Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan

Batere aldatu ez dena

Xabier Mendiguren 2013/02/16 10:08

Utzidazue atzera jotzen, gaurko kontu batekin zerikusia du eta. 1988: ni, editore lanetan hasi berria. Tokatu zitzaidan lehenengo liburuetako bat Exkixu izan zen, Txillardegiren eleberria, militante armatu baten gorabeherak kontatzen dituena. Euskal kulturako "behi sakratuetako" bat ezagutzeko eta harekin eskuz esku aritzeko zortea izan nuen, beraz. Liburuak promozioa merezi zuela-eta, Donostiako prentsaurrekoaz gainera, jendaurreko beste aurkezpen bat ere antolatu genuen, Zaldiko-Maldikon. Iruñera joan ginen, hortaz, Joxe Luis eta biok, bizileku zuen Amasako baserritik abiatuta, bere kotxean.

Aurkezpenaren xehetasunik ez dut gogoratzen. Bai Patxi Zabaleta politiko eta idazlea aritu zela hizlari, eta bertan zirela Iruñeko hainbat euskaltzale ezagun: alemandarrak-eta. Aurkezpenaren ondorengo zenbait printza gogoan geratu zaizkit, ordea. Horietako bat, hemen aipatu nahi nuena, Mikel Bujanda etorri zela, Euskalerria Irratia sortu berritik, eta proiektuaren berri azaltzen aritu zitzaiola Txillardegi zenari: zer zen irratia, zein ziren haien asmoak, oraindik ez zutela lizentzia ofizialik baina irrati on baten normaltasunez jardun nahi zutela, eta diru-sarrera arauzkoagorik ez zeukaten bitartean hainbat familiaren sostegua eskatua zutela, laguntza-bonuen bitartez. "Ekarri, ekarri –esan zuen segituan Joxe Luisek–. Non sinatu behar da? Bi bonu hartu ditzaket?".

Beste garai bateko jarrera zen Txillardegirena, berak entzuterik izango ez zuen irrati baten babesle bihurtzea, atzean ze talde zegoen edo antzekorik galdetu gabe, euskarazkoa izatea beste bermerik eskatu gabe; erresistentzia eskuzabalaren garaiko elkartasun keinua, ikastolak eta beste hainbat mugimendu eta azpiegitura posible egin zituena. Gaur egun badago espiritu hori? Neurri batean bai, zorionez, ia dena (gu denak barne) aldatu bada ere.

Aldatu direnez pentsatzen jarrita: ekitaldiko aurkezle Zabaleta HBn zegoen artean, Aljergo negoziaketen atarian; gero EH bihurtu zen talde politiko hura, eta Lizarrako su-etena hautsi ondoren Zabaletak hura utzita Aralar sortu zuen; Txillardegi ere aralarkidea izan zen garai batean, nahiz laster talde hori utzi, betiko ezker abertzalera biltzeko, eta Zabaletak ere, bueltan-bueltan, lehengo lagun gero aurkari bihurturikoekin bat egin du. Garai hartan, Gabriel Urralburu sozialista zen Nafarroako gobernuburu; oroitzen ustel hura? (Oraingoen aldean mozolopintto bat besterik ez zela esango genuke baina.) Roldanen garaiak ziren, halaber. Geroago etorriko zen Alli (artean UPNko zela, bere baskismo keinu jator ustekoekin, txapel eta guzti), eta geroago Otano (sozialistek CDN eta EArekin egindako hiruko gobernuaren buru, PSNren ustelkeriek eta Diario de Navarra-ren presioek pikutara bota zutena), eta ondoren Miguel Sanz, Indurainen moduan behin eta berriz irabazten zuena, eta honen atzetik oraingo Yolanda Barcina, noiz arte iraungo duen ez dakiguna.

Tarte berean Osasunan izandako entrenatzaileen zerrenda luzea ere eman genezake, baina bada gauza bat 25 urteotan batere aldatu ez dena: espainolismoaren gorrotoa euskarari, alderdiak eta izenak aldatu arren. 25 urteotan Euskalerria Irratiak lehen egunean bezain zintzo eta zabal segitzen du informazioa eta entretenimendua eskaintzen, eragozpenak eragozpen, lehen baino profesionalago seguru asko; Iruñerriko euskaldunentzako lotura eta ikur izaten ere jarraitzen du, inoiz baino gehiago; bere merituz ez ezik, emitzeko lizentzia behin eta berriz ukatzen dion sektore makur eta gaizto horren ondorioz.

(Noticias-Ortzadar, 2012-02-16)

Laranja erdiaren zain

Xabier Mendiguren 2013/02/14 18:25

June Fernandez, Pikara Magazine aldizkari elektronikoaren egileak, aurreko bateanhorrela aurkeztu zuen bere burua irratsaio batean: "June naiz, feminista naiz, eta nire laranja erdiaren zain nago". Adierazpen ironikoa zen ondoren argitu zuen moduan, bera konbentzituta baitago maitasun erromantikoaren estereotipoa ez datorrela bat errealitatearekin eta kalte egiten diola hartan fidatzen denari, batik bat emakumeei, menpekotasun psikologikozko egoera batean mantentzen baititu; baina, Fernandezek berak onartzen zuen moduan, erro sakonak ditu sineste horrek, eta berak ere ezin uko egin amodio guztizko eta perfektu baten ametsari.

