Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria

Duela 20 urte, Euskaldunon Egunkaria

Luistxo Fernandez 2010/12/05 19:58

Duela 20 urte gau berezia izan zen hau neuretzat. Euskaldunon Egunkariaren lehen alerako lana amaitu genuen, eta parranda egin genuen orduan Lasarten zegoen erredakzio hartan. Ikasle nintzela, amets moduko bat zen euskarazko egunkari batean parte hartzeko pribilejioa izan nintzakeela halao batean. Eta iritsi nintzen amets hori egiaztatuta ikustera. Harro nago lan apur bat egin nuelako, beste lagun askorekin, proiektu hura gauzatzen.

Argazkiak dira Egunkaria.info webgunekoak.

Biharamunean, hauxe egon zen salgai. Besteak beste, Durangoko Azokan. Egun hartan bertan Egunero izeneko proiektu baten simulakroa banatu zuten Jaurlaritzaren kontra-ekimen batekoek. Euskadi Irratiak kazetari praktikante bat zeukan Durangoko Azokan, eta instrukzioak jaso zituen Irratitik galdeketa egiteko Azokako bisitariei: ea zer iruditzen zitzaien Egunero. Horixe da egia, Euskadi Irratiak zer galdetu zuen Durangoko Azokako kale-inkesta hartan, Euskaldunon Egunkaria jaio zen goizean, 1990eko abenduaren 6an.

Egun hauetan ez dut inon ikusi urteurren honekin ezer egingo denik. Ni behintzat ez naiz enteratu.

Eguneraketa, abenduak 6: Goio Aranak emandako erantzunetik eta kargatutako irudietatik, horra Egunero haren azala:


Argazkiak.org | Egunero (1990) 1. orrialdea © cc-by-sa: goioarana

Mono lakuko izaki bizidun harrigarriak

Luistxo Fernandez 2010/12/03 21:23

Nola apur bat nerd edo geek ere banaizen, pendiente nengoen zer esango ote zuen NASAk bizitza estralurtarrari buruzko prentsaurrekoa iragarri zuenean. Ez zuten zioa oso ondo azaldu, ze estralurtarra barik, oso lurtarra izan da aurkitu dutena, baina hala ere, garrantzi objektibo handikoa, gainerako izaki bizidun guztiak fosforoa darabilgun lekuan arsenikoa erabil dezakeen izaki bat aurkitu baitute, mikrobio bat. Eta zirrara pixka bat sortu dit berriak bakteria hori non aurkitu duten jakinda: Mono lakuan, Kalifornian.

Eta horra, Mono lakuan, nire izaki bizidun gogoenak:

Bi ugaztun ikusiko dituzue argazkian, nik maiteen ditudan izakiak, duda barik. Baina adi ur ertzari. Geruza beltz hori. Ez da zikina. Masa bizi-bizi bat da. Sekula ezagutu dudan animaliarik harrigarrienek osatzen dute kapa hori, Mono lakuko euliak dira.

Mono lakuko eulien ezaugarri batzuk:

  • Txikiak eta beltz-beltzak dira.
  • Isilak dira. Hegan ez dute burrunda txikiena egiten, eta harritzen zaitu horrek euliak baitira, azken batean.
  • Ez dute nahi traturik gizakiokin. Zoaz milioi bat euli dauden putzura, erditik igaro, eta altxatuko dira denak hegan zure inguruan, baina ez zaizu bat bera ere gainean jarriko, ez zaituzte ukituko ez bada okertu direla edo zuk mugimendu azkar bat egin duzula, eta zure inguruan buelta bat eman ondoren, eseriko dira berriro lurrean. Efektua harrigarria: milaka euliz inguratuta ibili zabiltza, isiltasunean, ukitzen ez zaituztela, eulien jauna sentitzen zara.
  • Jangarriak dira: nagusi direnean txorientzat; larbak direla, gizakiontzat ere bai.
  • Mono lakuko uretan bizi den bi espezietako bat da. Besteak dira izkira txiki batzuk, bertan bakarrik bizi direnak. Beste animaliarik ez da bizi uretan, izaki unizelularrak bai, oraingo bakteria hau eta beste asko.


