar zenak, etzekotz”. (Dominika Prebende, p.22)

Hartzari buruz lau ondorixo etaratzen dittu Peillenek: oin dala gitxi arte otoitza berezixa egitten jakon; hartza hiltziak zoritxarra ekartzen zetsala hiltzailliari (biharbada hori zan otoitzian arrazoia); hartzak eta pertsoniak jatorri bera dakela (hartzak neskak haurdun laga leikiazeneko kondairian arrastua kontatzen dau Pettiri Prebendek); hildako hartzan hatzaparran antxiñako kutsu majikuan arrastuak (p.29-30). Hortaz gain, neretako bada begibistako bat: kontaera zaharretatik ondorioztatzen da hartza hiltzeko formak dagozela, eta euretatik “ohoragarrixena” edo “egokixena” aurrez aurre, aizkora hutsez egittia kontsideratzen dala; antxiñan seguraski zentzua zekan ausardixa frogia (buruzagixa aukeratzeko?). Antxiñako haundiki askoren kurrikulumian agertzen da behintzat, adibidez Godofredo Bouillon gurutzatuan kasuan, eta baitta kondairetan be (nunbaitten irakorritta dakat Arrasateko Galarrako kueban bizi izandako San Valeriok hartzak menderatzeko ahalmena zekala...).

Azken hartzen extintziñua ezagutzen gabiz. Debekuak eta babes arauak ez dira nahikua, antza; eta nahiz eta fristi guztiak dirazen furtibuen biktima (p. 32: “Badakika bihar ehiza zabaltzen dela? / Ez, e’nakian zerratürik zenik!”) badirudi hartzakin Aurrehistoriatik datorren burruka atabiko konponente gehigarrixa dagola. Ehizatze/gurtze simultaneua, gaiñera, kobazuluetako pinturen egilliekin lotzen gaittuan hari luze faszinantia da.

Salaberriako auzuak lagata, Allande Artigau “Elixagarai” lehengusu zaharrenakin sartzen da Peillen, Ligiko zepokarixa. Lilluratuta geratu naiz, bai gaixakin bai hizkeriakin (Peillenen oharrekin oso ondo ulertzen da); bistan da gizon honek asko zekala kontatzeko, ikusi dot Peillenek badakala liburu oso bat harek kontautako ipoiñekin. Azpimarratzekua, Ligi aldeko jarduna gehixago dala basarrixan inguruko laboriak babesteko, zerebralagua, eta Santa’azikua bortuko arresak babesteko ( “jentil” nomaden ohitturen jarraipen lez, konponente biszeralaguakin).

Beñat Karrikabürü “Dordorraga”kin elkarrizketia dator gero: basurde eta orkatzetaz. Lehelengua, lehia epikua; bigarrena, Bambi hiltziak emongo leukian ondoezakin. Gero xurika edo terreilkako jokua azaltzen dau, “tiro al plato” barrixak etorri aurreko tiro-entrenamendu tradizionala, Hegoaldian be jokatzen ei zana. “Garai batean, baserritar giroan armen erabilera soldado trebetasunaren eskola zen: beren mendiak utzirik frantsesa gutti eta gaizki erabiltzen zutenak, tirolekuan behintzat buruzagi eta hobe izan nahi ziren. Halaxen soldado joan baino lehen , Basaburuko ehiztariek atontzen zituzten, aipatuko dugun Xurika edo Terreilka tiro jokoan ikas zezaketen. (...) Duela hogei urte abiatu Ball-trap edo plater jokoak ia galarazi du mendiko ehizara hobeki egokitua zen Terreilka edo Xurika. Antzeko euskal tiroa ba omen zen Usurbil aldean Josean Artzek kontatu zidan bezala” (Hitzaurrian).

Gero, txori ehiztarixen munduan sartzen gara, lekukotasun motzaguekin: Domenika Peillen “Harixtegi”, zepokarixan ikuspegittik; Allande “Elixagarai” barriro, honi buruzko azalpen osagarrixak eta armen ezaugarrixak emonda; Txomin Peillenek berak euren aitta Joanesen idazki batzu argitaratzen dittu, txori izenetan animismo arrastuak billau nahixan; Joanes Karrikabürü “Dordorraga” usokarixa, gaur egungo eskopeteruen tramankulu eta andamixuak azaltzen, eta kazarixen arteko (aidekari kanpotarrak / herriko hüllankariak) gatazkan barri emoten... eta eurekin guztiekin, ekologistak noski. Izan be, Peillenek ehiza tradizionalan balixo etnografikua jasotzeko goguakin batera, naturzaletasuna argi eta garbi erakusten dau liburu osuan zihar.

