Morts pour la patrie
Trintxeretako gerran gogortasunan adierazpen gorena izan zan, seguraski, I Mundu Gerria. Han lokatz artian ibilli eta bizirik bueltau ziran gehixenak ez zeben gogorik, adorerik eta berbarik be izango hango bizipenak etorkizunari transmititzeko; zorionez, euskaldun batzu bere lekukotasuna emon zeben, orduko kronika militarrak be gorde dira, eta azken urtietan hortan oiñarrittutako literaturia ezagutzen gabiz, gaur egungo jentia orduan pasautakuaz jabetu daiñ.
Liburu honek modu inpresionista batian sartzen gaittu Verdun inguruko frentian. Esan bihar dot Mieltxok (etxian halan esaten detsagu, Arrosako beteranuak gu) oso modu efektibuan manejatzen dittuala pintzeladak, datu zehatzen bilketa ordenau batek lortuko zeukiana baiño eragin gehixagokin: Euskal Herriko herrixetan gerra hotsak (kanpaiak) ekarri zeben mobilizaziño orokorrakin, liburuan agertuko diran soldaduen jatorrixa agertzen jaku, batzu jo-ta-paso egingo dabenak, metralla zati batek garbittuta, eta bestiak ostera liburuko protagonista bihurtuko diranak. Gerrian kontrako aldarri indartsuena gerria bera azaltzia da, eta liburu honek ederto erakusten dau hori: ezelako baloraziño moralik egin barik, idazliak orduko kroniketan jasotako lekukotasun errealak jartzen dittu pertsonaien bizipenetan, bizitza errealan poesia brutal hutsa.
Deigarrixa da liburuan erabiltzen diran estilo ariketak, lehen esandako kutsu inpresionistia emoteko: obusen eztandaz banatutako eszenak... parrafo katiatuak... puntu biz banatutako esaldixak... Lurok burua galtzen hasten daneko eldarnixuak; azken honetaz pizkat abusau egitten dabela irudittu jata, eta hori izango litzake liburu honi ipiñi neikixon atxeki bakarra. Bestela, liburu biribilla guztiz; etxian gordetzekua, behintzat.
NORK hil du Andoni Egaña?
Zurrumurru liburudendara juan izan naizen azken aldixetan, hor nekan apal batetik neri begira... Eta azkenian, harrapau nau ;-) Ni bertso asuntuan ezjakitun totala banaiz be, Patxi Gallegon zale haundixa naiz, eta banekixan nere andriak –Gallegon laguna, eta bertsozalia- asko gozatuko zebala komikixa. Nik be barre ederrak egin dittudaz, aktualidadiakin eta euskal kulturiakin lotutako etenbako tiruekin; baiña duda barik, bertsuetaz dakixan edozeiñendako mokadu fiña da argitalpen hau, fin-fiña.
Senari jarraitzeko gonbitea
Andriak irakortzeko eskatu zestanian muzturra okertu neban: “Pedagogiazko ladrillo bat...?”. Sorpresia: interesgarrixa izatiaz gain (hori ez neban zalantzan jartzen)... oso dibertigarrixa da! Hori gero eta gehixen baloratzen doten gauzia da, testuetan. Liburuan zati haundi bat beste autorien teorixak ukatzera zuzenduta dago (batez be Estivill famatuanak, “Duermete niño” liburuan egillia, negar egitten laga bihar jakela defendatzen dabena) eta, egixa esan, hori da parterik barregarrixena. Izan be, zentzuna aldarrikatzen dau, eta ama-umian artian dagon berezko senari jarraitzia; horren aldian, beste teorixetatik aukeratutako “perlak” oso deigarrixak dira. Etologia aipuak be asko interesau jataz; edo kultura arteko alderaketak; edo gizaki prehistorikuan portaeriari buruzko konjeturak (ziur ezagutzerik ez dagonez)... Horren guztian eragiñez, liburuak engantxau nau, mesillako beste liburuan gaiñetik nagusitzia eta amaittu arte ez soltatzeko punturaiñok. Gaiñera oso ondo etorri jata nerabezarorarte dakagun “su-etena” modu konszientiaguan dastatu ahal izateko.