Hori entzutean, nire artean pentsatzen jarri nintzen, zenbaterainoko errua izan duen arteak (literaturak, abestiak, zinemak) maitasun eredu horren sorkuntzan eta zabalkundean. Izan ere, "erromantiko" hitzarekin definitu ohi dugun amodio mota hori ez da gizon-emakumeon berezko joera naturala, noiznahi eta nonahikoa, eraikuntza kultural bat baizik. Gizon-emakumeen arteko harremanak (eta sexu berekoen artekoak) oparo ageri dira Grezia eta Erromako artean, baina amodio sutsu, erabateko eta pasionala poesia probentzalarekin jaio zen, Erdi Aro berantiarrean, eta hortik etorri ziren gero Petrarka bere Laurarekin, Dante Beatrizekin, zaldun-nobelak beren damekin, edo gure Lazarraga bere artzain-neskekin.

Hala ere, hori guztia idazleen dibertimendu bat zela esan liteke, jendearen bizimoduarekin zerikusi gutxi zuena. XIX. mende hasieran hartu zuen berriz indarra, Erromantizismoa deitu den mugimendu artistikoarekin, eta ez da kasualitatea nolako tiradizoa duten oraindik Brontë ahizpen edo Jane Austen-en nobelek. Hor hasi zen amodio erromantikoa liburuetatik bizitzara pasatzen, jende askoren sentimenduak moldatzen. Hasiera batean Europako burgesiaren baitan izan zuen eragina, baina apurka, kolonizazio kulturalaz eta behekoek goikoak imitatzeko joeraz, gizadi ia osora zabaldu du bere ikuspegia. Literatura aitzindaria izan bazen gaiak sortzen eta klixeak finkatzen, XX. mendeko hedapen erabatekoa beste bi arte-motak ekarri dute: kantuak (ez al dute irratiko abesti guztiek horretaz hitz egiten?) eta zinemak (Hollywoodek –eta gero telebistak– erakutsi digu denoi musu ematen, "maite zaitut" esaten...).

Eta hau guztia, ona da ala txarra? Feministek insistitzen dute emakumeari menpeko rola ematen zaiola, printze urdinaren zain; hala ere, irudipena dut aurrerapauso historiko bat ere izan zela: garai batean (oraindik ere bai hainbat lekutan) emakume gazteek ez zuten ahotsik, eta familiak erabakitakoarekin ezkondu behar izaten zuten: aitak beste gizon bati entregatu ohi zion alaba, jabez aldatzeko; horren aldean, biek eroki elkar maiteko zuten gazte maiteminduen ametsa liberatzailea zen, nahiz eta gero errealitateak gustu mikatzagoa izan.

Amodio eromantikoaren kritika ez da gaurkoa: 1850 aldean idatzia da Madame Bovary. Badakigu zoriona bikotekide perfektuaren bidez bilatzeak insatisfazioa dakarrela gehienetan gizon nahiz emakumeentzat, baina ez dago erraz alternatibak topatzen: bikote egonkorra ez den beste bizi-ereduek ez dute arrakastarik izan, eta denok nahi genuke ipuin arrosa bateko protagonista izan, nahiz amaierako musutik aurrerakoa hain zoragarria ez dela jakin. Horregatik jarraitzen dugu geure laranja erdiaren bila, June Fernandezek bezala.

(Noticias-Ortzadar, 2011ko udazkenean)

Klixeak eta esloganak

Xabier Mendiguren 2013/02/07 22:47

Hauteskundeak izan berri dira Israelen, eta badirudi Benjamin Netanyahuk segituko duela agintean, eta palestinarrek zapalduta jarraituko dutela, eta bake-aukera lehen bezain urri eta urruna izango dela geroan ere. Aspalditik dut judutarrekiko kezka: historian jazarpenik makurrenak izan dituen herria, munduari intelektual distiratsuenak eman dizkiona, eta bi horiek (diskriminaziozko historia eta goi mailako sortzaileak) oraingo bere zanpaketa bidegabearentzako aitzakia gisa darabiltzana.

Intelektual sionistak lanak irakurtzeari uztea erabaki nuen orain urte batzuk. Hala ere, Agurtzane Juanena idazle lagunak David Grossmanen liburu bat oparitu dit berriki (Escribir en la oscuridad saiakera bilduma), eta salbuespena egin dut. Zorionez, esan beharko, gogoeta interesgarriak topatu baititut bertan. Euskaratu dizuedan hau, esaterako: "Esperientziaz esan dezaket, gatazka luze bateko hiritarrek beren egoera deskribatzeko darabilten hizkuntza, axalekoago bihurtzen dela gatazka luzatu ahala. Apurka, klixe eta eslogan sorta izatera murrizten da. Hasieran, gatazkaz zuzenean arduratzen diren instantziek sortzen dute hizkuntza hori: armadak, poliziak, ministerioek eta bestek; laster batean, gatazkaren berri ematen duten hedabideetara iragazten da, hizkera are makurrago bat ekarriz, bere publikoari istorio irensterraz bat ematen diona (argiro banatuz Estatuak gatazkaren ilunguneetan egiten duena, eta bertako hiritarrek beren buruak nola ikusten dituzten). Eta prozesua, azkenik, gatazkako hiritarren hizkuntza pribatu eta intimoraino iristen da (haiek gogorki ukatu arren)".

