Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan

Oroitzen zaitudanean, ama

xme 2004/12/14 09:43

Atzo Santa Luzia eguna, jostunen zaindaria, urteko egun bakarra gure ama beste andrazko batzuekin afaltzera bere kasa ateratzen dena. Bista nekatuago, urteak ere bai, eta orain ez du horrenbeste josten, bilobentzako gauzatxoren batzuk gehienez.

Aurreko batean emakume gazte bat neukan gogoan, bufanda bat egiten ari zena, eta amarekin gogoratu nintzen. Zehazki, nola batzuetan, berak artilea bola batean txukun biltzeko nik laguntzen nion, bi eskuen artean hariari harro baina suelto eutsiz eta pixkanaka askatuz. Binaka egiten diren lanek ematen duten betetasun hori zeukan ekintza isil, eguneroko, xume hark.

Beste oroitzapen maite bat etorri zitzaidan aurrekoaren eskutik, amari maindireak tolesten laguntzen nionekoa: bakoitzak bi punta helduta, haiek elkartu, tenk egin arte zabaldu, eta berriz ere bi punta batu; eta azkenean, izara zabalean bildu eta gero luzean ere biltzeko, ama eta biok elkartu egingo ginen, nork bere puntak bestearenekin batzeko. Ez dut uste ondo azaltzen asmatu dudanik, baina lan horretan aritu dena berehala oroituko da.

Eta nostalgiaren erasopean segi nezakeen arren, hor uzten zaituztet, nor bere etxeko sukaldeko oroitzapenekin.

Egia fikzio bihurtzearen mugak eta Txinako abenturak

xme 2004/12/13 08:00

(Ostiela aldizkarirako artikulua, atera berria)

Aurtengo zinemaldian film espainiar bat eman zuten, “Horas de luz” izenekoa, kartzeletako egoerari buruzkoa. Eta espainiarra eta gai horrekikoa izan arren, harrigarria badirudi ere, film duin, txukun eta zintzoa. Beharbada horrexegatik ez du izan komunikabideetan inolako oihartzunik, ez bultzadarik. Larrutu balute sikiera, lagungarri izango zuen, baina oharkabean pasatzen utzi dute, eta zinema-aretoetatik desagertu da dagoeneko.

Filmak Juan José Garfia presoaren historia kontatzen du, Alberto San Juan aktoreak gorpuztuta. Garfia (García deitu zion ETBko berri-emaileak, ez filma ikusi ez paperak irakurri zituen seinale) FIES fitxategietan dagoen preso soziala da, arriskutsutzat sailkatua eta bizi-baldintza gogorrenetara behartua. Hain zuzen ere, gizona txikitu eta bere azken urguilu-izpia hankaperatu nahi duen kartzela-sistemaren eta hari aurre egiten dion basapiztiaren arteko borroka gupidagabea erakusten digu filmak bere lehenengo partean. Kartzeletakoa subgenero ezaguna dugu denok, pelikula amerikarrei esker, baina burua harro erakuts dezake Manolo Matjí-ren film honek, bai maila teknikoan bai sinesgarritasunean.

Arazoa, filmaren erditik aurrera toki gehiena hartzen duen bigarren gaiarekin sortzen da: amodioa. Neska erizain bat iristen da El Dueso-ko presondegira (Emma Suárez-ek antzeztua); sutu egiten da FIES presoei ematen dieten tratuarekin, lagundu egin nahiko die, eta hori ezinezkoa bihurtzen denean lanpostua utziko du, duintasunez; Garfiari gutunak idatziko dizkio gero, eta, solidaritatetik harago joanez, maitasuna sortuko da bien artean, bikote bihurtuko, neska-lagunaren umeek Garfia bere aitatzat hartuko. Hotz-hotzean begiratuta, gidoilariek behartuta sartutako gozo-poto gehiegizkoa iritziko genioke, filma eztitu nahi eta izorratzen duen adabaki lerde-merkea. Bitxiena zera da, ordea: maitasun-istorio hori ez dela pelikularako asmatua, Garfia eta orain emazten duen Marimarren artekoa egia dela, sinesgaitza gertatu arren. Horrelakoxe gauzak ditu batzuetan errealitateak.

Honen harira, txiste bat eta pasadizo bat datozkit gogora, antz harrigarria dutenak. Txina eta Hernani lotzen dituztenak, biak ere.

