Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan

Munstro zoragarri bat

xme 2012/11/10 09:57
Azaroaren 1ean bete zituen urteak, eta, ikusle guztiokin ospatu nahiko balu bezala, oparirik ederrena eskaini zigun: Publikoari gorroto obraren estreinaldia; neuk idatzia denez niretzat bereziki esanguratsua, baina edonola ere euskal antzerkia maite duten guztientzako albiste pozgarria. Iñigo Ibarrari buruz ari naiz, antzerkian Ander Lipus. Txikitatik komediantearen harra barruan sumaturik Markinatik Madrilera joan zena ikasten, handik bueltan Bilbon antzerki esperimentalerako faktoria bat martxan jarri zuena (Mina Espazioa hasieran, Antzerkiola Imajinarioa gero), eta orain, talde iraunkor baten egiturari eustea ezinezkoa denez, Huts teatroa muntatu duena, diru-laguntzarik gabeko garaietarako antolakunde xume baina eraginkorra.

Ander Lipus antzerki-antzerkia egiten baino gehiago ikusiko zuten askok bertsolarien lagun, “Erregea eta bufoia” ikuskizunean, bere pertsonaia-sortarekin: Juan Junda, Euxebio Egaña, Manex Domintxine, katedratiko argentinarra… Badu bere interpretazio erak histrioi puntu bat, eta maitasun-adierazpen honetan aitortuko dut hasiera batean ni urduri ipintzen ninduela; gero, bere dramaturgia hobeto ulertu dudalako, edo Iñigo Ibarra gertutik ezagutzeko aukera izan dudalako, estimatzera iritsi naizen arren.

Nire iritziaren gainetik, ordea, Lipusek antzerkia egiteko moduari eman dizkion ezaugarriek egiten dute, nire ustez, objektiboki interesgarri: euskara hutsez aritzea erabaki du, sarri gure hizkuntza bigarren mailan uzten duen eta artistikoki hutsal samarra den elebitasuna alde batera utzita; Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko kolaborazioa modu normal eta sistematikoan landu du (Fuchs anaiekin, Haize Berri elkartearekin eta abar), bide hori posible ez ezik emankorra izan daitekeela frogatuz; teatro komertzial eta konbentzionalean erori gabe, abangoardia herrikoi bat egiten asmatzen du; profesionala izanik ere, auzolana praktikatzen du, ikastaroak emanez, talde amateurrak zuzenduz, eta abar; euskal dramaturgia baten alde egiten du, bertako autoreen testuak taularatuz (ez orain bakarrik, urteetan lan egin izan du Jon Gerediagarekin). Bereizgarri hauen guztien kontrako bidea hartu zen, aspaldidanik, gure antzerki nazionalaren gunetzat hartu izan den Donostian, baina nagusi bihurturiko joera horretaz, zergatiez eta ondorioez beste batean jardun beharko dut luzeago, gaurko zutabearen lekua bukatzen ari naiz eta.

Ander Lipus, esan bezala, Publikoari gorroto ari da antzezten oraintxe bertan, Manex Fuchsen zuzendaritzapean, Iñaki Ziarrusta eta Miren Tirapu aktoreekin batera. Obra bortitza da, gogortasun hori goxatzeko umore ukendua ere baduen arren, ikuslearekin jolas egiten duena, egoera psikologiko batetik bestera eramanez. Baina, batik bat, aktore protagonistaren errezitaldi izugarria da: gorputzez eta arimaz hustu egiten da, hainbat erregistro erabiliz, dramatik komediaraino eta tarteko genero guztiak probatuz, ahalegin fisiko ikusgarri batean, munstro bat dela erakutsiz, hitzaren adiera guztietan. Artikulu hau argitaratzen den egunean Elorrioko Arriola antzokian emango dute arratseko zortzietan; bihar, domekan, Durangoko San Agustin kulturgunean zazpietan; datorren astean Zumaian eta Donostian, eta hortik aurrera beste hainbat herritan. (Lagun baten alde egiteak propaganda zilegi egingo duelakoan.)

(2012ko azaroaren 10ean Noticias taldeko "Ortzadar" gehiagarrian argitaratua)

Txango bat Azurmendiren liburuetan barrena

xme 2012/11/09 10:28
“Azurmendi anglosaxoia izan balitz, munduko intelektual handienen artekotzat joko lukete denek” esan zidan noizbait lagun batek, ahaztu zait nork, esaldiak ez baininduen harritu. Izan ere, Joxeren ahotik zein lumatik ikasteko aukera izan dugun guztiok sentitu dugu inoiz halako sentipen bikoitza: zelako zortea, horrelako gizon jakintsuaren irakaspenak jaso ahal izatea, eta zelako pena, haren hitzek eta idazkiek duten baino oihartzun handiagorik ez izatea. Dena dela, sakonxeago pentsatzen jarrita, mugapen hori ez genuke zertan tamaltzat hartu: Azurmendi den bezalako intelektual handia da, besteak beste, herri txiki baten bizi beharrari lotu zaiolako, haren minekin mintzen eta petralkeriak barkatzen jakin duelako; osterantzean, Kanten kantiketan espezializaturiko kantiano kategoriako bat izan zitekeen, agian, berezilarien biltzarretan bildutako bitxorraroei bildungsroman bitxienak kontatuko zizkiena.