Mono lakuko urak dira hiper-gaziak eta hiper-alkalinoak. Basamortu paisaia bolkaniko batean daude, apenas mila urte dituen sumendi kate baten ondoan, Yosemite parketik ordu pare batera, baina hango turistarik gabe. Uretan ez da bizi arrainik edo ornodunik. Eta artropodoak, bi bakarrik, krustazeo txiki horiek, eta euli hauek. Hori bai, nolako kantitatean. Baso bat urez hartu, eta izkira zopa dela ikusiko duzu, larba batzuk tarteko. Laku guztia da zopa bizidun bat. Eta bai, inguruko indiarren janari iturri nagusietako bat ziren larba horiek. Kaliforniako state park rangerrak eskaini zigun eskukada larba bisita gidatuko taldeari, baina ez zuen inork jan, ez amerikar ez kanpotar, salbu eta rangerrak berak eta nik neuk. Getariako maaulixuak jatea bezalatsu, gazi gaziak dira.

Euliok dira txori kantitate ikaragarri baten janaria. Oso erraz elikatzen dira txoriak. Ibilian dabiltza lasai antzean, ibarrean, mokoa ireki eta itxi: ez dute besterik egin behar euliak harrapatzeko. Lehen argazkian ikusten dira txori batzuk, urrutiago, umeen atzean.

Mono lakua garbi dago. Ez dago kutsadurarik. Baina bertara ematen duten ur-iturri naturalak gizakiak eten ditu, eta horregatik ur maila jaisten ari dela ikusi dute. Ur emariak ohiko ziklora itzuli nahian dabiltza, izan ere, ur maila asko jaitsiz gero, alkalinitatea eta gazitasuna gehiegizkoa bihur daiteke bertako bizidunentzat, eta hil daitezke izaki unizelularrak, izkirak, eta euliak, eta baita, ondorioz, txoriak ere.

Udan bainatu zaitezke, ura tenperatura egokian egoten da, eta badaude bainatzeko moduko hondartza seguruak. Hori bai, prest egon behar duzu zopa bizidun hipergazi eta alkalino batean sartzeko. Azalerentzat ona dela esan zigun rangerrak. Gu bainatu ginen. Apur bat itsaskor irteten zara.

Bigarren argazkian halako gatz dorre batzuk ikusten dira, tufak, formakuntza naturalak uretatik altxatzen direnak urteen poderioz, ez dakit ze prozesu biologikok edo kimikok sortzen dituzten arrefize moduko batzuk. Horietako batzuetan, arrano arrantzaleek habiak dituzte. Arrantzale izanda, han ez dute ezer jateko, ez baitago arrainik, baina ingurunea asko aldatzen apenas 20 kilometroan, mendi eta laku eder alpinoak baitaude inguruan, June lakua ezagunena. Hango arrainekin elikatzen dira arranoak.

Ez da jende asko bizi inguru hauetan, eta turistak ere gutxi. Yosemite ondoan dago, ederra eta jendez gainezka, baina gutxik dakite ondoan Mono lakuaren eskualdea dagoela. Bertako bati euskaldunak ginela esan, eta frantsesez egin zigun. Kalifornia farwestiko samarra da paraje hori.

Ezagutu nuen Mono lakua, aukera neukan garaian. Uste dut dirua inbertitu eta gastatzeko modu on bat dela bidaiatzea. Orain ezin dut. Baina ahal badur, egingo dut berriro. Bitartean, irakurri dut tuiten bat, ekainaren 29an greba ez egiteagatik sistema zapaltzaile eta jasangaitz honen konplizetzat hartu ninduen jendearena, elurretara eskiatzera doazela asteburu luze honetan. Oi, Northfacearen konpromiso proletarioa, zein urruti sentitzen naizen zuengandik; handia da kapitalista kalifornianoa izatea, neure umeei Mono lakuko bizitza harrigarria erakutsi ahal izan nielako pozik oheratzea, arsenikoaren zapore gaziarekin, harropuztuta.

