Laranja erdiaren zain
June Fernandez, Pikara Magazine aldizkari elektronikoaren egileak, aurreko bateanhorrela aurkeztu zuen bere burua irratsaio batean: "June naiz, feminista naiz, eta nire laranja erdiaren zain nago". Adierazpen ironikoa zen ondoren argitu zuen moduan, bera konbentzituta baitago maitasun erromantikoaren estereotipoa ez datorrela bat errealitatearekin eta kalte egiten diola hartan fidatzen denari, batik bat emakumeei, menpekotasun psikologikozko egoera batean mantentzen baititu; baina, Fernandezek berak onartzen zuen moduan, erro sakonak ditu sineste horrek, eta berak ere ezin uko egin amodio guztizko eta perfektu baten ametsari.
Hori entzutean, nire artean pentsatzen jarri nintzen, zenbaterainoko errua izan duen arteak (literaturak, abestiak, zinemak) maitasun eredu horren sorkuntzan eta zabalkundean. Izan ere, "erromantiko" hitzarekin definitu ohi dugun amodio mota hori ez da gizon-emakumeon berezko joera naturala, noiznahi eta nonahikoa, eraikuntza kultural bat baizik. Gizon-emakumeen arteko harremanak (eta sexu berekoen artekoak) oparo ageri dira Grezia eta Erromako artean, baina amodio sutsu, erabateko eta pasionala poesia probentzalarekin jaio zen, Erdi Aro berantiarrean, eta hortik etorri ziren gero Petrarka bere Laurarekin, Dante Beatrizekin, zaldun-nobelak beren damekin, edo gure Lazarraga bere artzain-neskekin.
Hala ere, hori guztia idazleen dibertimendu bat zela esan liteke, jendearen bizimoduarekin zerikusi gutxi zuena. XIX. mende hasieran hartu zuen berriz indarra, Erromantizismoa deitu den mugimendu artistikoarekin, eta ez da kasualitatea nolako tiradizoa duten oraindik Brontë ahizpen edo Jane Austen-en nobelek. Hor hasi zen amodio erromantikoa liburuetatik bizitzara pasatzen, jende askoren sentimenduak moldatzen. Hasiera batean Europako burgesiaren baitan izan zuen eragina, baina apurka, kolonizazio kulturalaz eta behekoek goikoak imitatzeko joeraz, gizadi ia osora zabaldu du bere ikuspegia. Literatura aitzindaria izan bazen gaiak sortzen eta klixeak finkatzen, XX. mendeko hedapen erabatekoa beste bi arte-motak ekarri dute: kantuak (ez al dute irratiko abesti guztiek horretaz hitz egiten?) eta zinemak (Hollywoodek –eta gero telebistak– erakutsi digu denoi musu ematen, "maite zaitut" esaten...).
Eta hau guztia, ona da ala txarra? Feministek insistitzen dute emakumeari menpeko rola ematen zaiola, printze urdinaren zain; hala ere, irudipena dut aurrerapauso historiko bat ere izan zela: garai batean (oraindik ere bai hainbat lekutan) emakume gazteek ez zuten ahotsik, eta familiak erabakitakoarekin ezkondu behar izaten zuten: aitak beste gizon bati entregatu ohi zion alaba, jabez aldatzeko; horren aldean, biek eroki elkar maiteko zuten gazte maiteminduen ametsa liberatzailea zen, nahiz eta gero errealitateak gustu mikatzagoa izan.
Amodio eromantikoaren kritika ez da gaurkoa: 1850 aldean idatzia da Madame Bovary. Badakigu zoriona bikotekide perfektuaren bidez bilatzeak insatisfazioa dakarrela gehienetan gizon nahiz emakumeentzat, baina ez dago erraz alternatibak topatzen: bikote egonkorra ez den beste bizi-ereduek ez dute arrakastarik izan, eta denok nahi genuke ipuin arrosa bateko protagonista izan, nahiz amaierako musutik aurrerakoa hain zoragarria ez dela jakin. Horregatik jarraitzen dugu geure laranja erdiaren bila, June Fernandezek bezala.
(Noticias-Ortzadar, 2011ko udazkenean)