Nork esango digu nola idatzi?
Oroitzen naiz orain dela ia 30 urte, Juan Luis Zabala eta biok geure idazle-ibilbidearen hasieran geundela, berarekin izandako solasaldi edo liburu aurkezpen batean, nola galdetu nion eguneroko hizkuntzan esan ez baina bere idazlanetan erabiltzen zituen hitzei buruz, testuari halako arrotz aire bat ematen ziotela-eta. Orain ez nuke jakingo zein ziren baina eman dezagun, adibidez, “lohihartzeko” (lan-jantzi edo buzo esateko) eta tankera horretakoak zirela.
Garai hartan ia beste hiztegirik ez, eta Xabier Kintanak egindako Hiztegia 80 erabiltzen genuen gehienbat, eta handik hartuak zituen Zabalak ere berba haiek. Arrazoia, baina, ez zen, beste askoren moduan, garbizaletasuna, ezta euskara gutxi zekiela-eta hiztegia itsuan erabiltzea, motibo literario bat baizik; izan ere, Juan Luisek zioenez, literatura egiten duenak ez du gaurko irakurleentzat bakarrik idazten, bihar-etzikoentzat ere bai, eta bere ustetan, euskarak bizirik irautekotan, orduan artifizialak iruditzen zitzaizkigun terminoak gazteen artean orokorturik iraungo zuen.
Esango nuke Zabalak ez zuela guztiz asmatu iragarpenetan. Oso posible da ehun urte barruko euskarak gaurkoarekin zerikusi gutxi izatea (ergatiborik gabe? Erlatiborik gabe? Zeharo euskañoldua?), baina ez da izango Kintanaren hiztegian iradokitzen zen modukoa; Zabalak berak ere ez ditu gaur egun halako hitzak erabiltzen; geroan norberaren testuak irakurriak izango diren edo ez, ez dut uste horren baitan dagoenik.
Nolako hizkuntza erabili behar den agintzea, ohitura zabaldua izan da gure artean. Neurri batean justifikaturik zegoen: euskara batua ezarriko bazen, norbaitek finkatu behar. Baina Euskaltzaindiaren arauez gain eta harago, joera izugarria izan du batek baino gehiagok aginduak emateko; eta hori baino nabarmenago, inoren gomendioak lege santutzat hartzeko gogo izugarria eduki du euskaldun jendeak, gure diziplina zintzoarekin euskarari hauspoa emango geniolakoan.
Zorionez edo zoritxarrez, kontua aldatzen ari da. Esanguratsua izan da Ibon Sarasolak jaso berri duen omenaldian adierazitakoa: ez dela batere harrotzen Euskara batuaren ajeak liburuaz. Euskara zuzenaren preskriptore nagusia izan zen Sarasola garai batean, eta liburu horretan makila luzearekin zirti-zarta ibili zen, espainolkada mozorrotuak agerian utziz batik bat, baina baita bere gustuko hitzak promozionatuz ere; endurtu edo desegigo oroitzen ditut, neuri kirrink egiten zidatenen artetik, eta nola (aita santua baino papistagoak beti eta nonahi topatzen dira) liburu hura atera zuen argitaletxean testu guztiei betearazten zizkieten bolada batean hango manamenduak; azkenean, idazle guztiek estilo bat eta bera zutela ematen zuen.
Poztekoa da Sarasolak iritzia aldatu izana, arreta zuzentasunetik maiztasunera eramanez, gaurko egiazko erabilera izango baita, ezer izatekotan, biharkoaren berme eta erakusgarri.
(Noticias taldeko Ortzadar gehigarrian argitaratua, 2015.04.03)
Estimatua eta estigmatizatua
Egunotan aurkeztu diren pare bat poesia-liburu aipatu nahi nituzke: batetik, Joan Mari Irigoienek idatzi duen azkena: Bi urtetako kronika fakultatiboa (2012-2014); bestetik, Anne Sexton poeta estatubatuarraren antologia bat, Harkaitz Canok itzulia eta Beñat Sarasolak zuzentzen duen Munduko Poesia Kaierak bilduma ederrean kaleratu dena (Sophia de Mello portugaldarrarekin eta Gabriel Ferrater katalanarekin batera).
Irigoien aski ezaguna dugunez, Sexton aurkeztuko dut, laburki. 1928an jaio zen. Bostonen bizi izan zen, giro burgesean, eta lehen alaba izan ondorengo depresioan, psikiatrak animaturik ekin zion idazteari. Poesia konfesionala egin zuen, eta arrakasta handia lortu (Pulitzer saria, besteak beste). Emakume eder, argi, distiratsua, baina buruko gaitzek bizitzen uzten ez ziotena: 1974an, garajera sartu, autoa martxan jarri, eta hantxe geratu zen, motorrak isuritako karbono monoxidoak ito zuen arte.