Frantxoa Ligueix “Ligetxe”ren lekukotasuna be aparte hartzeko modukua da: 1906xan jaixotakua (bertsolarixan anaia), ehiztari guztien artian zaharrena da eta berbetan igartzen jako (bizi-bizixa eta basarrittarragua); gaztetan abankargako armak ezagutu zittuanez (“apistuak”), ehiza tradizionalan ikuspegi panoramiko interesgarrixa hartzen da bere kontakizunakin.

Gero, Txomin Peillen uso-pasara doia bere lehengusuekin; bertatik bertara tiro-hotsen artian,  “parakaidista” estiloko kronika interesgarrixa osatzen dau lehen papelian azaldutako ehizian ezaugarri, arazuak eta beste deskribatuta.

Sarien erabilleriari buruzko azalpenak be emoten dittu, oso interesgarrixak; baiña teknikiangaittik berangaittik baiño, antxiñako ehiza-motia dalako (arma zaharrekin txorixei jotzia pentsau eziñezkua zanekua), anakronismo biziduna, eta horregaittik leku batzutan baiño ez da onartzen, foru zaharretan hala jasota dagolako.

Amaieran, azaia edo oillagorran ehiziari buruzko hiru lekukotasun motz jasotzen dira: Beñat Karrikabürü “Dordorraga”, Txomin Peillen bera eta Patrick Bordagarai, txori txiki honen atzetik ibiltzian desafiua azpimarratuta. Eta epilogoan, ehiza mota bakotxetik jasotako datuen laburpena; egoera eta arazo legalen bilana; tekniken eta izenen jatorrixaz (gaztelerazko, okzitanierazko eta frantsesezko maileguak), eta amaitzeko hiztegixetan agertzen ez dirazen berben glosarixua.

Etxian gordetzeko moduko liburua, beinke! Lehelengo momentuan irakurtzen disfrutatzeko, eta gero kontsultarako.

Hacker autistak harrapauta

Oier Gorosabel 2015/12/08 14:28
LAGERCRANTZ, David. 2015. Lo que no mata te hace más fuerte. Ed. Destino.

Liburuan lehelengo zatixan (erdixa baiño gehixago) ez dot alderik igarri: aurreko hiru txataletan lez, laugarren honek erritmo eta interes mailla ona mantentzen dau. Aldia gero dator: ikutu pertsonala emon nahixan-edo, Lagercrantz autoriak Larsson autorian pertsonajiak hartu eta bere erara moldatzen dittu. Bublanskiri, adibidez, liburu osuan bere buruan karikaturian trazia hartu detsat; Lisbethen bere “gogortasuna” biderkatu egitten dau; Blomkvistek joera dekadentiagua erakusten dau... Amaieria zabalik geratzen da, bistan da txatal gehixago etorriko dirazela...

Resonantzia

Oier Gorosabel 2015/12/06 15:05
Fisika kontuak dira: kuebia aztertzen gabizenian, adibidez, galerixa baten formia dala eta berba eginda zure oihartzunak garun barru-barruan jotzen detsuan dardaria sentiduarazten detsu, zure hazur, zuntz eta neuronekin bat datorren soiñu armoniko hipnotikua. Bizitzako beste arlotan gertatzen dira halakuak: ezagutu barri dozun pertsoniakin bat egittian sentsaziño hori (“betidanik ezagutu izan bagiña lez”)...

Neri Toribio Etxebarrian liburuko pasarte honekin pasau jatan hori, oin dala urte asko:

Piedras como la de Bethel

Artian, nere burua erretratauta ikusi neban, gazte nintzala, domeka goizetan, lagunak bezperako ajiakin ohian zeguazela, goizago jaiki eta inguruko bide eta pistetan noraezian ibiltzera juaten nintzanian, beti bakarrik, beti leku barrixak deskubritzen.