Frantsesak tuaregak endredatzen
Kaia tabernako bookcrossing apalian harrapau nebanian, liburu honetatik gauza birek erakarri ninduen: gaixak (Frantziako deskolonizaziñuari buruz ez dakitt ixa ezer) eta autorian izenak (euskalduna emoten zeban; gero jakin dot seudonimua dala). Lehelenguari buruz, pozik geratu naiz: “Aljeria” famatuari buruzko sarrera modua izan da neretako, bertan zeguazen konfliktuen gaiñian-eta. Pentsatzen dot gai zabala izango dala, ñabardura askokin; liburu honetan, halan be, tuaregen herrixan argazki bat egitten da, antxiñako jaunak dekadentzian sartuta, eta frantsesekin eta petroleuakin akabauta. Horretarako, 1950. hamarkadan Libiako mugako petroleo putzu batian gertatutako inzidente bat hartzen da atxaki lez, eta horren kontura bertaratzen diran Frantziako kazetarixak metropoliko kontuekin lotzeko balixo deskue.
Justisia eta azkatazuna
Oin dala denporatxo bat Natxo de Felipekin egindako lez, gaurkuan Benito Lertxundin kantugintzako xelebrekeri pare bat azpimarratu nahiko neukez. Zertarako? Pizkat izorratzeko, jakiña :-) eta garrantzirik bako detallien aurkitzaille patologikua naizelako.
Lehenago esanda dakat: Benito Lertxundi asko maitatzetik gorrotatzera pasau nintzan, baiña Pako “Artisti” eta Mikel “Markuez”eri esker, berakin pakiak egin dittudaz. Beraz, “Orioko bordearen” hasarria ixotzeko barik, kritika hau maittasunan aldetik hartua izan dailla (De Felipekin mantendu nahi izan neban jarrera bera, bide batez esanda).
Bilbotarran kasuan kontrara, Lertxundi euskaldunzaharra zan kantuan hasi zanian.Horregaittik, beste motibo batzu izango zittuan Abel Muniategiren “Zenbat gera” olerkixa musikatu zebanian, 1971ian halako zeozer grabatzeko:
Zenbat gera?
Lau, bat,
hiru, bozt, zaspi?
Zer egin degu?
ezerres.
Zer egiten degu?
alkar jo.
Zer egingo degu? Alkar hil?
Gure azmoak, esperantsak,
herria, azkatazuna,
justisia, pakea,
egia, maitazuna...
mitoak, hitz hutzak?
Zenbat gera?
Lau, bat,
hiru, bozt, zaspi?
Zer egin degu?
ezerres.
Zer egiten degu?
alkar jo.
Zer egingo degu? Alkar hil?
Hori es!, hori es!, hori es!
Honek grazia dauka; izan be, Orixoko euskaldunzaharrak, seguraski, ederto bereiztu ko dittuez S/Z/TS/TZ/TX hotsak, mendebaldeko euskaldunon kontrara. Baiña... grabatzerako orduan, seguraski, inseguridadia sartu jakon mutillari, eta hiperzuzenketia egin nahixan, hau urten jakon. Duda barik, kantu zirraragarri eta mitiko honen lehelengo grabaketihoni pertsonalidadia gehitzen detsan detallia da.
Hurrengo akatsa “Balearen bertsuen” grabaziñuan dator (Zuberoa / Askatasunaren semeei, Elkar 1977) eta, hizkuntziaz gain, ekoizpenakin zerikusixa daka. Erreparaixozue 7. ahapaldixari;
Hamabi metro luze
gerria hamar lodi
Buztan pala lau zabal
albuetan pala bi.
Ezpañetan bizarrak
beste ilera bi
orraziak bezala
ain zeuzkan ederki.