Euskotrend izan zen izen probisionala

Luistxo Fernandez 2010/11/06 10:16

Umap proiektuaren lehen zirriborroa hemen itsatsitako hau izan zen, udaberrian nik neuk Paint tristearekin (Windows sistema eragilean) marraztua, eta izen probisional honekin: Euskotrend.


Argazkiak.org | Euskotrend Umap lehen zirriborroa © cc-by-sa: Luistxo.F

Ideia zera zen: berba gakoen jarraipena, trending kontu hori, gero eta indartsuago ikusten nuela, zer zen unean unean sarean komentagai zena, eta trend horietan klikatuz informazioa eta iritzia eskuratzeko modua zegoela. Beste hizkuntza batzuetan, hala ere. Ez euskaraz. Eta hori lortzea ona izango zela pentsatu nuen, euskarazko trend edo joeren jarraipeneko tresna bat. Izen logikoa iruditu zitzaidan Euskotrend.


Argazkiak.org | Euskotren Umap pentsatzen © cc-by-sa: Luistxo.F

Zirriborroan (ikusi handiago) nik ikuskatu nuen Euskotrend Sustatun integratua. Eta beste osagai batzuk: batez ere, Nirenews, David Gonzalez Ketarik martxan jarri zuen proiektu bat, ibilbidea oparoagoa merezi zuena (itxita dago orain). Hirien araberako azpi-twitter moduko batzuk ziren Nirenews desberdinak, eta arreta deitu zidan #hash bat sartuz gero bertara, auto-erreferentzia egiten zuela, esteka Twitterrera bueltan bidali barik. Duela egun batzuk erakutsi nion pantaila-irudi hau Ketariri, eta inspiraziotzat balio izan bazuen, pozten zela erantzun zidan. Eskerrik asko. Gipuzkoako Interneteko ekintzaile ipurloka eta jatorrenetakoa da Ketari. Banku batean, sistemetako katakunbetan, omen dago lanean, baina beti beste gauza batzuk makinatzen, orain ere izango du zerbait esku artean.

Irudian erantsi nituen beste osagaiak dira Trend jarioa, Twitterren garai hartan agertzen zen bazala; eta The Huffington Post albistegi digitalak sortutako Twitter edition direlakoetan ikusitako kutxa bat, bertatik zuzenean tweet egiteko modu sinple bat.

Eta horixe zen Euskotrend. Nola egin euskarazko tuitak biltzeko, eta haietan gakoak aurkitzeko, hori nik ez nekien. CodeSyntax-eko injineruek asmatu zuten modua, bereziki Josu Azpillagak. Baina behin euskarazko modua asmatuta, beste hizkuntza batzuetan ere aplika zitekeela ikusi genuen. Umap izena etorri zen gero, aspalditik erosia genuelako, umap.eu domeinu labur samarra, kontingentziaren baterako edo...

Eta gero, ba, hauteskundeak deitu zituzten Katalunian. Horregatik, ideia zen Umap Euskaraz eta Umap Català aldi berean irekitzea, azaroaren 5a baino lehen (nik data tope hori jarri nuen bi hilabetean pentsatu izan dudalako atzoko egunez hasten zela Kataluniako kanpaina ofiziala, eta bi hilabete data horrekin obsesionatuta egon naiz. Sekulako esprintak azkenean, harik eta azaroaren 4an bertan konturatu nintzen, arratsaldez, kanpaina 5ean barik, 11n hasten zela! Tira, azkenean, badugu Umap bikoitz bat, eta espero dut gehiago etorriko direla.


Argazkiak.org | Umap.eu zentrala © cc-by-sa: codesyntax

Gainera, katalanezkoa egitea zaildu egin zitzaigun bidean, eta une batzuez ez genekien hizkuntza-detekzioa zuzen asmatuko ote genuen deadline hori baino lehen... baina iritsi ginen, eta ez bakarrik katalanezko detekzio egoki samar batekin, baizik eta beste gehigarri interesgarri batekin: TopNews edo albistegi automatiko bat, jendeak trukaturiko esteketan oinarritua.