Liburu osua gustau jatan, asko. Ordurarte, mitomania kontuak, aittitta Akilinori buruzko pasartiak irakorritta nekazen bakarrik; baiña, hogetapiku urtekin, eta euskera asuntuekin aspaldi sentsibilizauta, liburu osua irakortzeko sasoia zala pentsau neban. Eta sintonia haundixa igarri neban bertan kontautako gauzekin eta ikuspegixekin. Harrezkero, kontsulta liburua bihurtu zan eta makina bat bidar etara izan dittudaz bertatik egindako aipuak. Baiña irakortzeko momentuan, gozamen hutsa izan zala gogoratzen dot.

Interneten ez dago ondiok ganoraz ipiñitta (billaketak egitteko moduan, etabar) baiña bai ostera “blokian” dijitalizauta, Eva Alberdi Eibarko liburutegiko arduradunak jakiñarazi zestanez; hori eta beste liburu asko be. Bertatik etara ahal izan dot “Piedras como la de Bethel” pasartihau, hamaika bidar gogora etortzen jatana. Eskerrikasko Eva!

Frenteko ospittalak

Oier Gorosabel 2015/11/26 07:33
SLAUGHTER, Frank G. 1952. Hospital de sangre. Circulo de Lectores. Barcelona, 1972.

1950 hamarkadako James Cagney eta Jack Lemmonen pelikuletako gidoia izan zeikiana. II Mundu Gerran Afrikako kanpainako barku-ospittalan inguruko kontuak (biharbada interesgarrixena), maittasun pasionalan historixa topikua, gerra sasoiko konpañerismo historixa topikuaguakin. Detalle xelebria: nahiz eta liburuan jangoikorik eta relijiñorik aittatu be ez dan egitten, protagonista pichalatiguan “formaltzian” eta maitte ez daben neskiakin ezkondu-bihar horretan, perbertsiño kristau ezagun baten begibistako eragiña dago (benetan nahi dozuna ukatu, zure burua “purifikaziño” helburuetarako sakrifikauaz).

Percibo gatera (Martín sin su pantín)

Oier Gorosabel 2015/11/18 15:02
IBARROLA, Martin. 2015. Percibo ciudad. Ed. Ikusager, Vitoria-Gasteiz.
Percibo gatera (Martín sin su pantín)

Martin Ibarrola

Martiñeri kritika demoledoria prometidu netsan, baiña boutade hutsian geratuko da gauzia. Liburua asko gustau jatalako! Ipoin batzu gehixago bestiak baiño, normala dan moduan, baiña orokorrian... nere frekuentziakin sintonizatzen daben idazkeria daka. Egunero ipoin bat irakorri dot, ez gehixago, bakotxari buruzko lau berba idazteko astixa hartuta. Galiziako lagun harek esaten zeban lez: “Lo bueno, si breve, dos veces breve”.

 

Irribarriana

Idazkera enigmatikua baiña ez hermetikua daka Martinek. Ipoin inpresionistia da hau, tralla kolpez maisuki amaittuta.

 

Grilletiena

Fashion biktimen ikuspegi partikularra? Behintzat, klitoris ablaziñuakin egin neban konparaziño harekin gogoratu naiz...

 

Gizon potoluana

Jose Luis Coll-en idazkeria ekarri desta gogora; errealidadetik kanpoko absurdo ariketia (ez ariketa absurdua), umore baltza, eta B serieko terrorezko amaieria, Poe tipokua.

 

Casta Truebana

Batzutan, une bakar batek bizitza oso askok baiño poesia gehixago gordetzen dau.

 

Laranjondoko pinttoriana

Artixten munduan zer parodiau badago. Talentua izan edo ez izan; erakusketen inguruko mangoneuak... Bistan da Martin aurkezpen askotan pintxuak jandakua dala ;-)

 

Sardonikua

Hamen, barriz, nere pertsonai faborituenetako bati oratzen detsa: mando medio izeneko espezieko izaki berezi hórrek. Sargento txuskeruak ejerzituan, eta enpresetan (kaso honetan funtzionariuen artian) jefe baten menpe egotian frustraziñua bere menpekuei ordainarazten detsenak.

