Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan

Denbora eta agenda

xme 2012/07/10 08:47
Lehen paperezko agendekin gertatzen zitzaigun: agenda zaharra ia puskatuan zegoela-eta, hango izenak berri batera pasatzean ohartzen zinen denboraren joanak utzitako arrastoez: honekin aspaldi galdu nuen harremana, beste hori auskalo nora joan zen, harakoa beharbada hila...

Gaur egun, paperean ez baina eskuko telefonoan izaten dugu agenda, eta segapotoa aldatzean, batzuetan gertatzen da kontaktu batzuk ez direla txartelean gorde, eta banan-banan sartu behar dituzula; eta horra berriz ere lehengo sentipena: honekin... gustura egongo nintzateke, beste horrek deituko balitz, edo, gero eta sarriago: eta hau nor da?

Oiloak ba al daki hegan?

xme 2012/07/09 09:05
Dilema bitxi baten berri izan dut asteburu honetan: kuadrilla batean, aspaldiko eztabaida omen dute, ea oiloak hegan egiten duen edo ez; hau da, denek dakite, normalean, metro pare bateko hegaldi txepelak besterik ez dituela egiten; horri hegan egitea deitu al dakioke? Ala jauzi handitxoak besterik ez? Auzia trenkatzeko bidea aurkitu dute ordea.

Bizia arrikuan dagoela, zer egingo luke oilo gaixoak? Oilategiko teilatutik erorita ez dauka arazorik minik hartu gabe lurreratzeko, hori ere ziurtatua dute gure lagunek. Azken auzi-arria erabaki dute orduan: Parisera joan behar horretarako, oiloa hartuta (edo oilasko nahiz oilanda gaztea, indar eta arintasun handiagoa izango dituena); Eiffel dorrera igo, eta handik bota airera: oiloa bizirik ateratzen bada, hegan dakien seinale. Bestela, Parisko bistarik ederrenak izan ditzala bere azken oroitzapena.

Ez dut uste halako astakeriarik egingo dutenik inoiz, baina kontatu bitartean barre galantak egin genituen.

EH Bilduren "gobernua"

xme 2012/07/08 19:17
Berria da gure artean talde politiko batek irabazle gertatuz gero izendatuko duen gobernu-taldea aldez aurretik jakinaraztea. Ekintzak badu marketingetik, bistan da, baina ukaezina da, aldi berean, harago doala, estilo berri bat planteatzen duelako: irekiagoa eta gardenagoa.

Udazkenean egitekoak baldin badira Gasteizko Parlamenturako hauteskundeak, ondo ari da denbora markatzen EH Bildu koalizioa, informazioa dosifikatuz, aldiro protagonismoa lortuz eta iritzi publikoaren aurrean berritasun aire bat hartuz. Lopezen gobernuak gutxiengoan eusten badio eta datorren urte hasiera arte irauten, maskalduxe geratuko ote da gaur halako freskotasun usain batez aurkezten den proiektua? Ikusi egin behar: norberaren akats-asmatzeek izango dute horretan zerikusia, baita aurkarienek ere, jakina.

Gobernu-taldeari begira, ezin nik behintzat ezer sakonik esan, bakar batzuk kenduta ez baititut ezagutzen. Agerian dago ez dutela perfil bereziki politikoa, gehienak ezin ditugu lotu alderdi batekin ere. Nola interpretatu behar da hori: teknikarien esku utzi nahi dela kudeaketa? Atzetik izango dituztela komisarioak, zer egin eta zer esan seinalatuko dietenak? Ez dakigu talde horretatik zenbat izango diren Legebiltzarrerako hautagai, Laura Mintegirekin batera.