Joxe Azurmendiren bibliografia oso bat egin nahi duenak lanak izango ditu, bere izenez sinaturiko liburu nagusiez gain, era askotako izkribuak hartu beharko baititu aintzat: ezizenez agerturiko artikuluak, lan kolektiboetarako idatziak bere izenez nahiz besterenez, idazle askoren eskariz haien liburuei paraturiko hitzaurreak… Denetan ere, idazkeraren oparoa eta zehatza da etxeko marka, pentsamenduaren originala eta zorrotza, jakituriaren zabala eta iturrien fidagarritasuna.

 

Bibliografia osorik ezean, Azurmendiren liburuetan barneratu nahi duenarentzako lehen hurbilpen moduko bat izan nahi du honek; ez gida osatu bat ez bitakora fidagarria, oroitzapenei tiraka osaturiko komentario sorta xume bat baizik; eta sailkapenetarako beste edozein bide bezain baliagarria delakoan, kronologia hartuko dut irizpidetzat.

 

Hasteko, bitxitasun bat: Azurmendiren lehen liburua poema-bilduma bat da: Hitz berdeak (1971n kaleratua); geroztik ez du besterik idatzi, poesia gaztetako bekatu arintzat jo balu bezala. Dena dela, Koldo Izagirrek XX. mendeko poesia-kaieretan sartzeko modukoa iritzi zion, eta hantxe dago. Hitz berdeetako testurik esanguratsuena, baina, zentsurak bertan ateratzea debekatu zuen bat da: “Manifestu atzeratua”, hasiera gogoangarri hura zeukana: “Gure herriak ez dauka kondairarik. / Pobrea da. Ez dauka / pirata koxkor pare bat, / langile sofritu batzuk, / muga zentzugabe asko, / mila zorigaizto / besterik.” Pasadizo pertsonal bat kontatzen uzten badidazue: editore lanean hasi nintzenean, 1988ko urtarrilean, ahazturatik erreskatatu beharreko liburu batzuk eman zizkidaten argitaletxeko arduradunek; horietako bat, Hitz berdeak. Egileari deitu nion, proiektu horretaz hitz egiteko. Garbi utzi zidan lehen momentutik nahiago zuela testu hark hauts artean jarraitzea; deigarria egin zitzaidan, lehen momentutik halaber, gizonaren apaltasuna, bera euskal kulturako behi sakratua baitzen, ni berriz 23 urteko bigantxa bihurria, izatekotan, eta hala ere natural bezain jator hartu ninduen uneoro. Esan nezake huraxe izan zela, filmak zioen bezala, adiskidetasun eder baten hasiera.

 

Poesiatik saiakerara pasatuta, Azurmendiren liburuak, askotan, binaka edo hirunaka aipatu behar dira: batzuetan egileak halaxe pentsatu zituelako, beste zenbaitetan editoreek zatika argitaratzea erabaki zutelako, eta azken batzuetan egileari egitasmoa luzatu eta biderkatu egin zaiolako.

 

Hizkuntza, etnia eta marxismoa dugu zerrendako lehena, 1971koa hau ere, gaia eta garaia kontuan hartuta ulertzekoa den legez, klandestinoki zabaldu zena. Abertzaletasun berri bat sortzeko garaian berealdiko ekarpena egindako liburua, teorian bederen, ez baitakit egiazki askorik irakurri zen: orduko iraultzaile gazteentzat ere errazagoa zen Krutwig-en Vasconia edo Oteizaren Quosque tandem irakurtzea, edo soilik aipatzea, askatu nahi zuten herriaren hizkuntzan idatzitako beste hau baino. Ezker berri bat eraikitzeko asmoari loturik dago Kolakowski, 1972koa, poloniar marxista heterodoxo haren itzulpenaz eta hari buruzko ikerketaz osaturiko liburua, Joseba Arregi gaxte baten laguntzaz ondua (mentorea ezin egingo dugu dizipuluaren hautuen errudun, ezta?).

 

Marxismoa modako gaia zen, eta Azurmendik gure artean beste inork baino informazio gehiago zeukan (baita sinpatia ere, baina ez miresmen akritikoa); gogora bestela Arestik 64ko Harri eta Herri-n eskainitako aipu hura: “Joxepe, nire laguna, (…) han goian, tobaritx guztiak baino tobaritxagoa”. Baina kulturgintza zuen Joxek berezko kezka eta interesgunea: horregatik idatzi zuen iraultza sobietarraren garaian Errusian izandako joera eta eztabaida artistikoei buruzko liburu sorta bat: Iraultza sobietarra eta literatura (1975), Kultura proletarioaz (1973), Errealismo sozialistaz (1978), Artea eta gizartea (1978).

 

Kanpoko mugimendu sozial eta artistikoak aztertu bai, hango eta hemengo idazleak irakurri ere bai (garai guztietakoak, eta nor bere hizkuntzan gehienetan: txundigarria da alde horretatik bere liburuetako aipamen eta oharretan ageri duen erudizioa), baina Azurmendik bereziki euskal literatura maite du; hobeto esateko, maite, zentzu frantsesean, seguru asko gehiago maiteko du Pirinioetako ermita erromaniko txiki batean ikusitako kapitel txairoa, edo Siziliako puskailetan atzemandako kourós greziar liraina, baina euskaltasuna bere-berea du, haserretzeko zein pozteko, ernegatzeko zein hunkitzeko, eta sentimendu mami horri zor dizkiogu XX. mendeko euskal idazle handienetako batzuei buruzko lanik sakonenak, 30 urteko unibertsitate-jardunak urrundik ere berdindu ez dituenak. Orixeri buruzko biak: Zer dugu Orixeren kontra (1976) eta Zer dugu Orixeren alde (1977); eta Miranderi buruzko beste bi: Mirande eta kristautasuna (1979) eta Schopenhauer, Nietzsche, Spengler Miranderen pentsamenduan (1989). Guztiz ohargarria da liburuotan, idazlea bere soilean ez baizik eta gizarteko gorabeheretan txertatzeko eta aztertzeko nahia, baita gure herriko autoreak pentsamendu-korronte unibertsaletan kokatzeko lana ere.