 

Pobriana

Gizakixan alde horripilantian ziharko bidaia. Ez hainbeste umia nahi barik bildurtzen daben pobriangaittik; gehixago, berau lintxatzeko atxeki merkiari oratu detsan hiritar respetabliangaittik. Ondo dakitt nik...

 

El hombre que se enamoró de una escalera

Buleguen eta raskazieluen munduan bertsiño onirikua, Palacio Salvo edo Empire State moduko paleoetorkizun gotikua. Baiña amaieria ez dot ulertu; Martin extorsionau biharko dot, azalpenen bat lortzeko (igual putzu kabezera batian sokia ebateko mehatxuz...).

 

Paretik pasatzen dan neskiana

Ederrena. Ez dakitt zeintzuk dirazen Martinen referentzia literarixuak, eta erabiltzen dittuan hizkuntzia, irudixak eta asoziaziñuak handik hartutakuak edo berak asmautakuak dirazen: baiña badirudi distantzia motzian  –ipoin honetan gertatzen dana bizitza errealeko minutu pare bat baiño ez litzakez izango- konpontzen dala onduen, protagonistian buru barruan gertatzen dan burrukia modu figuratibuan ezin hobeto eta ederrago azalduta.

 

Bursatilla

Hotz lagatzen naben gai nagusixetakua da (foballa beste, edo tira, hainbeste ez, baiña ixa-ixa). Gaiñera, beste amaiera kriptiko ulerteziña daka. Laburbilduta: ez nau maitemindu ipoiñ honek.

 

Errelojuana

Errealidade paraleluan, zimurtzen dan jentia, eta erreloju bateraiñok allegatzia odisea epikua bihurtzen danekua. “The Wall”eko marrazki bizidunak Dalik marraztu izan balittu, emaitzia holako zeozer izango zan.

 

Hombre gancho

Joera bereko beste adibide bat, kasu honetan Dali barik, zine expresionista alemana hizlauzko eremura ekarrittakua. Bikaiña, nere sintoniakua behintzat.

 

Egurrezko pianistia

Klabe berian, amaiera apoteosikua. Absurdua ez da: bai ostera surrealistia, igual Martin gehixen luzitzen dan eremua.

 

Katedralana

Lurpian igartzen doguzen bizipenak hain diraz intentsuak eze, hizkuntza figuratibuan bakarrik adierazi leikiazen. Kasu honetan, kueba barruan agertutako eraikin inposible batetik zihar sartzen jaku Martin, illuntasuneko fantasmei bere forma pertsonalak emonaz.

 

Pobre irakorliana

Benetakotasunan zirradia daka, fikziño korapillotsuenetan be allegau ezin leikian mailla hori (zirixa ez badesku sartu, eta dana asmautakua ez bada...).

 

Prologuan Ramon Bareak diñuan bera esango dot nik: defektu bakarra daka liburuak. Motzegixa izatia!

Agur Goenkale suediarrari

Oier Gorosabel 2015/11/16 07:21
LARSSON, Stieg. 2007. La reina en el palacio de las corrientes de aire. Ed. Destino. Barcelona 2009.

Aurreko liburu bixen modura (hau eta hau), hirugarrena laster baten irakorri dot, batez be erdittik aurrera. Gustora. Hori edozeren aurretik (eta hori da printzipala).

Baiña... eta, igual zirikatzaille senak bultzatuta, oinguan gehixago fijau naiz ekoizpenan arrakaletan. Goenkale suediarran modura, liburuan pajinak justifikatzeko edo, trama eta pertsonaje barrixak eten barik agertu jakuz (hiru liburuengaittik nabil), euretako batzu historixa nagusixari ezelako ekarpenik egin barik. Akaso, protagonisten perfilla hobeto ezagutzia? Izan leike, baiña betegarri hutsa begittandu jataz (Granadako pasartia adibidez, 2º liburuan), idazlanari akabau txarra emoten detsen hari soltiak.

Beste gauzatxo bat egin jata deigarrixa: liburuetan zihar eten barik aittatzen dira marka komertzialak (jatekuak, altzari dendak, edarixak...). Ez deritzot ez ondo, ez txarto; baiña kuriosidadia dakat ze tratu egin ete zeban idazliak hónek enpresekin, seguro nago eta hori ez zala kasualidadez egin.