Pasartea irakurri ahala, gutaz ari zela iruditzen zitzaidan, ZEN planaz eta azken 30 urteotako hizkera antiterroristaren zabalkunde eta bilakaeraz; komunikabideetatik herritarrengana bidean, kultur espresioak ere guztiz kutsatu zituena: zinema dudarik gabe, eta baita literatura ere, neurri handi batean.

Grossman bi aldeez ari denez, galdegin dezagun: zenbateraino izan da gure artean alde bietakoa hizkuntzaren manipulazio hori? Oso neurri txikian, nire ustez. Insurgentziaren aldeak ere bere klixe eta esloganak sortu, sortu izan ditu, baina horiek inposatzeko askoz ere bitarteko gutxiago izan ditu: lurralde kontrolaturik ez, komunikabideak gutxi... haien aldeko herritarrak ere aurkarien mezuen zaparrada pean bizi izan dira urte luzeotan. Horrek eraginik izan ote du gatazkaren amaieran? Agian bai, etsaiaren propaganda etengabeak animoen gainbehera ekar dezakeenez gero.

Egoera desorekatu horrek dudarik gabeko eragina izan du, ordea, momentu hau bizitzeko dugun eran: euskaldunen aldetik adiskidetze eta bizikidetzarako gogoa zinezkoa den bitartean, espainiarren artean nagusi dira mendeku eta umiliazio-gogoak. Eta, horrez gain, esango nuke eragina izan duela eta duela oraindik ere arte-sorkuntzan. Euskaldunok idatzitako literaturak askoz ere estereotipo gutxiago erabili izan ditu, oro har, eta errealitateari lotuagoa izan da. Hemengo idazleek zintzotasun handiagoz jokatzeko asmoa izan dutelako batetik, baina baita ere, dudarik gabe, bertako irakurleak informatuago zeudelako, eta literaturaren tokian propaganda irensteko prest ez zeudelako. Beste aldean ez bezala, zoritxarrez.

(Ortzadar-Noticias, 2013-02-02)

Mugak hausteko gonbita

Xabier Mendiguren 2013/01/23 15:38

Edozein muga apurtzea da tentagarria, baina gaur aipatzera noana oso kontu xume eta apala da. Goierrin barrena kultur ekitaldietan ibilita, zenbait konstatazio egin ahal izan ditut: bata, oso kultur eskaintza ona dugula, daukagun biztanle kopururako. Antzerkia, musika klasiko, folk, pop eta rockaren aldaera gehientsuenak, bertso-saioak, zinema komertziala eta baita alternatiboa ere, hitzaldiak, pintura-erakusketak, idazleekiko tertuliak... Eskaintza horren batez besteko kalitate maila ere txukuna dela esango nuke.

Bigarren konstatazio bat: asko kostatzen zaigu herri batetik bestera mugitzea: ordiziarrak nekez ateratzen dira Ordiziatik, ez beasaindarrak Beasaindik; herri txikietako jendea, ezinbestean, gehixeago mugitzen da; beharko, eskaintza horretaz baliatu nahi badute; baina oro har ikusten duzuna da herrian herrikoak joaten direla halako ekitaldietara, bakanak aldameneko herrietatik.

Horrez gain, ematen du Goiko eta Beheko Goierriren artean amildegi bat dagoela, edo aduana zorrotz bat, txarrantxazko hesi, txakur zaunkari eta guardia armatuekin; bestela ez da ulertzen, dozena bat kilometroko tartea izanda, nola ez dagoen hartu-eman gehiago eta batetik besterako joan-etorri gehiago.

Hirugarren konstatazioa: oro har jakin-min gutxi dago norberaren esparrutik kanpoko arte-motak ezagutzeko. Nik ez diot aitari eskatuko rap kontzertu batera joateko, baina harrigarria iruditzen zait zein erraz eta zurrun sartzen garen eskema itxietan: bertso-saioetako entzulea gutxitan ikusiko duzu pop kontzertu batean, ez antzerki-ikuslea pintura-erakusketan, edo zinemakoa koru abesbatza baten emanaldian. Ez dut esan nahi artearen adar guztiak guztiei gustatu behar zaizkigunik, noski, baina ez dago gaizki ikusmin apur bat edukitzea, normalean ikusi edo entzuten ez dugun hori nolakoa ote den jakiteko, eta gustuen zabaltasuna, estilo batekoak eta bestekoak dastatzeko eta gozatzeko.

Kezka bat azaldu nahi dut (beste bat), oraintxe esan berri dudanaren ildotik: kultur ekitaldietako publikoa, oro har, ez ote doan adinean gora. Ez dut esan nahi gaurko gazteek kulturarako interesik ez dutenik: aldian aldiko gazteriak bere zaletasunak garatzen ditu; izatekotan, kultura programatzen dutenen edo dugunon arazoa izango litzateke, belaunaldi berriak kilikatuko dituzten ikuskizunekin ez asmatzeagatik, edo egitarauak egitean haiek kontuan ez hartzeagatik. Azterketa askoz luzeagoa merezi duen auzia da hau, eta albo batera utziko dut beraz.