Txistea zaharra da, askorentzat ezaguna. Labur kontatuko dut, beraz. Hernaniar bati loteria tokatu zaio eta Txinara joatea pentsatu du. Jo du tren-geltokira eta hor eskatu du, "un billete a Pekín". Han ezetz, Iruneraino emango diotela, eta han galdetzeko; Iruna jo, handik Hendaiara, han Pariseraino billetea emango diote, hortik Berlinera, Berlindik Moskura, Moskutik Vladivostokera Halako batean iritsiko da gure hernaniarra Pekinera, eta han ibiliko da puska batean: bazterrak ikusi, jendea ezagutu, hau eta beste jan Bueltatzeko garaia ere iritsiko zaio halere. Orduan, jo du Pekingo tren-geltokira, joan da leihatilara eta galdetu du: "Un billete a Helnani". Eta erantzuna: "Estación o apeadero".

Horrela kontatuta ez zenioten grazia berezirik antzemango, baina ez nabil txiste-lehiaketa bat irabazteko asmotan ere. Pasadizoa agindu dizuet txisteari lotuta, eta horretaraxe noa. Rafa Egiguren poeta hernaniarra Txinara joan zen orain dela urte mordoxka (hamasei edo). Ia urtebete eman zuen han, bertako hizkuntza ikasteko-eta. Nobela eder bat egin zuen gero, han girotua (“Ilargia putzuan ageri”), eta berriki hango poeten itzulpen bat (“Mandarin dotore”). Nongoa zen galdetzen ziotenean eta berak euskalduna zela esan, hor hasi behar izaten omen zuen betiko azalpen txoroekin: “between France and Spain” eta abar. Problema, baina, Txinan ia inork ez zekiela non zeuden ez Frantzia eta ez Espainia, eta Europa ere ozta-ozta. Alde batera hobe, dudarik gabe. Egun batean, baina, solaskide jantziago bat egokitu zitzaion Rafari, eta, aurkezpenak egitean, euskalduna zela esan zuenean, halaxe galdetu omen zion txinatarrak, adeitsuki: “¿De ETA milital o ETA politiko-milital?”.

Sukalde batek ezin du gorde

xme 2004/12/10 09:38

Peru eta Nerearentzat

Sukalde batek ezin du gorde bertan bizi izandako sentipena
Ez edontziak edandako ardoaren zaporea
Ez eskuak ukitutako azalaren dardara.

Usain bat gera liteke gehienez
Oroitzapen lorratza, psikofonia bat irudi
Ez-izatearen osin beltzean galdu aurretik.

Datozela bada beste sukalde batzuk biltzeko
Beste kopa batzuk husteko, larruak mozkortzeko...
Biziaren hari mehea eten bitartean.

(Nui-enea, 04-12-07)

Mundu erreala

xme 2004/12/09 11:29

Albania herri mitikoa izan zen askorentzat orain dela 25 urte. Berlingo harresia erori eta Jeltsin mozkorra botere gorenera igotzeko hamar urte falta ziren arren erkindua eta esklerosiak jota sumatzen genuen bloke sobietar osoa. Albaniak, aldiz, eutsi egiten omen zion espiritu komunistari. Gero ikusi dugu hori ere itxura zela beste ezer baino gehiago, miseria eta despotismoa zirela nagusi Ismail Kadareren herrialdean ere.

Artean baina, erdi txantxetan izan arren Albania miresten genuenean, esku-langile eta buru-langileen bat egitea zen ezaugarri aipatuenetako bat: burgeskeriaren eta elitismoaren besoetan ustel ez zitezen, funtzionario nahiz ikasleak kaminero jartzen omen zituzten hilabetez, udako oporrak hondartzan ez baizik galipot artean izerditzen emateko.

Albaniako kontu hau etortzen zait burura urtero Durangoko Azoka iristen denean. Abenduaren 3an, ireki bezperan, han egon ginen gure lantokiko guztiok, kaxak eta kaxak deskargatzen, husten, liburuak sailkatzen, mahaietan jartzen... Kulturaren alderdi espiritualarekin lan egiten dugunok alderdi materiala ezagutzeko aukera polita. Halako batean, lana ia amaitu eta gero lagun artean adar joka ari ginela, bota nuen hura zela nik lan fisikoa egiten dudan urteko egun bakarra, izerditzen naizen bakarra. Ohartu ez, ordea, hori esan nuenean han zebilela euskal kazetari bat, kultura beti serioari prentsa arrosaren ukitu bixigarria eranstea gustatzen zaiona, eta hitz horiexek atera omen ziren larunbateko egunkarian, nik ez nuen ikusi baina.

