Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Mugak hausteko gonbita

Mugak hausteko gonbita

xme 2013/01/23 15:38

Edozein muga apurtzea da tentagarria, baina gaur aipatzera noana oso kontu xume eta apala da. Goierrin barrena kultur ekitaldietan ibilita, zenbait konstatazio egin ahal izan ditut: bata, oso kultur eskaintza ona dugula, daukagun biztanle kopururako. Antzerkia, musika klasiko, folk, pop eta rockaren aldaera gehientsuenak, bertso-saioak, zinema komertziala eta baita alternatiboa ere, hitzaldiak, pintura-erakusketak, idazleekiko tertuliak... Eskaintza horren batez besteko kalitate maila ere txukuna dela esango nuke.

Bigarren konstatazio bat: asko kostatzen zaigu herri batetik bestera mugitzea: ordiziarrak nekez ateratzen dira Ordiziatik, ez beasaindarrak Beasaindik; herri txikietako jendea, ezinbestean, gehixeago mugitzen da; beharko, eskaintza horretaz baliatu nahi badute; baina oro har ikusten duzuna da herrian herrikoak joaten direla halako ekitaldietara, bakanak aldameneko herrietatik.

Horrez gain, ematen du Goiko eta Beheko Goierriren artean amildegi bat dagoela, edo aduana zorrotz bat, txarrantxazko hesi, txakur zaunkari eta guardia armatuekin; bestela ez da ulertzen, dozena bat kilometroko tartea izanda, nola ez dagoen hartu-eman gehiago eta batetik besterako joan-etorri gehiago.

Hirugarren konstatazioa: oro har jakin-min gutxi dago norberaren esparrutik kanpoko arte-motak ezagutzeko. Nik ez diot aitari eskatuko rap kontzertu batera joateko, baina harrigarria iruditzen zait zein erraz eta zurrun sartzen garen eskema itxietan: bertso-saioetako entzulea gutxitan ikusiko duzu pop kontzertu batean, ez antzerki-ikuslea pintura-erakusketan, edo zinemakoa koru abesbatza baten emanaldian. Ez dut esan nahi artearen adar guztiak guztiei gustatu behar zaizkigunik, noski, baina ez dago gaizki ikusmin apur bat edukitzea, normalean ikusi edo entzuten ez dugun hori nolakoa ote den jakiteko, eta gustuen zabaltasuna, estilo batekoak eta bestekoak dastatzeko eta gozatzeko.

Kezka bat azaldu nahi dut (beste bat), oraintxe esan berri dudanaren ildotik: kultur ekitaldietako publikoa, oro har, ez ote doan adinean gora. Ez dut esan nahi gaurko gazteek kulturarako interesik ez dutenik: aldian aldiko gazteriak bere zaletasunak garatzen ditu; izatekotan, kultura programatzen dutenen edo dugunon arazoa izango litzateke, belaunaldi berriak kilikatuko dituzten ikuskizunekin ez asmatzeagatik, edo egitarauak egitean haiek kontuan ez hartzeagatik. Azterketa askoz luzeagoa merezi duen auzia da hau, eta albo batera utziko dut beraz.

Eta konstatazio hauen ondotik, gonbidapena eta eskaria. Gonbidapena, irakurle guztioi, Goierri osoko kultur eskaintza kontuan hartu, eta beldurrik gabe joateko batera eta bestera, nahiz zeuen herrian ez izan, nahiz zeuek bereziki menderatzen duzuen alorrekoa ez izan. Muga horiek hautsiz, seguru deskubrimendu ederrak egingo dituzuela, eta zuen bizitza zabaldu eta aberastu, gauza gutxi izango baitira kultura bezain gutxi kostatzen direnak eta horren poz sakona ematen dutenak.

Eskaria, berriz, herrietako agintari eta kultur teknikariei, batetik, eta Goierriko komunikabideei, bestetik. Aurrenekoei eskatuko nieke, ahal den neurrian, elkarren artean koordinatzeko, zaila dela jakin arren, eta antolatzen dituzten ekitaldien berri eskualde osoan zabaltzeko: ikusleen zein sortzaileen onerako izango da. Komunikabideei, aldiz (Hitzari eta astekari honi, bereziki), agenda on, oso, zehatz eta ondo eguneratu bat eskaintzeko eskatuko nieke. Hau edo beste ikustera animatzeko lehenengo baldintza baita hau eta hura izango direla jakitea, eta baita noiz eta non izango diren ere.

Laster batean ekitaldi horietakoren batean elkar ikusiko dugulakoan, ez adiorik.

(GoiBerri, 2013-01-18)

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.