Beste gauzatxo bat, hau bai pizkat gogaikarrixa egin jatana, deus ex machina errekurtsuak dira, txarto eraikittako historixen ezaugarrixa: argumentua asko korapillatu danian, eta idazliak ez dakixanian nundik urten... ¡plin! hantxe agertzen da aingeru zerutiarra, edo mago misteriotsua, bere superpoderiekin gauzia konpontzera. Hónek liburuetan, papel hori hacker informatikuak betetzen dabe. Eta, honen ondorixoz, epaitegi eta polizia kuarteletan erabiltzen diran argumentu asko (txosten sekretuak, bideuak...) modu guztiz irregularrian lortutakuak dira, eta, oso oker ez banago, bizitza errealian arazo haundixak emon leikez frogak halan lortziak. Sinisteko gatxa da, baitta, serie honetan hamaika bidar irakorri geinkiana: kazetarixak poliziakuei informaziño bat emon, eta sistematikoki “proteccion de fuentes” santuan mantapian babestia, gure umetako “kukurrusaldan” bertsiño eguneratuan.

Hortaz gain, hirugarren liburu hau Lisbeth Salanderren kontrako konplota zelan konpontzen dan ikusten dogu (sinisteko gatxena azken zatixa da, supergaiztuak gauzak txarto egitten hasten diranekua), baitta bere elbarrittasun emozionala gainditzeko pausotxo batzu emoten dittuala be. Historixia zabalik geratzen da, eta Larsson idazlia hil izan ez balitza, jarraipena egitteko pentsamentua zekala begibistakua da. Beste batek lekukua hartu dabela badakitt, baiña egixa esan, ase xamar geldittu naiz. Ondo janda, baiña ase.

PS: loibian ebookian kuskuseatzen, hara nun deskubridu doten... serixian hurrengo zatixa. Hasi dot, noski ;-)

Frantsesa ikasten

Oier Gorosabel 2015/11/06 20:12
Xibero(landia)ra etorri nintzan lehelengo aldixetan, frantsesez berba bi baiño gehixago lotzeko kapaza ez nintzan; honek arazotxuak emoten zestazen, nahi ta nahi ez euskeraz egitten saiatzera derrigortuta nengualako (artian TELP ezagutzak ez nittuan).
Frantsesa ikasten

Speleo biarnesak Santa Grazin; eurak esandakuan %40a ulertzen neban, gitxigorabehera

Hala,  nere egoeria pizkat tentsua zan. Parian euskaldunen bat tokatzen bajatan (zorionez, gehixenetan hala izaten zan) dana ondo; baiña erdelduna bazan... halako etsaitasun girua zabaltzen zan (edo neuk halan hartzen neban, behintzat). Tira: nahiz eta tarteka-tarteka transparentia banintza lez hartzen ninduan frantximantak topau, gehixenetan mimika eta borondate pixkatekin konpontzen giñan eta gaitzerdi. Sasoi hartan hauxe pentsatzen kontsolatzen nintzan: “behintzat, halan euskeraz nahitanahiez ulertzera derrigortuta gagoz; frantsesa jakin ezkeriok, igual euskeria errezago baztartuko gendukian!”.

 Oiñ, frantsesez 4-5 berba alkarrekin lotzeko naizen honetan, oker nenguala esan neike. Nere frantsesa oso oso txarra da ondiok, beraz parian dotena euskalduna bada, askoz be errezagua jako nerekin euskeraz komunikatzia, frantsesez baiño. Baiña, era berian, frantsestuna topatzen badot, sioux-erako-komunikaziño basikua egitteko kapaza naiz, eta ikusten nabillenez, jentiak asko estimatzen dau nere ahalegin hau. Esaten danez, surtan jartzean probatutzen da nolakoa den eltzea, eta Santa Graziko speleo topaketan hau argi eta garbi ikusi neban: ixa iñor ezagutu barik, jente gehixenak (dan-danak kanpotarrak, xiberotar erdeldun bat izan ezik) oso adeitsu hartu ninduan, nere ikerketa historikuan laguntzeko prest. Hona ba, frantses misteriotsuekin harreman hobia izateko gako bat :-)

Putazaliak, putak eta putasemiak

Oier Gorosabel 2015/11/04 14:02
LARSSON, Stieg. 2006. La chica que soñaba con una cerilla y un bidón de gasolina. Ed. Destino, Barcelona 2008.