Mundu errealaren aipamena ez zen zamalanagatik ordea. Postuak txukun utzi biharamunerako, garagardo bat edan Centro Palentinoan eta, etxerako bidea hartu nuenean, Iurretako irteeran auto-stopa egiten ikusi norbait eta gelditu egin nintzen. Gizonezko gazte bat, Donostiara zihoana. Esan nion nora nindoan ni, eta ondo omen zetorkion, hurbiltzeko.

Ez dakit ohitura zer izaten den halakoetan, baina auto-stopista bera berbetan hasi ezean isilik joaten naiz ni, musika jarrita. Halaxe egin genuen bidaia gehiena, baina, Antzuola pasatzean, batetik gau iluna, bestetik euria, bestetik nire nekea eta deskuidua, norabide biak bereizteko jarri duten espaloi gisako baten koxka jo nuen, eta gurpil bat hondatu ere bai, geroxeago konturatu nintzenez.

Deskargan gora, kamioiren batek irentsiko ez gintuen bazter bat hautatu, kotxea gelditu, eta hor hasi nintzen gurpila aldatzen, ilunpe osoan eta tarteka euri pixka bat ari zuela. Orduan estreinatu nituen triangelu gorria eta txaleko argi-emailea; autoan linterna eramatera behartu banindute kalterik ez. Mutil hari esan nion, puska baterako banuela eta hobe zuela auto-stopean segi, ea beste batek hartzen zuen. Berak ezetz, ordea, eta bion artean egin genituen horko lanak. Bakarka baino hobeto, dudarik gabe.

Berriz ere martxan jarri ginenean, elkarrekin izerditzeak ematen duen konfiantzatxoarekin, galdezka hasi nintzaion, eta horrela jakin nuen fresadore zebilen lantegia itxi ondoren lan bila zebilela, eta horretan jardun zuela Bizkai aldean zenbait egunez, alferrik, diru guztiak amaitu zitzaizkion arte, eta etxera bueltan zetorrela orain.

Nire herrira iritsi ginenean, tren-geltokira eraman eta Donostiarako txartela erosi nion. Bokadillo baterako ere eman beharko nion, baina gogoratu ez. Despeditzerakoan, bostekoa eman eta izena galdetu nion:

"Ignacio".

"Xabier".

Los Santxez

xme 2004/12/03 08:00

(Argia-rako idatzitako artikulua)

Orain dela hilabete parea gertatu zitzaidan: etxera nentorren trenez, Koldo Mitxelena kulturunean mahai-inguru bat entzun ondoren (Txillardegiri buruzkoa, kasualitatea); uzkurkeria soziala jabetu da gu guztioz eta, lagunen batekin joan ezean, txoko batean eseri eta parean inor ez egokitzea nahi izaten dugu; Donostiako aldirietako trenak bete samarrak ibiltzen dira, ordea (zorionez, erantsi beharko), eta neska baten aurrean eseri nintzen. Arazorik ez: liburua atera poltsikotik eta irakurtzen hasteko moduan nengoen. Neska haren ezagun bat azaldu zen baina, eta kalaka batean hasi ziren biak. Tira: irakurketan kontzentratzerik ez zegoenez gero, nesken berriketa aditzen joan nintzen. Beti ikasten da zer edo zer halakoetan.

Hogei-hogeita bost urte bitartean zebiltzan neskak: ikasketak amaitu eta lan-mundu beti zailean sartu beharreko garaian, eta gai horien inguruan joan zen beren solasaldiaren parte handi bat. Beste bat, Salamancako kontuez. Hangoak zirela esan behar nuen, baina zehaztu dezadan: Zumarraga-Urretxu aldekoa zen bata, Beasain-Ordiziakoa bestea; bien familiak, berriz, Salamanca inguru horretakoak, eta handik ezagutzen zuten elkar, nonbait. Ez ziren ez herri ez bailara berekoak hala ere: hizketalditik sumatu nuenez, Ciudad Rodrigo eta Béjar eskualdeetan zeukaten jatorria, eta Zezen Larruaren mapari begiratzen dionak ikusiko du Salamancako probintzian daudela biak, baina elkarrengandik aski urrun.