Sextonengan poesia da inportantea, baina suizidio ikusgarri hori kontatu dut, nahita, halako morbo bat pizten digutelako bere buruaz beste egiten duten idazleek. Horietatik ez gutxi, emakumeak. Virginia Woolf, bere berokiaren patrikak harriz beterik, ibaira sartzen; Silvia Plath, umeei gosaria prestatuta utzi ostean, burua labean sartu eta gasa pizten; Alejandra Storni itsasoan, Pizarnik barbiturikoekin, Marina Tsvetaieva urkaturik…
Hildako pintorearen obrak balioa irabazi ohi duen bezala, halako heriotza tragiko batek badirudi lustrea eransten diola idazleari. Misterio batek inguratzen duelako, beste maila batean ikusten dugulako… Edonola ere, suizidio horien atzetik, gehienetan, bizitza latz bat eta urtetako gaixotasun psikikoa egon ohi da: oinaze handiak, beraz.
Orain dela urtebete inguru hil zen beste idazle ezagun bat, Leopoldo Maria Panero poeta espainiarra, urte askoan Arrasateko psikiatrikoan bizi izan zena. Haren heriotza zela-eta, han eta hemen irakurri nituen komentario batzuk harrigarriak iruditu zitzaizkidan, gaitz mentalaren laudorio eta ia apologiak egiten baitziren bertan, halako egoera batek gaixoari lehenik eta ingurukoei ondoren eragiten dien sufrimendua arinkeriaz hartuta. Eta fribolokeriazko lilura horrekin kontrastea egiten du gaitz mentalek gure gizartean oraindik ere sortzen duten izuak, tabuak, estigmatizazioak.
Horregatik da poztekoa Joan Mari Irigoienek bere osasunaz idatzi izana. Estilo soil eta xume batean kontatzen digu bere esklerosiaren berri, lehenik, aski ongi hartu zuena, eta ondoren etorri zitzaion depresioa, askoz ere gogorragoa egin zitzaiona. Aitorpen zintzo eta gordina egiten du idazle altzatarrak, baina baita esperantzazko mezu bat zabaldu ere, depresioaren zulotik ateratzea posible dela azalduz, bera atera den bezala.
Zuloaren barrenean geratzeak, itxuraz, literarioki pedigri handiagoa eman arren.
(Noticias taldeko Ortzadar gehigarrian argitaratua, 2015-03-21)
Historia eta istorioak
Dorota Krajewskak eta Ekaitz Santazilia filologo gazteek aurkitu dute, berriki, euskal bibliografiako altxor eder bat: Esteve Materra frantziskotarrak 1617an Bordelen argitaraturiko Doctrina Christiana, lapurteraz idatzitako lehenengo katixima, XVII. mendean Sara eta Donibane Lohizune artean izan zen euskal letren loraldiaren abiapuntua edo. Aurretik ere bagenuen liburu honen berri (Esteban Materre deitu ohi genuen orain arte egilea), baina lehen edizioaren alerik ez zen ezagutzen, Danimarkan liburutxo hau topatu duten arte.
Materraren lana arrazoi askorengatik da aipagarria. Bat, egilea euskaldun berria zela, Frantziatik etorri eta oso denbora gutxian Saran euskara ikasia, dotore asko ikasi ere. Irakurri, adibidez, liburuaren sarreran, Bertrand Etxauz apezpikuari eskainitako testua, honela hasten dena: “Iragan den denborako jendeak hain ziren arduratsu eta axolduri bere haurren gainean, eta hain zedukaten kontu handia nork berei ongi erakusteaz eta aztura onen emaiteaz, non iduritzen baitzeien behin ongi haziz gero, on eta prestu baizen ezin ziratekeiela. Halatan Hyppodamus zeritzan filosofo batek erraiten ohi zuen, herri ongi ordenatu baten zimendurik printzipalena, haurren ongi haztea eta khidatzea zela.”
Materraren balioa eta meritua ezertan gutxitzeko asmorik gabe, ez da lekuz kanpo egongo testuinguru historikoa gogoratzea: Pierre de Lancrek zortzi urte lehenago zuzendu zituen Lapurdi alde hartako sorgin-ehiza beldurgarriak: berrehun lagun baino gehiago torturatu, eta haietako hirurogei hilarazi zituen, sorginak zirelakoan. Lancre misogino eta euskalfobo psikopatatzat jo genezake, baina ezin ahaztu Henrike III. Nafarroako eta IV. Frantziako erregearen aginduz jardun zuela. Erlijio-gerren garaia zen Europa mendebalde osoan, eta eliza katolikoak, Lancreren ezpataren ondotik, Materra eta Axular bezalakoen mihi leun eta luma trebeak baliatu zituen kontrarreformaren espiritua ezartzeko.