Argazkiak.org | Umap.cat albistegia © cc-by-sa: codesyntax

Umap, hiru esaldi probisionaletan

Luistxo Fernandez 2010/10/26 08:22

Joan den astean produktu interesgarri bat kaleratu genuen sarera: Umap Euskaraz. Haren tripak kodetzen ibili den ingeniari batek esan zuen publiko egin genuenea: ze ondo pasatu dugun Umap pentsatzen eta egiten. Egia da. Lantaldeak ahalegina egin du, eta nekatuta eta serio gaudela ematen duen arren, oso pozik nabaritzen zaigu. 

Twitterreko euskarazko jardun guztiaren batzailea. Horixe da Umap, zehatz, Josu Mendikute lankideak asmatu zuen definizio zehatz horrekin.

Erreakzio batzuk etorri dira, eta pixkanaka tresnak atxikimendu gehiago sortuko duela iruditzen zait, bisitak errepikatzeko gogoa eman dezakeen webgunea dela uste baitut. Erreakzio horietako batekin geratzen naiz, hau ere Umap-en gaineakoa dela uste dut eta.

Algoritmo bat bazen benetan bihozbera poesiaren hegoek sentimenduzko bertsoek antzaldatzen zutena.

 

Gipuzkoako etorkinei eskerrak eman nahi eta ezin; agintariek egingo zuten gure partez

Luistxo Fernandez 2010/10/23 19:48

Eguerdian ikusi dugu ETBn, arratsaldez omenaldia egin behar ziola Gipuzkoak (Diputazioa, Donostiako udala, SOS Arrazakeria) gure artean bizi diren etorkinei: ekitaldi bat Kursaalean. Informazioa ere aurkitu dut sarean, Gipuzkoa Solidarioa, Milaka Aurpegi.

Ze ondo, banoa umeekin, geuk ere esker ona adierazi nahi diegu gure artean bizi diren etorkinei, baina Kursaaleko atera iritsi eta ALTO, zuek ez, gonbidapenarekin bakarrik... Guk herritarrok, ezin omenaldia egin, ezin gure eskertza adierazi, kanpotarrei. Atean neu bezain zapuztua, Josu Chueca historialari eta laguna topatu dut, nire ideia berberarekin agertu da Kursaalean, telebistan ikusi eta interesgarria iruditu zaiolako. Chueca kolatzen saiatu da prentsa-agiri bat daukalako Argiarekin kolaboratzeagatik, baina handik gutxira barrutik egotzi egin dute. Haserre zegoen.

Agintaririk ez da faltako biharko egunkarietako argazkietan. Guri ez digute utzi esaten eskerrik asko.

Nire kutuna

Luistxo Fernandez 2010/09/13 17:46

Sukaldeko kajoi batean, gauza mordoxka bat daukagu: tiritak, klipak, erropak esegitzeko gantxuak, orratzak... Suelto zeuden orratzak, eta umeek zerbaiten bila eskua sartu eta zizta egiteko arrisku txiki hori zegoen. Beraz, kutuna behar genuen. Eta irten ginen, kutun bila.

Ez da erraza izan. Neure harridurarako, 21. mende honetan inork ez daki zer den kutuna. Eta inork baleki ere, erosteko topatzea ez dago erraza. Okurritu zait begiratzea OEH hiztegian, eta Eibar eta Bergararako ematen du adiera! Hortik kanpora, nola da orduan? Gaztelaniaz ere ez daki jende askok dena delakoaren izena, acerico. Eta Euskalbarren acerico jarri euskarazko ordainak aurkitzeko, eta bi bakarrik topatu ditut: bata kutuna, hain zuzen, eta bestea pelota edo pilota. Eibar-Bergara honetatik kanpora, pelota da hori bazterrotan? Nola esaten diozue zuek?

Maite Goñiri berba hau proposatu Gaurko Hitza izan zedin, eta ezetz esan dit ze ez dakit nik ze arau interno ulertezin dituen adierak eta abarrak tratatzeko. Beraz, hemen atera dut.


Argazkiak.org | Kutuna © cc-by-sa: Luistxo.F

Hori da kutuna. Lilik eskuetan duena. Orratzak gordetzeko balio du. Erosteko, ez bilatu zentro komertzialetan: ez dago. Baina Donostian, La Rueca dendan, Artzain Onaren ondoan, oso politak saltzen dituzte. Dendak izen erdalduna du, baina saltzailea euskalduna topatu genuen. Hala ere, kutuna zer zen ez zekien.