 

Urte horietan onduriko beste liburu-sorta bat Euskal Herriko ideologia politiko nagusiei buruzko saiakerek osatzen dute: Sabino Aranaren pentsamendu politikoa (1979), Nazionalimo/internazionalismo Euskadin (1979), PSOE eta euskal abertzaletasuna (1979). Egileari entzunda, enkarguz egin omen zituen, orduko militante gazteak gai politikoetan janzteko plan zabal baten barruan, hainbat intelektuali honetaz eta hartaz idazteko eskatu omen baitzitzaien; gurean sarritan gertatu ohi den moduan, plan hura ezerezean geratu omen zen eta intelektual gehienek agindutakoa bete ez; baina Azurmendiren ekarpena hor dago oraindik, presaka egindako apunte historikoak izanik ere.

 

Politika eta literaturarekin zerikusi zuzenik gabeko beste saio pare bat ere idatzi zuen Azurmendik urte horietan: Gizona abere hutsa da (1975), nolabait sailkatzekotan antropologiaren eta etologiaren artean kokatuko nukeena: gizakiaren azterketa animalien jokabidearen argitan; ikuspegi materialista eta guztiz antitraszendente hori elizgizon batengan onartezina izango zela-eta, ezizenez sinatu zuen: Lazkano Mendizabal, bere hirugarren eta laugarren abizenak erabiliz, eta hala ere Setienen haserrea piztu omen zuen. Liburu hark bazuen segida, orduan argitaratu ezinik handik urteetara kaleratu zena: Gizaberearen bakeak eta gerrak (1991).

 

Urte horietan idatzitakoa da, halaber, nahiz eta materialaren tamainagatik bere garaian argitaratzailerik topatu ez, Espainolak eta euskaldunak (1992), egilearen lanik sonatuena beharbada, bere pentsaeraren eta idazmoldearen adierazgarri enblematikotzat hartu litekeena: prosa oparo eta dotorea, iturri askotarikoak, irakurlearen gogoa astintzeko borondatea…

 

Orain arte aipatu ditudan saiakera horiek guztiak hamarkada batean idatziak dira, dozena erdi bat urtean funtsean, nahiz batzuk handik 15 urtera plazaratu; kalitatez zein kopuruz halako produkzioa eman duten egileak apur batzuk izango dira literaturaren historia osoan, eta azalpenen bat ematekokan, buru-argitasun izugarria, jakintza guztiz zabala, lanerako diziplina estua aipatu behar, baita garai hartan Azurmendi Alemanian zegoela ere (aurrena ikasketek hara eramanda eta gero frankismoak jazarria): miresle, lagun eta herrikide kaparrek bakean utzita, lan egiteko lekurik aproposena berarentzat.

 

Erregimen aldaketarekin Hego Euskal Herrira itzuli zen, eta irakaskuntzan hasi: orduko EUTGn (Deustuko Unibertsitatearen Donostiako kanpusean) aurrena, eta EHUn hurrena. Azurmendiren beste alderdi publiko bat hasten da hor: maisu handiarena, asko baitira haren gelatik pasata oroitzapena gorde eta eragina jaso duten ikasleak, batik bat filosofia euskaraz landu dutenen artean. Gaitz erdi, maisutza horrek galarazi baitio garai bateko maiztasunez idaztea. Berak esana da, klasean eman beharreko guztia idatziz jartzen zuela beti, eta bost bat orduko lana behar zuela ordubeteko eskola prestatzeko.

 

Eskolak ematen ez ezik, beste hamaika zereginetan ere jardun du halere: Jakin taldeko barne lanetan batetik, eta handik edo hemendik jasotako eskariei erantzuten bestetik: artikuluak, hitzaldiak, hitzaurreak… Irakurri edo entzun dituenak badaki Azurmendiren hitzaldiak zenbateraino diren magistralak, eta zenbat aldiz bihurtu diren haren hitzaurreak liburu osoko parterik interesgarriena. Zirkunstantziek agindutako lan hauetako hainbat liburu bihurtu dira eta jendearen eskura daude, hala nola El hombre cooperativo (1998), Arizmendiarrietaren pentsamenduaren azterketa, Mondragon taldearen enkarguz gaztelaniaz egina, edo Oraingo gazte eroak (1998), azkenean argitaratu ez zen liburu batentzako hitzaurre gisa idatzia, Orixeri buruzko liburuetan jorraturiko gai bat sakonago lantzen duena: euskaltzale zahar eta berrien arteko etena eta belaunaldi-talkak oro har; artikulu eta hitzaldiak bilduz osatu dira Demokrata eta biolentoak (1997) eta Euskal Herria krisian (1999) ere, betiko kezka zaharberritu baten inguruan: gure herri honetako egoera politiko petrala. Euskal intelektual batzuen azterlan sistematiko samarrak ere ondu ditu azken urteetan, hala nola Karlos Santamariaz ( www.karlossantamaria.com/azterke/aazur01.htm ) edo Etienne Salaberry. Bere pentsamenduaz (2003). Garaitsu honetakoa baina oso bestelakoa da Teknikaren meditazioa (1999), mendebaldeko zibilizazioaren nondik norakoaz eta homo faber-aren izateaz hausnartzen duena.

