Epaiketa istorioak
Manex eta Ximun Fuchs anaiek, Ipar Euskal Herritik euskal teatro osoaren eskaintza eta berrikuntza interesgarrienetakoak egiten ari diren sortzaileek (Hamlet euskalduna, esaterako) frantsesez ere egiten dute antzerkia Le Petit Théâtre de Pain taldean (bestela nekez bizi ahalko ziren), eta estreinatu berri dute beren azken lana: “9” du izenburua, eta Twelve Angry Men-en moldaketa bat da. Sidney Lumet-en film ezagun hori (Hegoaldekoon oroimen kolektibo espainolduan Doce hombres sin piedad) telebistarako gidoi bat izan zen hasieran, Reginald Rosek idatzia, eta haren ondotik etorri ziren antzerki nahiz zinemarako egokitzapen ugari. Euskaraz oraingoz ez, baina Fuchstarren lanak seguru merezi duela ikustea.
Epaiketa-istorioek hasiera-hasieratik eduki dute arrakasta itzela pantaila handi nahiz txikian. Literaturan, baina, ez dakit joko gutxi ematen duten, egunkarietako eguneroko gertakarietatik hurbilegi dauden edo zer, baina ez dute tradizio handirik. Berriki, halere, epaiketa baten berri ematen duen liburu eder bat irakurri dut: Janet Malcolm estatubatuarraren Iphigenia in Forest Hills (Ifigenia en Forest Hills). Malcolmek idatzitako liburu guztien antzera, hau ere kazetaritza narratiboaren generokoa da (“fikziorik gabeko eleberria” esango genuke egilea kazetaria ez baizik eta idazlea balitz), eta benetako kasu bat kontatzen du: New Yorkeko judu errusiar ortodoxoen komunitatean gertaturiko hilketa bat, emazte medikua epaitzen baitute senar dentista hilarazteaz, alabaren gaineko zaintza dela-eta. Erreportaje zabal eta zehatz hau thriller onenaren gisa irakurtzen da, desberdintasun pare batekin: bata, badakigula kontatutakoa egia dela; eta bestea, sekula ez dugula jakingo zer gertatu zen zinez, bakarrik abokatuek, epaimahaiak eta epaileek zer esan eta iritzi zuten.
Gure artean halakorik ba ote dagoen pentsatzen ari nintzela, euskal letretako adibiderik ez baina oso hurbila zaigun bat etorri zitzaidan gogora: Eva Forest zenak Miguel Castells abokatuarekin izandako solasetan oinarriturik idatzi eta 1997an argitaratutako Proceso al jurado. Gaia, askok ahaztua izango dutena baina bere garaian ospetsua izandakoa: Mikel Otegi, Itsasondoko gazte bat, parranda-gau baten ondoren, bere baserri atarian, eskopeta hartu eta bi ertzain hil zituena (Jose Luis Gonzalez eta Ignacio Mendiluze), eta ondoren ertzainen autotik bere burua salatu eta entregatu zuena (“Un casero ha matado a dos cipayos” esanda). Kasu hura luze eta zabal agertu zen komunikabideetan, bai epaiketa aurretik, bai bitartean, bai ondotik; Castells abokatuak xehe-xehe kontatzen dizkigu gorabehera guztiak, bere defendatuaren absoluzioa lortu artekoak. Gero etorri zen epaiketa hura baliogabetzea, Otegik ihes egitea, ETAn sartzea, Frantzian harrapatzea, epaiketa errepikatzea… Arrazoi askorengatik, gai deserosoa eta mingarria da, baina liburu bikaina hala ere.
(Noticias taldeko Ortzadar gehigarrian argitaratua)