Zein da best sellerran gakua? Gero eta jakinmin gehixago eragitten destan galderia. Izan be, oso kuriosua begittantzen jata: polizia eta gaizkillien historia baten harixa jarraittu eta gero, sexu eta bortizkeriko ohizko dosisakin, zer ikasi dot? Zer dakitt lehen ez nekixanik? Hau idatzi eta gero, zer irabazi dau munduak? Gauza gitxi. Baiña ni hor egon naiz, liburuari lotuta, juan dan 8 egunian, azken laurak suspense bizixan. Zein da fikziñozko literaturian paper misteriotsua; gehixen konbenzitzen naben erantzuna bere definiziñuan bertan dago... “iges egittia”.

Oin dala gitxi komentatzen neban lagunakin, iges egitteko forma bat baiño gehixago dagozela: zarataz inguratzia (etxian tele, radixua, izperringia, dana batera), kotxian 200 km/orduko abixaran ibiltzia (ezin dozu beste ezertan pentsau, kamiñuan baiño), burua hustu eta meditaziñuan jardutia (osasungarrixena)... Eta “ebasiñozko literaturian” arrakastia be, hortan dagola esango neuke. Hor murgilduta, zure buruko zaratia tapau egitten dozu, eguneroko bizitzaz atseden hartuta. Ez da gitxi! Zentzu horretan, fikziño idazlien papela terapeutikua izan leikiala konturatu naiz; hori aitortu bihar jake behintzat.

Bigarren txatal hau kazeta asuntuan zentrauta dago, esklabu sexualen negoziuari tiraka hasi diran periodista benetalarixen kontura; konturatu barik, baiña, uste baiño kaka gehixago destapatzen dabe (armak, drogak, sekretu diplomatikuak) eta honek kalibre haundiko arazuak ekartzen detse. Hain zuzen be, hortxe dago igual sinisteko gatxa dan partia: kazetari ahul batzu negozio zikiñen munduan sano-sano sartzen dirala, ikerketia ageri-agerixan eruanda, errepresaliarik etorriko etxakela pentsauta. Bestalde, liburu honetan Salander elbarri emozionala hobeto ezagutzen dogu, arbaso zaraitzuarren historixa eta guzti :-)

Gaur bertan ekingo detsat hirugarren txatalari, gogo onez gaiñera. A! Ahaztu jata: hamen be itzultzaillian koladura txiki batzu igartzen dira, prisako biharren ondorixuak seguraski... (konkordantzia akatsak, eta).

Beste ohartxo bat: hauxe izan da ebooka erabilli doten lehelengo aldixa. Esperientzia ona! Romantiko guztien modura papela nahixago, baiña praktikotasun eta ekonomian aldetik... ez dago konparatzeko modurik.

Hobetzen gabiz?

Oier Gorosabel 2015/11/02 08:35
Beti esaten dot nere umiak neuriak dirazelako bakarrik aguantatzen dittudazela. Iñonak balitzaz... (autozentsuratua). Eta hori, jentiak kontatzen dabenangaittik, guriak formal xamarrak dirazela.
Hobetzen gabiz?

Scrooge jauna (A Christmas Carol, 1938)

Laburbilduta: umiak berez etxataz gustatzen, eta nerabiak gitxiago. Ai, noaki zer aguantau biharko doten hamendik 7 bat urtera...

Halako aurrekarixekin, errez ulertu leike nere moduko pertsona bat aurreiritzi batekin doiala bizitzan zihar: ume guztiak kabroi hutsak dirala. Horregaittik estimatzen dittudaz hainbeste maisuak, maistrak eta hezitzailliak orokorrian. Pasta bereziz eginda egon bihar da derrigor, halako fristi moltzuari aurre egitteko, nerbixuak galdu barik, eta halan be pertsona onak heztia lortuta.

Gauzak holan, ulertuko dozue zelako inpresiñua egin zestan aurreko baten Lekittoko eskolan ikusi neban gauzia. Ointxe kontaukotsuet.