Tira, aurpegi berriak ari gara ikusten behintzat, eta hori ez da txarra garai berrietarako, nahiz eta hamaika gizon-emakume hauek Jaurlaritzako sailburuak izateko aukerak, gaur-gaurkoz, txikiak izan. Baina batek daki…

Hona informazio xeheagoa: http://ehbildu.net/hauteskundeak/gobernu-taldea

Borrero izatearen abantailak

xme 2012/07/07 09:18
Ortzadar-en arduradunekin hitzartua dut, lerrootan kulturaz arituko naizela eta ez politikaz, kultur gaiak lantzen direlako gehigarri honetan, egunkariko orri gehienetan ez bezala. Batzuetan, baina, zaila da bereizkuntza egiten: ez bakarrik kulturak, gizarte barruko ekintza den aldetik, beti duelako politikazko esangura bat, baizik eta batzuetan politikak bere atzapar zikinak jartzen dituelako proiektu kultural batean, simaurretan ibilitako katiuskekin elurra zapaltzen duenak bezala. Horixe gertatu da Josu Martinezek eta beste lau zinemagilek landu duten Barrura begiratzeko leihoak filmarekin.

Martinezek, lanerako gaitasun izugarriaz eta oso baliabide gutxirekin, gatazkaren alde ezkutuaz trilogia bat osatu du azken urteetan: Itsasoaren alaba egin zuen aurrena, non GALek hildako Txapela errefuxiatuaren alaba Haizek ia ezagutu ez zuen aitaren bizialdia berreraikitzen duen; Sagarren denbora etorri zen gero (Txaber Larreategirekin batera zuzendua), Sao Tomen deportaturiko Alfonso Etxegarai eta beronen emazte Kristiane Etxaluzen bizitza kontatzen duena. Proiektu anbiziotsuago bati heldu zioten gero, bost zuzendariren artean (aurrekoak gehi Eneko Olasagasti, Mireia Gabilondo eta Enara Goikoetxea) kartzelan sartu dituzten bost pertsonaren inguruko istorio bana kontatuz.

Zinemarekin lotura txikiena izan duenak badaki zein konplikatua den film bat egitea, zenbat jendek parte hartzen duen bertan eta, beraz, zein garestia den aurrera ateratzea. Horregatik dauka aurrekontu publikoen halako morrontza. Martinez eta bere lagunak beste inor baino apalago eta xuhurrago ibili dira, baina hala ere dirulaguntzaren bat behar; hortik aurrera, ezaguna duzue azken asteetan zer gertatu den eta ez naiz luzatuko: Donostiako Udalak 9.000 euro agindu pelikularentzat, Espainiako Barne Ministroak mehatxu egin Bildu legez kanpo jartzeko motiboa izan litekeela hori, eta produktorak uko egin laguntza-eskaerari.

Film zehatz honen etorkizunaz harago, oso-oso larria da gertaera: makilaren mehatxuaz beldurra sartzen digute denoi eta zentsura ezarri: gure historia hurbila nola kontatu ez da gehiago eztabaidagai izango, bertsio bakarra baimenduko baita, guardia zibilak nahi duen huraxe; aurrerantzean, zigorra saihestearren autozentsurara joko dute sortzaileek; nahiago udaberriko loreez edo udazkeneko nostalgiez jardun, badaezpada.

Faxismoa deitzen zaio horri. Eta baditu bere errudun zuzenak, PP siglen azpian. Baina, zapalkuntza-sistema horrek funtzionatuko badu, ezinbestekoa du beste batzuen konplizitatea, faxistak izan gabe egoerari probetxuren bat ateratzen diotenak. Adibidez, eta mingarria zait hau esatea: Donostiako udalean talde sozialistak eta jeltzaleak, popularren eskutik joan ordez, udalaren erabakia edo haren legitimitatea babestu balute, ez dut uste espainiar agintariak halako harrokeriaz oldartuko zirenik; hiru alderdi politikoak ilegalizatzen ez ziren ausartuko behintzat.

Denok oroitu behar genuke (tristea ere bada, begi-bistako kontuok errepikatzen ibili beharra) adierazpen-askatasuna gurea ez den iritzia emateko eskubidea dela batez ere, arerioaren isiltasunak gure taldeari mesede egingo balio ere; talde baten debekuak herri osoa bihurtzen baitu kartzela: batzuk preso eta beste batzuk borrero. Garbi dago inork ez duela preso izan nahi; ez da falta, ordea, borrerotzari abantaila atera nahi liokeenik.