 

Azken urteetan, proiektu pertsonalago eta anbizio handiagokoetara itzuli dela esan daiteke, eman beharreko eskola orduak gutxitzearekin batera edo. Aspalditik zuen Humboldt-en pentsamendua lantzeko asmoa, eta ikerketa hori, berez, liburu batean biltzekoa zen arren, azkenean hiru liburukitakoa izan da emaitza, hirurak ere mardulak eta mamitsuak: Humboldt. Hizkuntza eta pentsamendua (2007), Volksgeist-Herri gogoa. Ilustraziotik nazismora (2007) eta Espainiaren arimaz (2006). Filosofiaz, historiaz, mintzairaz, auzo-herriaz gogoeta egiteko maisu-lan hirukoitza.

 

Orain arteko ibilbidea ixteko, berriz, seguru asko Azurmendiren liburugintza osoko obrarik mamiena, bereziena, pertsonalena: Azken orduak Gandiagarekin (2009): adiskidearen heriotzaren aurrean, haren poesiaren analisiarekin hasi, haren haziera eta hezierarekin segi, eta hortik aurrera teologia eta metafisikazko ur handietan murgil egiten duena.

 

Eta honekin amaitu dut errepaso ez labur baina bai arin hau. Ezinbestean behin-behinekoa, gainera, hemendik aurrera ere lan gehiago eskainiko digula espero baitugu denok. Nahiz eta Azurmendik lagunei beti esan bera ez dela garai batekoa, asko galdu duela, izugarri kostatzen zaiola kontzentratzea… Baliteke, orain dela 40 urteko gaztearen aldean, makalagoa izatea sasoia, itzalixeagoa kemena, baina argitasunean beti bezain zalu eta zoli sumatzen dut nik.

 

Alabaina, ohore eta omenaldien aroa iritsi zaio, berak beti eta egin ahala guztian ihes egin badie ere. Hori bai zahardadearen zantzua! Dena dela, espanturik gabe onartzeko opa diot hemendik, apaltasunaren marka izaten baita, ematen bezala, hartzen ere jakitea. Eta Joxerengan beti miretsi dudana da, gauza bakarra duela bere jakituriaren eta intelijentziaren tamainakoa: esku zabala eta bihotz handia.

 

 

Kazetari espainiar progre horiek

xme 2012/11/07 20:10
Goiza zen. Autoz nindoan lanera, irratia entzunez. Une hartan, Radio3, musika-saio bat. Esataria, astero egiten omen duen jolas batean: musikari bati deitzen dio, berak ez daki nori, eta nor den asmatzeko galdezka hasten da; musikariak ezin dizkio gauzak errazegi jarri, jokoak aurrera jarrai dezan.

–Non zaude, zein hiritan.

–Herri txiki batean nago.

–Eta Espainiako ze aldetan, ze probintziatan?

–Nafarroan.

Isilune txiki bat. Esataria Nafarroan ze musikari ezagutzen dituen buruz errepasatzen, nonbait.

–Ta ze hizkuntzatan kantatzen duzue, gaztelaniaz ala ingelesez?

–Ez batean eta ez bestean.

Isilune luzea. Esataria flipatzen. Ez daki ze hizkuntza bitxi izan litekeen musikari misteriotsu horrek darabilena. Azkenean musikariak, durduzamendu horretaz ohartuta edo esatariaz errukituta, argitzen dio:

–Euskaraz kantatzen dugu.

Elkarrizketak aurrera jarraitu zuen, eta beste galde-erantzun batzuen ondoren esatarriak asmatu zuen entzule euskaldunak aspaldian igarritakoa: musikaria Gorka Urbizu lekunberritarra zela, Berri Txarrak taldekoa.

Ego hegalariak

xme 2012/10/13 08:41
Motibo, bultzada eta eragile ugari izan ditzake sortzaileak artelan bat sortzeko: gauzei buruzko bere ikuspegia azaltzea, mundua aldatzea, ospea lortzea, gizartean gora egitea, bere barruko obsesioak kanporatzea, ingurukoen maitasuna bilatzea, bizimodua ateratzea… Gehienetan hainbat faktore arituko dira batera lanean, eta seguru asko egileak berak ere ez daki garbi horietatik zein izan den inportanteena, alde batera utzirik lan horren bitartez halako ezer lortuko duen ala ez.

Bultzagarri horietako batzuk altruistak dira, beste batzuk berriz berekoi hutsak, baina hartzaileok gogoan izan behar genuke, sarritan errepikatu izan den moduan, sentimendu onek ez dutela obra ona ziurtatzen, ez barren gaiztoak lana baliogabetzen (alderantzizkoa ere egia dela gogorarazi behar litzateke, halaber: hau da, zitalkeria ez dela kalitatearen berme, ezta zintzotasuna kaxkarkeriaren sinonimo ere).

Kontu hauek direla-eta, behin baino gehiagotan topatu dut neure burua idazleen egolatriaz pentsatzen. Izatez, sentimendu gogaikarri eta jasangaitza egiten zait nork bere buruari inportantzia larregi ematea, txaloa bilatzea, munduko edozein gertakari norberarekiko loturaren arabera neurtzea. Nekagarria izan arren, ordea, ez zait iruditzen alde batera utzi beharreko “akatsa”: batetik, bakoitza den bezalakoa delako, eta gu ez garelako inoren epaile; baina, sakonago hartuta, egolatriaren eta sorkuntzaren arteko harremanak konplexuak direlako.

