Oroitzen zaitudanean, ama
Atzo Santa Luzia eguna, jostunen zaindaria, urteko egun bakarra gure ama beste andrazko batzuekin afaltzera bere kasa ateratzen dena. Bista nekatuago, urteak ere bai, eta orain ez du horrenbeste josten, bilobentzako gauzatxoren batzuk gehienez.
Aurreko batean emakume gazte bat neukan gogoan, bufanda bat egiten ari zena, eta amarekin gogoratu nintzen. Zehazki, nola batzuetan, berak artilea bola batean txukun biltzeko nik laguntzen nion, bi eskuen artean hariari harro baina suelto eutsiz eta pixkanaka askatuz. Binaka egiten diren lanek ematen duten betetasun hori zeukan ekintza isil, eguneroko, xume hark.
Beste oroitzapen maite bat etorri zitzaidan aurrekoaren eskutik, amari maindireak tolesten laguntzen nionekoa: bakoitzak bi punta helduta, haiek elkartu, tenk egin arte zabaldu, eta berriz ere bi punta batu; eta azkenean, izara zabalean bildu eta gero luzean ere biltzeko, ama eta biok elkartu egingo ginen, nork bere puntak bestearenekin batzeko. Ez dut uste ondo azaltzen asmatu dudanik, baina lan horretan aritu dena berehala oroituko da.
Eta nostalgiaren erasopean segi nezakeen arren, hor uzten zaituztet, nor bere etxeko sukaldeko oroitzapenekin.
Ama gogoratzen duzue izarak batzen. Eta orain nork batzen dizkizue ba?
Nik oraindik izarak labadoran sartu, doblatu eta eskegi, lehortutakoan berriro batzen ditut. Amaren ordez, beste lagun batekin egin ohi dut ariketa bera.
Izarak batzea ez da sekula bukatzen, lo beti izara artean egiten dugu eta. Ez duzue ba, hori ere etxekoandrearen eskuetan utziko ezta, gizonok?
Ea ba. Gehiago harritu ez naid.