Independentzia ateoa

Luistxo Fernandez 2010/09/03 17:03

Bazter nahastaile bat naiz. Gero eta okerragoa. Batzuetan harrikada galantak botatzen ditut. Aurten, honako gai hauekin polemika sortzen saiatu naiz:

Bi kale eta errepide berriak Donostian

Luistxo Fernandez 2010/07/13 17:51

Joan den astean, bi kale ireki zituzten Donostian, etxetik gertu. Android telefono batekin, seme-alabek lagunduta, ibilalditxoa egin nuen, GPS trazak marrazteko, eta OpenStreetMap-en gehitu ditut.

Bata  da Pagola kalea. Lehen zelaia eta mendia besterik ez zegoen tokian, etxeak egin dituzte. Bi bloke amaituta daude, eta jendea hasi da bizitzen, beste kalearen amaieran, amaitu barik dago oraindik. Grazia egiten dit kale honen izenak, gogor sartu naizelako Pagola batekin (Donostiako bikario katolikoa, nonbait Munilla baino progresistagoa) Sustatuko artikulu batean. A ze gurutzea! aldamenean jarri didate haren izena duen kalea, kar kar. Pagola kalean baso-parketxo bitxi bat ere badago, zuhaitzen artean egurrezko plataforma moduko batzuk, ibilbidetxo batekin.


Argazkiak.org | Pagola kaleko baso-parkea © cc-by-sa: Luistxo.F


Euskal Herriaren Adiskideen Elkartearen Pasealekua
da beste kalea. Aldapan gora doan kale bat da. Izatez, Ibaeta edo Lorea edo Unibertsitateen ingurutik Miramonera igotzeko aurrerakuntza bat da kale berri hau, semaforo eta bidegurutzeak aurreratzen ditu. Hemen ez dago atari edo etxebizitza berririk, baina gainaldean auzo berri oso bat eraikitzen ari direla ematen du. Haren ondoan, kirol-aisialdirako zonalde majo bat ireki dute. Mini-eskaladarako muino bat dauka, eta skate egiteko zulopista bat ere bai.


Argazkiak.org | Eskalada muinoa © cc-by-sa: Luistxo.F


Argazkiak.org | Skate egiteko zulopista © cc-by-sa: Luistxo.F

Pagola eta beste kalearen artean, halaber, Miramon aldera igotzeko bidegorri berria ere badago.

Donostia inguruko mapa dexente aldatu da azken asteetan. Donostiako bigarren ingurabidea ere zabaldu dute. Honen tarifa berriekin eta deskontuekin zalantza bat dut, nahiko oker komunikatu dituztelako, eta zalantzak argitu barik. Une honetan, GAO aldizkari ofizialean argitaratu dutenagatik, iruditzen zait Donostia-Eibar-Donostia bidaia egiten baduzu autopistatik, lehen bezalatsu kostatzen zaizula. Baina aldiz, Eibartik igande bat kapitalean igarotzera joaten bazara, Eibar-Donostia-Eibar ingurabidearen tasa bi aldiz pagatzea tokatzen zaizula iruditzen zait, deskontu aukerarik gabe eta ingurabidea bera erabili gabe ere Ondarretara bazoaz adibidez.

Diputaziotik zalantza hauen inguruan erantzunak agindu dizkidate, baina horien arrastorik ez oraingoz; uste dut ez direla aklaratzen eurek ezarri duten deskontu sistemaren detaileekin.

Krisi ekonomikoa, arazoak eta ideiak

Luistxo Fernandez 2010/06/30 09:22

Twitter pribatua duen lagun batek galdetu zuen atzo. "Gaur lanera joan zaretenei, galdera bat? Zer espero dezu arazoak bakarrik konpontzea? #grebaorokorra gaur" Neuri ere bazegokidan galdera, eta Facebook bidez erantzun nion. Hala ere, erantzun hori luzeago garatuko dut hemen gaur.

