Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Los Santxez

Los Santxez

xme 2004/12/03 08:00

(Argia-rako idatzitako artikulua)

Orain dela hilabete parea gertatu zitzaidan: etxera nentorren trenez, Koldo Mitxelena kulturunean mahai-inguru bat entzun ondoren (Txillardegiri buruzkoa, kasualitatea); uzkurkeria soziala jabetu da gu guztioz eta, lagunen batekin joan ezean, txoko batean eseri eta parean inor ez egokitzea nahi izaten dugu; Donostiako aldirietako trenak bete samarrak ibiltzen dira, ordea (zorionez, erantsi beharko), eta neska baten aurrean eseri nintzen. Arazorik ez: liburua atera poltsikotik eta irakurtzen hasteko moduan nengoen. Neska haren ezagun bat azaldu zen baina, eta kalaka batean hasi ziren biak. Tira: irakurketan kontzentratzerik ez zegoenez gero, nesken berriketa aditzen joan nintzen. Beti ikasten da zer edo zer halakoetan.

Hogei-hogeita bost urte bitartean zebiltzan neskak: ikasketak amaitu eta lan-mundu beti zailean sartu beharreko garaian, eta gai horien inguruan joan zen beren solasaldiaren parte handi bat. Beste bat, Salamancako kontuez. Hangoak zirela esan behar nuen, baina zehaztu dezadan: Zumarraga-Urretxu aldekoa zen bata, Beasain-Ordiziakoa bestea; bien familiak, berriz, Salamanca inguru horretakoak, eta handik ezagutzen zuten elkar, nonbait. Ez ziren ez herri ez bailara berekoak hala ere: hizketalditik sumatu nuenez, Ciudad Rodrigo eta Béjar eskualdeetan zeukaten jatorria, eta Zezen Larruaren mapari begiratzen dionak ikusiko du Salamancako probintzian daudela biak, baina elkarrengandik aski urrun.

Zer dela-eta hainbeste xehetasun, galdetuko duzue. Deigarria iruditu baitzitzaidan gurasoen lurrari zioten atxikimendua. Neska haiek bezala Goierriko herri industrializatu batekoa naiz ni, auzo proletario batean hazia eta emigrante-familietako lagunekin ibilia: Ourensekoak, Burgoskoak, Valladolidekoak Hala ere, neska horiek baino hogei urte zaharragoak ziren nire lagunei sekula ez nien sumatu familiaren jatorriarekiko halako interesik ez maitasunik. Eta ez dut uste inguruko presioagatik disimulatzen zutenik ere. Zer aldatu da hogei urte honetan? Beharbada ekonomia aldetik oso atzeratuak zeuden Gaztelako bazterrak orain ez dira horren arlote eta lotsagarri; poztekoa litzateke hori. Edo agian, eta hau ez da horren pozgarria, lehen nola-halako erakarmen eta ilusioa sortzeko gai zen Euskal Herriak galdu du lilura hura.

Kasu bakan batetik ezin eraiki daiteke teoriarik baina, utz iezadazue garaien arteko konparaketarekin jarraitzen. Batetik, kanpotarren seme ziren nire ikaskideek ez bezala, euskaraz aski txukun jakingo dute neska bi hauek, eskolan ikasita. Bestetik, duela hogei urteko emigrante-semeak guztiz integratuta oroitzen ditut, gustu eta iritzietan bertako Rhdunokin bat eginda, gu bezalaxe erdaraz eta abertzale; treneko nire bidai lagunak, berriz, bere adinkide agirretarrengandik aparte samar imajinatzen ditut: igande horretantxe zen ospatzekoa Kilometroetako festa Orio eta Zarautzen, eta hara joango ziren Goierriko gaztetxo txeroki gehienak, giro euskaldun eta jatorrean mozkortzera; neska haien festa-leku maiteena, aldiz, Irun omen zen (barka nazatela nire lagun irundarrek, baina ez da hura probintziako lekurik euskaldunena).

Nire belaunaldikoek baino askoz gehiago egiten dute euskaraz gaurko gazteek. Hala ere beldur naiz, kanpotarren familietakoen integrazioan ez ote dugun atzera egin. Trenaren pasadizotik harago, ondorio praktikoak dituen korapiloa da hau: hizkuntza ereduetan eta euskalgintzaren lehentasunetan, besteak beste. Dena dela, ez nuke dilema faltsurik plazaratu nahi: galdetzen badidate zer den inportanteago, betidaniko euskaldunek beren artean euskarari eustea, ala hona datozenak ohitura eta pentsaeretan geureganatzea, dudarik gabe erantzungo dut: biak!

Arazoa beste bat da: ea aski indarrik ote dugun, bata eta bestea egiteko.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.