Zer dela-eta hainbeste xehetasun, galdetuko duzue. Deigarria iruditu baitzitzaidan gurasoen lurrari zioten atxikimendua. Neska haiek bezala Goierriko herri industrializatu batekoa naiz ni, auzo proletario batean hazia eta emigrante-familietako lagunekin ibilia: Ourensekoak, Burgoskoak, Valladolidekoak Hala ere, neska horiek baino hogei urte zaharragoak ziren nire lagunei sekula ez nien sumatu familiaren jatorriarekiko halako interesik ez maitasunik. Eta ez dut uste inguruko presioagatik disimulatzen zutenik ere. Zer aldatu da hogei urte honetan? Beharbada ekonomia aldetik oso atzeratuak zeuden Gaztelako bazterrak orain ez dira horren arlote eta lotsagarri; poztekoa litzateke hori. Edo agian, eta hau ez da horren pozgarria, lehen nola-halako erakarmen eta ilusioa sortzeko gai zen Euskal Herriak galdu du lilura hura.

Kasu bakan batetik ezin eraiki daiteke teoriarik baina, utz iezadazue garaien arteko konparaketarekin jarraitzen. Batetik, kanpotarren seme ziren nire ikaskideek ez bezala, euskaraz aski txukun jakingo dute neska bi hauek, eskolan ikasita. Bestetik, duela hogei urteko emigrante-semeak guztiz integratuta oroitzen ditut, gustu eta iritzietan bertako Rhdunokin bat eginda, gu bezalaxe erdaraz eta abertzale; treneko nire bidai lagunak, berriz, bere adinkide agirretarrengandik aparte samar imajinatzen ditut: igande horretantxe zen ospatzekoa Kilometroetako festa Orio eta Zarautzen, eta hara joango ziren Goierriko gaztetxo txeroki gehienak, giro euskaldun eta jatorrean mozkortzera; neska haien festa-leku maiteena, aldiz, Irun omen zen (barka nazatela nire lagun irundarrek, baina ez da hura probintziako lekurik euskaldunena).

Nire belaunaldikoek baino askoz gehiago egiten dute euskaraz gaurko gazteek. Hala ere beldur naiz, kanpotarren familietakoen integrazioan ez ote dugun atzera egin. Trenaren pasadizotik harago, ondorio praktikoak dituen korapiloa da hau: hizkuntza ereduetan eta euskalgintzaren lehentasunetan, besteak beste. Dena dela, ez nuke dilema faltsurik plazaratu nahi: galdetzen badidate zer den inportanteago, betidaniko euskaldunek beren artean euskarari eustea, ala hona datozenak ohitura eta pentsaeretan geureganatzea, dudarik gabe erantzungo dut: biak!

Arazoa beste bat da: ea aski indarrik ote dugun, bata eta bestea egiteko.

Anaia

xme 2004/12/02 09:35

(Sorkuntza bai, baina ez nirea. Posta elektronikoz bidali didate Ipuin Hiperlaburren Faroni saria 2002an irabazi zuen testua, Rafael Novoak idazitako "Mi hermano", nire kasa itzulita eskaintzen dizuedana)

Inoiz ez nion nire anaia bikiari barkatu zazpi minutuz amaren sabelean abandonatzea eta ni han bakarrik uztea, ilunpean izututa, astronauta baten antzera isurki likatsu hartan igeri, beste aldean musuka nola hartzen zuten entzuten nuela. Nire bizitzako zazpi minutu luzeenak izan ziren, eta haiexek ekarri zuten, azken batean, nire anaia izatea etxeko maiorazkoa eta amaren kutuna.

Ordutik, Pablo baino lehenago ateratzen nintzen leku guztietatik: logelatik, etxetik, eskolatik, mezatatik, zinematik... nahiz eta filmaren amaiera ikusi gabe geratu. Egun batean deskuidatu egin nintzen, nire anaia nire aurretik irten zen kalera eta, bere irribarre maitagarri harekin begiratzen zidala, auto batek jo eta bertan bota zuen. Oroitzen naiz nola gure ama, kolpea entzundakoan, etxetik irten eta nire aurretik pasatu zen, neure izena oihuka, besoak zabalik nire anaiaren gorpua besarkatzera. Sekula ez nion nahastea argitu.