Axularrek bere Gero-n, bekatuen zerrenda xehea egitean, ez du ezertarako aipatzen sorginkeria konturik. Batzuen ustez, sorgin-ehizen kontra zegoelako seinale; beste zenbaiten iritziz, krimen haietan konplize eta agian laguntzaile izandakoaren isiltasun salataria litzateke hori. Zaila da egia zehatza jakiten, eta horregatik dira zilegi interpretazioak eta irudimen ariketak. Hala nola Aingeru Epaltzak “Erresuma eta Fedea” eleberri trilogia miresgarrian egin zuena, Pedro Agerre Axular delako hura Espainiako Felipe II.aren espioi bihurtu baitzuen.
Filologoek bere lana egingo dute orain, XVI. mende hasierako lapurtera hobeki aztertzeko edo Sarako eskola deitu ohi den horren inguruko kontuak ikertzeko, baina nobelistek ere libre dute bidea frantziskotar frantses hura Euskal Herrira zertara etorri zen eta zer egin zuen fizkioaren bidez eraikitzeko.
(Noticias taldeko Ortzadar gehigarrian, 2015.03.06)
Pijoak ala zokormazoak?
Goierritar bat euskal kulturgintzan batera eta bestera dabilenean, sentsazio berezi bat izaten du maiz: Txindoki edo Aizkorripean sortu hutsagatik, halako euskaltasun label berezi bat dagokigula ematen du, batzuengan miresmen eta inbidiarako arrazoi bihurtzen dena, beste batzuengan mespretxu eta irrirako aitzakia: Euskadi “sakona”, bolbora eta simaur usainak nahasten direna...
Kulturgile goierritar hori beasaindarra bada, sentsazio berezia areagotu egiten da: batetik, kanpokoen begietan aborigen jator eta bitxi bat zara, amaren titia edoskitzearekin batera euskal esentziak eta Joxemiel Barandiaranen txapelaren DNA bereganatu zenituena; gainerako goierritarrek, berriz, probintziakook donostiarrak ikusten ditugun bezalatsu ikusten gaituzte: kapitaleko pijo ia-erdaldunak bagina bezala (señorito kutsua ordiziarrek zeukaten garai batean, Beasain proletario etorkinez beterikoaren aldean, baina orain badirudi bareak pajaritaz ibiltzen hasi garela).
Nondik begiratzen zaion, batzuek nahiz besteek izan dezakete arrazoia. Hala ere, esan nahi nuke, kulturak beti halako gutxiengo-kutsu bat izan arren, gero eta normalago bihurtzen ari dela Beasainen euskal kultura modu natural batean sortzea eta jasotzea. Garai batean, bertsolariak auzo-herrietan sortzen ziren, ez dago “Goierriko Bertsolariak” talde hura oroitzea besterik: Lazkaotxiki, Iraola, Murua, Igartzabal, Mendizabal, Zeberio, Begiristain… Beasaindarren bat bertsotara hurbilduz gero, Arriaran edo Beasainmendikoa behar zuen. Urteen joanean, ordea, Beasaingo kale artean sortu dira bertsolari bikain askoak: Aitor Sarriegi Gipuzkoako txapelduna da ezagunena, baina hor daude, halaber, Ekaitz Goikoetxea, Iñaki Apalategi, Ainhoa Mujika, Gema Urteaga… Iker Zubeldia ezin sartuko dut zaku horretan, berak zegamartzat hartzea nahiago duenez gero.
Literaturaren barrutian ere, urte askoan sentitu naiz ni Beasaingo euskal idazle bakarra. Mikel Sarriegik, gaztetan zeozer idatzi ondoren, utzi egin zion langintza horri. Lorea Agirreren liburuak kazetari-lanak izan dira gehienbat. Tere Irastortza ere, bertan bizi eta lan egiten zuen arren, zaldibiar gisa agertzen zen paperetan. Ataunen, Seguran, Idiazabalen sortzen ziren nonbait euskal idazleak. Horretan ere gertatu da aldaketa, ordea. Denbora gutxian gainera: Unai Baztarrikak Ezinbestean poema-liburua idatzi du, Bilboko Blas de Otero saria irabazi ostean; Irati Goikoetxeak, han-hemen hainbat sari irabazi eta gero, Andraizea ipuin-bilduma kaleratu berri du; Mikel Alvarez Sarriegik, sarean atalka eskaini ondoren, paperean argitaratu du Finlandia nobela.
