Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Batere aldatu ez dena

Batere aldatu ez dena

xme 2013/02/16 10:08

Utzidazue atzera jotzen, gaurko kontu batekin zerikusia du eta. 1988: ni, editore lanetan hasi berria. Tokatu zitzaidan lehenengo liburuetako bat Exkixu izan zen, Txillardegiren eleberria, militante armatu baten gorabeherak kontatzen dituena. Euskal kulturako "behi sakratuetako" bat ezagutzeko eta harekin eskuz esku aritzeko zortea izan nuen, beraz. Liburuak promozioa merezi zuela-eta, Donostiako prentsaurrekoaz gainera, jendaurreko beste aurkezpen bat ere antolatu genuen, Zaldiko-Maldikon. Iruñera joan ginen, hortaz, Joxe Luis eta biok, bizileku zuen Amasako baserritik abiatuta, bere kotxean.

Aurkezpenaren xehetasunik ez dut gogoratzen. Bai Patxi Zabaleta politiko eta idazlea aritu zela hizlari, eta bertan zirela Iruñeko hainbat euskaltzale ezagun: alemandarrak-eta. Aurkezpenaren ondorengo zenbait printza gogoan geratu zaizkit, ordea. Horietako bat, hemen aipatu nahi nuena, Mikel Bujanda etorri zela, Euskalerria Irratia sortu berritik, eta proiektuaren berri azaltzen aritu zitzaiola Txillardegi zenari: zer zen irratia, zein ziren haien asmoak, oraindik ez zutela lizentzia ofizialik baina irrati on baten normaltasunez jardun nahi zutela, eta diru-sarrera arauzkoagorik ez zeukaten bitartean hainbat familiaren sostegua eskatua zutela, laguntza-bonuen bitartez. "Ekarri, ekarri –esan zuen segituan Joxe Luisek–. Non sinatu behar da? Bi bonu hartu ditzaket?".

Beste garai bateko jarrera zen Txillardegirena, berak entzuterik izango ez zuen irrati baten babesle bihurtzea, atzean ze talde zegoen edo antzekorik galdetu gabe, euskarazkoa izatea beste bermerik eskatu gabe; erresistentzia eskuzabalaren garaiko elkartasun keinua, ikastolak eta beste hainbat mugimendu eta azpiegitura posible egin zituena. Gaur egun badago espiritu hori? Neurri batean bai, zorionez, ia dena (gu denak barne) aldatu bada ere.

Aldatu direnez pentsatzen jarrita: ekitaldiko aurkezle Zabaleta HBn zegoen artean, Aljergo negoziaketen atarian; gero EH bihurtu zen talde politiko hura, eta Lizarrako su-etena hautsi ondoren Zabaletak hura utzita Aralar sortu zuen; Txillardegi ere aralarkidea izan zen garai batean, nahiz laster talde hori utzi, betiko ezker abertzalera biltzeko, eta Zabaletak ere, bueltan-bueltan, lehengo lagun gero aurkari bihurturikoekin bat egin du. Garai hartan, Gabriel Urralburu sozialista zen Nafarroako gobernuburu; oroitzen ustel hura? (Oraingoen aldean mozolopintto bat besterik ez zela esango genuke baina.) Roldanen garaiak ziren, halaber. Geroago etorriko zen Alli (artean UPNko zela, bere baskismo keinu jator ustekoekin, txapel eta guzti), eta geroago Otano (sozialistek CDN eta EArekin egindako hiruko gobernuaren buru, PSNren ustelkeriek eta Diario de Navarra-ren presioek pikutara bota zutena), eta ondoren Miguel Sanz, Indurainen moduan behin eta berriz irabazten zuena, eta honen atzetik oraingo Yolanda Barcina, noiz arte iraungo duen ez dakiguna.

Tarte berean Osasunan izandako entrenatzaileen zerrenda luzea ere eman genezake, baina bada gauza bat 25 urteotan batere aldatu ez dena: espainolismoaren gorrotoa euskarari, alderdiak eta izenak aldatu arren. 25 urteotan Euskalerria Irratiak lehen egunean bezain zintzo eta zabal segitzen du informazioa eta entretenimendua eskaintzen, eragozpenak eragozpen, lehen baino profesionalago seguru asko; Iruñerriko euskaldunentzako lotura eta ikur izaten ere jarraitzen du, inoiz baino gehiago; bere merituz ez ezik, emitzeko lizentzia behin eta berriz ukatzen dion sektore makur eta gaizto horren ondorioz.

(Noticias-Ortzadar, 2012-02-16)

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.