Joxe Azurmendi: “Gandiagak bere burua eta obra heriotzaren ispiluan begiratzea da liburu hau”

xme 2004/12/01 09:18

Bitoriano Gandiagaren heriotzatik hiru, ia lau urte igaro eta gero dator haren azken liburua, azken urteetan idatzia eta egileak berak argitaratzeko prest utzia. Obrari hitzaurrea paratu dion Joxe Azurmendiri galdezka joan gatzaizkio.

**“Adio” hauxe da Bitoriano Gandiagaren azken liburua. Despedida-kutsu hori al du benetan liburuak?**

Neuri, irakurri ahala, inpresio hori egin zidan eta horrek egin zidan zirrara ere. Telefonoan eta, askotan hitz egiten zuen munduaren adio tonu horretan, baina momentuko esaldiak izaten ziren, eta gehienetan txantxa artean. Beste gauza bat izan da niretzat testu luze oso batean zehar tonu horri eustea. Txantxarik gabe, oskarbi. Iruditu zait adio bezala pentsatu/sentitua dela liburu dena, edo kasik dena behintzat, eta horrek erabaki dituela bai liburuaren tankera eta bai gai nagusiak.

Zuk gertutik ezagutu zenuen eta kontaiguzu nola egiten zuen lan: liburuaren ideia bat gorpuztu ondoren hasten zen hura idazten eta osatzen, ala poemak idatziz joan eta gero ematen zion taxua liburuari?

Gertutik bai, baina asko ez nuke esango ezagutu nuenik. Isila zen. Isila baino gehiago, bere barnea asko ezin erakutsia, lotsaz edo. Ez dut uste aurrena liburu bat ideatu eta gero hura zatika egiten joaten zenik. Alderantziz, zatiak egin, bildu, eta horra liburu bat. baina hori ere ez da guztiz egia. Asmo orokorra, interes alorra "tematika bat bezala edo" hasieratik izaten zuen aurrean. Baina holakoak beti zerabiltzan bat baino gehiago buruan. eta, gero, gehienetan arrazoi nahiko zirkunstantzialengatik, proiektu batean biltzen ziren asmo diferenteak, besteak sakrifikatuak gelditzen ziren. Salbuespena “Uda batez Madrilen” da, bere bizitzako salbuespen batetik sortua delakoxe. Baina hartzen duzu “Elorri”, “Hiru gizon bakarka”, “Denbora galdu alde”: bildumak dira, interes eta gai franko diferenteen bildumak. Beharbada “Elorri” gutxiago. “Elorri” liburu uniformea izateko proiektu bat da, baina poemak egin eta gero, berak eta nik selekzioa hala egin genuelako. Proiektuari egokitzen ez zirenak, kanpora. Baina poemak berak ez dira proiektu baten harian idatziak.

Bere buruaren berrirakurketa bat

Eta liburu honetan, zer poema-klase topatuko dugu?

Nire inpresioa izan da batez ere bere traiektoria errepasatu/errepikatu nahi izan duela. Berak egiten duen bere buruaren berrirakurketa bat.

Adibideren bat emango diguzu?

Tel Aviv-en egindako poesia, esaterako, “Uda Batez Madrilen”eko proiektu literarioa da: euskarazko hitzetan atzematea mundu modernoa (urbanoa, teknikoa). Liburuko poesietako Arantzazuko paisaia, lurra, “Elorri” da, baina “Elorri”z gero dagoen Bitorianoren barruko historia eta aldakuntza guztiarekin; esate baterako, Ama Birjinarik gabe, eta antzinate langile askorekin. “Denbora galdu alde”ren jarraipena, bizitza eta heriotzaren gogoetan. “Hiru gizon bakarka” dago agian gutxiena, batez ere hango alde politikoa. Baina “Hiru gizon bakarka”ko Artasoko salmoak “Elorri”ren jarraipena ziren, eta hemen ere jarraipena dute, bere zerizan pertsonal lurtar, jende xumetarraren errebindikazioan.

**Eta “Adio” honek zer izango luke bereizgarrien: haurtzarora itzultzea beharbada? Heriotzari aurrez aurre begiratzea agian?**

Bere burua eta obra heriotzaren ispiluan begira-begiratzea, dramatismorik batere gabe eta patxada faltsurik ere gabe, oskarbi; eta hori ez izatea momentu bat, baizik jarrera mantendu bat, testu guztian zehar eusten zaiona.