Bertsolaritza eta literatura hartu ditut ahotan, baina artearen beste arlo askotan ere jende interesgarri mordoa dabil gure herrian, zorionez: pinturan, graffitietan, argazkilaritzan, musikan, dantzan, antzerkian… Beste hainbat artikulu idazteko ematen dutenak, gaurkoa bukatzera doa eta. Ez dakit zokormazo hutsak garen, urrunekoek ikusten gaituzten moduan, ala burges koxkor handikeriazaleak. Edonola ere, euskaldun eta goierritar izateaz beti pozik sentitu naizen moduan, beasaindar izatea ere ez da batere lotsatzekoa. Hala izan bedi, luzaroan.
(Goiberri astekarian kaleratua. 2015.02.13)
Klixe eta esloganak garbituz
Joseba Sarrionandiak lehendik ere emanak zituen elkarrizketak idatziz; orain, berriz, Hasier Etxeberriak lortu du audiozko solasaldia egitea, eta atalka eskaintzen ari dira Sautrelan, ETBko literatur saioan. Durangoko idazlearen ahotsa entzuten duten estreinako aldia izan daiteke askorentzat, lehen ere, orain hamabost urte, Hau da ene ondasun guzia disko-liburuan bere poema batzuk grabaturik utzi bazituen ere.
Egunotan entzun dizkiogun pasarteen artean bat nabarmendu nahi nuke, non idazleak salatzen duen politikan erabiltzen den hizkeraren iluna: “Beste alorretan hitz bat erabiltzen duzu eta badakizu zer esan nahi duen: mailua, pospoloa edo karakola. Politikaren alorrean, ostera, esaten dira hitzak hustuta bezala, esanahirik gabe”.
Adierazpen horiek entzutean, gogora etorri zait noizbait irakurritako zerbait. David Grossman idazle israeldarrak, Escribir en la oscuridad saiakera liburuan hauxe esan zuen, Israel-Palestina auziak idazleengan eta hizkuntzan duen eragina dela-eta: “Neure esperientziaz esan dezaket denboran zehar irauten duen gatazka bateko hiritarrek beren egoera deskribatzeko darabilten hizkuntza, axalekoagoa bihurtuz doala gatazka luzatu ahala. Pixkana-pixkana, klixe eta eslogan sorta batera murriztuz doa. Gatazkaz zuzenean arduratzen diren erakundeek sortutako hizkuntzarekin hasten da kontua: armada, polizia, ministerioak eta abar; handik laster, gatazkaren berri ematen duten komunikabideetara iragazten da, hizkuntza are bihurrituago bat sortaraziz, publikoari irensteko erraza den istorio bat eskaintzen diona (banaketa erabatekoa eginez, alde batetik Estatuak zer egiten duen gatazkaren alde ilunean, eta bestetik hiritarrek nola nahi duten ikusi beren burua). Eta prozesu hori, azkenik, gatazka bizi duten hiritarren hizkuntza pribatu eta intimora iristen da (haiek halakorik guztiz ukatu arren).”
Alde batera utziz artista israeldarrek Palestinaren zapalketan eta beren estatuaren legitimazioan izan dezaketen erantzukizuna (gai mingarria eta luzerako ematen duena), ezin ukatu analisi zorrotza dakartela hitz horiek, harako ez ezik, honako ere balio dutenak. Grossmanek sujeritzen du idazlearen zeregina behar lukeela hizkuntza garbitzea klixe eta eslogan horietatik, eta horretan bat letorke hasieran aipatu dugun Sarrionandiaren salaketarekin (literaturaren betidaniko asmoa, seguru asko, Stéphane Mallarmé poeta frantsesaren esaldi ospetsuan laburbildua: “Zentzu garbiago bat ematea tribuaren berbei”).
Egiten al dugu aski ahaleginik alor horretan? Badakit espainolek askoz gehiago ikasi beharko luketela, haien alorrean makurragoa izan dela errealitatearen manipulazioa, sistematikoagoa errelato bakarraren makillajea, baina horrek ez gintuzke eraman behar bertan-goxo egitera. Hitzei bere esanahia eta hotsa itzultzeko trebeziagatik eta politikaren maskarak eranzteko saioagatik, azkenaldiko liburu bat gomendatuz amaituko dut: Kapital publikoa, Jose Luis Otamendiren poema-bilduma.