Askotan lez, Lertxundik bere buruari bigarren ahotsa ipiñi zetsan; eta kontua zera da, lehelengo abotsaz ziharduala “orraziak bezEla” kantau zebala, baiña bigarrena –baxua- grabau zebanian... “orraziak bezAla” urten jakola. Kantua aditzian ederto bereizten da, eta kantarixan perfekzionismua ezagututa, seguru nago larrapastada hori betirako goguan iltzatuta geratu jakola... :-)
Bigarren honen arrazoia klaruago dirudi: euskeraz idatzi nahixan ibiltzen garanok –batez be alfabetatu bakuok- batuaz idatzi nahixan gabizela, indarrian dagon batuerazko araua zein dan jakin ezinda ibiltzen gara, batez be irizpide batzu urtietan aldatu izan diralako. Gaur egunian hala bada, etara kontuak zer izango zan antxiñan, irizpideregon be ez zeguazenian. Hona horren adibide biziduna.
Baiña, bizitzia barkatzeko zalia dan orakulu honen aldetik ez dago arazorik, Benito: ego te absolvo in nomine patris... etc etc etc. Maitte-maitte.
Barretarterako kolaboraziñua, 2015ko abenduan 21a.
Ehiza tradizionalan azken arrastuak
Azken astiak liburu honetan murgilduta emon dittudaz; Dominika “Salaber” xiberotar espeleologuan pistian atzetik eskuratu dot –elkarrizketatutako ehiztarixetako bat da- eta, hortaz gain, ehiza tradizionalari buruzko ikerlan ederrakin topau naiz, Txomin “Ibarburuk” bere senide eta lagun kazarixen artian goxoki egindako elkarrizketez osatuta, poliki eta maittasunez egindako biharran xarmiakin, eta balixo etnografiko itzalakin. Xiberotar euskalkixa hobeto ezagutzeko be balixo izan desta –Peillenek testuak batuaz idatzi dittu, baiña elkarrizketak literalki jasota dagoz, batuerazko azalpenekin-. Etxerako moduko liburua, benetan be.
Nota pillua hartu dittudaz, bai euskal speleo historiari buruzko ikerlanian erabiltzeko, baitta bestela interes pertsonalangaittik be; danak motrolloian dakadaz, tolostu barik, baiña hamen ipiñiko dittudaz, liburuan nundik-norakuen erakusgarri lez.
Liburuan lehelengo elkarrizketak Salaberria basarrixan eginda dagoz: Dominika Prebende semiakin batez be, baiña bere gurasuak be (Pettiri Prebende eta Mariana Elixalt) egindako oharrekin.
- Ehiza debeku-epiei buruz: “Euskal ohiturek eta sasi ehizak ez du ehiza hilgo, mendia jendeez hustuz, urte osoan ezin izango delako ehizan ibili” (p. 12).
- “Herrian guttik ez bezala, zaldia, eskia eta espeleologia –azken hau batik bat San Martin harriko leizetan- praktikatu du, baina bere pasio handiena ehiza da. (...) Asko irakurtzen du frantsesez, baita noizpehina euskaraz eta nazio guzietako kirolzaleekin (speleo?) harremanak ditu”.(p. 19)
- “Ehiztariak kondatzen digu zeinen zaila den hartzari hurbiltzea, non egiten duen habia. Tartean espeleologia egina baita Ursus spelaeus fosil itzelaren burua eta atzapar aztarnak kobetan (harpetan) ikusi dituela dio”. (p.19) Honi buruzko audio grabaketa lokalizau.
