Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Neska polita izatea

Neska polita izatea

xme 2013/01/22 14:45

Orain dela aste batzuk erreportaje bat irakurri nuen prentsan, Igor Susaetak egina, musika-produktoreei buruzkoa: hau da, taldea disko bat grabatzera doanean, estudioan musikariei aholkua ematen diena, soinu klase bat landu dezaten, melodiatik harago ze arreglo mota, ze instrumenturen laguntza, ze estetika sonoro nahi duten erabakitzeko.

Ekoizle lan horretan ibili ohi diren izen ezagun batzuekin hitz egin zuen kazetariak, eta halako batean, haietako baten hitz hauek jaso zituen: «Garrantzitsuena neska polita izatea da, makillajearen gainetik. Polita bada, makillajea ez da beharrezkoa. Hortaz, oso polita bada eta gehiegi makillatzen baduzu, azkenean pailazo baten itxura hartuko du». Irudi horrekin, produktoreak azpimarratu nahi zuen funtsezkoena ez dela bere apaintze lana, taldearen edo bakarlariaren beraren kalitatea baizik. Hala ere, adierazpen horiek asaldagarriak egin zitzaizkien zenbait laguni, konparazioari darion matxismo zaharminduarengatik. Hau da, zerbaiten ontasuna azpimarratzeko "neska polit" batekin konparatu beharra, publizitate zakarrenaren estiloan. Normala, beraz, lagun horiek haserretzea.

 

Haserre horretatik kanpora, beste gogoeta mota batera eraman ninduen esaldiak. Hau da, metafora gisa ez baizik eta hitzez hitz hartuz gero, zenbateraino da erabakitzailea artistaren edertasuna artelan baten arrakastan? Arte-mota guztiak ez dira berdinak auzi honetan.

 

Zinema hartzen badugu, adibidez, artisten balizko meritua ia beti egon da lotua haien edertasunari (aktoreez ari naiz, haiek baitira arte mota horren aurpegia). Beti egongo da aktore zatar bat edo beste bigarren mailako rolak jokatzeko, baita aldian behin protagonista izateko ere (errazago gizonezkoen kasuan emakumezkoenean baino, hala ere: ikusita nago Halle Berry edo Charlize Theron guztiz ederrak itsusiarena egiten, makillajearen lanari esker), baina gauza jakina da kamerak maite behar duela aurpegi bat publikoa zinema-aretora joango bada, eta horretan Hollywoodeko star-system-aren jarraitzaile hutsak dira zinema alternatibo eta independente usteko guztiak.

 

Musikaren arloan ere ez al da antzeko zerbait gertatzen? Utz dezagun alde batera klasikoaren mundua, baita neurri batean folkarena ere: pop musika, bere sortze-unetik, Elvis Presleyz geroztik behintzat, kantariaren irudiari guztiz loturik ageri zaigu. Taldeek (edo beren liderrek behintzat) sexyak izan behar dute, irudi indartsu bat eduki gizonezkoen kasuan edo sentsuala emakumezkoak, eta irudi horri zukua atera, entzuleek musika ez ezik idolo bat ere kontsumitzen duelakoan. Gogora ditzagun, esaterako –rock ikono zaratatsuenak alde batera utzita ere–, Nina Simone eta Norah Jones, pianoan eserita aritzen diren bi jazz kantari. Argi dago Simone askoz ere artista interesgarriagoa dela, baina duda egiten dut gaur egun saiatu balitz inork aintzat hartuko zukeen.

 

Eta literaturan? Hori da nik gehien ezagutzen dudan arloa. Aurrekoekin konparatuta, artistaren irudiak askoz ere pisu gutxiago du, zorionez. Baina ezin uka daiteke itxura pertsonal, desberdin eta identifikagarri bat izateak gero eta ondorio nabarmenagoak dituela idazlearen proiekzio publikoan: salmentetan batetik, baina baita ere prentsako agerpenetan, irakurleen arretan eta era guztietako ekitaldietan. "Zoritxarrez" esango duzu, irakurle, baina ze neurritan ez zara zu zeu ere fenomeno beraren bultzatzaile?

(Ortzadar, 2013-01-19)

Oier A.
Oier A. dio:
2013/01/30 17:38
Dantzan ere maiz izaten dugu kezka hori, eta gurean ere zinean bezalatsu, zaila da dantzariaren erakargarritasun fisikoa eta bere dantzakeraren dohainen arteko muga identifikatzea. Emaitza jakinekoa, fisikoki erakargarri diren dantzariek gutxi behar dute dantzari on tankera hartzeko, eta kontrara, kanonetik urrun dabiltzanak aparteko dohainak erakutsi behar dituzte aintzat hartuak izan daitezen. Eta bai, fenomeno horren bultzatzaile gutako (bai dantzari, bai ikusle) bakoitza ere garen uste dut nik, teorian bi gauzka bereizteko gaitasuna dugula pentsatu bai, baina lehen begi kolpean fisikoak agintzen du, eta gero lanak izaten dira horri buelta emateko...
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.