Artista batek bere onena eman ohi dio sorkuntzari: denbora, talentua, indarra, pentsamendua… Trukean, gutxitan jasoko du ordain material ganorazkorik; kolegen aitortza lortuko balu edo publikoaren esker ona, pozik legoke, baina horiek ere nahi baino eskasagoak izan ohi dira. Bere barrutik atera behar du aurrera jarraitzeko kemena, sorkuntza berriei ekiteko energia. Eta hor, bietako bat: edo nortasun sendo bat daukazu, segurtasuna eta konfiantza ematen dizkizuna, edo nortasun mindu bat, kritikoen ziriek zauritu baina, hala ere, indarberritu egiten dutena. Halakoetan barkagarria izan liteke egoa.

Badira laudorioak eta laidoak, denak birziklatzen dituzten egolatra izugarriak ere. Beharbada eskuzabalak dira bizitza pribatuan, eta kausa bidezkoen alde engaiatuak beren jarrera publikoetan, baina mundua eszenategi baten gisa ikusten dute, eurak eta euren obrak luzitu ahal izateko. Pentsatzen jarrita, horrelako bi munstro datozkit gogora: Miguel Unamuno eta Jorge Oteiza. Lehena asko irakurri eta dexente ikasi nuen gaztetxoa nintzela; bigarrena apur bat ezagutu ere bai, gaztetan, haren lanak miresteaz batera; geroago, biak iruditu zitzaizkidan bi histrioi etengabeko antzezpenean, banitatez hanpatuak, adoleszenteak bezain apetatsuak eta bere buruaz maiteminduak.

Gogorregi ari ote naiz? Nik uste haien bizitza eta obra sakon samar aztertu dituen inork ezingo dituela ukatu lore horiek. Baina egia da, orobat, Euskal Herriak emandako artista handienetakoak izan direla, XX. mendearen lehen eta hirugarren herenak guztiz markatu eta egundoko eragina izan dutenak ingurukoen kontzientziak pizten eta inarrosten; Unamuno gabe ez legoke euskal existentzialismorik, Txillardegirik, Salbatore Mitxelenarik... Oteiza gabe, euskal artea ez zen berdina izango, beharbada ez zion inoiz "euskal" izateaz galdegingo bere buruari. Haien egoek hegoak eman dizkiete ondotik etorri direnei.

Nitasunaren literatura

xme 2012/10/02 22:27
Egunotan, idazle lagun batek pasatuta, bere hurrengo liburua izango denaren eskuizkribua irakurtzeko aukera eta plazera izan dut; diskrezioaren amoreagatik, ez dut emango egilearen berri; esan dezadan, hala ere, egileak bere burua hartu duela mintzagaitzat: berari gertaturiko istorio eta pasadizoak kontatzen ditu, bere obsesio eta kezkak aitortzen, bere irakurketa eta burutazioak komentatzen.

Idazleok oro erabiltzen ditugu, nola edo hala, geure gorabehera biografikoak, eta (fikzioen sormena lan objektibo eta ia profesionaltzat hartzen dutenak kenduta: genero-idazleak, batez ere) geure nahi eta ezinei buruz aritu ohi gara gehienbat; hala ere, asmaturiko zirkunstantziekin nahasturik eman ohi ditugu egiazkoak, eta pertsonaia asmatuen bitartez bideratu geure xehetasunak.

Kasu batzuetan, ordea, elementu autobiografiko hori inongo disimulurik gabe agertzen da: nitasunetik aritu beharra sentitzen du idazleak, eta bere barrena zintzotasunez hustea du literatura egiteko baldintza. Idazlea beldur izaten da, halakoetan, egolatrian erori ote den: zer axola ote zaizkio irakurleari sortzailearen arimako zoko-mokoak? Norentzat eta zertarako nabil neure zertzelada partikularrak zehatz-mehatz kontatzen? Nik zinez uste dut ez dagoela halako egolatriarik: hain zuzen, besterik ezin dezakeela egin sentitzen duenean jo ohi du idazle benetakoak halako lan bat sortzera, jakinda, askotan, bere buruaren luzimendua baino gehiago biluztea izango dela lortuko duena, biluzte horren bitartez irakurlearen enpatia bereganatuko duelakoan. Eta hau askoz gauza serioagoa da "autofikzioa" deitu den modako genero hori baino.

Hasieran aipatu dudan idazle laguna da azaldu dudanaren adibide bat, baina ez bakarra. Gure artean badira Nitasunaren Literatura hau bikain landu duten autoreak, batzuk ezagunak eta beste batzuk ez horrenbeste. Azken horietako batzuk aipatu nahi dizkizut, beharbada haien lanak irakurtzeko gogoa piztuko zaizulakoan.

Bata, Agurtzane Juanenaren Esan gabe neukana: 18 urte zituela, Franco hiltzeko bezperetan, atxilotu egin zuten, eta, tortura hasia zelarik, leiho ireki batetik jauzi egin zuen; horren ondorioz hilabeteak eman zituen ospitalean eta urteak tratamendu psikologikoan. Bizitza erdia baino gehiago pasatu zuen historia hori kontatu nahi eta ezinik, azkenean pausoa eman zuen arte. Bere militantziaren nondik norakoa eta torturaren inguruko hausnarketa eskaintzen ditu aitortza labur, apal eta zirraragarrian.

Beste bat, Xabier Etxaberen Lurtarra da begiratua: bere buruaz ez baizik aitona soinu-jotzaileaz ari da batez ere zarauztarra, baina modu guztiz sinesgarri bezain modernoan lortzen du transmititzea erromerien eta apustuen mundu galdua, bestela Auspoa bildumaren eta etnografia-lanen bidez iritsi izan zaiguna.