- Ehiztari baina ez depredadore. Hartz jakin bati buruz: “Ahüñeko Arra horietan egoiten zen. Hüme batekin hura egon düzü azkenik eta hura züzün jaisten, bena ezkinizün erran ihori ere, eta so’izu, aata ni, ihizlari nüzü, ezkinizün ihori ere salhatu... badakit nork ikhusten züan eta bazakizün. Zeren ihizlari nüzü, dolü dit ardier bena e’nikezü nahi gal dadin hartz arraza”. (p.20)
- “(Domenika sukaltetik ondoko gelara joaten da eta hantik hartz baten atzaparra ekartzen eta gure aurreko mahaiaren gainean ipintzen. Aitak hartzaren atzaparra hartzen du eta biloak ateratzen dizkio. Atzaparraren argazkia egiten dut) Hartz hori Khakhoeta hegian, han Ihizkundize olharen gainti hartan zerthü ginizün. Gaztexka züzün”. (p.20)
- “Behar diagü bildu hartz hori, hartzaren ezürrak behar tiagü! Aztaparrak nahi zitizün proba bezala. Aitzinetik bürüa bildü nizïn... nahi nizün bürüa zerthü... begiratü, bena setemere züzün, orano bero züzün... bena nahi nizün... bürüa orozgain eta e’nizün denborarik... Gero zera, Jean Pierre Besson jin züzün eta orano jurnalean agertü züzün. Phuxka hatzaman baneza –hor dit nonbait harena- eta erranik hor düzie hartza, sinhets ezazüe. Hartakoz etzizüen deus erran ahal izantü”. (p.21)
- Santa Grazin ehotako azken hartza: “Amak: hamabost urthe, hamalau urtheak... (1968 inguruan beraz), autoa ükhen hüanetik. Semeak: Cazenave oihanzaiñak foto bat egin”. (p.21). Semeak: Erdi txustatürik jan ginizün, elektrizitateko kanal-tunelean phausatzera ützirik. (...) Amak: Eta Elixaltean Maddalen xaharrak phausatü zia(n), beste ihiziak bezala arduarekin egin. Semeak: Bai eta zonbaitek jan zizüen, me cago en sos! Bena nik, ez, bena bagenakizün zer zen (hildako hartzari pertsona itxuria hartuta, jan eta gero Dominikak bota egin zeban) gero badit sobera souvenir ihizetarik. E’nüzü sobera ihize kari. Hatzamaiteko plazerra badit eta gero fini! Gero dolü diet. Bai dolü dit, egia erraiten dit. / Erran neizün... burüa bildu nizün eta aztapàr bat, Anbrosi Elixaltek badizü aztapar bat, bestea hartza “eho zuanak” eta azkena Bidalun zenak, “Antsodi” mera zenak, zizün, galthegin zitazün Parc nationaleko inspektürrak, nik erran niozün “Ez, galthe zazü besteer”. Burüa bai, gero burüa (gero galdu egin zan buru hori)” (p.22-23).
- Parc Nationaleko jentiakin (Cabidoche?) harremana izan eta gero piztu jakon ehizeei errespetua, eta eskopetiakin barik argazki kamariakin hurreratzeko gogua (p.37)
- Eta Santa Grazin ikusittako azken hartza -100 bat kg, oso haundixa-, Antton Eiherabarrenek eta “Tatxet” Gaztelügarrek ikusi zeben 1981 inguruan, euren olhatik (Sentolha-Eraize?) 50 bat metrotara (p.21,25)
- “Espartinekin ibilten zindena? (...) bota beltzekilan Arrako botxetan ibiltzeko. Eta orano sogin ezazü speleo egiteko, ni bethi boteki(n) ikhusten niozüe eta bestelan lagünak eta besteak oro brodaki handiekin, chaussure de montagne eta beste bazartekin” (p.23)
- “Behin Eraizen hartz baten bürüa hatzaman ginizün leze batetan eroririk, bena harri batetan erdi sarthürik, egiazko fosila, lehenago alimal heetarik. Bestelan ere harpe horietan fosila horien haztapar herexak ikhusi dititzat” (p. 23)
Peillenek “arra” = “karst” (= lapiaz?) sinonimo modura interpretatzen dittu.
“Mende honen hastapenean ulertzen ziren tabu eta debeku zenbait ulertzen ez diren errito bilakatu direla erakutsiko dugu” (p.13). Erakutsi GUM-ekuak Itxinan 60 hamarkadan topautako erritualen arrastuak.
