Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Pijoak ala zokormazoak?

Pijoak ala zokormazoak?

xme 2015/02/22 10:25

Goierritar bat euskal kulturgintzan batera eta bestera dabilenean, sentsazio berezi bat izaten du maiz: Txindoki edo Aizkorripean sortu hutsagatik, halako euskaltasun label berezi bat dagokigula ematen du, batzuengan miresmen eta inbidiarako arrazoi bihurtzen dena, beste batzuengan mespretxu eta irrirako aitzakia: Euskadi “sakona”, bolbora eta simaur usainak nahasten direna...

Kulturgile goierritar hori beasaindarra bada, sentsazio berezia areagotu egiten da: batetik, kanpokoen begietan aborigen jator eta bitxi bat zara, amaren titia edoskitzearekin batera euskal esentziak eta Joxemiel Barandiaranen txapelaren DNA bereganatu zenituena; gainerako goierritarrek, berriz, probintziakook donostiarrak ikusten ditugun bezalatsu ikusten gaituzte: kapitaleko pijo ia-erdaldunak bagina bezala (señorito kutsua ordiziarrek zeukaten garai batean, Beasain proletario etorkinez beterikoaren aldean, baina orain badirudi bareak pajaritaz ibiltzen hasi garela).

Nondik begiratzen zaion, batzuek nahiz besteek izan dezakete arrazoia. Hala ere, esan nahi nuke, kulturak beti halako gutxiengo-kutsu bat izan arren,  gero eta normalago bihurtzen ari dela Beasainen euskal kultura modu natural batean sortzea eta jasotzea. Garai batean, bertsolariak auzo-herrietan sortzen ziren, ez dago “Goierriko Bertsolariak” talde hura oroitzea besterik: Lazkaotxiki, Iraola, Murua, Igartzabal, Mendizabal, Zeberio, Begiristain… Beasaindarren bat bertsotara hurbilduz gero, Arriaran edo Beasainmendikoa behar zuen. Urteen joanean, ordea, Beasaingo kale artean sortu dira bertsolari bikain askoak: Aitor Sarriegi Gipuzkoako txapelduna da ezagunena, baina hor daude, halaber, Ekaitz Goikoetxea, Iñaki Apalategi, Ainhoa Mujika, Gema Urteaga… Iker Zubeldia ezin sartuko dut zaku horretan, berak zegamartzat hartzea nahiago duenez gero.

Literaturaren barrutian ere, urte askoan sentitu naiz ni Beasaingo euskal idazle bakarra. Mikel Sarriegik, gaztetan zeozer idatzi ondoren, utzi egin zion langintza horri. Lorea Agirreren liburuak kazetari-lanak izan dira gehienbat. Tere Irastortza ere, bertan bizi eta lan egiten zuen arren, zaldibiar gisa agertzen zen paperetan. Ataunen, Seguran, Idiazabalen sortzen ziren nonbait euskal idazleak. Horretan ere gertatu da aldaketa, ordea. Denbora gutxian gainera: Unai Baztarrikak Ezinbestean poema-liburua idatzi du, Bilboko Blas de Otero saria irabazi ostean; Irati Goikoetxeak, han-hemen hainbat sari irabazi eta gero, Andraizea ipuin-bilduma kaleratu berri du; Mikel Alvarez Sarriegik, sarean atalka eskaini ondoren, paperean argitaratu du Finlandia nobela.

Bertsolaritza eta literatura hartu ditut ahotan, baina artearen beste arlo askotan ere jende interesgarri mordoa dabil gure herrian, zorionez: pinturan, graffitietan, argazkilaritzan, musikan, dantzan, antzerkian… Beste hainbat artikulu idazteko ematen dutenak, gaurkoa bukatzera doa eta. Ez dakit zokormazo hutsak garen, urrunekoek ikusten gaituzten moduan, ala burges koxkor handikeriazaleak. Edonola ere, euskaldun eta goierritar izateaz beti pozik sentitu naizen moduan, beasaindar izatea ere ez da batere lotsatzekoa. Hala izan bedi, luzaroan.

(Goiberri astekarian kaleratua. 2015.02.13)

Enekoitz Telleria
Enekoitz Telleria dio:
2015/02/22 15:51
Ni Beasainmendikoa (izango) naiz.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.