Batetik, ez dut uste arazoak bakarrik konponduko direnik. Alderantziz, arazoak areagotu egingo dira. Nik uste dut egoera ekonomikoak okerrera egingo duela, eta motiboetako bat gertu ikusten dut: Internet eta teknologiaren erabilpenak produktibitatea igo, prozesu askotan mugimendu ekonomikoa murriztu, eta enplegua suntsituko du. Hori ez dugu lortuko gelditzerik, ez eskirolak lanetik, ez kaletik #grebaorokorra tuiteatu duenak. Izatez, denok lagunduko dugu Internet are indar botoretsuagoa izaten bizitza sozial eta ekonomikoan, eta bere logika gailenduko da: bitartekariak soberakin bihurtzen ditu.

Interneteko mobilizazioetarako, GOerreportariak, urrunago joan barik, primerako etsenplua dira: ez da behar ez sindikalista liberaturik ez kazetari ordaindurik pikete informatibo bikain bat antolatzeko. Telebista bat egiteko gastua ia zerora jaisten da: onura ekonomikoa dirudi azaletik, baina  egoera ekonomiko orokorrari begira, ez dut uste hain ona denik, gizarteko zirkulaziotik, merkatutik, dirua kentzen du aurrezpen horrek.

Tijeretazo direlako neurrien aurrean ere bati irakurri nion, soldata eta pentsio murrizketak barik, beste aurrezte batzuk egin behar zituztela administrazioek: "Internet erabili prozesu administratibo eta burokratikoetan aurrezteko!" Noski. Erabil bedi inteligentziaz teknologia... baina aurrezpen burokratiko horren ondorio garbia litzateke burokrata edo langile administratiboak soberakin bihurtzea. Ondorio logikoa hori da. Lanorduak aurreratzen ditu Internetek. Lanordu ordainduak suntsitu...

Hala ere, egia da beste era bateko politika ekonomikoak behar direla: ongizate estatuaren murriztapena besterik ez dute asmatu gobernuek, eta ulertzen dut horren kontrako protesta. Beste zerbait esijitzeko eskubidea dugu. Zer ordea? Bueno, lehentasun edo ideia bat botako dut nik, eraikitzaile izateko. 

Iruzur fiskalaren kontra

Uste dut defizitaren arrazoi nagusietako bat ez dela gastua, baizik eta errekaudazioa. Eta zerga ez-zuzenen areagotzea baino neurri hobeak beharko genituzke. Errekaudazioan zulo galanta dago, iruzurra dagoelako. ELAk aurten analisatutako datuak, EAEko zergetakoak: soldatapekoen errenta ertainak, 25.059 euro; errenta profesional ertaina, 10.130 euro; eta errenta enpresarial ertaina, 7.203 euro. Eskandaluzko iruzurra da hori, argi dago.

Eta iruzur fiskal masibo hori borrokatu beharko litzateke, eta uste dut teknologia eta gardentasuna izan behar direla horretarako gakoak.

Bat. Izan daitekeela PFEZ eta gainerako zerga inportanteen datuak OROKORKI PUBLIKOAK. Gardentasun orokorra saldukeria, faboritismoa eta trapitxeoak azaleratzeko. Finlandian eta Norvegian, kasu, publikoak dira Errenta Aitorpenak. Lehenbizi, jakin; eta susmatiak agerian daudenean, errazagoak izango dira iruzurraren aurkako neurriak (eta zailagoa, lotsa eta salaketaren beldurragatik, iruzurti agertzea publikoan). Kontrol soziala neurri ona litzatekeelakoan nago: datuak sarean eta denok elkar fiskalizatzen? Bai; inspektoreak ez badira iristen, crowd-sourcing egin dezagun.

Noski, hortik oso urruti gaude. EAJk iruzurti itxurak zekartzan hautagai bat aurkeztu zuen diputatu nagusirako Gipuzkoan, eta a ze komeriak haren benetako ondasun eta zergak ezagutzeko... Pribatutasunaren izenean, iruzurra estaltzen da azken batean. 