Elkarrizketak hobeto ulertze aldera, Peillenek alokutibuen formen kuadrua emoten dau; nere xiberotarra praktikatzeko erabilgarrixa (noka falta da)
IZAN |
UKAN |
||||
Niz |
Nük |
Nüzu |
Düt |
Diat |
Di(z)it |
Hiz |
Dük |
||||
Da |
Dük |
Düzü |
Dü |
Dik |
Dizü |
Gira |
Gütük |
Gütützü |
Dügü |
Diagü |
Dizügü |
Zira |
Düzü |
||||
Zide |
Düzüe |
||||
Dira |
Dük |
Dütützü |
Düe |
Die |
Dizüe |
Nintzen |
Nündüan |
Nündüzün |
Nüan |
Nia(n) |
Nizün |
Hintzan |
Hüan |
||||
Zen |
Züan |
Züzïn |
Züan |
Zia(n) |
Zizün |
Zinen |
Zünüan |
||||
Zinden |
Zünien |
||||
Ziren |
Zütüan |
Zütützün |
Züen |
Ziean |
Zizüen |
Europa eta Asiako herri batzutan motibo majikuengaittik egitten dan lez, Euskal Herrixan be hartzen hatzaparrak gordetzeko ohittura mantentzen da (motibuak ahaztuta). P. 19
“Zaharrek hartzari egiten zioten otoitza”, gaur egun ahaztua (p.19) “Hartz ihizera juan gabe etzüena jenteek hartz othoitz bat erraiten? Eta orazione bat egiten zizüen nori? Bazüzün bai. Bena eztakizügü. Heben ihork eztakizü. Eta Antton Eiherabarrenek? Ez, eztakizü nola erraiten den ez. Elixalteko nausi zahar zenak, etzekotz”. (Dominika Prebende, p.22)
Hartzari buruz lau ondorixo etaratzen dittu Peillenek: oin dala gitxi arte otoitza berezixa egitten jakon; hartza hiltziak zoritxarra ekartzen zetsala hiltzailliari (biharbada hori zan otoitzian arrazoia); hartzak eta pertsoniak jatorri bera dakela (hartzak neskak haurdun laga leikiazeneko kondairian arrastua kontatzen dau Pettiri Prebendek); hildako hartzan hatzaparran antxiñako kutsu majikuan arrastuak (p.29-30). Hortaz gain, neretako bada begibistako bat: kontaera zaharretatik ondorioztatzen da hartza hiltzeko formak dagozela, eta euretatik “ohoragarrixena” edo “egokixena” aurrez aurre, aizkora hutsez egittia kontsideratzen dala; antxiñan seguraski zentzua zekan ausardixa frogia (buruzagixa aukeratzeko?). Antxiñako haundiki askoren kurrikulumian agertzen da behintzat, adibidez Godofredo Bouillon gurutzatuan kasuan, eta baitta kondairetan be (nunbaitten irakorritta dakat Arrasateko Galarrako kueban bizi izandako San Valeriok hartzak menderatzeko ahalmena zekala...).
Azken hartzen extintziñua ezagutzen gabiz. Debekuak eta babes arauak ez dira nahikua, antza; eta nahiz eta fristi guztiak dirazen furtibuen biktima (p. 32: “Badakika bihar ehiza zabaltzen dela? / Ez, e’nakian zerratürik zenik!”) badirudi hartzakin Aurrehistoriatik datorren burruka atabiko konponente gehigarrixa dagola. Ehizatze/gurtze simultaneua, gaiñera, kobazuluetako pinturen egilliekin lotzen gaittuan hari luze faszinantia da.
Salaberriako auzuak lagata, Allande Artigau “Elixagarai” lehengusu zaharrenakin sartzen da Peillen, Ligiko zepokarixa. Lilluratuta geratu naiz, bai gaixakin bai hizkeriakin (Peillenen oharrekin oso ondo ulertzen da); bistan da gizon honek asko zekala kontatzeko, ikusi dot Peillenek badakala liburu oso bat harek kontautako ipoiñekin. Azpimarratzekua, Ligi aldeko jarduna gehixago dala basarrixan inguruko laboriak babesteko, zerebralagua, eta Santa’azikua bortuko arresak babesteko ( “jentil” nomaden ohitturen jarraipen lez, konponente biszeralaguakin).