Eta gaurko azkena, Imanol Zurutuzaren Errautsera arteko sugarra: bere emazteari minbizia diagnostikatu ziotenetik hil arteko prozesua kontatzen digu espiral baten moduan, gai eta motibo batzuk antzera baina beti desberdin harilkatuz, lekukotza mingarri bezain eder batean, estetizatzeak eta sublimatzeak izan dezaketen ahalmen katartikoaren adierazgarri.

Beharbada niaren barruan sakontzea da zuaren barrenera iristeko modurik zuzenena.

(Noticias taldeko Ortzadar gehigarrian argitaratua)

 

Gulliverren mundu alternatiboak

xme 2012/09/15 09:20
Pasa den abuztuan ia oporrik gabe ibili naiz, besteak beste itzulpen potolo bat zuzendu behar nuelako: Jonathan Swift irlandarrak idatzitako "Gulliverren bidaiak", Literatura Unibertsala bildumaren hasieran Iñaki Mendigurenek bere ohiko txukuntasunaz itzulia, baina, 20 urte ez direla alferrik pasa erakusteko-edo, berriz argitaratzekotan orraztu-pasada bat behar zuena.

 

Ez da hala ere disgustuko lana izan, Swiften lan horrek mila altxor gordetzen baititu bere baitan. Haurrentzako irakurgaitzat erabili izan da batzuetan, edo abenturako nobelatzat sailkatu, bere hasierako parteagatik batik bat: "Liliputera bidaia". Eta egia da: marinel bat, hondoratze baten ondotik, uharte galdu batera iritsi, eta han gauza guztiak (gizakiak barne) gure eskala baino hamabi aldiz txikiago izateak badu halako lilura sinple baina indartsu bat, edonoren irudimenean erraz sartu eta hainbat burutazio pizten diguna.

Hala ere, Swiften ahalmen sujerikorra askoz harago doa. Gurea ez bezalako munduak imajinatzen hasita, hainbat aldaera asmatzen ditu: batean txiki-txikiak dira gizakiak (gure aldean, betiere); bestean handi-handiak (gu baino hamabi bider handiagoak, hain zuzen); hurrena hodei baten gainean bizi den gizarte bat ezagutuko du, edo era guztietako esperimentu zoroak egiten dituzten asmatzaileak; hezkuntza, justizia, politika edo ekonomia eratzeko modu ugari azalduko zaigu batean eta bestean, Swifti balio diotenak erakusteko zenbateraino izan zitekeen zentzugabea eta arbitrarioa bere garaiko zibilizazioa (XVIII. mende hasierako Ingalaterra eta Irlanda).

Bere irudimenaren gailurra (eta satira morala muturreraino eramaten duenekoa) azken bidaian suertatzen da, Houyhnhnm-en herrian, non zaldi-behorrak diren izaki razional eta gorenak, eta gizakiak, berriz, abere basati zikin, baldar eta koldarrak (bide batez, zaldi horien hizkuntzako esaldia da Sarrionandiaren poema liburu zoragarri hartako titulu ahoskaezina: Hnuy illa nyha majah Yahoo: zabiltza kontuz, gizontxo).

Era guztietako munduak, ohiturak eta bizierak imajinatzeko gai da Jonathan Swift, baina bitxia gertatzen da, gaurko irakurlearen ikuspegitik behintzat, zenbateraino diren elkarren antzekoak mundu alternatibo eta desberdin horiek guztiak zenbait ezaugarritan: adibidez, berak asmaturiko unibertso paralelo guztietan daude nagusi-jabe-jauntxoak, batetik (protagonistaren solaskide eta lagun izango direnak), eta haiek zerbitzatzen dituzten neskame-morroiak, bestetik (lan egitea beste funtziorik ez dutenak). Gauza bera gertatzen da gizon-emakumeen arteko zereginen banaketarekin: beti dira arrak agintari eta pentsalari, eta emeak haien menpeko zintzo eta esaneko.

Swift apaiz anglikanoa zen, politikan, artean eta gizarte-eztabaidetan kontserbadorea. Baina ez nuke esango gizarte-aldaketaren kontrako bere seta atzerakoia denik banaketa sozial eta sexual horiek azpimarrarazi dizkiona. Besterik gabe, nik uste bururatu ere ez zitzaiola egin, mundurik arraroena imajinatuta ere, nagusi-menpekoen arteko harremana edo gizon-emakumeen artekoa bestelakoa izan zitekeenik. Gurean ere martzianoak irudikatzen hasita lau hanka eta hiru begidunak marrazten genituenean bezala.

Guk Swifti bezala, 300 urte barru barre egingo digute agian guri. Gure egitekoa baina, posible ez ezik bidezko ere imajinatzen ditugun aldaketa sozialak gauzatzen ahalengintzea da. Eta gero gerokoak.

Maite ditudan leku-izenak

xme 2012/09/14 20:38
Toponimia (leku-izenak) zientzia sorgina da: errota berri bat egin dutela-eta, etxe horri Errotaberri deitzen badiote, hor ez dago zertan harritu, baina, askotan, misterioz beteak izaten dira izen horiek. "Honek zer esan nahi du?" galdetzen dizute, zu euskal gauzetan jantzia zarela-eta, dena jakin behar duzulakoan. Zer esan nahi du Beasainek, adibidez? Ba, arrastorik ez. Beste batzuetan, berriz, nahiz eta egiazko jatorria ez jakin, etimologia xelebreak asmatzera jolasten gara: bart-ze-lo-ona, eta tankera horretakoak.

