Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Historia eta istorioak

Historia eta istorioak

xme 2015/03/15 12:07

Dorota Krajewskak eta Ekaitz Santazilia filologo gazteek aurkitu dute, berriki, euskal bibliografiako altxor eder bat: Esteve Materra frantziskotarrak 1617an Bordelen argitaraturiko Doctrina Christiana, lapurteraz idatzitako lehenengo katixima, XVII. mendean Sara eta Donibane Lohizune artean izan zen euskal letren loraldiaren abiapuntua edo. Aurretik ere bagenuen liburu honen berri (Esteban Materre deitu ohi genuen orain arte egilea), baina lehen edizioaren alerik ez zen ezagutzen, Danimarkan liburutxo hau topatu duten arte.

Materraren lana arrazoi askorengatik da aipagarria. Bat, egilea euskaldun berria zela, Frantziatik etorri eta oso denbora gutxian Saran euskara ikasia, dotore asko ikasi ere. Irakurri, adibidez, liburuaren sarreran, Bertrand Etxauz apezpikuari eskainitako testua, honela hasten dena: “Iragan den denborako jendeak hain ziren arduratsu eta axolduri bere haurren gainean, eta hain zedukaten kontu handia nork berei ongi erakusteaz eta aztura onen emaiteaz, non iduritzen baitzeien behin ongi haziz gero, on eta prestu baizen ezin ziratekeiela. Halatan Hyppodamus zeritzan filosofo batek erraiten ohi zuen, herri ongi ordenatu baten zimendurik printzipalena, haurren ongi haztea eta khidatzea zela.”

Materraren balioa eta meritua ezertan gutxitzeko asmorik gabe, ez da lekuz kanpo egongo testuinguru historikoa gogoratzea: Pierre de Lancrek zortzi urte lehenago zuzendu zituen Lapurdi alde hartako sorgin-ehiza beldurgarriak: berrehun lagun baino gehiago torturatu, eta haietako hirurogei hilarazi zituen, sorginak zirelakoan. Lancre misogino eta euskalfobo psikopatatzat jo genezake, baina ezin ahaztu Henrike III. Nafarroako eta IV. Frantziako erregearen aginduz jardun zuela. Erlijio-gerren garaia zen Europa mendebalde osoan, eta eliza katolikoak, Lancreren ezpataren ondotik, Materra eta Axular bezalakoen mihi leun eta luma trebeak baliatu zituen kontrarreformaren espiritua ezartzeko.

Axularrek bere Gero-n, bekatuen zerrenda xehea egitean, ez du ezertarako aipatzen sorginkeria konturik. Batzuen ustez, sorgin-ehizen kontra zegoelako seinale; beste zenbaiten iritziz, krimen haietan konplize eta agian laguntzaile izandakoaren isiltasun salataria litzateke hori. Zaila da egia zehatza jakiten, eta horregatik dira zilegi interpretazioak eta irudimen ariketak. Hala nola Aingeru Epaltzak “Erresuma eta Fedea” eleberri trilogia miresgarrian egin zuena, Pedro Agerre Axular delako hura Espainiako Felipe II.aren espioi bihurtu baitzuen.

Filologoek bere lana egingo dute orain, XVI. mende hasierako lapurtera hobeki aztertzeko edo Sarako eskola deitu ohi den horren inguruko kontuak ikertzeko, baina nobelistek ere libre dute bidea frantziskotar frantses hura Euskal Herrira zertara etorri zen eta zer egin zuen fizkioaren bidez eraikitzeko.

(Noticias taldeko Ortzadar gehigarrian, 2015.03.06)

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.