Eta konstatazio hauen ondotik, gonbidapena eta eskaria. Gonbidapena, irakurle guztioi, Goierri osoko kultur eskaintza kontuan hartu, eta beldurrik gabe joateko batera eta bestera, nahiz zeuen herrian ez izan, nahiz zeuek bereziki menderatzen duzuen alorrekoa ez izan. Muga horiek hautsiz, seguru deskubrimendu ederrak egingo dituzuela, eta zuen bizitza zabaldu eta aberastu, gauza gutxi izango baitira kultura bezain gutxi kostatzen direnak eta horren poz sakona ematen dutenak.

Eskaria, berriz, herrietako agintari eta kultur teknikariei, batetik, eta Goierriko komunikabideei, bestetik. Aurrenekoei eskatuko nieke, ahal den neurrian, elkarren artean koordinatzeko, zaila dela jakin arren, eta antolatzen dituzten ekitaldien berri eskualde osoan zabaltzeko: ikusleen zein sortzaileen onerako izango da. Komunikabideei, aldiz (Hitzari eta astekari honi, bereziki), agenda on, oso, zehatz eta ondo eguneratu bat eskaintzeko eskatuko nieke. Hau edo beste ikustera animatzeko lehenengo baldintza baita hau eta hura izango direla jakitea, eta baita noiz eta non izango diren ere.

Laster batean ekitaldi horietakoren batean elkar ikusiko dugulakoan, ez adiorik.

(GoiBerri, 2013-01-18)

Neska polita izatea

Xabier Mendiguren 2013/01/22 14:45

Orain dela aste batzuk erreportaje bat irakurri nuen prentsan, Igor Susaetak egina, musika-produktoreei buruzkoa: hau da, taldea disko bat grabatzera doanean, estudioan musikariei aholkua ematen diena, soinu klase bat landu dezaten, melodiatik harago ze arreglo mota, ze instrumenturen laguntza, ze estetika sonoro nahi duten erabakitzeko.

Ekoizle lan horretan ibili ohi diren izen ezagun batzuekin hitz egin zuen kazetariak, eta halako batean, haietako baten hitz hauek jaso zituen: «Garrantzitsuena neska polita izatea da, makillajearen gainetik. Polita bada, makillajea ez da beharrezkoa. Hortaz, oso polita bada eta gehiegi makillatzen baduzu, azkenean pailazo baten itxura hartuko du». Irudi horrekin, produktoreak azpimarratu nahi zuen funtsezkoena ez dela bere apaintze lana, taldearen edo bakarlariaren beraren kalitatea baizik. Hala ere, adierazpen horiek asaldagarriak egin zitzaizkien zenbait laguni, konparazioari darion matxismo zaharminduarengatik. Hau da, zerbaiten ontasuna azpimarratzeko "neska polit" batekin konparatu beharra, publizitate zakarrenaren estiloan. Normala, beraz, lagun horiek haserretzea.

 

Haserre horretatik kanpora, beste gogoeta mota batera eraman ninduen esaldiak. Hau da, metafora gisa ez baizik eta hitzez hitz hartuz gero, zenbateraino da erabakitzailea artistaren edertasuna artelan baten arrakastan? Arte-mota guztiak ez dira berdinak auzi honetan.

 

Zinema hartzen badugu, adibidez, artisten balizko meritua ia beti egon da lotua haien edertasunari (aktoreez ari naiz, haiek baitira arte mota horren aurpegia). Beti egongo da aktore zatar bat edo beste bigarren mailako rolak jokatzeko, baita aldian behin protagonista izateko ere (errazago gizonezkoen kasuan emakumezkoenean baino, hala ere: ikusita nago Halle Berry edo Charlize Theron guztiz ederrak itsusiarena egiten, makillajearen lanari esker), baina gauza jakina da kamerak maite behar duela aurpegi bat publikoa zinema-aretora joango bada, eta horretan Hollywoodeko star-system-aren jarraitzaile hutsak dira zinema alternatibo eta independente usteko guztiak.

 

Musikaren arloan ere ez al da antzeko zerbait gertatzen? Utz dezagun alde batera klasikoaren mundua, baita neurri batean folkarena ere: pop musika, bere sortze-unetik, Elvis Presleyz geroztik behintzat, kantariaren irudiari guztiz loturik ageri zaigu. Taldeek (edo beren liderrek behintzat) sexyak izan behar dute, irudi indartsu bat eduki gizonezkoen kasuan edo sentsuala emakumezkoak, eta irudi horri zukua atera, entzuleek musika ez ezik idolo bat ere kontsumitzen duelakoan. Gogora ditzagun, esaterako –rock ikono zaratatsuenak alde batera utzita ere–, Nina Simone eta Norah Jones, pianoan eserita aritzen diren bi jazz kantari. Argi dago Simone askoz ere artista interesgarriagoa dela, baina duda egiten dut gaur egun saiatu balitz inork aintzat hartuko zukeen.

 

Eta literaturan? Hori da nik gehien ezagutzen dudan arloa. Aurrekoekin konparatuta, artistaren irudiak askoz ere pisu gutxiago du, zorionez. Baina ezin uka daiteke itxura pertsonal, desberdin eta identifikagarri bat izateak gero eta ondorio nabarmenagoak dituela idazlearen proiekzio publikoan: salmentetan batetik, baina baita ere prentsako agerpenetan, irakurleen arretan eta era guztietako ekitaldietan. "Zoritxarrez" esango duzu, irakurle, baina ze neurritan ez zara zu zeu ere fenomeno beraren bultzatzaile?