Ruper Ordorikak badu kanta bat, ezinago tristea eta aldi berean ederra, "Izen zaharrak" izenekoa, Joseba Sarrionandiak idatzia; etorkizun zehaztu gabe batean, euskal jendea eta bere kultura guztiz galbidean imajinatzen ditu, Ipar Amerikako indiar tribu baten antzera. Gerorako zer geratuko den zehaztean, hala dio: "Leku izenak agian, ez besterik: Ursuia, Itsasu, Irulegi, Ausuruq eta Txoko-Maitea... Jendeak misterio aire batekin ahoskatuko ditu izen zaharrok".

Gurean ez gara iritsi halako hilzorira, baina batzuetan jartzen naiz pentsatzen zein diren bereziki maite ditudan leku-izenak, gure inguruan. Ez lekuak berak, izenak baizik. Hain zuzen, aipatuko ditudan leku horietan sekula ez naiz izan: izan ere, bertara joan eta toki normalak direla ikusiko nuke, seguru asko: baserri bat edo bizpahiru baserrik osatutako multzoa, politago edo zatarxeagoa baina ez inola ere magikoa. Hala eta guztiz, esango dizuet, bada, zein diren hautatu ditudan toki-izenok.

Bata da Barbari edo Barbaris. Zeraingo auzoa, nik dakidala, baina Segura eta Zegamatik ere hurbil samar. Nondik ote datorkio izena? Auskalo. Santa Barbara izeneko bazter ugari daude Euskal Herri osoan, eta horren antza nabarmena da, baina baita diferentzia ere. Garai bateko Ipar Afrikako mairu-herriei ematen zitzaien Berberiarekin ote du lotura? Jakintsuagoei utziko diegu azalpenak ematen.

Beste bat gustuko dudana, Aizkorpe alde horretatik ez urruti: Arimasagasti, Idiazabalgo auzoa. Sagastiak ugari dira Euskal Herri osoan, baita sagarrarekin lotutako leku-izen eta abizenak ere. Bitxia, berriz, hitz elkarketa hori da, arimak eta sagastiak; zer dela-eta? Niri ez galdetu. Arima herratuak sagarrondo artean pasieran imajinatzen ote zituzten paraje horretan? Hildakoen arrastoren bat geratzen ote zen horko arbolen arrimuan?

Eta azkena, gaurkoz: Emakumaran, Zaldibiako baserri bat, Egileor auzoan, herritik Larraitza goazela eskubitara, bide-seinaleen arabera. Hitzaren jatorria beste bat izan liteke baina, itxura batean, "emakumeen harana" imajinatzen du batek. Gizonezkorik gabeko bizilekua ote zuten garai batean bertako andrazkoek? Gizasemeak sartu ezin ziren Amazona-herri bat ote zen Txindokipean? Zer ote diote gaur hor bizi diren andre eta gizonek?

(GoiBerri astekarian argitaratua)

Gizon gaixoak

xme 2012/09/14 12:34
Atzo jakinarazi zen Igartza sariaren emaitza: idazle gazteentzako beka, Beasaingo Udalak, CAF enpresak eta Elkar argitaletxeak antolatzen dutena eta aurten XV. aldia duena. Irabazlea, Danele Sarriugarte, 23 urteko elgoibartarra, elearazi.org blogaren sortzailea eta orain artean libururik atera ez duena.

Azken urteetan sariketa hau emakumezko idazleek irabazi dute: Katixa Agirre, Irati Jimenez, Eider Rodriguez, Uxue Apaolaza, Garazi Kamio, Goiatz Labandibar... Horrek zeresana ematen die kazetari batzuei, eta ohikoa da horretaz galdetzea.

Sarriugartek, kazetariekiko bere lehen topaldiaren aurrean urduri samar egonagatik, argi zeukan burua, eta halaxe komentatu zidan: "Berriz ere neska bat Igartzan aipatzen badit inork, halaxe esango diot: 'Bai, argi dago lehia berdinean mutilek ez dutela zereginik; haientzako bakarrik izango den beste sariketa bat sortu beharko da, aukeratxoren bat izan dezaten, gaixoek'."

Betiko

xme 2012/09/01 19:55
Joze Azurmendiri buruzko monografikoa atera du 2012ko irailaren 1ean Noticias taldeko Ortzadar gehigarriak. Hona nire ekarpena.

Joxe Azurmendiren berri, mutikoa nintzela izan nuen lehenengoz: Euskal Idazleak, Gaur azterketa mardula kaleratu zuen Joan Mari Torrealdaik 1977an, Lankide Aurrezkiaren bidez etxe askotara iritsi zena, eta han ezagutu nituen garaiko euskal intelektual nagusiak. Azurmendiren beraren hitzaurre txundigarri bat oroitzen dut, erdaraz, ni neu nintzen gaztetxo analfabeto eta erdaldunduari begiak irekitzen lagundu ziona. Azurmendi bera ere euskal idazle estimatuenen zerrenda ohorezkoan zegoela ikusi nuen liburu horretan, orduko erraldoiekin batera: Koldo Mitxelena, Txillardegi, Aresti... Joxe bera izango zen gazteena ia erabat saiogilez osaturiko Top-Ten hartan, baina "betikoa" zela iruditzen zitzaidan niri.