Gizon maitatua izan zen. Kantatua ere bai. Nola uste duzu iraungo duela Bitorianoren oroitzapenak geroan? Eta haren obrarenak?

Horixe ez dakit. Nolakoa ere izango baita euskaldunen herria, halako oroitzapena gordeko dio. Baina inpresioa daukat, gaur ulerberagoa dela, “Elorri” esate baterako, garai batean baino hobeto ulertu ahal izateko, eskuan hartzen badu. Beharbada oraindik ere ez jende askok, baina inoiz ez da jende askoren kontua izan gauza horiek ulertzea edo maitatzea. Gandiaga, laster ja egongo ez den mundu baten presentzia kasik bakarra izango da gure kultura, bere modura: euskal mundu zahar apal batena eta sentimentu frantziskotar batena munduarentzat. Gandiaga ez da derrigor poeta handi bat; poeta maitagarri bat da, haren herria bezala.

Mozorro-festa

xme 2004/11/30 08:00

(Sarean hara eta hona ibiltzen den orbelaren gisa, Brasildik iritsi zait istorio bat, txistearen eta ipuinaren artekoa, gurera egokiturik eskaintzen dizuedana).

Bikote gazte bati gonbidapena etorri zitzaion, mozorro-festa batera joateko. Eguna iritsi zenean, ordea, emakumeak egundoko buruko mina zeukan, eta senarrari eskatu zion joateko bera bakarrik. Mutilak ezetz, ez zuela bakarrik joateko asmorik; neskak baietz, pena zela beragatik festa galtzea. Azkenean, hor joan zen gizona, Drakularen mozorroa jantzita eta emaztea ohean utzita.

Emakumea, ordubete lotan eman ondoren, guztiz sendaturik esnatu zen. Erlojuari begiratu eta festara joateko oraindik garaiz zebilela ikusi zuen, hasi eta gero iritsi arren. Beraz, jantzi bere geisha mozorroa eta hara abiatu zen.

Bidean pentsatu zuen senarrak ez zuela ezagutuko mozorro horrekin, berak bakarrik erosi baitzituen bienak, eta aukera ona izan zitekeela, beraz, ikusteko nola jokatzen zuen gizonak bakarrik zegoenean.

Iritsi da mozorro-festara, eta hor ikusi du bere senarra, Drakula mozorropean, kabareteraz jantzitako emakume batekin estu-estu dantzan. Txoko batean geratu zen emaztea, gizona dantzatik muxuetara eta muxuetatik xirrietara nola igarotzen zen begira.

Halako batean, gehiago eutsi ezinda, bikote dantzariarengana jo, kabaretera bultzada batez baztertu, eta berak eman zion muxu luze eta bustia bere senarrari. Drakula hura pozik, beso artean nor zeukan konturatu barik. Emaztea ere ohartu da gizonak ez dakiela bera nor den, eta jokoan jarraitzea erabakitzen du, noraino iristen den ikusteko.

Noraino Azkeneraino iritsi dira, komunean sartuta larrutan bero, mozorroak erantzi gabe eta elkarri ia hitzik egiteke. Emaztea lasai dago batetik, bere senarrarekin egin baitu txortan, baina amorratuta bestetik, bere gizona nolako hipokrita eta zakilberoa den ikusita. Mozorroa han bertan kentzeko tentazioari eutsita, desagertu egingo da bat-batean, bere Drakula hura harritu bezain gustura lagata.

Etxera iritsi eta ohean sartu da emaztea, geisha mozorroa berriz ere armairuan sartuta. Ernegazioak erretzen dio barrena, eta ezin du ez lo egin ez irakurri ez ezer egin, bere senar faltsuaren zain dagoen bitartean.

Gizona ere iritsi da etxera halakoren batean, nekatu aurpegiz eta Drakula mozorroa eskuan dakarrela.

"Eta? Zer moduz festan? "galdetzen dio emazteak.

"Betikoa, badakizu. Zu ez bazaude, ez dakit zer egin ere halakoetan.

"Dantza pixkaren bat egingo zenuen hala ere.

"Dantza? Ezta batere.

"Neskaren batekin berriketan egongo zinen behintzat, ezta?

"Bai zera. Iritsi orduko, han ikusi ditut Imanol-eta, Iñigo-eta, eta etxeko bazter batean egon gara, gau osoan musean.

"Musean? Beste guztiak parrandan zebiltzan bitartean?

