Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Kristautasunak kutsatuak?

Kristautasunak kutsatuak?

xme 2013/01/05 12:23
Noticias taldeko Ortzadar gehigarrian ateratako artikulua 2013-01-5.

 

Itzultzaile Elkarteak sortutako 31 eskutik blog guztiz interesgarrian Iñigo Aranbarriri irakurri diot, berriki, gogoeta mamitsu bat, hitzek gainean daramaten pisu ideologikoari buruz. "Aita santua" esamoldetik abiatzen da artikulua, nola euskaraz ez daukagun beste hitzik eliza katolikoaren burua izendatzeko, eta nola guztiz izendapen baloratiboa den, eliza ama katolikoaren altzoan hazi eta hezi ez direnei erosoa ez zaiena (gogoan daukat, esaterako, Aingeru Epaltzak "Erresuma eta Fedea" nobela-sortan sorturiko Joanes Mailu pertsonaia, Joana Albretekoaren eta kalvindar erreformaren jarraitzaile zintzoa, "Erromako printzea" esapideaz baliatzen dena, besteak beste).

Gure hizkuntza zenbateraino dagoen kristautasunaren ondareak zamatua, berehala konturatzen da bat: "aitaren batean" esaten zaio zerbait arin egiteari; "doministikua" deitzen diogu usin egiteari; eta beste hainbat adibide ekar genitzake, hizkuntzaren erabilera laiko baterako oztopo direnak. Etsenplu guztiak ez dira behialako ebanjelizatzearen ondorio, gainera. Juan Bautista Eguzkitza abade lemoarra XX. mendeko lehen erdiko idazle oparoenetako bat izan zen, 1935ean gai sozialei buruzko saiakera bat argitaratu zuena: Gizarte-auzia: ugazaba eta langille arteko gora-berak; euskaldun jende xeheari azaldu nahi zizkion bizimodu modernoak ekarritako gatazka berriak, eta, hiztegi garbizalea boladan zegoenez, izen euskaldun jatorrak asmatzen zizkien ideologia arrotz horiei: adibidez, "sozialismoari", euskaraz, "gizartekeria" zeritzon; ez dago galdetu beharrik zer iritzi zuen Eguzkitzak "keria" horri buruz.

Hizkuntza baten historia den bezalakoa da, hori ezin dugu ukatu ez ezkutatu; axola zaidana da zenbateraino baldintzatzen duen horrek hiztunen jarduera (diskurtsoa, pentsaera, jokabidea). Aspaldi irakurri nion Sarrionandiari (Marginalia saiakera laburren bilduman, oker ez banago) guaranierari buruzko gogoeta bat. Kontu ezaguna da espainiarren kolonizazioak Hego Amerikako hizkuntza gehienak ezabatu zituela; indartsu iraun duen hizkuntza indigena ia bakarra guaraniera izan zen, gaurko Paraguayn mintzatzen dena, hango agintea jesuitek zutelako eta espainola inposatu ordez bertako hizkuntza erabiltzea erabaki zutelako. Ba, Sarrionandiak zioenez, guaranierak iraun bai, baina barrutik hustu egin omen zuten jesuitek, kristautasunaren seilu eta marka guztiak ezarrita.

Ez dakit ezer guaranieraz hori hala den ala ez ziurtatzeko, baina eztabaidagarria behintzat bada. Gure gizartea ere, hizkuntza bezala, guztiz kristaua izan da mendetan, baina nabarmena da nola ari den aldatzen ohitura eta balioetan azken 50 urteetan, onerako nahiz txarrerako. Bizimodu-aldaketok baino lehen ere, gure arbaso umil, apal eta otzan haiek, kristautasuna sinesmen dudaezintzat izan arren, gauzak ironiaz hartzen ere bazekitela esango nuke, hala ere. Hori pentsarazten dit behintzat zenbait hitzek hartu duten esanahiak: apaiz jende ilustratua Retorica ikasita etorriko zen herrira, sermoiak botatzera, baina herritar ezjakin haiek erretolika deitu zioten berba-jario alferreko eta maiz haserretuari; berdin, apaizgai eta sasiletraduen Gramatica txit gorena kalamatika bihurtu zen herri-usadioan: hizkera nahasi ulergaitza, alegia.

Geurea da honaino ekarri dugun eta gaituen motxila; ez dago lekuz kanpo barrukoa ezagutzea, bertatik zer hartu eta zer utzi erabakitzeko, etorkizunean egin beharreko bidaian. Urte berri on.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.