Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Nia eta literatura

Nia eta literatura

xme 2015/01/11 09:53

Juan Luis Zabala kazetari eta lagunak galdetegi bat bidali dit, aspaldi honetan literaturan autofikzioak, alter egoek eta kronika autobiografikoek daukaten goraldia dela-eta. Ez daukat iritzi argirik gaiaz, ideia lauso batzuk besterik ez, baina, ideiak ordenatzeko modu onenetakoa idatziz jartzea izaten denez, horretan saiatuko naiz.

Batetik, iruditzen zait sorkuntzaren gunea garai batean sorkaria izaten zela, emaitza alegia, eta sortzailearen figura gero eta pisu handiagoa hartzen joan dela, denboran zehar. Oso atzera joz, Erdi Aroan ia inoiz ez zen aipatzen autorea, inprimategiak zabaldu zuen ohitura hori; Erromantizismoak artistaren mitoa finkatu zuen nolabait, eta gure aroan postmodernitateak jarri zuen fokuaren argia harengan: Warhol gogora liteke arte plastikoetan, rock izarrak musikan… Literaturan beranduago iritsi da aldaketa hori, eta modu apalagoan gainera (adibidez, nekezago agertzen dira idazleen bizitza pribatuko kontuak komunikabideetan beste arlo batzuetako artistenak baino), baina bide berean goazela esango nuke, eta mundu osoko joerarekin bat egiten duela gureak.

Idazlearen garrantzi gorakorra da bat, eta liburuetan idazlea bera agertzea beste bat. Hau ere ez da inola ere berria. Autobiografia, aitortza eta memorien generoak duela ia 2000 urte abiatu ziren, Marko Aurelio edo San Agustinekin; euskaraz, berriz, oraintsu arte gutxitxo landu ditugula esango nuke, inguruko kulturetan baino nabarmen gutxiago. Lotsatiagoak garelako? Gutxi publikatzen den herrian esateko kontu garrantzitsuagoak zeudelako? Ez daukat erantzun garbirik, baina, onerako zein txarrerako, herabetasun hori gainditua dugula dirudi, eta apalkeria/tasun handirik gabe jarduten dugula geure buruaz, bai liburuetan, bai gaurko herriko plaza bihurturiko sare sozialetan.

Zuzeneko autobiografiatik aparte ere, sortzailea bere barruko kezka, min, nahi eta ezinetatik elikatu ohi da, eta, hortaz, ez da harritzekoa bere idazlanetan haien isla agertzea. Poetak zuzenean egin ohi du, lehen pertsonan eta disimulurik gabe (gogoratu Aresti, urrutira joan gabe); nobelistek, berek asmatutako pertsonaien bitartez egin ohi dute sarri, aspalditik gainera.

Azkenaldiko berrikuntza autofikzioa deitzen zaion hori litzateke: idazleak bere buruaz idaztea, fikzioaren tresnak erabiliz, batetik, eta errealitatearen eta asmatuaren mugak zein diren argitu gabe, bestetik. Batzuek, gure garaiko artearen ekarpen berri eta onuragarritzat daukate, XXI. mendean literatura berritzeko modutzat; beste batzuentzat, berriz, egozentrismo autokonplazientearen eta esateko ezer ez esatearen ondorio nahasgarri bat da, literaturarentzat arriskutsua. Eta zer uste dut nik? Ba, hasieran esan dudan bezala, ez dut iritzi garbirik. Argi ikusten dut moda bat dela, agian iragankorra, baina artean ia dena doa modaka, eta ez daukat zalantzarik oso lan eder eta hunkigarriak ari direla sortzen joera horri segika. Beraz, irakurtzen eta gozatzen jarraitzeko prest.

(Noticias taldeko Ortzadar gehigarrian kaleratua, 2014-12-14)

Amatiño
Amatiño dio:
2015/01/12 18:33
Errealitatearen kontakizuna, lehen pertsonaren (lekukoaren)ikuspegia, egiaren eta fikzioaren arteko arraia gorriaren balantza, subjektibotasunaren aldarria eta sinesgarritasuna... Orain dela berrogeita hamar urteko "kazetaritza berria", nonbait.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.