"Ez nolanahiko parrandan gainera. Bera ezer gabe etorri dela-eta, Gorkari utzi diot nire mozorroa, eta, esan didanez, sinestezina izan omen da gau honetakoa.

Ondo iruditzen zaidalako

xme 2004/11/29 08:30

Ez naiz agiri eta paper ofizialen zalea.

Hala ere, 14 urte nituenetik daukat DNIa, legeak behartuta, nire espainiartasunaren frogagiria.

Orain dela urte batzuk, ENA txartela atera nuen (Euskal Nortasun Agiria, talde partikular batek egina). Apur bat folklorikoa iruditzen zitzaidan poltsikoan euskal karnet bat eduki nahi hori, baina Durangoko Azokan ikusten nituen lanean, beren borondate on guztiarekin, eta nik ere izena ematea pentsatu nuen.

Orain, berriz, EHNA ateratzeko burubideak egin berri ditut (Euskal Herriko Naziotasun Aitormena, ezker abertzaleko Udalbiltzak bultzatu eta antolatua). Ez nau askorik konbentzitzen erakundetze paralelo bat sortzeko irrika horrek, instituzionalizazio alternatiboa gure herria eraikitzeko estrategia gisa. Dena dela, arrakastarik izango ez balu ere, ez dadila izan nire laguntza faltaz. Eta gaur-gaurkoz euskal erresistentziari edo disidentziari edo insurjentziari edo kontrabotereari laguntzeko modu erraz eta arrisku gutxikoa denez (gaurkoz diot, ze, auskalo bihar agiri hori atera dutenen zerrendarekin zer egin dezaketen epaitegi espainiarretan), bada, aurrera.

Larunbatean izan nintzen paperak eta patrifilioak betetzen; eta hantxe zain nengoela, Goierriko Hitza-ko kazetari bat etorri zitzaidan galdezka, zergatik atera behar nuen zorioneko EHNA. Zer esan behar nion? Aurreko guztia? Erantzun labur eta errazagoa bota nion, ez da oso zehatza ez guztiz egia baina: ondo iruditzen zaidalako.

Jon Arretxe: “Bidaian zehar topatutako pertsonak eurak dira protagonista”

xme 2004/11/26 08:37

Gazte giroko ipuinak eta detektibe-istorioak utzita, bere sustraietara itzuli da Jon Arretxe, "Griot" bidaia-liburuarekin; itzulera bai, baina berrikuntza ere bai, bere zaleek deskubrituko dutenez.

"Griot" da zure azken liburua. Azal iezaguzu, laburki, zer den "griot" berba eta zer den liburu hau.

"Griot" artista jendeari esaten zaio Afrika Beltzeko herrialde batzuetan. Griotak musikariak, dantzariak, hizlariak, ipuin-kontalariak, barre-eragileak... izaten dira. Nire azken bidaian (urte honen hasieran, Burkina Fasora) horietariko askotxo ezagutu ditut eta eurak dira liburuko protagonistetako batzuk, herririk herri ibiliz ezagutu nuen beste era askotako jendearekin batera. Kapitulu gehien-gehienek topatutako pertsona interesgarrienen izena daramate, eta barruan euron istorio hunkigarri, triste nahiz alaia dakarte.

Hamaika urteren buruan itzuli zara Afrikara, zure lehenengo liburuan (Tubabu) Aljeriatik Senegalerako bidaia egin baitzenuen, Burkina Fasotik hurbil pasatuz. Urte horietan, zer ikusi duzu berdin, zer diferente, hango lur eta jendeetan?

Mundua oso arin aldatzen ari da, baina leku batzuetan pixka bat astiroago, Afrika Beltzean, esaterako. Adibidez, ohitura sustraituenetako batek, bisitariekiko abegi onak, bere horretan jarraitzen du. Egia esan, ez nuen holakorik espero, kontuan hartuta azken urteotan zenbat afrikar hil diren gure mundura ailegatzeko ahaleginetan eta zein harrera eskasa egiten diegun. Afrikan, gutxi gorabehera, ohiko filosofiari eusten zaio: momentua bizi, patxadari eutsi beti... Nik esango nuke geure artean gertatu dela aldaketarik handiena, ze azken hamaika urteotan afrikar kopurua asko handitu da Europan, handitzen jarraituko du eta nola edo hala gureganatu beharko dugu egoera berria. Bestalde, neure jarrera ere asko aldatu da urte eta bidaien poderioz. Jarrera desberdina daukat beste herrialde batzuetara bidaiatzerakoan nahiz gure "lehen" mundura datozenekiko.