(Ortzadar, 2013-01-19)

Kristautasunak kutsatuak?

Xabier Mendiguren 2013/01/05 12:23
Noticias taldeko Ortzadar gehigarrian ateratako artikulua 2013-01-5.

 

Itzultzaile Elkarteak sortutako 31 eskutik blog guztiz interesgarrian Iñigo Aranbarriri irakurri diot, berriki, gogoeta mamitsu bat, hitzek gainean daramaten pisu ideologikoari buruz. "Aita santua" esamoldetik abiatzen da artikulua, nola euskaraz ez daukagun beste hitzik eliza katolikoaren burua izendatzeko, eta nola guztiz izendapen baloratiboa den, eliza ama katolikoaren altzoan hazi eta hezi ez direnei erosoa ez zaiena (gogoan daukat, esaterako, Aingeru Epaltzak "Erresuma eta Fedea" nobela-sortan sorturiko Joanes Mailu pertsonaia, Joana Albretekoaren eta kalvindar erreformaren jarraitzaile zintzoa, "Erromako printzea" esapideaz baliatzen dena, besteak beste).

Gure hizkuntza zenbateraino dagoen kristautasunaren ondareak zamatua, berehala konturatzen da bat: "aitaren batean" esaten zaio zerbait arin egiteari; "doministikua" deitzen diogu usin egiteari; eta beste hainbat adibide ekar genitzake, hizkuntzaren erabilera laiko baterako oztopo direnak. Etsenplu guztiak ez dira behialako ebanjelizatzearen ondorio, gainera. Juan Bautista Eguzkitza abade lemoarra XX. mendeko lehen erdiko idazle oparoenetako bat izan zen, 1935ean gai sozialei buruzko saiakera bat argitaratu zuena: Gizarte-auzia: ugazaba eta langille arteko gora-berak; euskaldun jende xeheari azaldu nahi zizkion bizimodu modernoak ekarritako gatazka berriak, eta, hiztegi garbizalea boladan zegoenez, izen euskaldun jatorrak asmatzen zizkien ideologia arrotz horiei: adibidez, "sozialismoari", euskaraz, "gizartekeria" zeritzon; ez dago galdetu beharrik zer iritzi zuen Eguzkitzak "keria" horri buruz.

Hizkuntza baten historia den bezalakoa da, hori ezin dugu ukatu ez ezkutatu; axola zaidana da zenbateraino baldintzatzen duen horrek hiztunen jarduera (diskurtsoa, pentsaera, jokabidea). Aspaldi irakurri nion Sarrionandiari (Marginalia saiakera laburren bilduman, oker ez banago) guaranierari buruzko gogoeta bat. Kontu ezaguna da espainiarren kolonizazioak Hego Amerikako hizkuntza gehienak ezabatu zituela; indartsu iraun duen hizkuntza indigena ia bakarra guaraniera izan zen, gaurko Paraguayn mintzatzen dena, hango agintea jesuitek zutelako eta espainola inposatu ordez bertako hizkuntza erabiltzea erabaki zutelako. Ba, Sarrionandiak zioenez, guaranierak iraun bai, baina barrutik hustu egin omen zuten jesuitek, kristautasunaren seilu eta marka guztiak ezarrita.

Ez dakit ezer guaranieraz hori hala den ala ez ziurtatzeko, baina eztabaidagarria behintzat bada. Gure gizartea ere, hizkuntza bezala, guztiz kristaua izan da mendetan, baina nabarmena da nola ari den aldatzen ohitura eta balioetan azken 50 urteetan, onerako nahiz txarrerako. Bizimodu-aldaketok baino lehen ere, gure arbaso umil, apal eta otzan haiek, kristautasuna sinesmen dudaezintzat izan arren, gauzak ironiaz hartzen ere bazekitela esango nuke, hala ere. Hori pentsarazten dit behintzat zenbait hitzek hartu duten esanahiak: apaiz jende ilustratua Retorica ikasita etorriko zen herrira, sermoiak botatzera, baina herritar ezjakin haiek erretolika deitu zioten berba-jario alferreko eta maiz haserretuari; berdin, apaizgai eta sasiletraduen Gramatica txit gorena kalamatika bihurtu zen herri-usadioan: hizkera nahasi ulergaitza, alegia.

Geurea da honaino ekarri dugun eta gaituen motxila; ez dago lekuz kanpo barrukoa ezagutzea, bertatik zer hartu eta zer utzi erabakitzeko, etorkizunean egin beharreko bidaian. Urte berri on.

Kanpotarrak euskal literaturan

Xabier Mendiguren 2012/12/22 14:43

Amerikako Estatu Batuetan aspaldiko joera dute jatorri etniko bakoitzak bere literatura lantzea: ingelesez betiere, literatura iparramerikarraren parte gisa, baina bere sustraien berri ematen duena eta komunitate horrexen bizikizunak eta ikuspuntuak agertzen dituena. Horrela garatu dira literatura chicano aberatsa, italo-amerikarra eta beste hainbat, tartean baita euskal-amerikarra ere: Robert Laxalt jotzen dute denek mugimendu horren aitzindaritzat Sweet promised land (1957) eleberriarekin (euskaraz Dominique izenaz Xabier Mendiguren Bereziartuk euskaratua), eta ondotik beste zenbait etorri dira: Frank Bergson, Gregory Martin, Martin Etchart…