Beñat Karrikabürü “Dordorraga”kin elkarrizketia dator gero: basurde eta orkatzetaz. Lehelengua, lehia epikua; bigarrena, Bambi hiltziak emongo leukian ondoezakin. Gero xurika edo terreilkako jokua azaltzen dau, “tiro al plato” barrixak etorri aurreko tiro-entrenamendu tradizionala, Hegoaldian be jokatzen ei zana. “Garai batean, baserritar giroan armen erabilera soldado trebetasunaren eskola zen: beren mendiak utzirik frantsesa gutti eta gaizki erabiltzen zutenak, tirolekuan behintzat buruzagi eta hobe izan nahi ziren. Halaxen soldado joan baino lehen , Basaburuko ehiztariek atontzen zituzten, aipatuko dugun Xurika edo Terreilka tiro jokoan ikas zezaketen. (...) Duela hogei urte abiatu Ball-trap edo plater jokoak ia galarazi du mendiko ehizara hobeki egokitua zen Terreilka edo Xurika. Antzeko euskal tiroa ba omen zen Usurbil aldean Josean Artzek kontatu zidan bezala” (Hitzaurrian).
Gero, txori ehiztarixen munduan sartzen gara, lekukotasun motzaguekin: Domenika Peillen “Harixtegi”, zepokarixan ikuspegittik; Allande “Elixagarai” barriro, honi buruzko azalpen osagarrixak eta armen ezaugarrixak emonda; Txomin Peillenek berak euren aitta Joanesen idazki batzu argitaratzen dittu, txori izenetan animismo arrastuak billau nahixan; Joanes Karrikabürü “Dordorraga” usokarixa, gaur egungo eskopeteruen tramankulu eta andamixuak azaltzen, eta kazarixen arteko (aidekari kanpotarrak / herriko hüllankariak) gatazkan barri emoten... eta eurekin guztiekin, ekologistak noski. Izan be, Peillenek ehiza tradizionalan balixo etnografikua jasotzeko goguakin batera, naturzaletasuna argi eta garbi erakusten dau liburu osuan zihar.
Frantxoa Ligueix “Ligetxe”ren lekukotasuna be aparte hartzeko modukua da: 1906xan jaixotakua (bertsolarixan anaia), ehiztari guztien artian zaharrena da eta berbetan igartzen jako (bizi-bizixa eta basarrittarragua); gaztetan abankargako armak ezagutu zittuanez (“apistuak”), ehiza tradizionalan ikuspegi panoramiko interesgarrixa hartzen da bere kontakizunakin.
Gero, Txomin Peillen uso-pasara doia bere lehengusuekin; bertatik bertara tiro-hotsen artian, “parakaidista” estiloko kronika interesgarrixa osatzen dau lehen papelian azaldutako ehizian ezaugarri, arazuak eta beste deskribatuta.
Sarien erabilleriari buruzko azalpenak be emoten dittu, oso interesgarrixak; baiña teknikiangaittik berangaittik baiño, antxiñako ehiza-motia dalako (arma zaharrekin txorixei jotzia pentsau eziñezkua zanekua), anakronismo biziduna, eta horregaittik leku batzutan baiño ez da onartzen, foru zaharretan hala jasota dagolako.
Amaieran, azaia edo oillagorran ehiziari buruzko hiru lekukotasun motz jasotzen dira: Beñat Karrikabürü “Dordorraga”, Txomin Peillen bera eta Patrick Bordagarai, txori txiki honen atzetik ibiltzian desafiua azpimarratuta. Eta epilogoan, ehiza mota bakotxetik jasotako datuen laburpena; egoera eta arazo legalen bilana; tekniken eta izenen jatorrixaz (gaztelerazko, okzitanierazko eta frantsesezko maileguak), eta amaitzeko hiztegixetan agertzen ez dirazen berben glosarixua.