Nire bizitzako egunik onena

xme 2012/07/06 15:40
Deirdre McCloskey ekonomilari estatubatuarrari ez diot orain arte ezer irakurri; orain dela gutxi arte haren izena ez nuen ezagutu ere egiten; eta hala ere, pertsona interesgarria eta berezia dirudi; besteak beste, diru kontuetan ez ezik filosofian eta literaturan jantzia delako, edo 1995 arte Donald zelako haren izena.

Deirdre McCloskeyri buruz gehixeago jakiteko wikipedian begiratu dezakezue: http://es.wikipedia.org/wiki/Deirdre_McCloskey eta informazio eta irakurgai mordoxka aurkituko duzue egilearen beraren web ofizialean: http://www.deirdremccloskey.com/

Nik, berriz, aurreko batean kontatu zidaten pasadizo bat jasoko dut hemen, McCloskey irakaslearen bizitzaz gain, beste kontu batzuez ere jakingarria delakoan.

Kontatzen du Deirdrek, bere genero-aldaketa gauzatu eta Deirdre zenean dagoeneko eta ez Donald, bere arloko bilera akademiko batean suertatu zela, mahai baten bueltan hainbat aditu bildu zituena. Une batean ideia on bat izan zuela pentsatu omen zuen, eta bere lankideei jakinarazi; hala ere, inork ez omen zion jaramonik egin. Handik puska batera, beste bilerakide batek (gizonezkoa bera) ideia berbera bota omen zuen, eta orduan taldekoen jarrera izan omen zen: "Bai ideia ona! Horixe egin behar dugu!".

Deirdre McCloskey-k hauxe komentatu zuen (ez irri ironiko bat erantsi gabe, imajinatzen dut): "Huraxe izan zen nire bizitzako egunik onena, zeren azkenean sentitu bainuen nire kolegek emakumetzat hartzen nindutela, ondorio guztiekin".

Fernando Morillo: “Liburu biziak eta dinamikoak eskatzen dizkidate irakurleek”

xme 2008/04/11 13:44
Fernando Morillo (Azpeitia, 1974) liburu berri batekin dator plazara: “Suminaren estrategia”, misterioa eta maitasun-gorabeherak elkartzen dituen eleberria, joko eta jolasetik asko duena, eta estilo arin batean idatzi duena, propio. Nobela honetaz eta bere lan egiteko sistemaz galdetu diogu.


Zer da, labur esanda, “Suminaren estrategia”?

“Suminaren estrategia” intriga da, eta manipulazioa, misterioa eta jakin-mina. Protagonistek jolas egin nahi dute, ia beste edozer gauzaren gainetik. Eta haientzat jolas egitea ez da dibertsio kontua, bizirik irauteko baldintza bortitz eta funtsezkoena baizik.

Liburu honekin arlo berri bat lantzen duzula esan liteke: gazteen egoera sentimentaletatik badu zer edo zer, thriller-etik ere bai...

Intrigazko thriller-ak maite dituzten irakurleek (edozein adinetakoak izanda ere) gozatzeko modukoa dela uste dut. Hori bai, gaztetxoentzat baino gehiago, adin handixeagoa dutenentzako liburua dela esango nuke nik (“helduentzat”, nolabait esateko), bai sentimenduen ikuspegiari begiratuta, bai egitura eta hizkuntzari begiratuta,

Ikus liteke bereziki landu duzula erritmoa, gertakarien katea, eleberri osoaren egitura...

Protagonisten funtsa eta leitmotiva jolasa eta jokoa dela kontuan hartuta, nik ere jolas gisa heldu behar nion istorioari. Xake-partida bat jokatzen ariko banintz bezala ahalegindu naiz antolatzen, eta irakurleak ere hala jasotzea espero dut: joko bizi baten barruan sartuta balego bezala. Helburua: aldi berean dema eta plazera aurkitzea.