(Noticias taldeko Ortzadar gehigarrian, 2015.02.21)
Euskal-amerikar izatearen harrotasuna
Anne Marie Chiramberro neska kaliforniar bat da, aita baxenabartarra duena eta hellabasque.com izeneko blog interesgarri bat idazten duena, gazte euskal-amerikar baten esperientziez eta ikuspuntuez. Berriki artikulu bat plazaratu zuen, “Why I say I’m proud to be Basque American, not Basque” tituluduna (Zergatik diodan harro nagoela euskal-amerikar izateaz, ez euskaldun izateaz), eta bertan esandakoek gogora ekarri dizkidate euskal-amerikar nortasunaz idatzi izan diren beste lan batzuk.
Estatu Batuetako mendebaldeko euskaldunen imajinario kolektiboa sortzeko eta finkatzeko, berebiziko garrantzia izan zuen Robert Laxalt-ek. Laxaltek zuberotarra zuen aita, Nevadara artzain joandakoa; bigarren belaunaldi arrakastatsuaren eredu izan zen haren familia: Robert idazle ospetsua izatera heldu bazen, gorago iritsi zen Paul anaia, AEBko senataria izan baitzen urte luzez, Alderdi Errepublikanoarekin, eta Robert Reagan lehendakariaren lagun mina.
Laxalten lehen liburua eta ospetsuena Sweet Promised Land izan zen (1957an kaleratua), hitzez hitz “Lur agindu eztia”, euskaraz beste izenburu batez itzuli bazen ere: Dominique, artzain xiberotar bat Nevadan, orain dela 25 bat urte nire izenkide Xabier Mendiguren Bereziartuk euskaratu zuena, Joxe Anjel Arbelaitzen bultzadaz eta Zuberoa jatetxearen laguntzaz.
Eleberri horretan, Robertek aitaren historia kontatzen du: gaztetan Ameriketara joan, bizitza osoan artzain jardun, mendiko bakardadean, eta zahartzaroan, semearen laguntzaz sorterrira nola itzuli zen, ahaide galduak eta haurtzaroko bazterrak berriz ikustera. Euskal izaeraren amodio gartsuz idatzia dago nobela osoa, askotan gogoratu denez, baina aldi berean (eta ezaugarri hau ez dut horrela aipaturik ikusi), euskal-amerikar nortasuna definitzeko orduan, gure herri zahar honen eta hango herri berriaren arteko kontrajartze argi bat egiten du: hemengo euskaldunak lehenean iltzaturik geratu dira, ohitura, hizkuntza eta bizimodu zaharrei loturik; Ameriketara joan direnek, berriz, borroka latzen ondotik, aberri berri bat irabazi dute, garapen eta aberasbide handiagoak eskaintzen dizkiena. Dominiquek badaki bera euskalduna dela soin eta arima, inoiz ez dela guztiz egokituko AEBko bizimoldeetara, baina hura du jada bere lekua, beretzat baino gehiago bere seme-alabentzat.
Ez dut gaia ondo ezagutzen, baina imajinatzen dut antzeko ikuspegi eta burubideak erabiliko zituztela Estatu Batuetara joandako komunitate etniko ugarik: greziarrek, errusiarrek, italiarrek… AEB den Melting Pot horretan, bakoitzak ditu bere sustraiak, eta horiek harro aldarrikatzen ditu, jatorri partikular horrek ez baitu ukatzen amerikar izaera, hura azpimarratu baizik. Horren erakusgarri da Anne Marie gaztearen artikulua ere, hasieran aipatu dudana. Ez dago gaizki horrela izatea, baina hobe da guk ere argi edukitzea zertaz dauden harro, euskal izaeraz harro daudela diotenean.
(Noticias taldeko Ortzadar gehigarrian argitaratua, 2015.02.07)
Besteen herriaz idaztea
Aurreko batean, aspaldian apalean eduki eta inoiz irakurri gabeko liburu bati heldu nion: Claudio Magris idazle italiarraren Danubio, Europa erdia mendebaldetik ekialdera gurutzatzen duen ibai zabal horrek pasatzen dituen herrialdeei buruzko kaleidoskopio bat. Harekin ari nintzela, beste maisulan sailkaezin bat etorri zitzaidan gogora: Flaubert’s Parrot (Flauberten Loroa), Julian Barnes-ena, non eleberrigile ingelesak erudizioz bezainbateko sentiberatasunez josten dituen hainbat kontu eta izkirimiri, mende bat lehenagoko erraldoi frantsesagan oinarriturik.