Etxian gordetzeko moduko liburua, beinke! Lehelengo momentuan irakurtzen disfrutatzeko, eta gero kontsultarako.
Hacker autistak harrapauta
Liburuan lehelengo zatixan (erdixa baiño gehixago) ez dot alderik igarri: aurreko hiru txataletan lez, laugarren honek erritmo eta interes mailla ona mantentzen dau. Aldia gero dator: ikutu pertsonala emon nahixan-edo, Lagercrantz autoriak Larsson autorian pertsonajiak hartu eta bere erara moldatzen dittu. Bublanskiri, adibidez, liburu osuan bere buruan karikaturian trazia hartu detsat; Lisbethen bere “gogortasuna” biderkatu egitten dau; Blomkvistek joera dekadentiagua erakusten dau... Amaieria zabalik geratzen da, bistan da txatal gehixago etorriko dirazela...
Resonantzia
Neri Toribio Etxebarrian liburuko pasarte honekin pasau jatan hori, oin dala urte asko:
Artian, nere burua erretratauta ikusi neban, gazte nintzala, domeka goizetan, lagunak bezperako ajiakin ohian zeguazela, goizago jaiki eta inguruko bide eta pistetan noraezian ibiltzera juaten nintzanian, beti bakarrik, beti leku barrixak deskubritzen.
Liburu osua gustau jatan, asko. Ordurarte, mitomania kontuak, aittitta Akilinori buruzko pasartiak irakorritta nekazen bakarrik; baiña, hogetapiku urtekin, eta euskera asuntuekin aspaldi sentsibilizauta, liburu osua irakortzeko sasoia zala pentsau neban. Eta sintonia haundixa igarri neban bertan kontautako gauzekin eta ikuspegixekin. Harrezkero, kontsulta liburua bihurtu zan eta makina bat bidar etara izan dittudaz bertatik egindako aipuak. Baiña irakortzeko momentuan, gozamen hutsa izan zala gogoratzen dot.
Interneten ez dago ondiok ganoraz ipiñitta (billaketak egitteko moduan, etabar) baiña bai ostera “blokian” dijitalizauta, Eva Alberdi Eibarko liburutegiko arduradunak jakiñarazi zestanez; hori eta beste liburu asko be. Bertatik etara ahal izan dot “Piedras como la de Bethel” pasartihau, hamaika bidar gogora etortzen jatana. Eskerrikasko Eva!
Frenteko ospittalak
1950 hamarkadako James Cagney eta Jack Lemmonen pelikuletako gidoia izan zeikiana. II Mundu Gerran Afrikako kanpainako barku-ospittalan inguruko kontuak (biharbada interesgarrixena), maittasun pasionalan historixa topikua, gerra sasoiko konpañerismo historixa topikuaguakin. Detalle xelebria: nahiz eta liburuan jangoikorik eta relijiñorik aittatu be ez dan egitten, protagonista pichalatiguan “formaltzian” eta maitte ez daben neskiakin ezkondu-bihar horretan, perbertsiño kristau ezagun baten begibistako eragiña dago (benetan nahi dozuna ukatu, zure burua “purifikaziño” helburuetarako sakrifikauaz).
Percibo gatera (Martín sin su pantín)
Martiñeri kritika demoledoria prometidu netsan, baiña boutade hutsian geratuko da gauzia. Liburua asko gustau jatalako! Ipoin batzu gehixago bestiak baiño, normala dan moduan, baiña orokorrian... nere frekuentziakin sintonizatzen daben idazkeria daka. Egunero ipoin bat irakorri dot, ez gehixago, bakotxari buruzko lau berba idazteko astixa hartuta. Galiziako lagun harek esaten zeban lez: “Lo bueno, si breve, dos veces breve”.
Irribarriana
Idazkera enigmatikua baiña ez hermetikua daka Martinek. Ipoin inpresionistia da hau, tralla kolpez maisuki amaittuta.
