Duela 20 urte, Euskaldunon Egunkaria
Duela 20 urte gau berezia izan zen hau neuretzat. Euskaldunon Egunkariaren lehen alerako lana amaitu genuen, eta parranda egin genuen orduan Lasarten zegoen erredakzio hartan. Ikasle nintzela, amets moduko bat zen euskarazko egunkari batean parte hartzeko pribilejioa izan nintzakeela halao batean. Eta iritsi nintzen amets hori egiaztatuta ikustera. Harro nago lan apur bat egin nuelako, beste lagun askorekin, proiektu hura gauzatzen.
Argazkiak dira Egunkaria.info webgunekoak.
Biharamunean, hauxe egon zen salgai. Besteak beste, Durangoko Azokan. Egun hartan bertan Egunero izeneko proiektu baten simulakroa banatu zuten Jaurlaritzaren kontra-ekimen batekoek. Euskadi Irratiak kazetari praktikante bat zeukan Durangoko Azokan, eta instrukzioak jaso zituen Irratitik galdeketa egiteko Azokako bisitariei: ea zer iruditzen zitzaien Egunero. Horixe da egia, Euskadi Irratiak zer galdetu zuen Durangoko Azokako kale-inkesta hartan, Euskaldunon Egunkaria jaio zen goizean, 1990eko abenduaren 6an.
Egun hauetan ez dut inon ikusi urteurren honekin ezer egingo denik. Ni behintzat ez naiz enteratu.
Eguneraketa, abenduak 6: Goio Aranak emandako erantzunetik eta kargatutako irudietatik, horra Egunero haren azala:
Argazkiak.org | Egunero (1990) 1. orrialdea © cc-by-sa: goioarana
Interesgarria etxean duzuna, Goio. Argazki handiagoak kargatu beharko zenituzke, agian. Hor ikusten den horretan nabaria egiten zait Egunkariak euskarazko komunikazioan ezarritako mugarri bat: aurreko 15 urteetan nagusitu zen aditz laguntzailerik gabeko titulatzeko era bitxi eta absurdo horren amaiera. Kuwait hartu Irakek horretan ergatiboa bere tokian dago, baina beste zerbait falta da. Euskaldunon Egunkariak buelta eman zion horri, oker ez banago Koldo Izagirreren aholku sutsua tarteko, eta lehen ale horretan ere ikusten da Durangoko Azokaren titularrean. Aholkua arau bihurtzeko pribilejioa ere izan nuen, Estilo Liburua atera genuenean. Gaur egunean euskara komunikatiboa hori da, eta Egunero gailendu balitz, akaso bestea izango zen.