Bestalde, idazkera arina aukeratu duzu: esaldi laburrak, zuzenak, elkarrizketa ugari...

Trenean, ohean edo parke batean lasai asko irakurtzeko eta gozatzeko moduko liburua nahi nuen. Azkenaldian emandako hainbat hitzalditan, oso antzeko eskaera egin didate adin eta mota guztietako irakurzaleek: liburu biziak eta dinamikoak sortzea, mesedez. MESEDEZ! Seinale badela jende-multzo handi samar bat halako istorioak (biziak, zuzenak, harrapatzeko modukoak) jasotzeko irrikaz. Horrek ematen du zer pentsatua. Idazleok beti gabiltza kexu, gutxi irakurtzen dela-eta: ez ote da noiz edo noiz ez diegula entzuten irakurleei? Zain ditugu eta! Dialogoari dagokionez, oso maite dudan estiloa da, eta sarritan gutxietsia dagoela iruditzen zait (filosofia eta zientzia sakonenak ere sor daitezke dialogoaren bitartez, hara; ikusi bestela Platon edo Galileo). “Suminaren estrategia” elkarrizketa ugariko liburua da, eta garbi dago horren asmoa: ahalik eta bizien, hurbilen eta erakargarrien egitea.

Estrategia hitza, berez, hizkuntza belikoari dagokio; amodioak eta gerrak paralelismo asko ote dituzte?

Estrategia nonahi eta noiznahi aplikatzen da eta aplikatu behar da: amodioan, gerran, jokoetan, zientzian, politikan… Baita istorioak garatzeko orduan ere. Amodioa eta gerra bizitzaren beraren bi mozorro dira. “Suminaren estrategia” liburuan, pertsonaiek jokoaren maskara janzten dute: bizitza egokitzeko, errealitatea beste era batera egituratzeko, edota gorrotatzeko. Gure egunerokotasunean ere, elkarren oso antzekoak dira maitasunaren eta suminaren estrategiak.

Ez dugu ezer aurreratuko amaieraz, baina benetan zaindu duzu ustekabea...

Irakurleak jolas egiten ari zela sentitzea nahi nuen. Intrigazko istorioa izanik, egokia iruditu zitzaidan ustekabea lortzen saiatzea. “Suminaren estrategia” poliziakoa ez bada ere, halako liburuen kutsua ere badauka, eta, guztiok jolas-zaleak garen neurrian, beti gustatzen zaigu espero ez ditugun bideak aurkitzea.

Nola eraikitzen dituzu horrelako eleberriak: amaiera argi edukitzetik abiatuta? Argumentu osoa idazten hasi aurretik diseinatuta?

Hasieran, egitura bat osatzen dut, baina betiere garbi edukita guztiz malgua behar duela: istorioak hegan egin nahi badu, utzi egin behar zaio. “Suminaren estrategia” liburuan antzeko zerbait egin nuen: egitura oso bat planifikatu, xehe-xehe, baina gero istorioari entzun, bideak probatu, behar ziren aldaketak sartu, et voilà: une batetik aurrera testua arnasa hartzen hasi zen. Zailena eginda zegoen.

Irakurleekiko kontaktu etengabea izaten duzu, eskoletako hitzaldien eta bestelakoen bidez; haien iradokizunak eta erreakzioak oso kontuan hartzen dituzu lan berriak idazteko orduan?

Ezinbestean. Osasun-kontua da gainera. Idazleak, oro har, bakardadean idazten du, eta askotan errazegia izaten da errealitatearekiko kontaktua galtzea. Hitzaldietan, giro hurbila lortuz gero, oso garbi adierazten dizute irakurleek non zaren indartsu eta non zabiltzan herren; non lortu duzun hurbiltzea, eta noiz galdu zaren itxuragabekerietan. Ondoren, noski, zeuk erabakitzen duzu iruzkin haiek aintzat hartuko dituzun edo ez, baina lehen eskuko informazio horrek ez dauka preziorik: mundu errealaren ahotsa da. Entzungor egiten badiozu, gero alferrik (eta tontoarena egitea) da kexuka ibiltzea.

