Baherik bako ipoiñak
Oso atsegiña egin jatak liburu hau irakortzia. Tipo interesgarrixa Allande Artigau hau, Elixagarai etxekua. Adiñez oso zaharra ez izan arren (1919xan sortua), etxeko giruan eragiñez eta interes propioz historia zahar askoren jabia. Txomin Peillen lehengusuak grabagailluz jasotakuak, eta halaxen transkribatuak irakorri izan dittudazen beste ipoiñ bildumen aldian plus pare bat jaukak honek, barrena: batetik ahozkuan bizittasuna gordetzen dabela (Azkuek eta Barandiaranek, grabagaillu barik, entzun eta gero bere erara berridatzi bihar izaten jittuezen) eta abade baten presentzia intimidatzaillerik ez (bestiak ipoin "zurixak" baiño ez jittuezen jaso, hamen ostera abade pekatarixak, umore gordiña eta sexua barra-barra agertzen dittuk).
Nere lexikorako jaso dittudazen berba eta esamolde barri batzuk:
-
Aphainkan / xikoka aritzia = narrutan egittia.
-
Pastetxa = talua.
-
"Bidea luze bezain astapito" izatia.
-
"Haizea ebakitzea" = pasiatzia.
-
"Ilhar biribil bihikatzea" = Barriketan jardutia (baitta jarduera konkretu horretatik kanpo be).
-
Xahako = Urdaitz / Santa Grazi.
-
Xahakotar = santagraztar.
Liburu hau irakorritta hobeto ulertu juat Sentazi ingurukuei buruzko topikuak, eta euren "erretasuna" horren kontura; herrixen arteko pikietan ez dok diplomazia askorik egoten. Edozelan be ondo etorri jatak: kontuan hartu biharreko gauzia, handik aldekuekin hankia ez sartzeko!
Allande "Elixagarai" ezaguna zuan Ligin, kontatzen jittuan historixengaittik. Ezkontzetan, tabernan, etxian, familia arteko bazkarixetan... nahikua zuan hari "to Allande, khonta izagük hire ixtoria horietarik bat" eta han hasiko zuan gizona, kontu kontari, ospakizunan erdigune bihurtuz. Baiña 1985rako hori iragana zan; ordurako tabernetan musikia hasitta zeguan, eta etxietan telebisiñua. Oso ondo kontatzen jok Elixagaraiek zein izan zan horren eragiña ahozko ipoiñon transmisiñuan:
- Nurekin ari hiz ixtoriakan?
- Adinekoekin prefosta... Ligin, hogeitahamar urteez peko gazte haboroenek, laborari seme izanik ez peitakie eüskararik... beren ixtoriak frantsesez 'tuk... nik ere frantsesez badakitzat, bena eztütük bethi eüskaraz untsa ezarten ahal eta hik euskarazkoak nahi'tuk...
- Eta ezteietan?
- Ez, ez, orai badük müsika eta tarrapata apaidü orotan eztük entzüten deuse... e'litek entzün ere, herots sobera badük... müsika horik bethi ari'tük thei gabe... eztük entzüten elhestatzen hiz aski hüllan den harekin, bestelan ez, herotsa handiegi dük.
- Eta bestelan?
- Eztük artho xuritzerik... eztie arthorik ere egiten... ogi joitia ber gaiza... (...) Lehen süpazterrian... sütondoan biltzen güntian, zunbait aldiz aizo bateki... bena hura ere fini dük, ... orai... hanitx telebisionian aitzinian eta ixilik egon behar dük han, ez ixtoria khontatzen hasi.
- Ordian uste dük ixtoria khontatzia(re)n denbora akabi dela?
- Ez, heltübada ez, orai azkenik "Ziberoako Botzian" entzüten dütük Eüskarazko ixtoriak... ber gaiza nurbaitek telefona har eta antenan bere ixtoria haren erraiten hasten dük, bena gazteak behatzen dira, radio horri? Untsa lükek hala balitz.
Ahozko transmisiñuak takateko makala hartu jok, bai, etxeko sukalderaiñok sartu jakun globalizaziñuakin. Halan be, aho biko ezpatia dan neurrixan, transmisiño hori bermatzeko moduren bat topauko bagendu...!