Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Estimatua eta estigmatizatua

Estimatua eta estigmatizatua

xme 2015/03/29 10:07

Egunotan aurkeztu diren pare bat poesia-liburu aipatu nahi nituzke: batetik, Joan Mari Irigoienek idatzi duen azkena: Bi urtetako kronika fakultatiboa (2012-2014); bestetik, Anne Sexton poeta estatubatuarraren antologia bat, Harkaitz Canok itzulia eta Beñat Sarasolak zuzentzen duen Munduko Poesia Kaierak bilduma ederrean kaleratu dena (Sophia de Mello portugaldarrarekin eta Gabriel Ferrater katalanarekin batera).

Irigoien aski ezaguna dugunez, Sexton aurkeztuko dut, laburki. 1928an jaio zen. Bostonen bizi izan zen, giro burgesean, eta lehen alaba izan ondorengo depresioan, psikiatrak animaturik ekin zion idazteari. Poesia konfesionala egin zuen, eta arrakasta handia lortu (Pulitzer saria, besteak beste). Emakume eder, argi, distiratsua, baina buruko gaitzek bizitzen uzten ez ziotena: 1974an, garajera sartu, autoa martxan jarri, eta hantxe geratu zen, motorrak isuritako karbono monoxidoak ito zuen arte.

Sextonengan poesia da inportantea, baina suizidio ikusgarri hori kontatu dut, nahita, halako morbo bat pizten digutelako bere buruaz beste egiten duten idazleek. Horietatik ez gutxi, emakumeak. Virginia Woolf, bere berokiaren patrikak harriz beterik, ibaira sartzen; Silvia Plath, umeei gosaria prestatuta utzi ostean, burua labean sartu eta gasa pizten; Alejandra Storni itsasoan, Pizarnik barbiturikoekin, Marina Tsvetaieva urkaturik…

Hildako pintorearen obrak balioa irabazi ohi duen bezala, halako heriotza tragiko batek badirudi lustrea eransten diola idazleari. Misterio batek inguratzen duelako, beste maila batean ikusten dugulako… Edonola ere, suizidio horien atzetik, gehienetan, bizitza latz bat eta urtetako gaixotasun psikikoa egon ohi da: oinaze handiak, beraz.

Orain dela urtebete inguru hil zen beste idazle ezagun bat, Leopoldo Maria Panero poeta espainiarra, urte askoan Arrasateko psikiatrikoan bizi izan zena. Haren heriotza zela-eta, han eta hemen irakurri nituen komentario batzuk harrigarriak iruditu zitzaizkidan, gaitz mentalaren laudorio eta ia apologiak egiten baitziren bertan, halako egoera batek gaixoari lehenik eta ingurukoei ondoren eragiten dien sufrimendua arinkeriaz hartuta. Eta fribolokeriazko lilura horrekin kontrastea egiten du gaitz mentalek gure gizartean oraindik ere sortzen duten izuak, tabuak, estigmatizazioak.

Horregatik da poztekoa Joan Mari Irigoienek bere osasunaz idatzi izana. Estilo soil eta xume batean kontatzen digu bere esklerosiaren berri, lehenik, aski ongi hartu zuena, eta ondoren etorri zitzaion depresioa, askoz ere gogorragoa egin zitzaiona. Aitorpen zintzo eta gordina egiten du idazle altzatarrak, baina baita esperantzazko mezu bat zabaldu ere, depresioaren zulotik ateratzea posible dela azalduz, bera atera den bezala.

Zuloaren barrenean geratzeak, itxuraz, literarioki pedigri handiagoa eman arren.

(Noticias taldeko Ortzadar gehigarrian argitaratua, 2015-03-21)

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.