Eta orain, zertan ari zara?

Idazten, idazten ari naiz! Ez da txantxa, gero. Hamaika zirriborro garatzen ari naiz, denetarikoak: helduen literatura, gazte-literatura, ipuinak, thriller-ak. Hainbat estilo, doinu, erritmo probatu nahi ditut. Istorio-gose izugarriz ari naiz, eta datozen hilabeteetan zenbait liburu amaitzeko gogoz eta asmoz nabil. Ezin esan, ordea, nolakoak izango diren zehatz-mehatz, une honetan neuk ere ez baitakit. Ziur asko, eta gutxienez, nobela “heldu” bat (horrela definitzea batere egokia iruditzen ez bazait ere), gazteentzako abentura-liburu bat eta zientzia-thriller bat. Baina auskalo: zalantzarik gabe esan dezakedan bakarra da batzuk etorriko direla.

Philip Roth: gizakiaren zaurietan eta gizartearen arrakaletan arakatzaile nekagaitza

xme 2008/04/03 10:35

(elkar liburu-dendetan banatzen den izen bereko aldizkariaren eskariz egina; Hegoaldeko merkatuan salgai dauden liburuak aipatzea zen baldintzetako bat, eta horregatik doaz izenburuak gaztelaniaz)

Idazlerik baldin bada munduko sari garrantzitsu gehienak eskuratu dituena eta urtero Literaturako Nobel Saria irabazteko hautagaien artean aipatzen dena, horra bat: Philip Roth nobelagile judu estatubatuarra (Newark, New Jersey, 1933). Rothen kasuan, gainera, sarien pilaketa ez da aspaldiko merituen aitortza, erretiroko esker emate goxoa; aitzitik, beti idazle zorrotz eta oparo izan denak bere ezaugarri bi horiei eusten die, ekoizpen zabal eta maila handikoa eskaintzen jarraitu baitu aspaldi honetan. Gaur egun Rothen obraren erakusgarri zabala aurki liteke dendetan, bai aspaldiko bai azken aldiko liburuak hartuz.

 

Goodbye Columbus (1959) ipuin-bilduma izan zen bere estreinaldiko lana, Deudas y dolores eleberria sortu zuen gero (1962), baina benetako ospea El lamento de Portnoy

(1969) eleberriak eman zion: hor ageri dira, dagoeneko, egilearen bereizgarri ezagunenetako batzuk, hala nola sexuaren indarra, idazlearen autobiografia-itxura ematea testuari, judu-herriaren inguruko arazo existentzialak, umore garratza, edo erretratu soziologikoak egiteko trebezia.

 

Ezaugarri horiek nabarmenak dira 70 eta 80ko hamarkadetan zehar kaleratu zituen eleberrietan ere, horietako asko Nathan Zuckerman alter-egoa protagonista edo kontalaritzat dutenak: Mi vida como hombre, El profesor del deseo, Zuckerman encadenado, La mancha humana

 

Azken aldian, heriotza edo sexua bezalako gai jakin bat duten liburu laburragoen aldean (El animal moribundo, El pecho, Elegía –azken hau, Isabel Coixetek zinemara eraman berria–) Amerikako Estatu Batuen historia jorratzeko nahi bat antzematen zaio, XX. mendearen errepaso zabal eta kritiko bat eginez, adibidez bere trilogia ospetsuan: Pastoral americana, Me casé con un comunista, El teatro del Sabbath; edo baita La conjura contra América

ukronian ere.