Patixuan, eguardiko jolastordua amaitzeko dago, arratsaldeko klasietara deitzen daben sireniak jotzeko puntuan. Neska bat antxitxiketan doia, eta aldian daroian kajia jausten jako. kajia zabaldu eta barruan dakan guztia lurrian zihar sakabanatzen jako: gomak, kromuak, harkatzak, jostaillu txikixak... patixoko lurrian zabal-zabal 40 edo 50 gauza txiki.

Beste epoka baten (ni umia nintzala) inguruko umien erantzun naturala neskiari barre egittia izango zan. Hori desgrazian ez bazeguan: ume bakartu (sic) tipikua izan ezkeriok, balienteren batek gauzak zapaldu eta ostikadaka urriñago botako zetsazen igual.

Baiña Lekittoko eskolako neska horri, 5 segundo be ez ziran pasau, eta 8-9 ume laguntzera hurreratu jakozen. Edade desbardiñetakuak, eta nere ustez batzuk lagunak ez ziranak. Segiduan jaso zeben dana, naturalidade haundiz; sireniak jo zebanian, neskiak bere bidia jarraittu zeban eta bakotxa bere zeregiñetara juan zan.

Hor geratu giñan harri eta zur, ni eta nere aurreiritzixak. Scrooge eskarmentatu baten estiluan, pozik. Hobetzen gabiz?

Parakaidistia kanpofoballian

Oier Gorosabel 2015/10/26 10:00
1987tik-edo ez nintzala foball partidora juaten. Orduko lagunak Eibarren jarraitzailliak zirala eta, partidúetan kriston girua egoten zala eta, birrittan apuntau nintzan hintxen autobusetara. Ondo gogoratzen dot nora: Burgosera, eta Logroñora.

Banquillo de un equipo de fútbol y espectadores en el campo Azkoagain
GureGipuzkoa.net | Banquillo de un equipo de fútbol y espectadores en el campo Azkoagain © CC BY-NC-SA: Arlanzón, Andrés

Oso ondo pasau neban, egixa esan; kriston atxurra (17 urtekin, hori zan “ondo pasatze” maillia neurtzeko neurrixa) baiña kontua da, foballak berak ez zestala pitorik be inporta, eta orduan hainbeste diru pagatzia kanpofoballian zelaixari bizkarra emonda energumenuan modura oeoeoeka jarduteko... ba tira, ez zan bideragarrixa, eta hortxe geratu zan gauzia. Juan dan asterarte.

Foballa, herri honetan, kakarantzan morokua da: basarrixetan zimaurra zabaltzeko sasoia datorrenian, ez dago usaiñetik libratzeko modurik. Halan, gure seme zaharrenak zeozelan jakin dau (ez guk esanda) domeketan partidúak izaten dirala Larrotegiko kanpofoballian. Eta bertara juatia eskatu zeskuan.

Hara juan giñan ba. Gradan jarri, publiko artian, eta hantxe egon nintzan ume bixekin (7 eta 4 urte). Nik liburua eruan neban, jakiña (ez nekan zelaira begira aspertzeko gogorik) eta ume txikixak han egon ziran ogibittartekua jaten, bakotxa bere erara: zaharrena adi-adi, eta txikixa dispertsuago.

Ondo egon giñan, ordu erdi luze; gero txikixa aspertu egin jakun (normala), eta alde egin genduan, hor zihar jolas dibertigarrixaguetan ibiltzeko. Baiña han egon nintzan tartian, gauza batzuk oso deigarrixak egin jatazen:

  • Entrenatzaillian orruak; nik ulertzen dot, megafonia barik, zelaiko punta batetik bestera mezuak botatzeko dezibeliuak bihar dirala; halan be, sensatziño desatsegin-sor bat eragitten zestan honek, ezin dot ondo deskribatu.
  • Entrenatzailliak jokalarixei berba egitteko eria: danak tontuak balitzaz legez tratatzen zittuan. Iraingarrixa begittantzen jatan. Baiña badirudi jentiak normaltzat zekala; gerora jakin dotenez, hori ekipuori Lekittoko “B” maillakua ei zan, eta batzu ez ei dabe oso ondo jokatzen. Baiña... ze nezesidade dago hainbeste kaka ahotik botatzeko? Hau ez da, ba, ondo pasatzeko gauzia?,
  • Honekin lotuta, gauza bat ikustia etxatan bape gustau. Etxerako bidian, gure ume nagusixak entrenatzaillian keiñuak, espantuak eta formak errepikatzera jolasten jardun zeban. Kezkagarrixa.
  • Linierran jokabidia: morrosko oso gaztia. Entrenatzailliari abisuak emoten, abots bajuan eta edukaziñoz (bere lekutik ez mobitzeko, eta beste). Ez zetsen modu berian ordaindu. Gure inguruko publikuan aldetik berba zatarrak entzun bihar izan zittuan. Arrazoia izan zein ez izan, beti etxekuan alde: beti higoiña emon izan destan jarreria.

Herriko taldiak irabazi egin dau; merezitta edo ez, ez dakitt eta ez desta ardura. Etxera bueltan ekarri doten sentsaziñua, umia giro horretan sartziak ez destala grazia putarik egitten.

Aurkezpena

Oier Gorosabel Larrañaga, Lekeittioko Eibartar bat

 preacher.gif

Eibarrespaziuan zihar esan zesten pizkat mesianikua nintzala idaztian, eta bloga sortzerako orduan horregaittik ipiñi netsan izenburu hau. Lehen nere gauza guztiak (argitaratzeko morokuak, behintzat) hamen idazten banittuan be, espeleologixiari buruzko gauza guztiak ADES-en webgunian emoten dittudaz, eta osasun asuntoko artikulu guztiak hona mobidu dittudaz, gaika klasifikauta.

Txorrotxioak
Etiketak
ETB1 Eibar EibarOrg Info7 Zer erantzi abertzale abittaga abortuak adela larrañaga aitor_eguren aittitta raduga aldatze amarauna amuategi andoain antzerkia araba arantzazu aranzadi ardantza argentina_2005 armando gorosabel armeria eskola arrajola arrakala arrantza literarixuak arrate arrosa artxanda aulestia axpe_martzana azkue ipuin bilduma azpimarra banu_qasi baxenafarroa baztan belaunologia berasueta berbologia berriatua bidai_aluzinantia bilbao bittorixa buruntza chill_mafia comunitat_valenciana covid19 culineitor deba desempolving diaspora diego-rivera durangoko-plateruak egillor eibar eibarko_lagunak ekialdeko nafarrera eraikinologia erdialdekoa erresuma_batua erronkari eskorbuto espeleologia etxebarria eup eusebio-azkue euskadi_irratia euskal_erria_aldizkaria euskalkia faktoria felix_arrieta felix_ruiz_de_arkaute galicia ganbara gasteiz gatobazka gce gernika girua gisasola gorosabel hormasprayko igotz_ziarreta ikerkuntza ilegales indalecio ojanguren info7 irabiaketa irati-filma irratia irun iruñea izarraitz iñigo_aranbarri jacinto_olabe jamo_savoi jendartologia jeremiah_alcalde jon-etxabe jose-antonio-uriarte juan de easo juan san martin julen_gabiria julian etxeberria kalamua kanposantuak katarain kirola komikiak koska kuku kurik-3 kurosawel labordeta lagunologia lalolalia lamaiko_operia lasarte leintz_gatzaga lekeitio lekeitioko_lagunak lituenigo lopez maeztu magia manex_agirre maputxe mariola-reigosa markina-xemein markos_gimeno_vesga markues matrallako mendaro mendebalekoa mezo_bigarrena mineralak mogel morau musikeruak muskildi mutriku nafar_lapurtera nafarrera noain oiartzun oioioi-lur ondarroa opaybo orakulua otsagabia ozeta paisajiak parakaidistiarenak paris patxi_gallego pedro chastang pedro gisasola polo_garat porrot rufino sande sagartegieta san antoni sartei sasiola sega segura slovakia tafalla2016 talaiatik telebista toribio_etxebarria txarli-gracia ugaroia umeologia urberuaga urdaibai urkiola xabier_lete xoxote zaharrea zaharreologia zaragoza zer erantzi zerain zornotza zuberera zuberoa
hgikj
2002 2003 2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017 2018 2019 2020 2021 2022 2023 2024 2025 2026