Honekin lotua dago Internetekin datorren beste ondorio bat: pribatu/publiko barrerak zaindu behar direla argi dago, baina "datuen babeserako" jarrera hertsi eta batzuetan paranoikoekin bizitza politiko publikoaren gardentasuna ez dugu lagunduko. Pribatutasunaren alde eta Interneteko agerikotasunaren eta kontrol sozialaren kontrako jarrerek progresista dirudite azalean, baina azkenean aurrerapenerako barrera atzerakoi bihur daitezkeela susmatzen dut. Honetaz ere hausnarketa egin beharra dago.

Bi. Gardentasun fiskalak zerga sistemaren eraldaketa ekarri behar badu, ekar beza. Errenta aitorpenean ondasun zein "errentak" (soldatak) nahasten dira, eta mila baremo daude. Agian beste herrialde batzuetan bezala, bereizi beharko lirateke laneko errentak, eta ondasunen gaineko zerga (ondasunetan, jabetzak eta bankuetako depositoak zenbatuta). Progresibitatea behar da gehien dutenenganako presio fiskala handiagoa izan dadin, baina honetan ere, uste dut errenta eta ondasunak bereizita tratatu daitezkeela. Enpresen kasuan, adibidez, aktibitateen zerga laua da, ez dago progresibitaterik, tasa jakin bat irabazi guztien gainean berdin 8 langile badira enpresan zein 900... Beste herrialde batzuetan, berriz, errenta pertsonalaren zerga da laua... Anatema litzateke hemen? Beharbada, baina gardentasun publikoarekin lotuta, eta progresibitatea errentetan barik ondasunetan ezarrita, uste dut sistema sinpletu ere egingo litzatekeela, eta sinpletasunetik etorriko litzateke gardentasun handiagoa eta iruzurra egiteko aukera gutxiago.  Europako zenbait herrialdetan badaude zerga lau hauek, adibidez Islandian, eta lehen bloke komunistakoak ziren zenbaitetan.

Hiru. Sozietateen zergak (enpresenak), sozietateen egitura akzionariala eta jabetza jakin batzuen errejistroak (etxebizitza, orubeak...), publikoak izan bitez halaber.

Lau. Goian esandako datu fiskal publiko horiek guztiak, Internet erabiliz egin daitezela publiko, modu ondo egituratuan. Googlek datu publikoetarako daukan aplikazio hau adibide bikaina litzatekeelakoan nago. Era berean, izenen arteko "hiper-loturak" izango lirareke aplikazio horren gakoa: izen bat (pertsona ala sozietatea) ageri bada etxebizitzen jabetzaren errejistroan, izan bedi klikagarri, iristeko haren jabetza/errenta/sozietate zergen kontuetara, edo sozietateen jabetza datuetara...

Altzako bide-seinaleak jarri zituena asesinatzeko gogoa

Luistxo Fernandez 2010/05/31 10:28


Donostiako auzorik apartatuenetako da Altza. Ekialdera geratzen da. Bertara iristeko mendebalderagotik, A-8 autopistatik edo bariante esaten dioten horretatik irten behar duzu, Donostia amaitzen den inguruan. Errepide konexioak berritu egin dira inguru horretan duela ez asko, pasabide eta zubi berriekin. Ba, hara zoazela, topatuko duzu seinale bat eskumatara, hiru auzo-izenekin:


Argazkiak.org | Altzarako bidean, lehen seinalea © cc-by-sa: Luistxo.F

  • Altza >
  • Herrera >
  • Larratxo >


Ondo. Hortik behar du beraz. Baina, aurreraxego, bidea bitan zatikatzen da, eskuin-ezker, eta han dago bigarren seinalea.

  • < Herrera
  • Larratxo >

 


Argazkiak.org | Altzarako bidean, bigarren seinalea © cc-by-sa: Luistxo.F

WTF!!!! Eta Altza? Nondik da Altzara?! Benetan, joan beharra tokatu zitzaidan lehen bi aldietan seinaleak planifikatu dituen idiota hilko nukeeen!!!! Azkenean ikasi dut, Herrerarako bidea jarraitu behar da.

 

Oharra: argazkiak kopilotuak egin zituen. Gidariak bi eskuak bolantean zeramatzan.

 

 

Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004