Euskal amerikarrek hango literaturari kolore berri bat erantsi dioten bezala, batzuetan pentsatu izan dut: eta gurera etorritako hango eta hemengoek ez ote dute noizbait idatziko beren bidaiaren odisea, beren herrimina, egokitzeko izan dituzten arazoak, bertakoen begiratu txar edo tratu okerragoak…? Katalanek, adibidez, badituzte Magreben, Indian, Ekialde Erdian jaiotako idazleak. Guk arlo horretan, gehienez ere, Jon Maiaren Riomundo aipa dezakegu, baina ez dakit gauza bera den; eta ez diot hori Espainiako immigrazio hurbila kontatzen duelako, baizik eta, batez ere, euskaldun eta euskal herritar bihurtzearen poz eta harrotasunetik idatzia dagoelako, minduratik baino gehiago (normala ere badena, euskaldun sentitzeko gogorik edo beharrik izan ez dutenek nekez egingo baitute literatura euskaraz).

Euskaldunok geurok ere, kanpotik etorri zaizkigun etorkin oldeak nola hartu ditugun, gutxitan landu izan dugu literaturan. Badira salbuespen esanguratsuak, ordea. Esate baterako, Abuztuaren 15eko bazkalondoa (1979), Joxe Austin Arrietaren gaztetako eleberri bikain hura, Donostiako Abuztuaren 31 kalean bizi den euskal familia baten jaiegun handiko bazkariaren bitartez hainbat kontu azaltzen dituena, gerora norbaitek asmakizun berritzat aurkeztu nahi izan duen autofikzio delakoaren adibide ederra.

Arrietaren lanetik abiatuta, Pruden Garzia Euskaltzaindiko bibliotekariak artikulu interesgarri bat plazaratu zuen aspalditxo Larrun aldizkarian, nobela horretako pasarte batean kontatzen den ezteia aztertuz: kideetako bat bertako betidanikoa, bestea Espainia aldeko jatorria duena, bien familiak bazkaritan, eta abestien kontura bi familien artean sortutako tentsioak. Irakurleak gogoan izango du berriki Donostiako Londres hoteleko ezkontza ospetsuan gertaturiko istiluak. Hemen ere esan ahalko dugu artea errealitateari aurreratu zitzaiola, nobelako amaiera horren tragikoa izan ez bazen ere.

Ondorio soziopolitiko-linguistiko mamitsuak ateratzen zituen Pruden Garziak bere idazkian: funtsean, kanpoko-bertako elkarketa horretatik konsensu moduko bat sortu zela, familia berri horrentzat bezala 60-70eko hamarkadetako euskal gizartearentzat, oraindik ere neurri handi batean funtzionatzen duena: gizarte misto berria abertzalea izango zen ideologiaz, baina erdalduna hizkuntza-praxian.

Dena dela, hemen jaso nahi nukeena, Arrietaren eleberriaren gomendioaz gainera, da literaturak errealitate sozialei ikerketa burutsuek baino lehenago eta sakonago antzeman diezaiekeela sarritan. Idazleen talentuaren esku dago hala izatea, eta irakurleon esku horretaz ohartzea.

(2012-12-22. Ortzadar)

Aipatu behar al da editorea

Xabier Mendiguren 2012/12/09 21:42
(Ortzadar gehigarrian, 2012ko abenduaren 8an ateratako artikulua, Durangoko Azokaren aitzakiaz, editore ofizioaz, lan horren ikusgarritasunaz, eta abar, urteurren pertsonal bat aipatzeaz gainera)

Hau irakurtzen duzunean Durangoko azokan egongo naiz ni, eta zuetako asko ere handik pasako zarete egunotan. Urteurren pertsonal bat baimentzen badidazue, 25. urtea beteko dut aurten bertara lanera joaten hasi nintzenetik. Dena dela, ez dut azokaz hitz egiteko asmorik (zaila da ezer berririk esatea), ezta oroitzapenak kontatzekorik ere. Abiapuntua hor hartu dut, editore-lanbideaz gogoetatxo bat egiteko, eta liburu batean parte hartzen duten guztiez ere bai, neurri batean.

Erdi Aroan, askotan aipatu izan denez, ez zeukaten gaurko egiletzaren ideiarik: sarri ez zen ezagutzen nor zen literatur lan baten idazlea, eta eskuizkribu batean izena ageri zenean, sortzailearena nahiz kopiatzailearena izan zitekeen, bereizi gabe. Ernazimentuarekin aldatuz joan zen egoera, eta inprenta sortuz geroztik dudaezinezkoa da autoretzaren funtsa, horri loturiko eskubide ekonomikoak maiz ukatu izan zaizkion arren.

Antzeko prozesua gertatu da marrazkilari eta itzultzaileekin. XX. mendea ondo sartua egon arte ez da aitortu izan haien lanaren garrantzia; ondo edo txarto ordaindu arren, aipatu ere ez zen egiten sarritan haien izena liburu barruan, artistaren kategoriarik merezi ez balute bezala. Zorionez, hori ere aldatu da.

