Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Mundu erreala

Mundu erreala

xme 2004/12/09 11:29

Albania herri mitikoa izan zen askorentzat orain dela 25 urte. Berlingo harresia erori eta Jeltsin mozkorra botere gorenera igotzeko hamar urte falta ziren arren erkindua eta esklerosiak jota sumatzen genuen bloke sobietar osoa. Albaniak, aldiz, eutsi egiten omen zion espiritu komunistari. Gero ikusi dugu hori ere itxura zela beste ezer baino gehiago, miseria eta despotismoa zirela nagusi Ismail Kadareren herrialdean ere.

Artean baina, erdi txantxetan izan arren Albania miresten genuenean, esku-langile eta buru-langileen bat egitea zen ezaugarri aipatuenetako bat: burgeskeriaren eta elitismoaren besoetan ustel ez zitezen, funtzionario nahiz ikasleak kaminero jartzen omen zituzten hilabetez, udako oporrak hondartzan ez baizik galipot artean izerditzen emateko.

Albaniako kontu hau etortzen zait burura urtero Durangoko Azoka iristen denean. Abenduaren 3an, ireki bezperan, han egon ginen gure lantokiko guztiok, kaxak eta kaxak deskargatzen, husten, liburuak sailkatzen, mahaietan jartzen... Kulturaren alderdi espiritualarekin lan egiten dugunok alderdi materiala ezagutzeko aukera polita. Halako batean, lana ia amaitu eta gero lagun artean adar joka ari ginela, bota nuen hura zela nik lan fisikoa egiten dudan urteko egun bakarra, izerditzen naizen bakarra. Ohartu ez, ordea, hori esan nuenean han zebilela euskal kazetari bat, kultura beti serioari prentsa arrosaren ukitu bixigarria eranstea gustatzen zaiona, eta hitz horiexek atera omen ziren larunbateko egunkarian, nik ez nuen ikusi baina.

Mundu errealaren aipamena ez zen zamalanagatik ordea. Postuak txukun utzi biharamunerako, garagardo bat edan Centro Palentinoan eta, etxerako bidea hartu nuenean, Iurretako irteeran auto-stopa egiten ikusi norbait eta gelditu egin nintzen. Gizonezko gazte bat, Donostiara zihoana. Esan nion nora nindoan ni, eta ondo omen zetorkion, hurbiltzeko.

Ez dakit ohitura zer izaten den halakoetan, baina auto-stopista bera berbetan hasi ezean isilik joaten naiz ni, musika jarrita. Halaxe egin genuen bidaia gehiena, baina, Antzuola pasatzean, batetik gau iluna, bestetik euria, bestetik nire nekea eta deskuidua, norabide biak bereizteko jarri duten espaloi gisako baten koxka jo nuen, eta gurpil bat hondatu ere bai, geroxeago konturatu nintzenez.

Deskargan gora, kamioiren batek irentsiko ez gintuen bazter bat hautatu, kotxea gelditu, eta hor hasi nintzen gurpila aldatzen, ilunpe osoan eta tarteka euri pixka bat ari zuela. Orduan estreinatu nituen triangelu gorria eta txaleko argi-emailea; autoan linterna eramatera behartu banindute kalterik ez. Mutil hari esan nion, puska baterako banuela eta hobe zuela auto-stopean segi, ea beste batek hartzen zuen. Berak ezetz, ordea, eta bion artean egin genituen horko lanak. Bakarka baino hobeto, dudarik gabe.

Berriz ere martxan jarri ginenean, elkarrekin izerditzeak ematen duen konfiantzatxoarekin, galdezka hasi nintzaion, eta horrela jakin nuen fresadore zebilen lantegia itxi ondoren lan bila zebilela, eta horretan jardun zuela Bizkai aldean zenbait egunez, alferrik, diru guztiak amaitu zitzaizkion arte, eta etxera bueltan zetorrela orain.

Nire herrira iritsi ginenean, tren-geltokira eraman eta Donostiarako txartela erosi nion. Bokadillo baterako ere eman beharko nion, baina gogoratu ez. Despeditzerakoan, bostekoa eman eta izena galdetu nion:

"Ignacio".

"Xabier".

etiketak: Saski Naski
Apostata
Apostata dio:
2004/12/09 14:16

Hemen dago aipatutako pasartea: "Hasta el escritor Xabier Mendiguren, una persona convencida de que el deporte está reñido con la inteligencia, levantaba ayer pesados fardos de libros desde la pala mecánica a los stand de Elkar y Zabaltzen, dentro del recinto ferial. Imitó por momentos el estilo de los harrijasotzailes mientras confesaba que era el día del año que más sudaba"

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.