Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Utopia sozialak eta utopia pertsonalak

Utopia sozialak eta utopia pertsonalak

xme 2015/01/19 12:05

Ruper Ordorikaren azken diskoa entzunez (Lurrean etzanda, Elkar, 2014), deigarria egin zait nolako hitz gozoak eskaintzen dizkion bikote barruko maitasunari. Aurreko diskoetan ere (Haizea garizumakoa, Hodeien azpian) agertzen zen Ruperren aldarte berri hori, nolabait esateko baikorra, baina oraingoan nabarmenagoa da: “Oh, oh, oh, / bizitza eder denean / goxo binaka ibiltzea bertan murgilduta”.

Baten batek esango dit maitasunari gozo kantatzea ez dela ez deigarria ez harrigarria, abestiaren historian gehien errepikatzen den gaia dela, eta topiko erromantikoak errepikatuz egin ohi dela maizenik, dela maitearen xarmak goratuz, dela desamodioaren minak deitoratuz.

Egia berdaderoa da hori, baina egia da, halaber, gai batzuk eta ikuspegi batzuk boladan egon ohi direla garai eta giro batzuetan, eta modaz kanpo beste batzuetan. Ez nator Ruperren kasu partikularraz hitz egitera, baina aitzakia eman dit utopia sozialek eta utopia pertsonalek, nire garai eta giroan, duten estimazio desberdinaz gogoeta egiteko.

Utopia soziala, askatasuna berdintasuna eta anaitasuna nagusi izango diren gizarte baten ametsa eta horren aldeko jarrera (are gehiago horren aldeko borroka) zaharkitutzat eta ia-ia barregarritzat ikusten ziren orain dela urte batzuk. 25 bat urte dira Sobiet Batasuna pikutara joan zela, eta horrekin bazirudien betiko galdu zela politika bidez justizia soziala lortzeko esperantza. Gaur egungo kapitalismoaren krisian, berriz, modan da berriz komunismoa: Marx eta Lenin berrirakurtzen dira, saiakera sozialek arrakasta dute, gizarte sobietiko zaharraren nostalgia ere sumatzen da han-hemen. Sistemaren akatsak aurpegiratuz gero, utopiaren balioa gogoraraziko dizute: jendarte perfekturik lortu ez arren, aurrera jarraitzeko balio digu utopiak.

Bi pertsonaren arteko bizitza osoko maitasun eta bizikidetza proiektuak ere asko du utopikotik, elkarbizitza hori inoiz ez baita zorion betekoa izango, lehenago edo geroago agertuko baitira arrakalak (nekea, asperdura, botere-borrokak eta beste). Maitasun erromantikoaren atzean dagoen ideologiak batez ere emakumeei ekarri dizkien kateak eta kalteak aztertu dituzte hainbat ikerlarik (gure artean Mari Luz Esteban nabarmenduko nuke, Crítica del pensamiento amoroso lanarekin), eta pentsamendu horren isla eguneroko ogia da nire inguruan bederen.

Utopia komunistak ongizatezko aurrerapausoak eta justiziazko ametsak ekarri ditu gizadi guztiarentzat, baina baita inoizko sarraski antolatu handienetakoak ere (Stalinen Gulaga, Maoren Kultur Iraultza, Khmer Gorrien genozidioa…). Maitasun erromantikoaren utopiak emakumearen menpekotasunaren iraupena eta gizonezkoen biolentzia sexistaren justifikazioa ekarri ditu, baina baita bikote askoren poza, familia askoren zoriona, gizon nahiz emakume askoren garapen harmonikoa. Utopia bati alde onak bakarrik ikustea eta bestearen txar guztiak azpimarratzea, horixe zait bitxia, eta hortik Ruperren kantaren aipua.

(Noticias taldeko Ortzadar gehigarrian argitaratua, 2015.01.10)

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.