Ildo berean, berriki irakurri dut, editorearen izena ere aipatu egin beharko litzatekeela liburuetan. Zein da, baina, editore baten lana? Hau ere ogibide berria da: Gutenberg-ez geroztik, inprimatzailea beste inor ez zen behar idazlearen lana plazaratzeko; XX. mendean argitaletxearen figura sortu zen, gehienetan bitartekari lanez arduratzen zen enpresa besterik izaten ez zena; azken 40 urteotako berrikuntza izan da editorea: zer liburu atera erabakitzen duena, neurri batean, eta, batez ere, liburu horri txukuntze bat ematen diona, hizkuntzaren aldetik, bestetik, eta ikuspegi literariotik, bestetik (aipatu ditudan hiru lanak –testuak onartzea, hizkuntza zuzentzea, eta literarioki hobetzen laguntzea– pertsona diferenteek ere egin ditzaketete).

Lanaren ardura dela-eta, ez da erokeria ez egolatria, hori nork egin duen aipatzea. Hala ere, ez naiz ni aipu hori sartzen lehena izango: maite dut bigarren maila diskretu batean gelditzea, eta ez apaltasun hutsagatik: editoreak irizpide garbiak eduki behar ditu literaturaz, idazleari aholkua emateko eta batzuetan kontra egiteko ere bai, baina beti idazlearen alde jardunez; testuaren azken emaitzan editoreak zenbaterainoko eragina izan duen (hutsaren hurrena batzuetan, handia besteetan) isilpean geratu behar du, aitortza-sekretuaren antzeko zerbait balitz bezala, idazlearen eta bien artekoa eta haiei bakarrik dagokiena.

Bestalde, ez nago ziur editorearen ogibideak luzaroan iraungo duen. Edizio elektronikoak nagusitzen badira, argitaletxeen funtzioa kolokan gera liteke, eta editorearena ere bai, horrenbestez. Azken batean, behin baino gehiagotan esan dudanez, literaturaren funtsezko elementuak testua, haren sortzailea eta hartzailea dira; gainerako agenteak (argitaletxe, banatzaile, dendari, kazetari, kritikari, liburuzain…) bitartekari hutsak gara, prozesuaren laguntzaile onenean eta bizkarroiak txarrenean.

Nik, obra ederren lehen irakurlea izateko zortea izan dut, idazle bikainak ezagutzeko plazera, eta haien lanak neurri txiki batean hobetzen laguntzeko pribilegioa. Aipamenarekin nahiz gabe, ez nuke aldatuko 25 urtez izan dudan lanbidea, aurrerantzean ere egiten jarraitu nahiko nukeena.

Lehengusu pobreei ezikusi?

Xabier Mendiguren 2012/11/26 12:29
(urriaren 21ean idatzitako artikulua, Ortzadarrerako) Hauteskundeetako igandea amaitu berria dela, gauerdi pasatxoan hasi naiz artikulu hau idazten, zure eskuetara hurrengo larunbatean iritsiko den arren. Ez naiz analisi politikorik egiten hasiko ordea, zaude lasai, horretatik nahiko eta sobera izango zenuen-eta aste osoan.

Asteburu honetan, 26tik 28ra, Galeusca ari da ospatzen, idazle euskaldun, galiziar eta katalanek, baten eta besteen lurraldeetan txandaka, urtero egiten duten topaldia; aurten euskaldunei egokitu zaie antolakuntza, eta Donostian bilduta daude hiru hizkuntzetako sortzaileak, hiru herriotako ordezkariak.

Irakurlea beharbada oporretan izana da Galizian edo Katalunian, eta, nork gehiago nork gutxiago, denok izan ditugu harremanak bi herri horietako kideekin, badakigu haien berri; idazleen bilerek badute berezitasunik, ordea: hizkuntzarekin harreman zuzena duten aldetik,  sentiberatasun zorrotzagoa dute zapaltzen gaituen botere zentralarekin; baina, aldi berean, gure artean elkar ulertuko badugu, inperioaren hizkuntza erabili behar.

Geografikoki bezala maila psikologikoan eta garapen kulturalean ere euskaldunak beste bien erdian gaudela esan liteke: katalanak besteok baino aurreratuago, Europari begira, erronka profesional eta teknologikoekin kezkaturik; galiziarrak, berriz, beren menperakuntza eternalaren zauriei miazka sarri, aldarri sentimentaletara emanagoak, nahiz praktikotasun gutxi izan. Eta gu denen jarrerak ulertuz, liskarrak goxatuz, adostasunak bilatuz.

Ez dugu euskaldunok diplomazialari fama handirik, baina kasu honetan erdibideak badu bere azalpena eta bertutea, nire ustez: erresistentziazko kultura batetik gatoz, eta, hori guztiz utzi gabe, kultura jantziago, nazioartekoago, irekiago baterantz jo behar dugula sumatzen dugu. Horregatik ere gustatzen zait Galeusca, begiak ekialde eta mendebaldera eramanez, lehenaren sustraiak eta utopiaren adarrak ikus ditzakegulako.

Historian barrena bi kulturetako idazle nagusiak itzuli izan ditugu euskaraz; agian joera gehiago izan dugu galegoekin: Alfonso R. Castelao, Alvaro Cunqueiro, Anxel Fole, Celso Emilio Ferreiro, Xose Luis Méndez Ferrín, Xosé Neira Vilas, Uxío Novoneyra… haien kalitateagatik, batez ere, baina, horrez gain, jatorri baserritar xumeak eta morrontza kolonialak anaiago egiten gintuztelakoan (debozio horretan zerikusi zuzena izan dute, noski, gure idazle galegozale handiek: Gabriel Arestik oroz gain eta lehen, eta baita Koldo Izagirrek eta Joseba Sarrionandiak ere).