Dena dela, ez nabil XX. mende amaierako literaturaren klasiko bihurtu diren lan horiek komentatzeko asmotan. Horiek gogoan nituela, burura etorri zitzaidan idazle batek normalean bere herrialdea, lurra, jendea, historia, hizkuntza hartzen dituela langaitzat, hausnarketen iturri eta helburutzat; hala ere, etxera bezala kanpora begiratzen ere badakite gizon-emakumeek, eta, horrenbestez, badira bere arreta beste herrialde batzuetan jarri duten idazleak ere. Zerrenda itxirik egiteko asmorik gabe, zein nabarmendu da arlo horretan euskal letretan?
Burura datorkidan lehena, Joseba Sarrionandia da. Urte batzuetan lau pareta artean irten ezinik, gero beste askoan etxera itzuli ezinik, nonahi dagoela ere beti gustatu izan zaio beste ahots eta beste inguru batzuk ezagutzea eta haien berri besteoi ematea. Hamaika poema itzulia da: galiziarrak, palestinarrak eta abar. Baina kultura bati buruzko lanik azpimarratu beharko balitz, amazigh herriaren historia eta horrekin lotutako gorabeherak lantzen dituen Moroak gara behelaino artean? apartatuko nuke. Hango lurrik sekula zapaldu ez arren, segur aski.
Atxagak ez du inoiz monografiarik idatzi urrutiko herri bati buruz, baina behin eta berriz agertzen dira atzerriko parajeak eta jendeak haren obran: Villamedianako herri gaztelarra Obabakoak-en, Renoko bazterrak azken eleberrian (Nevadako egunak), Kongo azkenaurrekoan (Zazpi etxe Frantzian), eta beste hainbat.
Anjel Lertxundik munduko literaturaren ezagutza zabala du, baina, herrialde bakar bat aukeratzeko esango baliote, nik uste Italia hautatuko lukeela. Ezagutza eta maitasun sakon horren emaitza da Italia, bizitza hizpide kronika liburua.
Kanpoko idazle asko itzulitakoa da Koldo Izagirre ere: galiziarrak, frantsesak, Maiakovski errusiarra… baina herrialde oso bat obra baten protagonista bihurtu duen adibiderik bilatzekotan, Kuba topatuko genuke, Ez duk erraza, konpai bidaia-liburu gisako eleberrian.
Bidaia-kronikarik ez, baina Europa mendebaldeko herrialde nagusietako pentsamendu eta autoreak goitik behera aztertu eta jorratu izan ditu Azurmendik bere obra osoan barrena: Alemania, Grezia, Itaia, Espainia, Portugal, Frantzia…
Nahi beste luza gintezke izenak ematen, zorionez. Izan ere, izena ahaztu dudan jakintsuren batek esan zuen moduan, ezer gutxi daki bere herriaz, bere herriaz baizik ez dakienak.
(Noticias taldeko Ortzadar gehigarrian argitaratua, 2015.01.24)
Utopia sozialak eta utopia pertsonalak
Ruper Ordorikaren azken diskoa entzunez (Lurrean etzanda, Elkar, 2014), deigarria egin zait nolako hitz gozoak eskaintzen dizkion bikote barruko maitasunari. Aurreko diskoetan ere (Haizea garizumakoa, Hodeien azpian) agertzen zen Ruperren aldarte berri hori, nolabait esateko baikorra, baina oraingoan nabarmenagoa da: “Oh, oh, oh, / bizitza eder denean / goxo binaka ibiltzea bertan murgilduta”.
Baten batek esango dit maitasunari gozo kantatzea ez dela ez deigarria ez harrigarria, abestiaren historian gehien errepikatzen den gaia dela, eta topiko erromantikoak errepikatuz egin ohi dela maizenik, dela maitearen xarmak goratuz, dela desamodioaren minak deitoratuz.
Egia berdaderoa da hori, baina egia da, halaber, gai batzuk eta ikuspegi batzuk boladan egon ohi direla garai eta giro batzuetan, eta modaz kanpo beste batzuetan. Ez nator Ruperren kasu partikularraz hitz egitera, baina aitzakia eman dit utopia sozialek eta utopia pertsonalek, nire garai eta giroan, duten estimazio desberdinaz gogoeta egiteko.
Utopia soziala, askatasuna berdintasuna eta anaitasuna nagusi izango diren gizarte baten ametsa eta horren aldeko jarrera (are gehiago horren aldeko borroka) zaharkitutzat eta ia-ia barregarritzat ikusten ziren orain dela urte batzuk. 25 bat urte dira Sobiet Batasuna pikutara joan zela, eta horrekin bazirudien betiko galdu zela politika bidez justizia soziala lortzeko esperantza. Gaur egungo kapitalismoaren krisian, berriz, modan da berriz komunismoa: Marx eta Lenin berrirakurtzen dira, saiakera sozialek arrakasta dute, gizarte sobietiko zaharraren nostalgia ere sumatzen da han-hemen. Sistemaren akatsak aurpegiratuz gero, utopiaren balioa gogoraraziko dizute: jendarte perfekturik lortu ez arren, aurrera jarraitzeko balio digu utopiak.