 

Roth izan liteke, une honetan, irakurle eta kritikarien estimazioa biltzeaz gain, mundu osoko idazleengan eragin handienetakoa duen sortzailea, idazleek eurek aitortua (hainbat idazlerekiko harreman eta kritikak ageri dira Roth-en El oficio, un escritor, sus colegas y sus obras

liburuan ere). Roth-ena ez da berez kontsumoko literatura, bere paragrafo luzeek eta jario etengabeak irakurlearen arreta eskatzen baitute, baina bere liburuen anbizioak eta estiloaren indarrak esperientzia berezi eta ia sorgingarria bihurtzen dute irakurketa, eta horri zor zaio, noski, lortu duen arrakasta eta bere tituluen zain dauden hainbeste zale izatea.

 

 

 

 

 

Isaiasengatik, gugatik

xme 2008/03/10 11:49
(Larunbatean Berria-ko kontrakanpaina atala ixteko "Las emakumes" izeneko artikulua idatzi nuen. Arrasateko hilketak, baina, lekuz kanpokoa egiten zuen haren txantxa-giroa. Beste artikulu hau atera genuen azkenean, Katixa Agirrek eta biok sinatua)

Ke arteko egunak filmean, Kepa delako gazte batek (Iro Landaluzek gorpuzten duen pertsonaiak) irratia pizten du halako batean, berriak entzuteko asmoz; albistegia hasten da, garrantzirik gabeko kontu batekin, eta Irok itzali egiten du berehala: “Lehenengo albistea ez bada, ez da albiste”, esaten du.

Txorakeriak esaten ibili gara kontrakanpaina atal honetan, debateak gora eta iragarkiak behera, gustu hobexeago edo txarxeagoko txantxak eginez, baina jakinda guztia jolasa zela, kanpainaz asperturiko irakurleari entretenimendu pixka bat eskaintzeko txokoa, iritzi-artikulu batek nekez aldatuko baitu inoren boto-asmoa; boto batek ere deus gutxi dezake, bere bakarrean.

Bat-batean, baina, albistea. Benetakoa. Sarean ikusi bezain laster aldamenekoari aipatu beharra sentitzen duzun horietakoa, gizaki garen aldetik larritasun bat sortzen digulako, beste gizon-emakume baten kontaktua bilarazten dizulako. Horren ondoan, lekuz kanpo gelditzen dira txisteak eta trufak, ziriak eta algarak.

Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna eta hauteskundeetako hausnarketa-eguna lotzen zituen artikulu bat zegokion gaurko datari. Idazki arin bat, asteburua gogotsu aurreikusten zuena eta hamabost egunez iraun duen atal hau alai itxiko zuena. Baina halako garraztasun, ezintasun, zapuzte bat sentitu duten milaka euskaldunetako bi izan gara. Beste batzuek, penarekin, frustrazioarekin eta solidaritatearekin batean, beldurra ere sentituko zuten: hurrena bera edo bere hurbilekoren bat izan litekeelako, edo urruti duten senidea are urrunago geratuko delako.

Inguruan bat baino gehiago omen dabil komentatzen, ez zutela botorik emateko asmorik, ez inoren konsigna jarraitzeagatik baizik asperduraz, baina orain berriz aldatu egin dela beren asmoa. Analisi politikorako aldarterik ez dugu gaur ordea. John Donne poetaren aspaldiko hitzak oroitarazteko gogoa besterik ez: “… edozein gizakiren heriotzak murrizten nau, gizadiari loturik nagoelako; eta, beraz, ez galdetu inoiz norengatik ari diren kanpaiak joka, zugatik ari dira eta”.


Las emakumes

xme 2008/03/08 08:00

Emakume Abertzale Batza zuen izena EAJko emakumeen adarrak, 1922an sortu baina batez ere Errepublika garaian nabarmendu zenak: Polixene Trabudua, Haydée Agirre, Tere Zabala aipatu ohi dira talde hartako mitinlari ospetsu legez, baina Batza hartakoek mitinetan baino gehiago jarduten omen zuten andreek berezko omen zituzten lanetan: umeen eta zaharren zaintzan, irakaskuntzan, ohitura onen transmisioan… Partiduan beti nagusi izan den hizkuntzan “las emakumes” deitu ohi zitzaien, eta izena bera gaur egun erabiltzen ez bada ere, nik esango nuke izendapenak adierazten duen ikusmoldeak indarrean jarraitzen duela, ez bakarrik jeltzaleen artean, ezpada politikagintzan oro har.

