Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Salbuespena

Salbuespena

xme 2012/11/24 11:41

Arantza Santestebanek Bartzelonatik Info7 irratirako egindako hitzalditxoa entzun nuen aurrekoan. Hainbat gai omen zituen lantzeko (Kataluniako hauteskundeak, azken greba orokorra…), baina, salbuespena eginda, hedabideetan ze kolaboratzaile emakumezko gutxi zeuden salatu nahi zuen, behin bada ere, egoera desorekatu hori konpondu dadin behingoz, eta berari benetan interesatzen zaizkion kontuak aipatzeko hortik aurrera (etxe-kaleratzeak, Israelek Gazan egindako sarraskiak edo dena delakoa).

Konparazioa barkatzen bazait, antzeko zerbait egingo dut nik gaur. Bada gai bat normalean inoiz aipatzen ez dudana: hizkuntza bera. Ez axola ez zaidalako, baizik eta iruditzen zaidalako artikulu interesgarriak idaztea dela euskarari hemen egin diezaiokedan mesederik handiena, ez gure mintzairaren loriak kantatzea edo haren kontrako ostikoak arbuiatzea. Arrazoi horrexegatik, azken urteetan ezezkoa eman diet “euskararen alde” eskatu dizkidaten lankidetza guztiei, berez errazak izan arren: flashmob batean parte hartzea, edo lipdub batean, edo word cafe batean… modan jarri diren gauza moderno horiek, badakizue.

Euskarak ez al du behar aldarrikapenik? Seguru baietz. Jende asko dago oraindik ez dakiena eta ikastera animatu beharrekoa, edo jakin arren hitz egiten ez duena, edo hitz egin arren euskal kulturaren erabiltzailea ez dena; asko dira halaber egiten zaizkion erasoak eta bazterketak, haren inguruko gutxiespenak eta uste okerrak. Horregatik guztiagatik ulertzen dut euskarak defentsa behar izatea, horren inguruko elkarteak eta sail ofizialak, militanteak eta teknikariak. Baina euskarak behar duena gaur eta batez ere da erabilpena; eta kulturgileok egin diezaiokegun ekarpenik onuratsuena da eduki interesgarriak sortzea: kanta ederrak, liburu zirraragarriak, film dibertigarri edo aztoragarriak, antzerki ikusgarriak…

Aspaldi esaten dut euskarari buruzko mahai-inguruak antolatu ordez, mahai-inguruak euskaraz egin behar liratekeela normal, edozein gairen gainean: futbola edo sukaldaritza, musika edo alkohola. Erakunde ofizialetan dena euskarara itzuli barik, euskaraz sortu agiriak eta dokumentuak, euskaraz egin bilerak. Lanpostu baterako euskarazko perfil jakin bat eskatu beharrean, euskaraz egin langilea hautatzeko probak. Hori guztiz betetzea gaur-gaurkoz ezinezkoa izan arren, garbi eduki hori dela bidea, eta horrantz eman pausoak.

Salbuespenezko artikulua da hau, beraz; berau idazteko ideia, berriz, zabaldu berri den erakusketa batek eman dit: Badu, bada du izena eta Donostiako San Telmo museoan dago ikusgai, museoak berak produzitua eta Josean Muñozek zuzendua, talde handi baten laguntzarekin. Euskara da gaia, eta bi hitz horien elkarketak hozkia sortzen didan arren (euskara museoan!), erakusketa bizi, alai, dinamiko eta positiboa da, euskaldunei bere izatearen poza eta harrotasuna emateko modukoa, eta erdaldunei errespetua, mirespena eta ikasteko gogoa piztu diezaiekeena. Otsail erdira arte egongo da bertan, eta gero beste hiriburu batzuetan erakusteko asmoa dute. Eta bertatik bertara ikusi bitartean, edo horrez gainera, ezagutzea merezi du sareko bertsioak ere: badubada.com

Eta ni, hurrengoan, benetan gustatzen zaizkidan gaietara itzuliko naiz: nobelak, idazleak, liburuak… modaz pasatako gauza arraro horiek, badakizue.

Inaxio Usarralde
Inaxio Usarralde dio:
2012/12/01 01:00
Izan ere, hi haiz arraroa! Zeini okurritzen zaio!? ;-)
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.