Urteak pasatu ziren. Neu ere euskal irakurle bihurtu nintzen (baita nolabaiteko idazle ere), Azurmendiren lanak irakurtzeko plazera izan nuen, haien bidez ikasteko eta gozatzeko aukera, eta geroxeago bera ezagutzeko eta tratatzeko pribilegioa. Zorte hau izan duten guztiek berretsiko duten bezala, gauza bakarra dago Azurmendirengan bere jakintzaren zabala eta intelijentziaren sakona bezain harrigarria, eta da bere gizatasun aparta: apal bezain hurbil, goxo bezain jator beti. Bere hezkuntza frantziskanoari atxikitzen diote batzuek izaera xume hori, baina alderantziz ere interpreta liteke: berezkoa duen umiltasunak eraman zuela zegamarra Asiskoa eredutzat hartzera.

Torrealdaik, 20 urteren ondoren, gure idazleen erradiografiaren gaurkotze bat egin zuen, Euskal Kultura Gaur izenekoa, 1997. Aurrekoan bezala, idazleei eurei eskatu zitzaien beren kolega kuttunenak hautatzeko, eta guztiz bestelako zerrenda osatu zuten; gustuak, joerak eta pertsonak aldatu ziren seinale, orain fikziogileak ziren nagusi, eta bi izen besterik ez 20 urteren buruan goian jarraitzen zutenak: Txillardegi zena eta Azurmendi bera.

Beste 15 urte iragan dira geroztik, eta Azurmendik hortxe segitzen du, txirri-txarra, liburu liluragarriak idazten, Humboldt/Volksgeist/Espainiaren arimaz trilogia alimalekoa esaterako, Santamaria edo Salaberri bezalako pentsalarien azterketak, hitzaldi magistral bezain zoragarriak. Bere bereizgarria da nola uztartzen dituen erudiziozko altxorra (nonahiko eta noiznahiko autoreak jatorrizko hizkuntzan irakurriz) eta gogoeta zorrotza, gaurko eta hemengo errealitateari lotua. Esan izan da Azurmendi, hizkuntza handi batean ari izan balitz, munduko intelektual handienen artean egongo zela; ez du horretarako dohainik falta, baina bere merituen artean dago beti paratu izan dela herri sufritu honen eta bertako herrital zapalduen alde. Beti.

Orain bai, zahartzaroan sarturik dago Azurmendi, eta osasunean ere gorabeherak ditu. Gizarteko ekitaldietan inoiz baino gutxiago parte hartu arren, eragin nabarmena du oraindik, bai bere lanen, bai bere dizipuluengan izandako eraginaren bitartez. Berak dio ez dela lehengoa idazteko orduan ere, baina kontrakoa diote bere azken lanek: Barkamena, kondena, tortura hiru saio laburren bildumak, esaterako, non betiko esijentzia intelektuala eta argikusmena erakusten dituen. Ikustekoa izango da aspalditxoan Renan eta nazioari buruz idazten ari den saiakera ere. Monumentala.

Ez dakit beste bost urte barru Torrealdaik edo beste nornahik euskal idazleen ikerketa soziologikorik egingo duen. Egitez gerotan, eta nire idazle faboritoak hautatzeko eskatzen badidate, garbi daukat nor ipiniko dudan zerrendako lehenengo postuetako batean. Betiko eta betirako nahi nukeen horri.

Galarrena Lekitxoko erara

xme 2012/08/16 22:27
Ehun urte dira egundoko galerna batek ehunka marinel hil zituela, Bermeon eta Lekeition batez ere. Blog honetan idazle gonbidatuak sartzen hasiko gara, eta urrezko estreinaldian, Miren Agur Meabek galera haren mendeurrena dela-eta idatzi duen kopla-sorta, Lekeition bertan egin zen ekitaldi baterako propio sortua.

GALARRENA LEKITXOKO ERARA

 

Hamabitik hamabira dator / haizetan dan zantarrena,

ehun urteko itsasoan zehar / ukabilka galarrena.

 

San Nikolas ta San Juan Bautista, / pal-pal daroizuez belak!

Iluntzerako beharko dozuez / kanpaiak eta kandelak.

 

Krabelin eta larrosa meheak / itxi genduzan portuan.

Egunen baten batuko doguz / zeruetako ortuan.

 

Mariposa bat bialdu eidazu / olatutxuen artean,

Lekitxo bidean para naiten / izarrik ez dagoenean.

 

Antiaguakoa, libratu gaizuz / uraren haginetatik!

Korroskadaka jan nahi gaitu-eta /ezer ez eginagaitik.

 

Egurren untzek urratu dabez / gure eskuetako maminak.

Atun bila urten gendun baina / geu gara orain txitxinak.

 

Bai gau luzea! Bai alba baltza! / Urrun ikusten da lurra;

luze ta baltzagoa da ondino / heriotzaren adurra.

 

Palu bi ahal bestean lotuta / egin eben kurtzioa;

hari heldu nahia ta ezin heltzea, / gizonen kalbarioa.

 

Ai, laguntzarra, banoia eta / entzuixu nire mezua:

txarto eginak parkatu eta / etxekoentzat mosuak.

 

Izaratxu bat zabalduko dot, / arreorako josia,

neure maitxia hartzeko ez bada, / neutzako da mortajia.

 

Kalatxori lemazain leialak, / mututu jat eztarria.

Altxa zaiteze mastatik eta / sokorro eskatu herrian.

 

Izurdak harro bronpadaka, / lazunak olgetan kaian,

nahi ez danean ez dago agurrik / memoriaren talaian.

 

 

Miren Agur Meabe

Lekeition, 2012ko abuztuaren 12an

Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.