Bi pertsonaren arteko bizitza osoko maitasun eta bizikidetza proiektuak ere asko du utopikotik, elkarbizitza hori inoiz ez baita zorion betekoa izango, lehenago edo geroago agertuko baitira arrakalak (nekea, asperdura, botere-borrokak eta beste). Maitasun erromantikoaren atzean dagoen ideologiak batez ere emakumeei ekarri dizkien kateak eta kalteak aztertu dituzte hainbat ikerlarik (gure artean Mari Luz Esteban nabarmenduko nuke, Crítica del pensamiento amoroso lanarekin), eta pentsamendu horren isla eguneroko ogia da nire inguruan bederen.
Utopia komunistak ongizatezko aurrerapausoak eta justiziazko ametsak ekarri ditu gizadi guztiarentzat, baina baita inoizko sarraski antolatu handienetakoak ere (Stalinen Gulaga, Maoren Kultur Iraultza, Khmer Gorrien genozidioa…). Maitasun erromantikoaren utopiak emakumearen menpekotasunaren iraupena eta gizonezkoen biolentzia sexistaren justifikazioa ekarri ditu, baina baita bikote askoren poza, familia askoren zoriona, gizon nahiz emakume askoren garapen harmonikoa. Utopia bati alde onak bakarrik ikustea eta bestearen txar guztiak azpimarratzea, horixe zait bitxia, eta hortik Ruperren kantaren aipua.
(Noticias taldeko Ortzadar gehigarrian argitaratua, 2015.01.10)
Nia eta literatura
Juan Luis Zabala kazetari eta lagunak galdetegi bat bidali dit, aspaldi honetan literaturan autofikzioak, alter egoek eta kronika autobiografikoek daukaten goraldia dela-eta. Ez daukat iritzi argirik gaiaz, ideia lauso batzuk besterik ez, baina, ideiak ordenatzeko modu onenetakoa idatziz jartzea izaten denez, horretan saiatuko naiz.
Batetik, iruditzen zait sorkuntzaren gunea garai batean sorkaria izaten zela, emaitza alegia, eta sortzailearen figura gero eta pisu handiagoa hartzen joan dela, denboran zehar. Oso atzera joz, Erdi Aroan ia inoiz ez zen aipatzen autorea, inprimategiak zabaldu zuen ohitura hori; Erromantizismoak artistaren mitoa finkatu zuen nolabait, eta gure aroan postmodernitateak jarri zuen fokuaren argia harengan: Warhol gogora liteke arte plastikoetan, rock izarrak musikan… Literaturan beranduago iritsi da aldaketa hori, eta modu apalagoan gainera (adibidez, nekezago agertzen dira idazleen bizitza pribatuko kontuak komunikabideetan beste arlo batzuetako artistenak baino), baina bide berean goazela esango nuke, eta mundu osoko joerarekin bat egiten duela gureak.
Idazlearen garrantzi gorakorra da bat, eta liburuetan idazlea bera agertzea beste bat. Hau ere ez da inola ere berria. Autobiografia, aitortza eta memorien generoak duela ia 2000 urte abiatu ziren, Marko Aurelio edo San Agustinekin; euskaraz, berriz, oraintsu arte gutxitxo landu ditugula esango nuke, inguruko kulturetan baino nabarmen gutxiago. Lotsatiagoak garelako? Gutxi publikatzen den herrian esateko kontu garrantzitsuagoak zeudelako? Ez daukat erantzun garbirik, baina, onerako zein txarrerako, herabetasun hori gainditua dugula dirudi, eta apalkeria/tasun handirik gabe jarduten dugula geure buruaz, bai liburuetan, bai gaurko herriko plaza bihurturiko sare sozialetan.
Zuzeneko autobiografiatik aparte ere, sortzailea bere barruko kezka, min, nahi eta ezinetatik elikatu ohi da, eta, hortaz, ez da harritzekoa bere idazlanetan haien isla agertzea. Poetak zuzenean egin ohi du, lehen pertsonan eta disimulurik gabe (gogoratu Aresti, urrutira joan gabe); nobelistek, berek asmatutako pertsonaien bitartez egin ohi dute sarri, aspalditik gainera.