Egutegiak nahi izan du hauteskunde bezperan egokitzea aurten martxoaren 8a, Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna, edo Emakumearen Eguna besterik gabe. Pena izango dute batzuek: arloz arloko proposamenak aletzeko erabili ohi dute alderdiek hauteskunde-kanpaina: gaur, unibertsitatea eta ikerketa; bihar, nekazari, arrantzale eta abeltzainak; etzi, itsu, gaixo, elbarri eta ezinduak; politika sektorialekin jarraituz, zer aproposago martxoaren 8a baino, emakumeen eskubideak aipatzeko? 

Hausnarketa-eguna suertatu ez balitz, emakumezko hautagaiek hartuko zuten, egun batez bada ere, protagonismo apurra. Arabako zerrenda nagusietako bigarrenak (Nerea Antia, Eugenia Martin Mendizabal, Pilar Unzalu), kanpaina osoan mutu egon direnak, nor feministago adituko genituen; Lore Leanizbarrutia, Gipuzkoako senatarigaia eta argazkietan Mari Karmen Garmendiaren ahizpa dirudiena, emakumeen berdintasuna aldarrikatzen entzungo genuen; Arantza Mendizabal eta Elvira Kortajarena, PSEko bigarrenak Bizkai-Gipuzkoetan, bikiak ez baina ile-apaindegi bereko bezeroak ematen dutenak, Zapaterok emazteen fabore zenbat egin eta egingo duen kontari hasiko zitzaizkigun…

Ez dugu halakorik ikusiko, eta zorionez, esango dut. Hobe baita konpondu beharreko injustiziei aurrez aurre begiratzea, errealitatea egun batez itxuraldatuta mundu ezin hobean bizi garela sinestea baino.

Kuba (11 ikusteko) (3)

xme 2008/03/07 13:05

III

Fulgencio Batista diktadorea bota zuen Castrok Kubatik, eta Francisco Franco botako zuen iraultzarekin ametsetan hasi zen orduan osaba Joxantonio. “ETA ere urte hartantxe sortu zuan, 1959an…” esango zigun osabak, eta gero isilik geratu, misterioaren kutsuak airea usaindu eta loditu zezan.

Gu ez ginen horrekin konformatzen, ordea, eta zirikatu egiten genuen: “Zu ere ibili al zinen ba Francoren kontra?”

Osabak, orduan, begirada zuri harekin iragana arakatuko balu bezala, ahotsa apaldu eta: “Dena ez zegok esaterik, baina zer edo zer egin genian”.

“Zaude isilik, gizona”, Paria Pilarrek purrustaka, “kupoia saldu besterik ez duzu egin-eta bizitza osoan”.

“Bai, baina, herriko falangistei ez nien saltzen. Ezta karlistei ere. Jum!”

Kupoia saldu bai, baina Franco botako zuten egunarekin amets egiten zuen osaba Joxantoniok; eta bitartean Fidel, berak egin nahi eta ezin zuen guztia gauzatzen zebilena: armak eskuan hartu, tiranoa kanporatu, jauntxo guztiak lumatu, amerikarrei aurre egin, herri osoari eskola eta osasun ona eman… “Hori duk gizona” esaten zuen, mirespenez bezainbateko inbidiaz. “Nik ere, haren bistaren erdia izan banu…”

“Mihia daukazu zuk, eder askoa”, Maria Pilarrek aldamenetik.

“Eta Fidelek, zer uste duzu? Sei eta zortzi orduko diskurtsoak egiten ditu hark gero!”

“Urteak daramatzazu zuk, diskurtsoa aldatu gabe”.

“Hobe betiko diskurtsoari eustea, txaketa kanbiatzen hastea baino”.

Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.