Grilletiena
Fashion biktimen ikuspegi partikularra? Behintzat, klitoris ablaziñuakin egin neban konparaziño harekin gogoratu naiz...
Gizon potoluana
Jose Luis Coll-en idazkeria ekarri desta gogora; errealidadetik kanpoko absurdo ariketia (ez ariketa absurdua), umore baltza, eta B serieko terrorezko amaieria, Poe tipokua.
Casta Truebana
Batzutan, une bakar batek bizitza oso askok baiño poesia gehixago gordetzen dau.
Laranjondoko pinttoriana
Artixten munduan zer parodiau badago. Talentua izan edo ez izan; erakusketen inguruko mangoneuak... Bistan da Martin aurkezpen askotan pintxuak jandakua dala ;-)
Sardonikua
Hamen, barriz, nere pertsonai faborituenetako bati oratzen detsa: mando medio izeneko espezieko izaki berezi hórrek. Sargento txuskeruak ejerzituan, eta enpresetan (kaso honetan funtzionariuen artian) jefe baten menpe egotian frustraziñua bere menpekuei ordainarazten detsenak.
Pobriana
Gizakixan alde horripilantian ziharko bidaia. Ez hainbeste umia nahi barik bildurtzen daben pobriangaittik; gehixago, berau lintxatzeko atxeki merkiari oratu detsan hiritar respetabliangaittik. Ondo dakitt nik...
El hombre que se enamoró de una escalera
Buleguen eta raskazieluen munduan bertsiño onirikua, Palacio Salvo edo Empire State moduko paleoetorkizun gotikua. Baiña amaieria ez dot ulertu; Martin extorsionau biharko dot, azalpenen bat lortzeko (igual putzu kabezera batian sokia ebateko mehatxuz...).
Paretik pasatzen dan neskiana
Ederrena. Ez dakitt zeintzuk dirazen Martinen referentzia literarixuak, eta erabiltzen dittuan hizkuntzia, irudixak eta asoziaziñuak handik hartutakuak edo berak asmautakuak dirazen: baiña badirudi distantzia motzian –ipoin honetan gertatzen dana bizitza errealeko minutu pare bat baiño ez litzakez izango- konpontzen dala onduen, protagonistian buru barruan gertatzen dan burrukia modu figuratibuan ezin hobeto eta ederrago azalduta.
Bursatilla
Hotz lagatzen naben gai nagusixetakua da (foballa beste, edo tira, hainbeste ez, baiña ixa-ixa). Gaiñera, beste amaiera kriptiko ulerteziña daka. Laburbilduta: ez nau maitemindu ipoiñ honek.
Errelojuana
Errealidade paraleluan, zimurtzen dan jentia, eta erreloju bateraiñok allegatzia odisea epikua bihurtzen danekua. “The Wall”eko marrazki bizidunak Dalik marraztu izan balittu, emaitzia holako zeozer izango zan.
Hombre gancho
Joera bereko beste adibide bat, kasu honetan Dali barik, zine expresionista alemana hizlauzko eremura ekarrittakua. Bikaiña, nere sintoniakua behintzat.
Egurrezko pianistia
Klabe berian, amaiera apoteosikua. Absurdua ez da: bai ostera surrealistia, igual Martin gehixen luzitzen dan eremua.
Katedralana
Lurpian igartzen doguzen bizipenak hain diraz intentsuak eze, hizkuntza figuratibuan bakarrik adierazi leikiazen. Kasu honetan, kueba barruan agertutako eraikin inposible batetik zihar sartzen jaku Martin, illuntasuneko fantasmei bere forma pertsonalak emonaz.
Pobre irakorliana
Benetakotasunan zirradia daka, fikziño korapillotsuenetan be allegau ezin leikian mailla hori (zirixa ez badesku sartu, eta dana asmautakua ez bada...).
Prologuan Ramon Bareak diñuan bera esango dot nik: defektu bakarra daka liburuak. Motzegixa izatia!