Azkenaldiko berrikuntza autofikzioa deitzen zaion hori litzateke: idazleak bere buruaz idaztea, fikzioaren tresnak erabiliz, batetik, eta errealitatearen eta asmatuaren mugak zein diren argitu gabe, bestetik. Batzuek, gure garaiko artearen ekarpen berri eta onuragarritzat daukate, XXI. mendean literatura berritzeko modutzat; beste batzuentzat, berriz, egozentrismo autokonplazientearen eta esateko ezer ez esatearen ondorio nahasgarri bat da, literaturarentzat arriskutsua. Eta zer uste dut nik? Ba, hasieran esan dudan bezala, ez dut iritzi garbirik. Argi ikusten dut moda bat dela, agian iragankorra, baina artean ia dena doa modaka, eta ez daukat zalantzarik oso lan eder eta hunkigarriak ari direla sortzen joera horri segika. Beraz, irakurtzen eta gozatzen jarraitzeko prest.
(Noticias taldeko Ortzadar gehigarrian kaleratua, 2014-12-14)
Epaiketa istorioak
Manex eta Ximun Fuchs anaiek, Ipar Euskal Herritik euskal teatro osoaren eskaintza eta berrikuntza interesgarrienetakoak egiten ari diren sortzaileek (Hamlet euskalduna, esaterako) frantsesez ere egiten dute antzerkia Le Petit Théâtre de Pain taldean (bestela nekez bizi ahalko ziren), eta estreinatu berri dute beren azken lana: “9” du izenburua, eta Twelve Angry Men-en moldaketa bat da. Sidney Lumet-en film ezagun hori (Hegoaldekoon oroimen kolektibo espainolduan Doce hombres sin piedad) telebistarako gidoi bat izan zen hasieran, Reginald Rosek idatzia, eta haren ondotik etorri ziren antzerki nahiz zinemarako egokitzapen ugari. Euskaraz oraingoz ez, baina Fuchstarren lanak seguru merezi duela ikustea.
Epaiketa-istorioek hasiera-hasieratik eduki dute arrakasta itzela pantaila handi nahiz txikian. Literaturan, baina, ez dakit joko gutxi ematen duten, egunkarietako eguneroko gertakarietatik hurbilegi dauden edo zer, baina ez dute tradizio handirik. Berriki, halere, epaiketa baten berri ematen duen liburu eder bat irakurri dut: Janet Malcolm estatubatuarraren Iphigenia in Forest Hills (Ifigenia en Forest Hills). Malcolmek idatzitako liburu guztien antzera, hau ere kazetaritza narratiboaren generokoa da (“fikziorik gabeko eleberria” esango genuke egilea kazetaria ez baizik eta idazlea balitz), eta benetako kasu bat kontatzen du: New Yorkeko judu errusiar ortodoxoen komunitatean gertaturiko hilketa bat, emazte medikua epaitzen baitute senar dentista hilarazteaz, alabaren gaineko zaintza dela-eta. Erreportaje zabal eta zehatz hau thriller onenaren gisa irakurtzen da, desberdintasun pare batekin: bata, badakigula kontatutakoa egia dela; eta bestea, sekula ez dugula jakingo zer gertatu zen zinez, bakarrik abokatuek, epaimahaiak eta epaileek zer esan eta iritzi zuten.
Gure artean halakorik ba ote dagoen pentsatzen ari nintzela, euskal letretako adibiderik ez baina oso hurbila zaigun bat etorri zitzaidan gogora: Eva Forest zenak Miguel Castells abokatuarekin izandako solasetan oinarriturik idatzi eta 1997an argitaratutako Proceso al jurado. Gaia, askok ahaztua izango dutena baina bere garaian ospetsua izandakoa: Mikel Otegi, Itsasondoko gazte bat, parranda-gau baten ondoren, bere baserri atarian, eskopeta hartu eta bi ertzain hil zituena (Jose Luis Gonzalez eta Ignacio Mendiluze), eta ondoren ertzainen autotik bere burua salatu eta entregatu zuena (“Un casero ha matado a dos cipayos” esanda). Kasu hura luze eta zabal agertu zen komunikabideetan, bai epaiketa aurretik, bai bitartean, bai ondotik; Castells abokatuak xehe-xehe kontatzen dizkigu gorabehera guztiak, bere defendatuaren absoluzioa lortu artekoak. Gero etorri zen epaiketa hura baliogabetzea, Otegik ihes egitea, ETAn sartzea, Frantzian harrapatzea, epaiketa errepikatzea… Arrazoi askorengatik, gai deserosoa eta mingarria da, baina liburu bikaina hala ere.
(Noticias taldeko Ortzadar gehigarrian argitaratua)