Jendearen ilusioak, penak, kezkak

Zure idazkera ere aldatu egin dela esango nuke, Tubabu-tik Griot-era...

Nik uste dut baietz, ze urteak ez dira alferrik pasatzen eta asko laguntzen dute irakurleen kritika eta iritziek. Horrez gain, liburuaren planteamendua ere nahiko aldatu da. Tubabun eta beste liburu batzuetan bidaiak berak garrantzi handia zeukan. Griot-en, ostera, bidaian zehar topatutako pertsonak eurak dira protagonista, nor bere izenarekin, bere istoriotxo interesgarriarekin, bere ikuspegiarekin bizitzaren aurrean. Oso liburu "humanoa" egiten saiatu naiz.

Zure aurreko bidaia-liburu batzuen aldean ("Ekialdeko mamuak", Turkia eta Iran-en barrena, adibidez) deberdintasun handi bat hizkuntzan dago: han keinuz eta nola-hala komunikatzen zinen; azken honetan, frantsesez hitz egin zenezakeen ia jende guztiarekin. Horrek zer aldaketa dakar, bidaian bertan, eta liburua idaztean?

Alde itzela dago, ze borondate onez munduko bazter guztietan moldatu zaitezke aurrera jarraitzeko, jan eta lo egiteko, baina jendearen ilusioak, penak, kezkak eta abar ezagutzeko derrigorra da hizkuntza. Horretan zorionekoa izan naiz, ze frantsesez nahiko ondo moldatzen naiz eta Burkina Fason jende gehienak badaki, bertako hizkuntza ofiziala da eta. Horri esker, nik uste liburua bera ere interesgarriago gertatzen dela, ze idazlearen hausnarketa agian aspergarriei lekua kendu eta egiazko pertsonen istorio bitxiei ematen zaie.

Aldatu ez den zure ezaugarri bat: ez duzu informaziorik ematen herrialdearen egoera politikoaz eta halakoez...

Horrelakoak entziklopedia nahiz egunkarietan topa daitezke, askotan datu hotzak izaten dira, eta nik nahiago dut jendearen ahotik ateratzen diren hitzei garrantzia ematea. Beraien istorioekin zerikusirik badaukate horrelako datuek, harira baldin badatoz, aprobetxatzen dut informazio pixka bat sartzeko. Bestela ez.

Berriketan lasai, tea dastatu bitartean

Orain arte aipatu ez dugun puntu bat, liburu honetan oso inportatea: irudiak.

Oso-oso inportantea, bai, ze Cristina Fernandez marrazkilariak lan ederra egin du. Asko apaindu du liburua irudi afrikarrez eta nik uste irakurleak eskertuko duela hori. Zazpi Kolore liburuan bezalako zerbait egin nahi izan dugu, nahiz eta oraingo honetan ilustrazio zuri-beltzak egokiagoak iruditu.

Askotan nabarmentzen duzu, turismorik gabeko guneetan jendea askoz jatorragoa dela turismo-lekuetakoa baino. Hala ere, zuk ere turismoa zabaltzen duzu, nolabait. Nola bizi duzu kontraesan hori?

Askotan planteatzen diot galdera hori neure buruari eta ez dauka erantzun errazik. Besterik ezean, ahaleginak egiten ditut turistakeriarik gabe jokatzeko, baina nekez lortzen da, ze azken baten denok gara atzerriko bisitariak, denok ditugu ohitura eta balore jakin batzuk, lehen mundukoak, eta turistak gara, nahitaez, neurri handi baten.

Hitz gutxitan esateko, zer da Afrikako bizimodutik gehien erakartzen zaituena? Eta gutxiena?

Gehien erakartzen nauena da zelako patxadaz jokatzen duten bizitzan, zenbat denbora ematen duten berriketan lasai, tea dastatu bitartean, nahiz eta "zoritxarrekoak" izan gure ikuspuntutik, nahiz eta xentimorik ez izan poltsikoan. Gutxien gustatzen zaidana da jende gehienaren seriotasun falta. Oso zaila da lagun guztiz fidagarriak aurkitzea, hitza betetzen dutenak.

Beste bidaiarik buruan?

Gaur ez. Bihar batek daki.

Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.