Azkenaldian, ostera, guztiz desorekatu da harremana: Kataluniako independentzia-egarriak hara begira jarri gaitu denak, katalanezko hitz batzuk ikasten saiatzen gara, Bartzelonan dago gure ikasle eta idazle askoren itsasargia. Galegoak, aldiz, hauteskundeetako behin eta berriroko emaitzei begiratu eta badirudi egurtzen dituen makilari miazka dabiltzal, beren joputza gogoz onartuz, kolonizatuaren autogorrotoa praktikatuz, errukarri.

Balizko bi eredu horietan, garbi dago zein nahi dugun eta zein ez. Hala ere, katalanak uneoro miretsi eta galegoak guztiz ahaztu eta gutxiesteko jarrera hori ez zait parte onekoa iruditzen. Edozein familiatan izaten dira lehengusu batzuk aberatsagoak eta beste batzuk pobreagoak. Eta beti izaten da, halaber, lehengusu dirudunei irribarre eta txiroei ezikusia egiten dien txilibituren bat. Ez nuke nahi hori izaterik gure jokabideen ispilu.

Salbuespena

Xabier Mendiguren 2012/11/24 11:41

Arantza Santestebanek Bartzelonatik Info7 irratirako egindako hitzalditxoa entzun nuen aurrekoan. Hainbat gai omen zituen lantzeko (Kataluniako hauteskundeak, azken greba orokorra…), baina, salbuespena eginda, hedabideetan ze kolaboratzaile emakumezko gutxi zeuden salatu nahi zuen, behin bada ere, egoera desorekatu hori konpondu dadin behingoz, eta berari benetan interesatzen zaizkion kontuak aipatzeko hortik aurrera (etxe-kaleratzeak, Israelek Gazan egindako sarraskiak edo dena delakoa).

Konparazioa barkatzen bazait, antzeko zerbait egingo dut nik gaur. Bada gai bat normalean inoiz aipatzen ez dudana: hizkuntza bera. Ez axola ez zaidalako, baizik eta iruditzen zaidalako artikulu interesgarriak idaztea dela euskarari hemen egin diezaiokedan mesederik handiena, ez gure mintzairaren loriak kantatzea edo haren kontrako ostikoak arbuiatzea. Arrazoi horrexegatik, azken urteetan ezezkoa eman diet “euskararen alde” eskatu dizkidaten lankidetza guztiei, berez errazak izan arren: flashmob batean parte hartzea, edo lipdub batean, edo word cafe batean… modan jarri diren gauza moderno horiek, badakizue.

Euskarak ez al du behar aldarrikapenik? Seguru baietz. Jende asko dago oraindik ez dakiena eta ikastera animatu beharrekoa, edo jakin arren hitz egiten ez duena, edo hitz egin arren euskal kulturaren erabiltzailea ez dena; asko dira halaber egiten zaizkion erasoak eta bazterketak, haren inguruko gutxiespenak eta uste okerrak. Horregatik guztiagatik ulertzen dut euskarak defentsa behar izatea, horren inguruko elkarteak eta sail ofizialak, militanteak eta teknikariak. Baina euskarak behar duena gaur eta batez ere da erabilpena; eta kulturgileok egin diezaiokegun ekarpenik onuratsuena da eduki interesgarriak sortzea: kanta ederrak, liburu zirraragarriak, film dibertigarri edo aztoragarriak, antzerki ikusgarriak…

Aspaldi esaten dut euskarari buruzko mahai-inguruak antolatu ordez, mahai-inguruak euskaraz egin behar liratekeela normal, edozein gairen gainean: futbola edo sukaldaritza, musika edo alkohola. Erakunde ofizialetan dena euskarara itzuli barik, euskaraz sortu agiriak eta dokumentuak, euskaraz egin bilerak. Lanpostu baterako euskarazko perfil jakin bat eskatu beharrean, euskaraz egin langilea hautatzeko probak. Hori guztiz betetzea gaur-gaurkoz ezinezkoa izan arren, garbi eduki hori dela bidea, eta horrantz eman pausoak.

Salbuespenezko artikulua da hau, beraz; berau idazteko ideia, berriz, zabaldu berri den erakusketa batek eman dit: Badu, bada du izena eta Donostiako San Telmo museoan dago ikusgai, museoak berak produzitua eta Josean Muñozek zuzendua, talde handi baten laguntzarekin. Euskara da gaia, eta bi hitz horien elkarketak hozkia sortzen didan arren (euskara museoan!), erakusketa bizi, alai, dinamiko eta positiboa da, euskaldunei bere izatearen poza eta harrotasuna emateko modukoa, eta erdaldunei errespetua, mirespena eta ikasteko gogoa piztu diezaiekeena. Otsail erdira arte egongo da bertan, eta gero beste hiriburu batzuetan erakusteko asmoa dute. Eta bertatik bertara ikusi bitartean, edo horrez gainera, ezagutzea merezi du sareko bertsioak ere: badubada.com

Eta ni, hurrengoan, benetan gustatzen zaizkidan gaietara itzuliko naiz: nobelak, idazleak, liburuak… modaz pasatako gauza arraro horiek, badakizue.

Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.