Morts pour la patrie
Trintxeretako gerran gogortasunan adierazpen gorena izan zan, seguraski, I Mundu Gerria. Han lokatz artian ibilli eta bizirik bueltau ziran gehixenak ez zeben gogorik, adorerik eta berbarik be izango hango bizipenak etorkizunari transmititzeko; zorionez, euskaldun batzu bere lekukotasuna emon zeben, orduko kronika militarrak be gorde dira, eta azken urtietan hortan oiñarrittutako literaturia ezagutzen gabiz, gaur egungo jentia orduan pasautakuaz jabetu daiñ.
Liburu honek modu inpresionista batian sartzen gaittu Verdun inguruko frentian. Esan bihar dot Mieltxok (etxian halan esaten detsagu, Arrosako beteranuak gu) oso modu efektibuan manejatzen dittuala pintzeladak, datu zehatzen bilketa ordenau batek lortuko zeukiana baiño eragin gehixagokin: Euskal Herriko herrixetan gerra hotsak (kanpaiak) ekarri zeben mobilizaziño orokorrakin, liburuan agertuko diran soldaduen jatorrixa agertzen jaku, batzu jo-ta-paso egingo dabenak, metralla zati batek garbittuta, eta bestiak ostera liburuko protagonista bihurtuko diranak. Gerrian kontrako aldarri indartsuena gerria bera azaltzia da, eta liburu honek ederto erakusten dau hori: ezelako baloraziño moralik egin barik, idazliak orduko kroniketan jasotako lekukotasun errealak jartzen dittu pertsonaien bizipenetan, bizitza errealan poesia brutal hutsa.
Deigarrixa da liburuan erabiltzen diran estilo ariketak, lehen esandako kutsu inpresionistia emoteko: obusen eztandaz banatutako eszenak... parrafo katiatuak... puntu biz banatutako esaldixak... Lurok burua galtzen hasten daneko eldarnixuak; azken honetaz pizkat abusau egitten dabela irudittu jata, eta hori izango litzake liburu honi ipiñi neikixon atxeki bakarra. Bestela, liburu biribilla guztiz; etxian gordetzekua, behintzat.